Galtzaileen duintasuna
Galtzaileen duintasuna
Inaxio Larrañagak ondo gogoan du erreketeak nola joan ohi ziren edozein momentutan etxera, eta ama gogor hartu eta gazki tratatzen zutela: “Inoiz ez nituen ikusi ama jotzen, eta inoiz ez nintzen galdetzera ausartu”.
Rosario Olaizolak ere gogoan ditu amak emakume gudaria izateagatik zer nolako mehatxu eta abusuak jaso behar izan zituen irabazleengandik: “Anaia txikienak amarekin egiten zuen lo, eta behin honela esan zigun: amak negar egiten du oheratzean”.
Maria Olazabalek ere kontatzen zuen aita Bilbon preso zela amak ganbaran ezkutatu behar izan zuela, herritik alde egiteko ordena zuelako, eta amonak egin behar izan zuela lau ume txikiren kargu.
Joxe Sarasua ‘Kukubiltxo’-k 12 urte zituen lagun batekin jolasean ari zela tiro bat jaso eta hil zenean, ez du ahaztuko hori Anastasia bere arrebak.
.
Azpeitian martxoaren 19an aurkeztuko dugun liburua, neurri handi batean, galtzaileen liburua da eta galtzaileei omenaldia izatea nahi du. Gerra galdu zuten azpeitiarren liburua. Baina inoiz ezin dugu ahaztu galtzaile horiek izen abizenak zituztela, eta atxilotuak, kondenatuak, beldurtuak, enbargatuak, multatuak, zigortuak, torturatuak, minduak, zaurituak, elbarrituak, erbesteratuak, desplazatuak, seinalatuak, erailak, fusilatuak, jezarriak, isilduak, dena galdu zutenak, burua makurtarazi ziotenak… izanagatik gure herriaren onena zirela. Ezer gabe gure herriaren etsaien aurrean, faxismoaren aurrean, altxatu ziren. Boteretsuen aurka, militarren aurka, soilik gure herriarentzat justiziazko etorkizuna bilatzeko. Dena arriskatu zuten: beren etorkizun pertsonala, familia, dirua eta erosotasuna. Galtzaile horiek, Azpeitiak zuen hoberena ziren eta dira. Ez da polita eta erraza. Eta beldurrak hor dirau. Baina gure herriak izan duen onena izan dira. Eta inoiz ez zuten eta ez dute inoiz duintasunik galdu.
Nabarmena da ia urte hauetan guztietan isiltasunaren memoria indarrean izan dela. Azpeitian gehiengoa isilik geratu zen; isiltasuna inposatu zen eta herritarrak isilik geratu ziren. Galtzaileen isiltasun latza. Isiltasuna zabaldu zen orduan gertatutakoaz, denak isilik geratu ziren, inoiz ezer gertatu izan ez balitz bezala. Baina, 1936ko Gerrak sortutako isiltasuna ezin du ahanztura izan. Isiltzea ez da ahaztearen sinonimo. Isilik dagoenak ez du ahaztu, beretzat gordetzea erabaki du. Gerra hartan gertatukoa ez zioten transmititu inori, isiltasuna nagusitu zen. Isiltasuna eta sufrimendu sakona, inongo aitorpen, memoria, erreparazio eta justiziarik gabekoa.
Gaur arte, ia 80 urte pasatu arte, ez dugu jakin 800 eta 1.000 lagun inguruk alde egin behar izan zutela herritik. 163 herritarrek auzitegi militar frankisten gerra-kontseiluen ondorioz alde egin behar izan zuten, eta horietatik 50, gutxienez, kontzentrazio-esparruetan giltzapeturik eta langileen batailoetan esklabo gisa izan ziren diktadura frankistak iraun zuen bitartean. Ehundako azpeitiar beren etxeetatik ehundaka kilometrotara zeuden kartzeletara eraman zituzten. Aldi berean, preso espainiar errepublikazale ugari izan ziren Azpeitian preso, horietatik 5 gutxienez hemen preso zirela hil ziren. Garai hartan ezarri ziren frankismotik haratago ere indarrean jarraitu duen dispertsio politikaren oinarriak, presoen kondena areagotzeko helburuarekin.
Azpeitiko 77 bizilagun beren lanpostuetatik baztertu zituzten eta 35ek zigor ekonomikoak edota beren ondasunen konfiskatzeak jasan zituzten. Hamarnaka herritar beren etxeetatik atera eta deserriratu zituzten, eta, beste hainbat eta hainbat golpistentzat lan gogorrak egitera derrigortu zituzten, eta irainak eta errespetu faltak pairatu behar izan zituzten behin eta berriz. Horietako bi emakumek ilea motz-motz moztea ere jasan behar izan zuten.
Itzul diezaiegun, beraz, guztiei, jaso genuenaren zati txiki bat. Iraganeko okerrak ez errepikatzeko, historia ezagutzea beharrezkoa da. Gertatutakoaren ezagutzak pisu garrantzitsua izan behar du belaunaldi berrientzat. Gure gizarteak memoria guztia ezagutu behar du gerra, mendekua, krudelkeria eta mina ekarri zituen diktadura luze baten tragedia berriro ez errepikatzeko. Inondik inora, ordutik gaur arte izandako eskubide urraketak ahaztu gabe. Hor ere ezin dugu isiltasunik onartu. Tristea bada ere, gure historia da. Izan genuen isiltasunarekin puskatu behar dugu. Eta, Azpeitian, hemendik aurrera, ez dugu inor ahaztu behar.
Gure gizarteak ezin du beste aldera begiratu. Etorkizuna oinarri sendoekin eraikitzeko gure aitona-amonen memoria historikoa berreskuratu eta ezagutarazi behar dugu. Ezin ditugu inola ere ahaztu garai hartan gertatutakoak, eta beren sufrimenduaren aitorpenaz gain, une zailetan gure herriaren alde hartutako konpromisoa aitortu behar diegu. Konpromiso horiek hartzeagatik, orain ere, gure herriaren alde lan egiteko herriarekin konpromisoak hartzen dituen herritarrak ditugu.
Guzti horregatik, gerra eta ondorengo diktadura frankista jasan zuten horien guztien omenaldira eta Azpeitian 1936-1945 tarteko Giza Eskubideen urraketa jasotzen duen liburuaren aurkezpenera gonbidatu nahi zaituztegu, martxoaren 19an, 12:00etan.
1936ko Urrestilako parrokoaren ohar idatzia: “Militarrek ez dutelako nahi ezin izan dira parrokia honetan hil dituzten lau herritar inskribatu“.
Odria auzoko zaharrenek gogoan dute fusilatu aurretik kafea eskaintzen zietela Uresaundi baserrian.
Bernardori, Leonardo Goenagaren semeari, Mutrikuko baserritar batek kontatu zion bere aitaren hiltzaileek bere hilobia eginarazi ziotela.
Margaritari ilea motz-motz egin bazioten ere, beti bezain eder zegoela diote.
Izan zirelako gara, garelako izango dira.
.
Eneko Etxeberria (Azpeitiko Alkatea) eta Jabier Buces (Aranzadiko Ikertzailea).
Galtzaileen duintasuna