Galdutako objektuak (Mikel Zabalza)
Mikel Zabalza
Pasa den urtean izan nintzen lehen aldiz Orbaizetan. Lagun batekin joan nintzen egun batzuk pasatzera, eta oroitzapen zoragarria daukat. Udazkena aski aurreratua zegoen, eta muturraren parean lehertzen zen kolore anabasak txundituta utzi ninduen, Iratiz maitemindu nintzen; urte guztian baita ederra Irati, baina udazkenean apartekoa da. Usainak, masailak gorritzen dituen preskura, haizea adarrak astintzen, haizeak lurrera eroritako hostoak mugitzen ditueneko hotsa, hosto lehortuek hankak mugitzerakoan sortzen duten soinua… Orbaizetan euria egiten duenean euria entzuten da, noski, baina horretaz gain, aldapa behera dagoenez, urak kale bazterretatik behera egiten duen hotsa ere entzuten da, eta egur erre usaina ateratzen da tximinietatik, eta beroa gehiago eskertzen da behin besarkatzen zaituenean, edo beroa besarkada batean bilatzen duzunean.
Bi gauzengatik ezagutzen nuen aldez aurretik Orbaizeta: Mikel Zabalza eta karlisten armaolarengatik. Jarraian datorren dokumentuan irakurri dut biak ala biak estuki loturik daudela.
“Galdutako objektuak” dokumentala ezinbestekoa da gure historia hurbilaren pasarte bat ezagutzeko. 1985 urtean gertatu zen Mikel Zabalzaren hilketa eta itzalpean mantendu da urteetan zehar. Dokumental honen bitartez argira atera nahi dugu Zabalza Garate familiak eta Aezkoa bailarako biztanleek urteetan bizitako sufrimendua.”
Dokumentalaren dossierra kaleratu dute; kasua ezagutzen duzuenoi ziur informazio berria emango dizuela, eta ezagutzen ez duzuenoi zer esanik ez.