Zintzoagoak al dira Euskal Herriko politikariak?

Zintzoagoak al dira Euskal Herriko politikariak?

Espainia aldetik politikaren ur zikinak datoz gurera. PPren ustelkeria afera beste hamaika lardaskerien atzetik etorri den azkena izan da. Diru beltza, zinegotzien botoen salerosketa, mafien eskua… ez dira alferrik politikariak espainiarrentzako hirugarren arazoa. Eta, Euskal Herrian, ezberdina al da egoera?

 “Politikari guztiak berdinak dira” leloa zabaltzen ari da gizarte sektore guztietan, zikina itsasoan hala. Egun batean bai eta hurrengoan ere bai ustelkeria politikoen berriek  betetzen dituzte Hego Euskal Herriko albistegiak. Monarkia, udaletxeak, diputazioa, estatuko gobernua orain… Horrela ez da harritzekoa orokortzera jotzea. Hala eta guztiz ere, buru-ariketa pobrea da politikari guztiak zaku berean sartzea. Are gehiago, nork bere teilatuari harrika egitea baita. Herri batek dituen politikariak gizartearen lagin bat dira. Gizarte arduratsu batek politikari arduratsuak izango ditu, gizarte matxista batek politikari matxistak eta gizarte ustel batek tamainako politikariak. Ez datoz unibertso arrotz batetik, gure artean bizi dira eta gure baloreen eskalarekin hezi dituzte. Maiz esaten da: Espainiako politikariei egozten zaizkienen gaiztakerien erdiekin dimititu egiten dute Alemanian, eta Japonian bere buruaz beste egiten dute. Eta, bai, Espainia, Europar Batasuneko herrialde ustelenetakoa da.

Ikerketen arabera, estatuen ustelkeriaren sailkapenean Espainia 30. lekuan zegoen 2012 urtean. Haren aurretik daude Arabiar Emirerri Batuak, Zipre eta Botswana. Azken gertaerak ikusita 2013an Espainia sailkapenean zenbagarreneraino jaisten den jakiteko ikusmina egongo da. Frantziak 22. lekua du. Bahamak, Txile eta Uruguay ditu aurretik. Euskal Herria ez du aintzat hartzen sailkapeneko irizpideak jartzeaz arduratzen den Transparency International ustelkeriaren aurkako nazioarteko erakundeak.

ustelkeria europan

Zergatik da Espainia hain ustela? Azaleko analisitik jota, vox populi-ari kasu eginda, askok pícaresca edo tranpati “kulturari” egozten diote errua. Ez da gutxitan entzuten Espainian, “ni bere lekuan banengo berdina egingo nuke” esaldia. Errazkerietatik haratago, egin dira gaiaren inguruan ikerketak. Gaian aditu batek, Victor Lapuente Göteborg-eko (Suedia) zientzia politikoetako irakasleak dio Espainiako ustelkeriaren zergati guztien artean bat nabarmentzen dela: erakunde publikoetan hautapen politiko hutsekoak diren karguak asko dira. Ondorioz, hauteskundeen emaitzen arabera mugitzen den lanpostu sarea existitzen da. (Artikulua: ¿Por qué hay tanta corrupción en España?)

Eta Euskal Herrian?

Espainiako kulturak biziki eraginda eta estatuko lege orokorren pean, Euskal Herrian ustelkeria ageriko errealitatea da. Azken asteetan, PPren diru-gutunen iskanbila lehertu arte, Nafarroako Kutxen aferak sona handia izan du. Interes pribatuak eta politikoak uztartzen diren mekanismoak begien bistan utzi ditu; esaterako, Yolanda Barcina presidenteak etekina ateratzeko CANetik zetorzkion VIP eskaintzak. Halakoetan gertatu bezala, ustelkeriaren izozmendiaren punta da ikusten duguna. Azken hamarkadetan jakitera eman diren ustelkeria eta irregulartasun kasuak dira honakoak:

