Feli Artano: “Torturatu eta ez zuten berehala hil. Hiru hilabete pasa ziren”
Feli Artano: “Torturatu eta ez zuten berehala hil. Hiru hilabete pasa ziren” –
Mikel Iturriak Harrikadak blogean.
Maite Artolak Joxi Zabalaren amari 2013ko urrian egindako elkarrizketa transkribatu dut.
Joan den astean irakurri nuen Garbiñe Larreak Iñaki Segurolari idatzitako Aio eta ez aio Iñaki testua eta bertan aipatzen zen Maite Artolak Feli Artanori 2013ko urrian egindako elkarrizketa. Esango nuke bere garaian ez nuela entzun. Ez naiz akordatzen behintzat.
82 urte zituen orduan Feli Artanok, gaur egun 91 ditu. Berriki izan da albiste Auzitegi Konstituzionalak 9.252,06 euroko zigorra jarri diola epaiketen kostuengatik.
Elkarrizketa entzuten hasi eta titularrean azpimarratutako esaldia geratu zitzaidan buruan jira-biran. Hiru hilabetez torturatu zituzten: 1982ko urriaren 15ean bahitu eta 1983ko urtarrilaren 19an (edo 20an) hil zituzten Lasa eta Zabala. 1985ko urtarrilean agertu ziren gorpuak eta 1995eko udaberrian identifikatu zituzten. 1995eko ekainean ekarri zituzten Euskal Herrira, eta Ertzaintzak gogor jo zuen senide eta lagunen aurka.
Elkarrizketaren indarra audioan dago. Entzuten duzuen bitartean, irakurri nahi baduzue, hona hemen behean testua.
.
Maite Artolak Feli Artanori eginiko elkarrizketa
Maite Artola: Feli Artano, egun on.
Feli Artano: Egun on.
Maite Artola: Zer moduz, Feli?
Feli Artano: Hementxe. Gogor egiten.
Maite Artola: Semea bizi balitz orain izango lituzke 51 urte…
Feli Artano: 51 urte, bai.
Maite Artola: Duela 30 urte…
Feli Artano: Duela 30 urte desagertu zen.
Maite Artola: Gelditu zen bere bidea, bahitu zuten, torturatu zuten, hil zuten…
Feli Artano: Baina torturatu eta ez zuten egunean bertan hil, e! Hiru hilabete pasa ziren torturatzen, e!… Hil zituzten San Sebastian bezperan.
Maite Artola: Eta desagertu ziren urriaren 15ean…
Feli Artano: Urriaren 15ean…
Maite Artola: Zuk 82 urte dituzu, ezta? Nola iritsi zara zu 82 urtera min horrekin?
Feli Artano: Ba asko sufrituta, bai. Eta gero beti familiaren poz horrekin. Eta senarra eta… Aurrenetik ez nintzen ateratzen asko. Hauek [ematen du jende gehiago dagoela etxean elkarrizketa egin bitartean] beren bidea egiten zuten, ikastea eta ateratzen ziren… Hortik aurrera hasi nintzen pixka bat pentsatzen, nik bezala, aitak galdu zuela semea [hunkitu egiten da]. Eta bera bakarrik ez zegoela ondo. Eta pixka bat ateratzen berarekin. Eta horrela. Gero, kotxea genuenez, ba joaten ginen toki batera eta bestera, kotxea hartu eta joan. Batzuetan jana hartuta Larraitzera. Generalean igandero joaten ginen Izaskunera. Eta han erabat negar batean, ezagutzen nindutenek ikusten ninduten, baina horrela izan zen.
Maite Artola: Sei senidetatik bigarrena zen Joxi, ezta? Nola gogoratzen duzu zuk semea?
Feli Artano: Ba oso ume kariñosoa izan zen, oso mutil ona zen. Nik atxakatzen nuen Olarraingo eskolatik etorri ginela berandutxo bezala. Bera 5 urterekin hasi zen hemen, Eskolapioetan.
Maite Artola: Tolosan?
