Gaba Baltza

Gaba Baltza –

Gaba BaltzaHasi aurretik ohar bat: testu hau partziala da, osatu gabekoa halabeharrez eta, nahikeriaz, heterogeneoa, dudakorra eta espero dezadan zenbait gauzatan okerra. Ez dira hauek lotsatzeko moduko ezaugarriak, inondik ere.

Gaba Baltza edo Gau Beltza, edo Arimen gaua, edo Animen gaba, edo Akarbaltz gaba … Izen batzuk ditu honek eta hainbat izeni dagozkion ekinbideak ere ditu (seguru naiz gehiago daudela, baina ez dut izen guztien bilduma egin gura izan; bitartean, neure herrian jarraitzen du Halloween izena eta izanarekin).

Kontua da tradizio berri baten aurrean gaudela, momentuan sortzen ari dena eta estandarizatu barik dagoena, hein handi batean, Halloween-en kontrako (!) erreakzio gisa sortua eta gure sustraietan zelanbaiteko babesa duena (gomendagarria da Jaime Altuna eta Josu Ozaitaren lan hau). Bide batez, aipatzekoa da Galizian 90eko hamarkadan eta herri mugimenduak hauspotuta (Artabria fundazioa buru) Samain jaia berreskuratzen hasi zirela. Oso interesgarriak dira horren harira Praza agerkarian argitaratutako hamabi kontu hauek.

Eta tradizioa ari da sortzen gure mutur aurrean, ari da berrasmatzen gure begi aurrean. Edo gurago bada, ari da berrinterpretatzen. Badu Halloween-etik asko (asko!), badu herri imajinaziotik ere asko edo zerbait eta, batez ere, ez dago estandarizatua (esate baterako, Olentzerok zelanbaiteko estandarra du, kalejira, kantuak, opariak, Olentzeroren arropak, orain Mari Domingi eta haren arropak, … herririk herri aldaketatxoak egon arren performance-an) eta erritua sortzen eta birsortzen ari da, herririk herri eta auzorik auzo. Eta, nire ustez, estandarrik ez izateak askatzen du imajinazioa, askatzen du herri bakoitzaren berezitasunen oinarria eta askatzen du eta libreago egiten du (kutsu merkantilistak dituela ukatu barik, eta gozoki eta mozorro prefabrikatuak ikusten direnean han eta hor, honek ez du gura jai erritua erromantizatzea, inondik ere).

Gutxitan dugu begien aurrean eta zuzenean erritu berri baten sorrera eta eklosioa, gutxitan, eta uste du merezi duela honi ere atentzioa jartzea, eta pentsatzea ea estandarrik etorriko den, ea estandarrik behar eta merezi duen… Nire ustez, herri imajinazioak askatzeko zenbat eta estandarizazio gutxiago, hobe … baina … Eta goazen imajinarioekin begirada hezitzera, goazen imajinarioekin begirada hesitzera, errituz erritu. Amets eta sinets.

Gaba Baltza

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude