Francoren eta Hitlerren arteko kontrabandoa

Francoren eta Hitlerren arteko kontrabandoa –

Amatiñok bere blogean.

Wolframaren aurkikuntza egin (1783) ostean, Elhuyar anaiak konturatu ziren mineralak fusio- eta irakin-puntu altua zuela eta, hartara, aproposa hainbat erreminta eta lanabesen gogortasuna areagotzeko, bonbillen harizpia egiteko, esaterako. Artean ez zuten sumatu, ordea, guda-tresnak gogortzeko balio lezakeenik eta, ondorioz, wolframa estrategikoa izango zenik Bigarren Mundu Gerran.

Francoren eta Hitlerren arteko kontrabandoaAlemanak izan omen ziren hartaz konturatu eta armadarako tresneriari wolframa ezartzen hasi ziren lehenak. Gerra aurretik, Alemaniak Txinan erosi ohi zuen gehienbat wolframa, baina gerrarekin batera Errusia etsai bihurtu zenez, naziak Espainiara eta Portugalera begira jarri ziren, Europako wolfram guztiaren %95 iberiar penintsulan zegoenez gero.

Aldi berean, Estatu Batuak jabetu ziren alemanen gerra-tresneria gogortzeak lekarkeen eraginaz, eta hainbat daturen arabera kalkulatu zuten Alemania sei hilabetez wolframik gabe geratuko balitz, erabat ahulduko litzatekeela nazien gudarostea, aliatuenaren mesedetan.

Elkarren aurkako fronte bi haien arteko atakak erakarri zuen, batetik, wolframa prezioz ikaragarri garestitzea eta, bestetik, alde bateko zein besteko presio politikoak, Estatu Batuek espainiar gobernuari petrolio-hornia murrizteaz egindako mehatxua kasu. Hartara, batak (prezioak) zein besteak (presioak) eragin zuten, ezinbestean, legez kanpoko eta ezkutuko salmenta, hau da: kontrabandoa. Francok ez ikusi egiten zuen bitartean, espainiar gobernua interes kontrajarri bi haiek kudeatzen ahalegindu zen eta, besteak beste, Euskal Herria ezinbesteko igarobide bihurtu zen, Portugalgo zein Espainiako meategietan ustiatzen zen minerala nazien eskuetara helarazteko.

Irun, Hendaia, Behobia eta Biriatu; Bera, Etxalar, Erratzu, Dantxaria eta Arnegi; Izpegi gaina eta Bekaitz oihana; ibaiz zein mendiz; oinez, mandoz, trenez, kamioiz eta gabarraz; tokian tokiko auzokoak, mugalariak eta polizia tarteko, hegoaldeko wolframak ikasi zuen Frantzian zehar Alemaniarako bidea.

Hau guztia eta gehiago biltzen du Rosa Arburua irakasleak Wolframa. Diktadoreen arteko kontrabandoa” (Donostia, 2021) liburu elebidunean. Baita, aldez aurretik, Elhuyar anaien berri eman ere.

Argitaratzaileak, Euskalerriaren Adiskideen Elkartea eta Laboratorium Chemicun Bergara, bertako Udalaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren laguntzaz.

Francoren eta Hitlerren arteko kontrabandoa

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.