Feli Artano: Bai. Eta orduan eskola beti kosta egiten zitzaion pixka bat. Pixka bat kosta zitzaion horretan. Baina gainontzean oso ume ona zen.
Maite Artola: Irakurri dut zela saltsa guztietako perrexila.
Feli Artano: Baaiii. Oso mendizalea. Baten batek txakur bat oparitu zion, Zarra deitzen zion. Eta txakur hori hemen ibiltzen zen erabat. Joxi ez baldin bazegoen, eta nik arropa ekartzen banuen garbitzeko, haren arropak ezagutzen egiten zituen [txakurrak], eta hortzekin hor ibiltzen zen. Horrela ibiltzen zen txakurra nik arropa labadoran sartzeko ekartzen nuenean.
Maite Artola: Zuk gogoratzen duzu berarekin azkenekoz izandako elkarrizketa hura, edo?
Feli Artano: Bai. Gogoratzen naiz egon ginela bastante mendian gora. Merenderoren bat edo horrelako zerbait izango zen.
Maite Artola: Ipar Euskal Herrian.
Feli Artano: Bai, Baionan bertan joan ginen. Ez dakit argazkietan azalduko ote den. Igual egongo dira.
Maite Artola: Hemen argazki asko dituzu semearenak…
Feli Artano: Baaaiiii. Hauetan egongo dira eta hangoetan sobretodo. Aita ari da belar batzuk mozten. Bera nirekin dator bizkarretik helduta. Esan zizkidan orduan niri gauza batzuk. “Ama, ama, zuek lasai. Gu hau bukatzen denean berehala joango gara hara”. Eta horrela. “Eta ni gurasoekin oso orgulloso nago [berriro hunkitu egiten da]… Familiarekin. Baina nire ideiak…” Horrelako gauzak esan genituen. Eta joaten ginen bakoitzean izaten zen enunabrazo eta, badakizu, negarra. Eta esaten genuen: “Baina noiz eramango zaituzte Tolosara?”
Maite Artola: Gogoratu behar dugu Joxi Zabala eta Joxean Lasa biak Tolosako banketxe batean lapurreta saiakeragatik ihesi joan zirela Baionara. 1981. urtean izango zen hori.
Feli Artano: Bai, 81. urtea zen, bai. Azaroaren 6a zen.
Maite Artola: Han jarri ziren harremanetan errefuxiatu batzordearekin, asilo politikoa ere eskatu zuten, eta han zeuden, erresidentzia baimenak ere bazituzten, eta zuek joaten zineten tarteka Baionara.
Urriaren 15 hori zuen etxean nola pasatzen da, Feli?
Feli Artano: Ba tristura horrekin. Aita gehienetan bidaian, eta etortzen baldin bazen, berandu etorriko zen. Goizean oso goiz joan beharko zuen. Urtero bere omenaldi hori egiten Larrainen. Horrelaxe.
Maite Artola: 30 urte.
Feli Artano: Urtero horra joan, eta lore eskaintza, eta hor dagoen monolitoa, eta… Monolitoa bera desagertu eta urtebetera edo jarri zen. Eta gero, jarri eta urtebetera, urriko lehen egunean, ametsetan bezala nengoen, ehiztariak dabiltza tiroka. Gero, goizeko 6etan telefonoa. Gizona seguraski joana zegoen jada, ez zegoen etxean.
Telefonoa hartu nuen eta baserriko Migel Mari zen. Joxean Lasaren anaia. Eta esan zidan: «Guardia zibilak monolitoa botatzen aritu dira, tankeekin eta dena. Lanera Artzabaltzara zihoan jendeak abisatu digu guri», esan zidan.
Seme zaharrena etxean zegoen. Joan nintzen berarengana. «Horrela eta horrela, Juan Mari: monolitoa botatzen guardia zibilak omen daude. Migel Marik abisatu nau. Joan egin beharko dugu».
«Ama, baina zer egin behar duzu hara joan da?», esan zidan. «Ba aurpegia eman! Besterik ez dut egingo, baina aurpegia eman! Ba zuk ez banauzu kotxean eramaten, ni oinez joango naiz».
