Gameluaren galdera zoologikoa
Gameluaren galdera zoologikoa –
Idoia Zengotitabengoa Lakak, gurean egiten den hirien aldeko apustu nabarmena, herriak bazter utzita.
Mugimenduan jarraitzen du inguruak, mugimenduak egiten du ingurua, egiten gaitu; pasatzen dira egunak, urtaroak, pasatzen dira lan egunak eta oporrak, pasatzen diren bezala zaintzak eta bizitzak. Eta kasi ohartu gabe: herria husten ari da. Baieztapen errealitate larria –bide batez, datuek erakusten dutenez, anitzagoak ere bagara jatorriz, pozgarria–.
Pertsonalki ere hala sentituaz, herrian bizitzeko hautua burutzea gatazkatik urruntzea gura nuke, erraza izatea. Baina ez da beti hala: garraioa, hospitaleekiko distantzia, indrustriatik haragoko lan produktibo aukerei loturiko mugak, etxebizitzen gain-prezioak… Asko dira, testuinguru zabalagoari so, hiriranzko emigrazio joera orokortuarekin lotutako zioak –berebizikoa da Bilbok duen absorbitze indarra–.
Lurraldetasun maila askotariko garapen eta antolaketa eredu orekatuago baten beharraren nahitaezkotasuna berehala agerian jartzen duen errealitatea da. Merkatu errentagarritasunetik haragoko antolaketa orekatuago baten beharra.
Eta, ez dezagun ahaztu, aurrekontuak, tresna ezinbesteko dira herri baten lehentasun eta beharrizanei kalitatezko erantzun bat eman ahal izateko orduan. Egungo ereduek, Bizkaiko lurraldetasun ereduak kasu, hiriburuetatik haragoko udalerrien egoera izatez zaurgarriak sendotzen dituzte.
Printzipioz, biztanleriaren arabera banatzen da zerga bidez jasotakoa. A priori legezkoa iruditu badaiteke ere, subalternitateek erakutsi digute gehiengo kuantitatiboaren legeak ez lukeela zertan halabeharrez justizia sozialaren baliokide izan. Biztanleriaren gehiengoak, funtzionalitate ezberdinez, baina bi hanken gainean ibili ahal duela ere, justua dena kaleak gutxiengoarentzat egokitzea dela esaterako.
Eta printzipioz diot, entitate horrek 2002az geroztik indarrean duen Bilborekiko apustuaz jakitun. Erabaki horren ondorioz, Bilboko Udalak 872 euro biztanleko jasoko ditu 2017an, Ondarroak 606 euro jasotzen dituen artean.
Baliabideak eta pribilegioak soberan dituenari zentzugabeki gehiago bideratzea, zehazkiago, eredu metropolitanoko kontsumo bizitza zehatz batzuei –bai, ez orotara, hirian bertan ere ezberdintasunak baitira nagusi–. Eta zertan gauzatzen da aurrekontuen nolatasuna? Zertara bideratzen da? Herri baten duintasuneko oinarrizko zioa, beste idazki baterako emango lukeen auzia.
Hiriburu hutsaren bultzadak eragin itzelak dakartza orokorrean, gainkostu eta inpaktu ekonomiko oso mugatuaz batera, gainontzekoaren bazterketa eta arriskua. Gurean kasu, udal finantzaketaren iturri nagusiena honetatik eratorria izanik, egoera zaurgarrira eramaten du banaketa oreka justuago baten ezak –proiekzio eta likidazioen arteko desfaseen ondorioek areagotzen duten larritasunean sartu gabe–.
Aurkakotasunezko egoera hauetan ere, txikitasunetik bizitzak duintasunez eraikitzen ikasia duen herria gara, herria bizigarri egiten duen biztanleria gara –batzuetan–. Baina lehentasuna beharko du izan botere inertzia hauek zalantzan jartzea eta birbanaketa justuago bat definitzeko eztabaida guneak irekitzea.
Eta ez da bakarrik zenbat behar genukeen gaur, etzi duintasunezko herri bat izan nahi badugu, beharrezkoa izango da ere aurrekontu horiekin zer eta nolako herria eraiki nahi genukeenari buruzko eztabaida zabaltzea. Herri mailako, eskualde mailako zein oraindik ez-garen-nazio mailako proiektu eta apustu sendoak behar ditugu antolaketa eredu orekatuago eta justuagoak eraikitzeko. Demokraziaz, gehiengoak boterea izan dezan, eta justizia sozialaz, gutxiengoak ardura duen egiturak sortuz. Gurutzatuak behar dute egon, gurutzatuak behar dugu egon.