Amal ahotsak (Palestinako brigada feministaren azken kronika)

Amal ahotsak (Palestinako brigada feministaren azken kronika) –

Hemen bildu nahi izan ditugu Palestinan zehar topatu ditugun hainbat emakumeren ahots, honetaz eta hartaz hausnartu, pentsatu, galdetu, eztabaidatu eta entzun dugunetik jasoak. Haien hitz eta bizipenek gugan izan duten oihartzunari hauspoa emateko beharretik ateratako saiakera da hau, elkartasun haizeak zabal dezala.

Kolonizazioaren bizipenaz galdetzean hitz handiak gogora:
“III. Nakban gaude” (Muyassar Atyani).

Amal ahotsak (Palestinako brigada feministaren azken kronika)Egungo egoera katastrofikoaren harira egindako baieztapena. General Union of Palestinian Woman-en parte den Muyassarrek argi du, Palestinaren etorkizunak palestindarren bateratzearen eta indarraren beharra duela, ez da horren erraza ordea. Hondamendi deritzon hau errefuxiatuen aferarekin lotzen du. Europar herrialdeetan zein Amerika iparraldean bizi direnek Palestinako egoera kaxkarra ikusita, ez dute herrira bueltatu nahi. Bestalde, Libanoko errefuxiatuek esaterako, oso bizi baldintza latzak dituzte, eta itzuli nahi badute ere, ez dute baimen ezta eskubiderik ere. Orobat, mundu osoan zehar sakabanatuta dagoen herri ahulduaz mintzo da hirugarren Nakba hau, inoiz galdu gabeko itxaropenaz eta etxera itzultzeko eskubidearen ametsaz.

“[Yetshar] Ondoan dugun kolonia minbiziaren parekoa da” (Alsirako emakume nekazaria).

Alsira Nablusen kanpoaldean kokatutako herri nekazaria da, 1982tik kolonia bat du ondoan: Yetshar, zonaldeko arriskutsuena. Israelek bertara bidali ohi ditu gazte problematikoak, palestinarrei bizikidetza amesgaizto bilakatzera. Nekazal herri honek egunero pairatzen ditu jazarpenak: kolonoek lurrak lapurtzen eta sutzen dituzte, herritarrak erasotzen dituzte etxeetako leihoak apurtuz edota beraien kontra zuzenean oldartuz, umeak eskolara bidean erasotuz, eta beste. Hori gutxi balitz, orain beste kolonia bat eraikitzen hasi dira herriaren beste aldean, herria inguratzeko asmoz. Hemen gertatzen dena Palestina osora orokortu daiteke, horra hor estrategia kolonialistaren gakoa: minbizia balitz bezala, palestindar herria inguratu eta zanpatu nahi dute, beraien existentzia deuseztatu arte.

.

Proiektu sionistaren hedapenerako beste zutabe bat auzitan: diskurtsoa(k).

“Israel oso ona da marketing kanpainak egiten. Gure kulturaren aurkako diskurtsoa erabiltzen du bere izatea legitimiatzeko” (Khitam Saafin).

Pinkwashing-a Israelek bere aurpegia garbitzeko asmoz egin duen marketing kanpainarik entzutetsuena da. Nola? Palestindar herria eta kulturaren aurka eginez, eta era kontrajarrian, Israel estatu demokratiko eta zilegi bezala aurkeztuz. Sionismoaren bozeramaileen ahotik palestindar herria atzeratua dela, edota musulmanek emakumearekiko duten jarrera mespretxuzkoa dela entzutea ez da arraroa. Kanpora  begira eta antisemitismoaren ideiaren babespean, israelgo estatu ilegitimo, zapaltzaile eta kolonialista estatu aurreratu, moderno eta LGTBIfriendly bezala aldarrikatuko da.

.

Emakumeen erresistentzia eta antolaketaren gakoez aritzean, lehenik eta behin, pare bat kontu argi:

“Ezin daiteke askatasun nazionalaz hitz egin emakumeen askatasunik gabe” (Khalida Jarrar).

Bidaian zehar etengabe entzun duguna hau. Genero perspektibatik okupazioari buruz galdetu eta askatasunaren ideia banandu ezin daitekeela erantzun. Baina, geratzen al da orduan, bigarren maila batean? Okupazioaren atzaparrek jendartean eguneroko mugimendu ñimiñoenean ere eragina duela gogoraraziz, emakumearen eskubideen aldeko borrokak herri aske baten bidean egiten den ezinbesteko ekarpena den era berean, nazio askapenaren aldekoak emakumearen gorputza zeharkatzen duen egiturazko okupazio batengandik askatzeko kemena ere badu. Emakume askeak herri aske batean: elkar elikatzen diren borrokak, ezinbestean. Zapalkuntza anizkoitzen artikulazioaren konplexutasunak herri bakoitzean, jendarte eta kultura bakoitzean, hartzen duen forma berezia ulertzeko saiakeran aritu gara.