«Bueno, jaikiko naiz eta eramango zaitut», esan zidan.
Joan ginen, eta ez zegoen ezer. Eramanda zegoen. Bagentozen berriz behera kotxez eta esan nion: «Begira, hemen [Ertzaintzaren] basean gelditu behar dugu. Eta hori esan behar diogu. Ea beraiek ez ote diren konturatu edo.» «Baina zer esango dizute?» «Badaezpada ere gelditu egin behar dugu».
Gelditu ginen. Eta sartzeko ate ondoan beraietako bat egongo zen eta esan nion: «Ni Zabalaren ama naiz, Joxi Zabalaren ama naiz. Eta hau anaia. Eta enteratu gara, Artzabaltzara zihoan jendek abisatu dute, eta han ez dago orain ezer».
[Ertzainak]: «Bai, sentitu ditugu nola zebiltzan. Beraiekin ika-mika bat izan dugu, eta guk jaso dugu».
Basera ekarri zuten.
Maite Artola: Hortaz, guardia zibilekin eztabaida izan zuten ertzainek.
Feli Artano: Hori esan ziguten guri. Erakutsi ziguten segituan eta berari abrazatuta egon nintzen. Hauxe da dugun errekuerdoa eta hau ere… Horrela izan zen.
Maite Artola: Kasu hau bereziki da gogorra 1983ko urriaren 15ean desagertu ziren, eta 1995. urtera arte ez zituzten identifikatu.
Feli Artano: Ez, ez. Horretarako beste gauza bat. San Sebastian bezperatik edo… Ni etorri nintzen, larunbata zen, eta ostiralean hil omen zituzten. Etorri nintzen beti bezala nire karroarekin erosketekin. Goiko emakume batek galdetu zidan: «Semearen arrastorik edo zerbait?». «Keba! Ezer ere ez». Sartu ginen aszensorean (hura gorago bizi zen). Etorri nintzen, eta nik beti dut irratia martxan. Eta irratian entzun nuen Radio Alicantera deitu omen zuela Joxi eta Joxean, Lasa y Zabala, ostiral horretan hil zituztela. Nik entzun nuen hori irratian larunbata hartan!
Maite Artola: Zuei inork ez zizueten ezer esan. Irratiz jakin zenuten…
Feli Artano: Irratiz jakin nuen nik. Segituan semeei esango nien, ea zer egin behar genuen, Alicanten exekutatu zituztela esan zuela Radio Alicantek.
Maite Artola: Eta zu bakarrik zinen une horretan etxean?
Feli Artano: Etxean ni bakarrik nengoen orduan. Gero etorri zirenei esan nien, etxekoei baina…
Maite Artola: Eta zer sentitu zenuen momentu hartan?
Feli Artano: Zer sentituko nuen? Oraindik bizirik ikusi nahi! Badakizu, zer sentituko nuen…. Oraindik bizirik ikusi nahi!
Maite Artola: 1985ean aurkitu zituzten gorpuzkiak. Hamar urte behar izan zituzten kare bizian zituztelako, eta asko kostatu zen horiek identifikatzea.
Feli Artano: Bai, eta Busot-en.
Maite Artola: Busot, Alicanteko herri hartan. Hala ere, kareak dena ez zuen erre, ezta?
Feli Artano: Dena ez omen zuen erre. Guri erakutsi zizkiguten hezurrak. Arrimatzen ez ziguten uzten, feretro txar batzuetan zeuden. Hara joan ginenak… Aitak ez zuen balorerik bidaia hori egiteko, eta ni semeekin eta joan egin nintzen. Eta han kanpoan gelditu behar izan zuten batzuk, bakoitzetik hiru edo ametitzen zutelako barruan sartzea, hezurrak ikustera. Familia batetik hiru, eta bestetik hiru edo lau. Denok ez ginen sartu. Eta ni ama nintzelako, umeek esan zidaten: «Zu bai, ama, zu sartu».
Maite Artola: Eta sartu zinen…
Feli Artano: Sartu nintzen.
Maite Artola: Izan zenuen indarra?
