Fuck you, White Rabbit!
http://alteretaego.wordpress.com
- Argazkia: Akuriak dio garbi dagoela
Egilea: Mr. Chopski
Artxibo mota: JPEG
Neurria: 4288×2848 px (3:2)
Sortze data: 2012/08/28
Latitudea: 43º 16,740´ N
Longitudea: 2º 00,944´ W
Kamera: Nikon D90
Objektiboa: Tokina 12-24mm F/4G
Distantzia fokala: 12mm
Irekidura: f10
Esposizio denbora: 1/100?
Sentikortasun eskala: 200 ISO
Flasha: Metz 58, 1/16ra (atzean) + Metz 44, 1/64ra (eskuinean)
Alter dixit.
Etorri, luzarotik dator nire ohelagunak Alice in Wonderland markari dion ezinikusia; baina nondik, uste dut berak ere ez dakiela. Eta denbora luzez ni ere joko horretan ibili izan naiz, oraintsu, Lewis Carroll bezala sinatu zuenaren liburua irakurri dudan arte.
Tim Burton eta Johnny Depp hain gustuko izanik ere, logelako telebistan jatorrizko ipuinaren berraztertze aske hura jartzeko saiakera egin nuenean gozo, hori bai, kanalez aldatzeko proposamena luzatu zidan. Ez naiz behar bezala oroitzen baina, ziurrenik, Gandia Shore edo Divinity jarriko nuen.
Baina liburura bueltatuz, ez sinestekoa dirudi duela 150 urte idatzita dagoenik. Eta ez horrenbeste kontatzen duen istorioari erreparatuz, azken finean istorioak, gehienak, atenporalak baitira. Baina bai istorioa bideratzeko Carrollek darabiltzan pertsonaiengatik.
Kontakizun bat sortzen asmatzea, sarritan, ez da horren zaila. Kontakizunean ageri diren pertsonaien erditzean asmatzea, ordea, beste kontu bat da. Gaur eguneko gizartera begiratzea baino ez dago, horretan behintzat, bete-betean asmatu zuenaz ohartzeko.
Perretxiko gaineko Beldarraren eta Alicen arteko elkarrizketaren pasarteak, adibidez, Intereconomia telebista-kanaleko eztabaidak dakarzkit gogora. Berdin du zertaz hitz egiten hasten diren: beti, ohartzen garenerako, hasierako puntu berberera itzuli dira, ezinezkoa delarik entzuten aritu izan garenetik ondorio argiren bat ateratzea. Ez behintzat hitz egiten hasi orduko geneukanetik desberdin batera.
Inguruotan, aspaldian, Bihotzetako Erregina bezalako pertsonaiak ere asko ugaldu dira, hala botere legegilearen zein betearazlearen baitan, biak desberdintzerik badago. Berdin du zer den gertatzen ari dena: Erreginak, badaezpada, gertakarian nahastuta daudenen burua eskatzen du beti, aurretiazko gutxieneko audientzia itxurosorik edo erabakiaren ondorioak neurtzeko xederik gabe.
Galdetu bestela lorategiko arrosetako bat gorriz margotzen dabiltzan lorazainei. Kasu horretan, eurena da, Erreginaren nahia bete ez eta, arrosa gorririk ez landatzearen akatsa. Baina zenbatetan aurkitu izan gara, gure bizitza profesionalean zein bestelakoan, inoren akatsak geureak balira bezala konpondu nahian? Besterik ezean, ez konpontzearen zigorra gure lepogainean ez pairatzeko baino ez bada ere.
Aparteko hausnarketa merezi du gure gizartearen metafora den Untxi Zuriak: beti presaka dabil, erlojuari begira, eta beti berandu. Eskerrak, Alter bisitatzera joan nintzenetako batean, sukaldeko sofaren atzetik agertzen ikusi, gainera salto egin eta harrapatzeko aukera suertatu zitzaigun. Erlojua kendu ostean, izozkailuan sartu eta berau ondo garbitzeko agindu genion. Har zezala behar zuen denbora, oraingoan bai. Ahaztua ere banuen oraindik ez dugula bertatik atera!
Erabakia hartuta daukat. Arestian aipatutakoak ez dakiela, Disney faktoriaren filma erosi eta hiru urteko alabari jarriko diot. Uste dut guraso baten lana seme-alabei bizitzea tokatu zaigun mundua hobeto ulertzen laguntzea ere badela. Ea berak zer dioen.
Nork jakin… Agian niri ere mundu hau, hiru urte nituenean, Carrollen begiradatik antzematen irakatsi izan balidate, hobeto ulertuko nituzke gertatzen ari zaizkigun gauzetako asko.
Ego dixi.