“Palestinar herria oso banatuta dago. Honetan okupazioak irabazi egin du” (Reem Natsheh).

Amal ahotsak (Palestinako brigada feministaren azken kronika)

Okupazioaren forma ezberdinek ezaugarritzen dute tokian toki palestinar komunitateek bizirauteko dituzten behar konkretuak eta halabeharrez ere, tokian toki garatzen diren erresistentzia moldeak. Israelen estrategia zapalkuntza tokikoratzea denean, herrien artean harresiak eraikitzen dituzte, emakumeen arteko saretzea oztopatzen duten harresi ikusezinak. Emakumeak, gizartearen sostengu, gizartearen beharrak eta erantzunak zatikatuta eta sakabanatuta dauden honetan, bere bateratze gaitasuna ahulduta nabari du. Israelek ondo daki: Herriaren indarra herrian bertan eta herriarengan badago, herritarren arteko lotura oro apurtzean desagertuko da Palestina.

“Emakumeak legearen aurrean ez dira berdinak, eta beraz ezin dira gizartean berdin tratatuak izan” (Lamia Jabari,  Al Haq).

Emakumearen egiturazko zapalkuntza zilegiztatzen duen erraminta da legea. Legedia ezberdinak aplikatzen dira zonaldeka, emakumeari aplikatuko zaiona beti izango delarik haren kalterakoa. Familia legea: emakumearen eskubide eta eskumenak mugatzen dituen lege zaharra. Gizonaren ohorea mantentzeko eta sexu erahilketa arrazonatzeko “justizia” sistema oso bat. Emakumearen beharrak ikusezinak dira zigor sistemarentzat, kondena gogortzen duen baldintza da hau. Azken batean, bide judizialaren aukera, emakumeon eskubideak defendatzeko aukera baino oztopo da.

.

Zer pentsatzen duzu etorkizunaz?

“Itxarotea tortura forma bat da” (Torture and Rehabilitation Centerreko langile batek).

Israelgo indar okupatzaileek aurrera eramaten duten torturak aurpegi ezberdinak ditu. Palestinaren askatasunaren aldeko borroka deuseztatzeko bidean gatazka denboran luzatzeak herria ahultzeko estrategia ere bada. Itxaronaldia tortura moduan inplementatua fenomeno global baten islada da; palestindarrek haien herria aske ikustearena. Hala, Israelek bere boterearen erakusle gisa, palestindar herria itxaroten bizitzera kondenatzen du bere egunerokotasunean: kartzelan bisitak egiteko behar duten baimena izateko eta behin izanda itxaron behar dituzten egun eta ordu amaigabeekin, atxiloketa administratiboan ematen den ezjakintasunarekin edota milaka pertsonek lanera joateko checkpointetan galtzen duten denborarekin, besteak beste.

“III. Intifada globala izango da” (Abdallah A Shararah).

Palestinan etsaia zein den begirada batez uler dezakegu. Kapitalismo eta inperioalismoaren aurpegirik gordinenak lurralde honetan egiten du agerpen. Hauek baina, munduko herri, lur eta gorputz guztiak itotzen dituen atzaparrak dira. Arerio berdina izateak elkartzen gaitu eta honi aurre egiteko mundu mailako iraultza behar dugu: III. Intifada globala eta feminista izango da edo ez da izango.

“Guk ez dugu erlijio-estaturik nahi. Ez dugu inor zapaldu nahi. Justizia, berdintasuna, duintasuna eta askatasuna nahi ditugu” (Tanwer).

Bata bestea gabe ulertu ezin diren helburu argiak bide ilunean bezala. Gatazka luzean bizirauten ikasten denean, helburuak itxuraldatzen direnean eta okupazioa(k) normalizatzen d(ir)enean, gaurko erresistentziak mila ertz dituenean  eta ilusioz hustutako kontzientzia kolektiboak eztanda egiteko lekurik topatzen ez duenean, bidea nola egin galdetzea otutzen zaigu. Hirugarren kartzelaldi batetik aske geratu berri den emakumearen aurrean, amore emateko aukerarik ezean, ezinegonak segundu laburreko itxaronaldia luzatzen du: “oinarrietara itzuli behar gara, mugimendu sozialak sustatu, indartu, kaleak astindu, iparra galdu gabe” eta ekin aurrera. (Khalida Jarrar).

Amal ahotsak (Palestinako brigada feministaren azken kronika)

Amal ahotsak Amal ahotsak Amal ahotsak Amal ahotsak