Garenaren ispilu
Goizean goiz ez zegoen mahairik libre Amaloien. Neska gazte bat Cuore irakurtzen komunaren ondokoan, berrogei urteko anderea zigarroa eskuan eta duela ordu erdiko ebaki lehorra aurrean duelarik, albokoan, eta beste aldeko bi mahaiak ere jabearekin… Lehen kafea barran edan dut, itxaroan. Zetorren eta bazihoan jendeari so, egunkaririk usaindu ere egin gabe. Bigarren kafea barran eskatu eta begirada maltzurrak egitearen teknika fintzen saiatu naiz; lehenik, neska gazteari eta ondoren ebaki lehorraren emakumeari, baina kasurik ez.
Zain nengoela jendeak egunkariak nola erosten dituen begiratzeari ekin diot. Batzuek, gauzak argi, eta zuzenean bat hartu eta ordaintzera joaten dira. Besteak lehenago beste egunkarietako titularrei begiratu eta gero haien gustukoa hartzen dute, ordaintzera joateko. Batek Gara eta Deiako titularrak begiratu eta Correo hartu du, besteak zuzenean El Diario Vasco (Hala egiten du gipuzkoar normalizatuak.) Amaloien erosle fidel bakarra du La Gazeta egunkariak, gaur hainbeste denbora zain egonda, hura ere lokalizatu dut. Tira… zein plurala den nire herria.
Bigarren kafea amaitu orduko libratu da ebaki lehorra zuen emakumearen mahaia. Zorte txarra, goizeroko bi kafeak akituta, ezer gabe geratu naiz egunkariak bustitzeko.
-Agus, atera deskafeinatu bat, gaur salbuespena det eta.
Eta horrela, deskafeinatu batez gosaldu ditut gaurko egunkariak.
Bai, Oier, anizkuna da gure herria, Nafarroa alegia, politikagintzan Euskal Herria berba geografikoaz ezaguna dena. Denetarik dago. Ni ikusi baninduzu, Nabarralde kazetarekin ikusiko ninduzun seguraski. Artikulu polita. Kafetegiak leku apropsak dira jendearen portaera ikusteko, baita kafe ona dastatzeko ere. Nik La Brasileña kafe gasteiztarra maite dut. Hori dela-eta asko sufritzen dut Bizkaian kafe hori lortu ezinik nagoelako. Goraintziak eta zorionak lortutako kalifikazioagatik.