Feli Artano: Hantxe ikusi nituen hezurrak. Iruditu zitzaidan eskua zegoela berak zuen kostunbrearen jestoan edo. Atzaparra, hezurra, horrelaxe. Berak horrela izaten zituen eskuak sartuta, horrela zuen kostunbrea. Eta nik ere huraxe puntu hura ere atera nion, han ez baitzegoen besterik ateratzerik. Hezurrak horrela zeudela.
Maite Artola: Nik, hala ere, esaten nuen kareak ez duela dena erre, egia behintzat, berandu baino jakin duzuelako.
Feli Artano: Bai ba. Eta orduan pozik handiena, txar guzti-guztietatik, zeintzuk ziren eta dena jakin. Eta horrenbesteko kastigua eman, eta entzima kalean, e! Hori dena bilatu, e! Hori ere… Hori ere…
Maite Artola: Galindo libre dagoela jakin zenuenean, Feli?
Feli Artano: Ba ni egun horietan egunero ari nintzen entzuten irratia. Gero alabak eta esan zidaten. «Bai, bai, entzuten ari naiz»… Lehen ere libre zegoen eta, orain jakin ezazu. Etxean zegoen behintzat eta, urte horixe bakarra pasata…
Maite Artola: Zuek bigarren mailako biktima sentitzen zarete?
Feli Artano: … Nik ezin dut esan hori, zer baino. Gu biktima gara.
Maite Artola: Baina zuk sentitzen duzu erakundeetatik eta alderdietatik eta beste biktima batzuk jaso duten tratu bera jaso duzuela edo bigarren maila batean geratu zaretela?
Feli Artano: Bueno, guri jendeak esplikazio gutxi ematen digu. Ulertzen al duzu?
Maite Artola: Bai.
Feli Artano: Eta gu esaten ez gara aritzen eta horrelaxe gaude…
Maite Artola: Zuk gorrotorik badaukazu, Feli?
Feli Artano: Gorrotoa? Nik esaten dut, orduan ere bai eta beti esaten dut, horiek egin eta dena libre. Baina zer da hau? Nik esaten dut: «Jaungoikorik bada, berak kastigatu beharko ditu». Nik ezin diet eta, nik ezin ditut kastigatu. Beraiei etorriko zaie… Ez dakit zer modutan…
Maite Artola: Laguntza behar izan duzu zuk bizitzari eusteko?
Feli Artano: Laguntza bizitzari eusteko? Nik ez dakit laguntza… Medikamentu aldetik eta, ez behintzat. Ni neroni ukatzen nintzen medikazioa hartzera. Oso mediku onak, kabezerakoak eta, nituen. Joaten nintzenean gauza konkretu batengatik joango nintzen ni. Ezer gabe ez nintzen joaten. Eta orduan esaten bazidaten niri: «Bai, zerbait behar duzu.. Antidepresiboak…» Neroni ukatzen nintzen hartzera. Nik esaten nuen: «Esna egon behar badut, esna egongo naiz, baina nik botikak ez ditut hartuko lo egiteko»… Eta hor mediku batek, oso mediku ona, esan zidan, besteen sustituzioan edo ez dakit zertan zegoen: «Bai, hauek lasaigarriak» edo ez dakit nola esan zidan, euskalduna da eta. «Bai, hau komeni zaizu hartzea. Gutxienez hiru hilabetez edo hartu behar duzu». Hari obeditu nion, baina gainontzean ez dut hartu medikaziorik.
Maite Artola: Mina kentzeko ez, sufrimendu hori kentzeko ez…
Feli Artano: Barruko hori ez… Hori hartuta ere zer egiten duzu? Hura kenduko duzu? Momentanoa izango da hura ere.
Maite Artola: Hor hamar urte pasa ziren. Desagertu zirenetik hamabi, gainera. Gorpuzkiak aurkitu eta identifikatu arte hamar. Eta desagertu zirenetik hamabi. Eta zuek hamabi urte horietan zehar?
