“Galerari abertsioa” eta beste soziofobia batzuk

sociofobia

Hori du zerrendatzeak, erdiak ahazten zaizkizula. 2013. urtean gustatu zitzaizkidan kulturgaien zerrenda gorrotagarri horietako bat egin nuen blog honetan. Sarrera horretan sartzea ahaztu zitzaizkidan, besteak beste, Joseba Tapiaren Tximela kapitainaren izarrak diskoa (trikitik landa, Tapiaren ahalmen espresibo handiaren adibide) eta Cesar Renduelesen Sociofobia.

*

Bigarren liburu hau berrirakurtzen (lehen atala luzido eta sublimea da), beheko pasarte hau topatu dut eta ekarri nahi dut hona, gure jendarte ereduaz-eta (eta krisi finantzieroaren osteko eztabaida eta giza-jarrerei eta hondakinen bilketari loturik Gipuzkoan eman diren hainbat eztabaida ikusita), zerbait esaten duelako:

-itzulpena nirea da-

“Hirugarren munduaren agerpenak modu nabarmenean eragin du mendebaldeko hiritarren espektatiba politikoetan. Okertu ezin den aldiri baten errealitateak izugarri puztu du aldaketa sozialerako sentsibilitateen kostoa. Mendebaldeko liberalismoaren kontrairudia magma antropologiko totalitario, inozo eta irrazionala da. Gure bihotzaren sakonenean sentitzen dugunez, kapitalismo aurreratuaren alternatiba jada ez da komunitate tradizionalen elkartasun kontserbadorea, pobrezia, ustelkeria, krimen, integrismo eta bortxa jarraipen infernutiarra baizik.

Errealitatean, lerrabide kognitibo baten itzulpen ideologiko baten antzekoa da, psikologoek “galerari abertsioa” deitzen diotena. Esperimentu oso ezagun batean, zenbait pertsonari objektu ezberdinak oparitzen zaizkie eta hauei opariei uko ez egiteagatik zenbat ordaintzeko prest leudekeen galdetzen zaie. Beste pertsona talde bati objektu berberak eskaintzen zaizkie eta eurengatik zenbat ordaintzeko prest leudekeen galdetzen zaie. Orokorrean, jendea prestuago dago ustez berea denagatik ordaintzeko -nahiz eta minutu bat lehenago oparitu zaion eta inoiz ez zuen desiratu-, berea ez den zerbait erosteko baino, objektu berbera izan arren. Hautaketa arrazionalaren teoriaren ikuspuntutik hau absurdua da: modu ezberdinean ebazten dugu, objektiboki, egoera berdinaren aurrean.

Mendebaldeko demokrazietako hiritar asko oso gutxi ordaintzeko prest leudeke ordezkaritza krisi sakonak baldintzatua dagoen sistema politiko edota erregimen ekonomiko irrazional, ezegonkor eta ez-eraginkor batengatik. Baina, aldi berean, uste dute, altuegia litzatekeela hori galtzeagatik ordaindu beharko luketen prezioa. Egiaz, arrazoi onak daude dagoenarekin konformatzeko: sistema alternatibo bateranzko trantsizio baten kostua edota hau aurrera eraman ezina, adibidez. Baina, hauek, aztertu ere egiten ez ditugun aukerak dira. Aldaketa edozein kalkulu irrazional egin aurretik izua pizten digun galera batekin identifikatzen dugu. Mespretxatu egiten ditugu kontsumismoa, populismo demokratikoa eta ekonomia finantzieroa, baina aurre-ulermen bat garatu dugu eurekikoki, barbarie garaikidearen aurrean. Dentsitate antropologikoarekiko izu egoera iraunkorrean bizi gara, banakokeria liberalari ezagutzen diogun alternatiba bakarra megaslums-ak edo integrismoa baita.”

(Jatorrizkoa nire blogean)

EHUN GINEN - Idazlea, gidoilaria