Ustelkeria auzi gehienetan boteregune publikoen jabe izan diren alderdien orbitako pertsonak egon dira nahastuta: EAEren kasuan EAJ eta Nafarroan PSN bere garaian eta UPN orain. (Artikulua: Los mayores chorizos de Euskadi)

neurgailuak

Aipatu bezala, Euskal Herria ez da ustelkeria gabeko eremua. Hala ere, espainiar bizilagunekin alderatuta zenbait neurgailu baikor azaleratu ohi dira. Adibidez, lehen aipatu Transparency International erakundearen neurketak aintzat hartuta. Eusko Jaurlaritzak saria jaso du: Espainiako erkidego autonomoen artetik gardentasun puntuaziorik onena lortu du 2012. urtean (97,5 100etik). Nafarroa bosgarren da: 91,3 puntu jaso ditu. Udaletxe mailan ere Euskal Herritik aztertutako herri guztiak Espainiako bataz bestekoaren gainetik daude. Horien artean dago Bilbo; lehenbiziko postua du. Gainontzean, Getxo, Barakaldo, Iruñea eta Donostia gardentasun sailkapenaren buruan daude. Aldundiei dagokionen zerrendan, Bizkaiak du lehenbiziko lekua, Arabak 14. postua, eta, Gipuzkoak, bataz bestekotik behera, 29. tokia.

Ustelkeria murritzagoaren bi hipotesi

Euskal Herriko ustelkeria kasuek bere ezaugarri propioak dituzte, bertako idiosinkrasiari lotutakoak. Azpiegitura handiak, lurren birkalifikazioak eta enplegu publikoaren banaketak izan dira etikoki gaitzesgarri diren jokabideak agertu diren esparru nagusiak; legez kontrakoak batzuetan. Euskal Herrian ere existitzen da ustelkeria, lehengo zerrendan agertu bezala. Eta existitzen da alderdi bateko edo besteko izateagatik fabore kate oparoa; ezaguna da eta hori ezkutatzea absurdua litzateke. Baina, alderaketa eginda, ageriko ustelkeria, hots, ekinbide ilegala, murritzagoa da Espainiarekin alderatuz. Hona zergatiaren hipotesi batzuk:

1. Politikaren gaineko kontrol handiagoa. Etxebizitzen burbuila ez da hainbesterakoa izan Euskal Herrian. Eraikuntza sektorearekin dute harremana Espainian ustelkeria auzi gehienek. EAEko etxebizitza eta urbanizazio legeek herri eta hirien hazkundea gehiago neurtu dute. 1995etik 2005era bitartean etxe berrien eraikuntza lau aldiz bidekartu zen Espainian; EAEn ozta ozta igo zen. Arkimia blogean, Euskadi is different? artikuluan, hori gertatu ez izanaren zenbait arrazoi eman zituzten, lurralde antolamenduari eta alderdi politikoen aniztasunari loturikoak batik bat (bipartidismoa ustelkeriaren arrazoi jotzen dute batzuek). Euskal Herriko gizarte mugimenduek erakunde publikoen azpiegitura berrien proiektuen gaineko oposizioak ere asko lagundu du gehiegikerien gaineko kontrola ezartzen. Horrez gain, euskal gizarteak jardun publikoagatik duen interesak politikariak nahieran aritzea eragotzi du, beste lurralde batzuekin konparatuz gero behintzat.

benidorm zarautz

2. Politikari izatearen kostu pertsonala. Iñaki Oyarzabal PPko karguak Barcenas kasuarekiko distantzia mantentzeko argudio gisa erabili du. Demagogiak aparte, ez zaio arrazoirik falta. Euskal Herrian, lekuaren arabera, politikan parte hartzeak higatze pertsonal handia ekarri du. Politikari batzuk ETAk hilko zituen mehatxuan hartu dute parte eszenatoki publikoan. Beste batzuk, espetxea eta eskuin muturraren atentatuak izan dituzte zemai. Ez hori bakarrik, ezin baztertu bando batean edo bestean kokatzeak Euskal Herrian duen eragina harreman sozialei dagokienean. Hau da, politikari askok eta askok ongizate pertsonala arriskuan jarri dute; Espainian aldiz politika arrakasta sozialerako bidea izan da. Beste zenbait lekutan baino gehiago, konpromiso pertsonalak eraman ditu politikara. Pentsaezina da diruaren truke 24 ordu bizkartzain baten pean edo sarekadei ihesi bizitzeko hautua egitea.

