G7: indarkeria eta matxinada
G7: indarkeria eta matxinada –
Kapitalismoaren ikurretako bat den G7 taldeak Miarritzen gailurra egiteko hilabete eskas geratzen den honetan, indarkeriaren eta matxinadaren inguruko eztabaida eta kezka zabaldu da euskal jendartean, eragileen bileretan eta baita hedabideen erredakzioetan ere. Miarritzen datorren abuztuaren 24, 25 eta 26an zer gertatuko den inork ez dakien arren, guztiok jakintzat ematen dugu G7ren historian munduan egin diren bilera guztietan bezala, hemen ere, ehunka zauritu, dozenaka atxilotu, espetxeratu batzuk eta kalte ekonomiko larriak izan daitezkeela. Genovan gazte bat ere hil zuten… Carlo Giulani, Genovan izan ginenok gogoan zaitugu.
Eta Estatu espainol zein frantsesak dagoeneko iragarri dituzten ohiz kanpoko segurtasun neurri zorrotzek ez dute ezer onik iragartzen. Gauzak horrela, sistemak kudeatzen dituen hedabide nagusiek Miarritzeko errelatoa prestatzeari ekin diote dagoeneko. Beraien terminologia eta arrazoiketa toki guztietara zabaldu dute, baita ezkerreko zenbait sektoretara ere. Miarritzen izango den indarkeriaz hitz egiten denean, manifestariek eragindako «kalte materialak», «merkatarien aurkako erasoak», «espazio publikoaren indarrezko okupazioak», «ondasun publikoen suntsiketak»… aipatzen dira… Protesta soziala omen da indarkeriaren iturria eta ez G7ren gailurra eta bere okupazioa. Iritzi publikoa manipulatzen ari dira okupazio militarra eta Mundu osoan G7ko Estatuek egunero erabiltzen duten indarkeria eta sortzen duten miseria ezkutatuz eta Miarritzeko gailurraren inguruko desordenaren ardura herritar eta manifestarien bizkar kokatuz.
Maniobra horren aurrean, Miarritzeko G7ren gailurraren garaian Biarritz-Angelu-Baiona (BAB) izango diren liskarrak beste modu batez begiratzeko, aztertzeko eta interpretatzeko ahalegin intelektuala eta politikoa egin beharko genuke Miarritzeko gailurraren aurka gaudenon artean. G7ren bilera egin ahal izateko Macronek 15.000 poliziaz lurralde osoa militarki okupatzeak eta herritarren oinarrizko eskubide zibil eta politikoen murrizteak argi uzten du ez gaudela gertakari demokratiko baten atarian. Estatu demokratikoaren aldetik bilatu behar den demokrazia-segurtasunaren arteko oreka pikutara bidali da Miarritzen. Hots, Miarritzeko protesta sozialak hartuko duen matxinada izaera jendarteak jasango duen indarkeriaren araberakoa izango da.
Hedabide nagusiek Estatu frantsesean eman den Jaka Horien eztanda sozialaren aurrean jokatu duten bezala arituko dira Miarritzen. G7ren aurka emango den erantzun sozialaren aurrean ez dute sekula herritarren matxinada soziala, jendartearen amorrua, legezko indarkeria aipatuko. Estatuko Segurtasun Indarren lana herritarren segurtasuna eta eskubideak bermatzea izan dela azpimarratuko dute, Estatuaren indarkeria legitimatuz eta manifestarien matxinada salatuz. G7ren antolatzaileak elkarrizketaren, bakearen eta berdintasunaren aldekoak balira bezala aurkeztuko dituzte; manifestariak, aldiz, biolentoak, antidemokratikoak, dena txikitzea helburutzat dutenak… Herritarren matxinada indarkeria bihurtuko dute hedabideetan.
Jaka Horien inguruan azken hilabeteotan Macronen Gobernuak aplikatu duen errepresio mota aplikatuko du Estatu frantsesak Miarritzen, baina modurik neurrigabe eta gogorrenean. Dagoeneko ez zaie axola manifestariak fisikoki zauritzea, oinarrizko eskubideak murriztea, ehunka lagun atxilotzea, adierazpen eta manifestazio eskubideak urratzea, hedabideen bidez gezurra zabaltzea. Dena da zilegi beraientzat, baita indarkeria erabiltzea ere, eta hala izango da Miarritzeko G7ren bileran ere.
Kontuan izan behar dugu segurtasuna eta ordena mantentzeko teknika erabat aldatu duela Estatu frantsesak. Gaur arte hiri nagusietako Banlieu edo auzo beroetan, inolako prentsarik gabe, BAC polizia talde bereziek etorkizunik ez duten sektore sozial ahulenei zein emigranteei aplikatu dien errezeta errepresibo basatia frantses Estatu osora zabaldu du Macronek. Hori da Pariseko hiribide dotoreetan ikusi duguna, hori da Miarritzera dakarkigutena: itotzen duen gas negar egilearen erabilera masiboa, LBD pilota eta granada hilgarrien etengabeko jaurtiketa, herritar umiliatuak, kolpatuak, atxilotuak, zaurituak, espetxeratuak… Kalera protestatzera atera aurretik izutu nahi gaituzte, etxean gera gaitezen. Horrelakoa da beraien demokrazia. Testuinguru horretan emango da G7ren inguruko indarkeria eta matxinada.
Jaka Horiei Estatuak ez zien jaramonik egin Eliseoko Zelaiak okupatu eta poliziaren aurrean matxinatu ziren arte. Horrelakoa da Estatuak erakusten pedagogia eta horrelakoa emaitza. Demokraziak funtzionatzen ez duenean, matxinada sortzen da. Jendarteak ez du berez protestarako indarkeria bultzatzeko joera naturalik, baina beste aukerarik uzten ez zaionean, matxinatu egiten da.
Guk, Euskal Herriko G7 EZ Plataformakoek, G7ren ereduak alternatiba duela erakusteko abuztuaren 21, 22 eta 23an antolatu dugun Kontra Gailurraz gain, gure protesta desobedientzia zibilaren bidez garatzea erabaki dugu, indarkeriaren erabilera Estatuaren esku utziz. Hor kokatzen dira abuztuaren 24ko Hendaia-Irungo manifestaldia eta 25ean Miarritze inguruko zazpi espazio publikoak okupatuz egingo den Ostadarra. Gure borrokarako tresnak gure konpromiso soziala eta gure gorputzak izango dira. Ekintza zuzenak burutuko ditugu, herri erresistentziak garatuko ditugu eta errepresioarekin kolaboratzeari uko egingo diogu. Hori guztia da desobedientzia zibila. Macronek erabaki beharko du nolakoa izango den bere jokabidea eta nolakoa jaso nahi duen herri erantzuna.
Mundu osoaren aurrean bi erronka nagusi jarri dizkigu Macronek abuztu bukaeran. Lehena, Miarritzeko gailurra Euskal Herrian egiten dela nazioarteari erakustea. Eta, bigarrena, ETAren amaiera eta gero, bestelako mundu baten aldeko etxeko eta nazioarteko aliantza eta borroka indartu ditugula Euskal Herrian ere. Hori frogatzeko, guztion parte hartzea beharko dugu Miarritzen. Borrokatzen bagara, etorkizuna gurea da.
Joseba Alvarez
G7 Plataformako kidea