Fotokazetaritza: MAGNUM eta BO5TOK
MAGNUM eta BO5TOK
Gustuko dut fotokazetaritza. Ez dut piperrik ere ulertzen, baina hainbat argazkilariren lana ikusita gozatzeko haina bai. Foto-kazetaritza lan asko oso indartsuak dira. Uneko gatazkak islatzen dituzte, eta askotan ez dira testuinguru erraz batean egiten. Argazkilaria ez dago estudio batean, ez dauzka elementuak kontrolpean; eta hala ere, argazki zoragarriak eskaintzeko gai dira. Testuinguruak izan ditzakeen zailtasunak aintzat hartuta ikaragarrizko balio erantsia daukate irudiek.
Esan dudan bezala, hau ez da kontrolatzen dudan materia, gustukoa dudana baizik; eta gustukoaren bila, bi erreferente nagusi aurkitu eta jarraitu izan ditut azkenaldian: Magnum eta Bo5tok.
Gaiaren inguruan apur bat besterik ez dut irakurri, unibertsitatean bereziki. Garai batean argazkilariek egunkarientzako lan egiten zuten, egunkariaren parte ziren. Gaizki ordainduak, arrisku handiak pasatzera behartuak eta beren lanaren inguruan inongo aitortzarik jaso gabe. 1947an Magnum Photo sortu zuten Robert Capa, Henri Cartier-Bresson, David Seymour “Chim”, Maria Eisner, George Rodger eta Bill eta Rita Vandivertek. Argazkilaritza independentea aldarrikatu eta praktikara eraman zuten. Euren kontura ateratzen zituzten argazkiak eta ondoren egunkariei saldu, arriskuarena ez zen asko aldatuko, noski, eta hortik aurrera (pixkana, pentsatzen dut) fotokazetaritza sona irabazten hasi zen. Egunkarietan jartzen ziren argazkietan argazkilariaren izena agertzea ez da betiko kontua izan. Argazkigintza orokorrean gustatuz gero, eta fotokazetaritza bereziki, web-orria bisitatu eta sare sozialetan jarraitzea gomendatzen dizuet. Estilo eta eskola ezberdinetako argazkilarien lana ikusteko aukera ematen du, bestela ikusiko ez genukeena.
Bestalde, eta etxera begira jarrita, Bo5tok argazkigintza kooperatibarekin egin nuen topo sarean duela gutxi. Argazkilarietako batzuk ezagutzen nituen: Ander Gillenea, Gari Garaialde eta Josu Trueba agertzen dira taldekide bezala. Horretaz gain, Andoni Lubakiren berri ere banuen aurretik, bereziki Sirian egin zuen lanagatik. Nik baino hobe azaltzen dute BO5TOK-eko kideek egiten duten lana:
“BOSTOK PHOTO, munduaren ikuskera pertsonal batean oinarrituta kalitatezko irudiak eskaintzen dituen kooperatiba bat da, Euskal Herrian kokatuta dagoena. BOSTOKeko argazkilariek ibilbide luzea egina dute Euskal Herria argazkitara ekartzen, bai gatazka politiko-armatuaren berri ematen, bai eta lurraldeko kultur gai eta tradizio sendoak ere. Munduaren parte diren heinean, atzerrira ere begiratzen dute, kontatzeko istorio garrantzitsuen bila; hala nola nazioarteko gatazka, garatze bidean dauden herrialdeetako eguneroko bizitza eta beste hainbat giza kezka munduaren luze-zabalean. Uneoro bizi dugun garaiaren inguruan duten ikusmoldea erakusten saiatzen dira bertako kideak, horretarako lehen mailako fotokazetaritza eta argazkigintza dokumentalak eskaintzen dituen baliabideak erabiltzen dituztelarik.”
Nire ez-ezagutzatik nire moduan dabilenari bi erreferente baliotsu emateazen gaurko asmoa, eta ezjakintasunetik zera esatera ausartu: etxean foto-kazetaritza lan ederra egiten duten profesionalak daudela. Jarraitu itzazue sarean, eta gustuko gauzak ikusiko dituzue!