Gaberako aterbea
Gaberako aterbea –
Mikel Laboak 1969 urtean Bertolt Brecht poeta eta antzerkigile alemanaren “Die Nachtlager” poema itzuli eta musikatu zuen “Gaberako aterbea” kantua sortuz. Hogei urte beranduago, Laboaren kantutik hartu zuen izena Negu Gorriak euskal musika talde mitikoak.
Kontatu didate Nueva York-en
Broadway eta 26 karrikaren kantoian,
Negu gorrian, gizon batek gabero
jendeari otoi eskatzen
aterbea bilatzen duela
bilutsirik daudenentzat.
Mundua ez da era hortan aldatzen
Gizonen hartu-emanak ez dira hobekitzen
zama-aroa ez da hola laburtzen
Baina gizon batzuek gau batez, ohea dute,
aterbean haize otzik ez eta
bereri zijoakien elurra, karrikan ari da.
Liburuaren irakaspenik ez ahaztu gizona!
New York hiri erraldoiaz hitz egiten digute bertso hauek, baita injustiziaz eta neguaz ere, baina batez ere kapitalismoaz hitz egiten digute. Izan ere, pertsona batzuei gau baterako aterpea emateak ez du kapitalaren, esplotazioaren, logika apurtzen, ez baititu errotiko desberdintasun egoerak desagerrarazten; poetak dioen bezala, mundua ez da era horretan aldatzen, gizonen arteko hartu-emanak ez ditu hobekitzen; baina gutxienez gau hori kalean igarotzera kondenatuta zeudenek aterpea eta ohe bat dute.
Badakit Bilbo ez dela New York, baina 2019an, Euskal Herriko metropoli handienean, ehunka pertsona daude kale gorrian lo egiten. Azken azterketen arabera, etxerik gabeko lagunen kopurua bikoiztu egin da azken bi urteetan Bilbon, eta hauxe da biztanle bakoitzeko etxerik gabeko pertsona gehien duen euskal hiria. Haietako batzuk apirilaren hasiera arte Neguko Aterpetxeetara jotzerik bazuten, baina udaberriaren etorrerarekin batera, Done Jakue bidea egiten ari diren erromesak heltzen hasi dira eta, orain, Bilboko Udalaren lehentasuna ohe horiek guztiak beraiei zuzentzea da. Hauxe da Aburtoren gizarte politika asistentzialaren adibiderik erakusgarriena: Neguan, aterpea eskaintzen zaie pobreei baina udan, kristau onak bezala, erromesei ematen zaie gauerako aterpe hori, lehenak kale gorrira itzuliz. Benetan sinestezina XXI. mendean, instituzio publiko batek Erdi Aroko logikari jarraitzea.
Eta Brechten hitzak ahaztu gabe, jakin badakit kalean dauden pertsonei gau baterako aterpea eskaintzearren ez dugula egiturazko injustiziekin amaituko; gizarte desberdintasunak errotik desagerrarazi behar ditugu, justizia sozialaren helburua pertsona guztiek aukera berdinak izatea baita; baina argi dudana da horretarako pertsona guztiei gutxieneko duintasuna zor zaiela, oinarrizko beharrak asetuta izan behar dituztela, eta hauek instituzio publikoek ziurtatu behar dizkietela. Eta negua bukatu da, bai, baina hotzarekin batera Bilboko kaleetan bizirauten duten pertsonen beharrizanak ez dira desagertu; kutxazainetan daude, zubi baten azpian edo abandonatutako pabilioietan; bazterretan, estigmatizatuta eta ikusezintasunean, baina hortxe bertan; eta beharrizanak desagertu ez diren bezala ezta instituzioen erantzukizuna ere, ez aterpea eta ohe bat karitatez emateko, pertsona guztiei duintasuna eta gutxieneko bizi baldintzak ziurtatzeko erantzukizuna baizik.
Brechten poema 1931. urtekoa da, Depresio Handia izenez ezagutzen dugun garaikoa. Orduan kapitalismoa krisi handi batean sartu zen AEBetan, baina abagune hartatik berregituratuta atera zen. Aukera galdua gauzak beste modu batez egiteko, munduaren ordena aldatzeko, pertsonen arteko hartu-emanak hobekitzeko, zama-aroa laburtzeko.
Eta gaur egun, kapitalismoaren enegarren krisialdi eta berregituraketa gertatzen ari den unean, akats berdinak errepikatu ordez, gogoratu ditzagun historiak utzi dizkigun ikasgaiak, justizia sozialaren alde egin dezagun, aukera berdintasunen alde, pertsonen duintasunaren alde eta iraultza antikapitalistaren alde lan eginez. Inor ez aterperik gabe!