 Zintzoagoak al dira Euskal Herriko politikariak?
politika, politikariak, ustelkeria
Iñaki Larrañaga

Kazetaria. Ezagutu, ulertu, kontatu. @inakilarra

7 pentsamendu “Zintzoagoak al dira Euskal Herriko politikariak?”-ri buruz

  • Zoritxarrez, ez dut uste ezberdinak garenik….sistema guztiz apurtuta dago

  • Dirua, botere eta ospeagatik askotxo dia bere bizia arriskuan jarriko zuketenak,(eta askotxo dia ia ezerrengatik bere bizia arriskuan jartzen dutenak egunero lanean) gogorra da? Ba nik hamarkadetan ikusi dudana. Ez det erraten politikari askok laguntzeagatik politikan sartu izana bere bizia arriskuan jartzen, baina besteak ere badaude.
    Zenbat politikar hil dira azkeneko 50 urtetan politikari izateagatik? 50? Zenbat milioitik? Eta zenbat pertsona?Hartu sektore bat, Gipuzkoan bakarrik,begiratu zenbat behargin hiltzen dira urtero, eta alderatu Espainian eta Euskadin azkeneko 50 urtetan hil diren politikariekin. Ea nortzuk jokatzen dute bizia egunero. Eta hori bata eta besteak dituzten onurak kontuan hartu gabe.Eta bai zinegotzi asko herritarrengatik sartu dira politikan, baina askotxok ere ETArekin asko irabazi dute.

  • Buruz ari naiz, baina mutua patronalak 2004 tik 2009ra lanean egoteagati zenbatutako beharginak, 3 izan ziren urtero. Bainan urtero milaka behargin hiltzen dira lanarengatik, nola da posible? Ona hemen mila miliokiko iruzurra, dena langileen bizitzen bizkarrera.
    http://blogs.publico.es/dominiopublico/3351/el-escandalo-de-las-mutuas-patronales/

  • Alderdi ugaritasuna dela-eta, erabateko gehiengoak arraroagoak izan dira eta dira euskal lurretan, eta EAEn Nafarroan baino arraroagoak.
    Hona hemen ustelkeriak gogor jotako zenbait erkidegoren “botere-alternantzia”:

    Madril: 1983-1995 PSOE. 1995-gaur arte PP.
    Andaluzia: 1981-gaur arte PSOE
    Valentzia: 1982-1995 PSOE. 1995-gaur arte PP

    PSOEk edo haren aldaera erregionalek denetariko akordioak egin ditu botereari euste aldera (horretan elkarren antz handia dute EAJ eta PSOEk), baina PPk normalean erabateko gehiengoz gobernatu izan du.

    • Denetariko akordioak…
      Segun eta nork duen denetariko akordioak egiteko borondatea/gaitasuna, positibotzat edo negatibotzat hartu ohi da. Ez dakit, nik ezker abertzalea ikusi dut kontuak Gipuzkoan EAJrekin paktatzen, eta hurrengo urtean PSErekin (edo Aralar PSErekin gobernatzen eta hurrengo aldian ezker abertzalearekin koalizioan joaten).
      Beraz, elkarren antz handia duten alderdi gehiago daude, nire ustez.

      • Harri Zurtzilo 2013-02-06 09:40

        Alderdi politikoak, guztiak, makinaria ustelak dira, baita Euskal Herrian ere. Ikusi besterik ez dago zenbat erdipurdiko legebiltzarkide, alkate eta zinegotzi dabilen bazterretan. Horietako askok kargua lortu dute alderdian alderdiko jauntxoaren hatzamarrari esker, erabateko fideltasuna ordainetan. Eta liberatuen mailara igaroz gero, beste horrenbeste. Ustelkeria hori berezkoa dute. Horri gehitu behar zaizkie bankuen, eraikuntza enpresen eta laguntxoen eskutik heltzen zaizkien pizgarriak. Udalen batean ibili den nork ez ditu ikusi horietako batzuk alkatearen bulegora euliak k… eztiari bezala, alkatearen alderdia zein den ere?

  • Nor dago PPren ustelkeriari buruzko filtrazioen atzean? Eta zein helburua?
    .
    Teoria bat: audioa (14. minututik): http://www.info7.com/2013/02/06/la-tertulia-de-kale-gorrian-74/

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude