Gure herriaren historia, Gabai, Kurtis eta PokemonGo

Gabai

Pasa den astean zenbait txiolarik gogorarazi ziguten Eginen itxieraren 18. urteurrena zela; beste batzuk zioten nahiago zutela hurrengo egunean “Euskadi Información” kaleratzeari ekin ziotela gogoratzea. Niri oraindik dezente falta zitzaidan aurpegian ilea ateratzeko, eta beraz, ez daukat Eginen inguruko oroitzapen berezirik.

Baina egunkari honen existentziak epe luzera sekulako ekarpena egingo zidan zerbait utzi zuen gure etxean: Gabai. Gure Herriaren Historia.

GabaiGidoiak R.Castellanok egin zituen, eta marrazkiak Stesok. 24 komikik Euskal Herriaren historia errepasatzen dute, Bilboko bi mutilen azaletik, Gabai eta Kurtis. Gabai da protagonista nagusia, eta Kurtis bigarren mailako pertsonaia zelebre bat. Ez dakit egileak nongoak ziren, baina Kurtis sortu zutenean koitadu betaurrekodun koldar, mesfidati, baxu eta liburu-jale bat marraztu, eta Errealeko jarraitzaile bihurtu zuten, bilbotarra izanda. Niri horrek arreta deitu didan bezala, pentsatzen dut bi mutil protagonista izatean nire adineko emakumeak ez zirela berdin identifikatuko pertsonaiekin.

Zeren eta lehen aldiz 13 urterekin edo irakurriko nuen bilduma osoa; orain 27 dauzkat, eta pasa den astean komikietako bat irakurri nuen, gustura asko gainera. Historiarako grina piztu zidan, interesa, gehiago jakiteko gosea, nire buruari galderak egiteko sena. Adin horretarako baneukan oinarri bat, baina nerabezaroaren hasieran nengoen, eta nire uste apalean bilduma honek eragin handia izan zuen nigan, eragin politikoa.

Historiaurretik hasten zen bilduma, euskara orduan ere hemen eta harago bazelako. Erromatarrak gure herritik pasa zirela jakin nuen, eta Orreagako batailaren inguruan irakurri nuen lehen dokumentua izan zela pentsatzen dut; oroitzen naiz ilusio itzela egin zidala gure arbasoek indartsuagoa zen errege atzerritar bati egurra eman ziotela jakiteak, nire irudimena piztu zuen, eta irrigarria iruditu arren gauzak diren bezala onartu behar dira eta listo. “Orreaga 778” pasio gehiagoz kantatzen dut orain. Nafarroako Erresuma zer zen eta Antso Handia nor zen Gabai eta Kurtisekin ikasi nuen lehen aldiz, DBH-n “El Cid Campeador” eta horrelako ostiak irakasten zizkiguten bitartean. Donejakue bidea, Butroeko gaztelua eta banderizoen guda zer izan ziren iniziatiba propioz ikasi nuen, ez etxeko lanek behartuta.

gabaiNafarroa aldean behin edo behin entzun nion andre zahar bati “Pierres baino gaiztoagoa zara” esaten (ez zidan niri esan, eh), eta komiki hauekin ulertu nuen zergatik. Ekonomiaren eta klase borrokaren historia ere ez zuten ahaztu egileek: burdinaren garrantzia, bale ehiza, matxinadak, Karakaseko konpainia … Pertsonaia historiko garrantzitsu gehiagoren berri ere horrela izan nuen: Ohienart, Santa Kruz apaiza, Sabino AranaZumalakarregiren inguruko komiki bat ere bazegoen, baina, noski, ez dago ormaiztegiarra izan beharrik gure historiak eman duen pertsonai nagusienetako bat dela jakiteko: Euskal Herriak eman duen gerrilaririk onena zen, eta gainera, hori gutxi balitz, patata tortillaren asmatzailea. Harrapazank.

Esan bezala, asko eman dit bilduma honek, eta 13 urterekin aipatu ditudan kontu guztiak motxilan jarri izanak balioa handia dauka niretzako. Baina orain, distantzia apur batekin begiratuta, bi hutsune handi nabaritzen dizkiot. Lehena, emakumeen presentzia falta nabaria, komiki bakarra ez baita gure herriarentzako garrantzitsua izan den emakumezko baten ingurukoa; orokorrean, historia liburuen isla da alde horretatik.. Bigarrena, azken alea 1936ko gerraren ingurukoa dela.

Gauza asko gertatu dira ordutik hona, eta nire uste apalean, Gabai eta Kurtis itzuli egin beharko lirateke, eta beste 24 abentura bizi. Beharbada bat EGI ingurukoa zela bestea EKIN taldean zebilen; agian 1958 urte amaieran egin zen isilpeko bilera batean esandakoak kontatuko dizkigute. Posible da Ez dok Amairuko lagunak ezagutzea, edo ikastolen sorrera, edo Euskaldunako bataila, edo haustura eta erreforma, edo gaztetxeak, edo heroina, edo GAL, edo Lemoiz, edo askapen sexualaz hitz egingo dezakete, edo sexuz aldatu, edo elkarren artean xirriak egin, edo Lizarra-Garazi, edo IK, edo AHT, edo ilegalizazioak, edo tortura, edo intsumisioa, edo …

GabaiPokemonGo joko hori etxetik kanpo jolasten dela azaldu didate aste honetan, eta kalean, GPS-a jarrita, munstro txiki bila joaten direla jokalariak. Herenegun nerabe dezente ikusi nituen Zumalakarregi Museoaren paren mugikorrekin atzera eta aurrera, denak museori begira jolastuz; atzo berdin. Ezagun bati galdetu nion ea zergatik zebiltzan zehazki toki horretan jolasten, eta azaldu didanez, adiskide maiteok, joko birtual horretan Zumalakarregi Museoa pokemon gimnasio bat da.

Gure belaunaldia hasi zen Pokemonen jolasten, Game Boyetan; baina aldi berean, nik behintzat, komiki hauek ere baneuzkan. Beldur pixka bat eman dit. Itzul daitezela Gabai eta Kurtis, alternatiba edota erreferrentzia bat eskaintzeko bederen; 13 urterekin haiek irakurri edo museo batera pokemon bila joateak ondorio ezberdinak ekarriko dituelakoan nago epe luzera begira, eta niri behintzat, bertigoa ematen dit.

Gabai

 

Mairua naiz behelaino artean. ZUZEUko erredakzio kide; Bertsolari.eus aldizkarian koordinatzaile. Estellerria.