Feli Artano: Horrelaxe. Esan dizudan bezala, gutxi gorabehera. Eta aurrenekoz entzun nuenean, entzun nuenean hezurrak agertu zirela…
Maite Artola: Baina zuek zer pentsatzen zenuten? Non zeudela, non egon zitezkeela?
Feli Artano: Gauza onik ez genuen pentsatzen, baina horretaraino…. Ez genuen jakin nahi hilda zeudenik eta hezurrak horrela egon behar zirenik hainbeste urtetan. Hori ez genuen jakin nahi edo ez genuen ez dakit nik zer… Barrutik ez zen ateratzen eta gero aurrenekoz entzun genuenean, otsaila edo martxoa aldera izango zen hasi zirenean esaten gorpuzki horiek izan zitezkeela Lasa eta Zabalarenak… Nik orduan ere izugarrizko sufrimendua hartu nuen, esanez bezala: hilda daude? hezurrak? Oraindik ere bizirik nahi ditugu. Ez da posible.
Maite Artola: Etsi orduantxe etsi zenuen?
Feli Artano: Etsi egin behar.
Maite Artola: Hezurrak ikusitakoan etsi zenuen.
Feli Artano: Bai.
Maite Artola: Eta despeditu, semearekin noiz despeditu zinen?
Feli Artano: Igande horixe, esan dizut ba…
Maite Artola: Ez, baina behin hilda zeudela ikusiz. Beti esperantza horrekin egon zinen, ez? Akaso ez edo sinistu nahi ezinik.
Feli Artano: Baina ni ez naiz inoiz despeditu. Iruditzen zait ametsetan ikusi egiten dudala eta. Nik noiznahi amets egiten dut berarekin, eta bizi dela. Eta harritu egiten naiz, ez da ametsa eta hemen dago Joxi.
Behin, honi kontatzen egon naiz lehenago, «gabon» esan eta nire kuartoko atea zirrikituarekin eta bere gelara pasatzen, bere alkandora txuriarekin. Alkandora klaro hauekin, estilo honetan ikusten dut Joxi… Gero esnatzen naiz eta ez dago Joxirik.
Gero, beste batean, ohean nengoen lo. Eta esan zidan: «Ama, lasai». Bi muxu eman eta lasai. «Gaur ere Joxi hemen dago». Akabo. Gero ez zegoen Joxirik.
Eta beste batean egin nuen ametsa. «Hara! Joxi hemen dago». Orduan alkandora klaro horrekin zegoen. Lagundu nion eta salan egon ginen helduta, abrazoan. Gero berak esan zidan: «Zer moduz?». «Ondo, baina lanik ezin aurkitu, ama». Lanik ezin aurkitu hori! Nik esan nion, gogoratzen naiz: «Lasai! Ez etsi! Zerbait aterako da. Lasai!». Lagundu nion ate ondoraino nire ametsean. Hortxe, despeditzeko bi muxu eman eta aszensore aldera. Gero esnatu nintzen eta Joxi ibili nuen ametsetan.
Maite Artola: Maiz-maiz egiten duzu amets semearekin.
Feli Artano: Bai, bai. Askotan egiten dut…
Maite Artola: Nik lehen galdetzen nizun nola edo noiz despeditu ote zinen. Hileta bera ere…
Feli Artano: Bai, hileta bera ere gogorra izan zen. Orduan egurtu gintuzten. Postura hartan azaldu ziren Fuenterrabin batzuk eta handik ekarri gintuzten pelotazoka bide guztia, autobusa eta bateko zein besteko. Familiarrak kotxean ginen, baina ikusten genuen nola zebiltzan, ezta?
Eta gero familiako kotxeak iristerakoan, ikusteko hainbesteko tropa bertan zegoela… ertzainak. Denak han.
Maite Artola: Karga ikaragarria izan zen hori.
Feli Artano: Izugarria… Eta gero barrua, kotxeak barrura zeratu zituzten, eta gu hantxe geunden amak lore sortarekin. Eta lehenbailehen atera edo lagundu… Badakizu momentu hartan han. Eta horrela egon ginen eta ez ziguten ateratzen uzten, atzera eta aurrera. Horrela geunden.
Eta gero, paisano horietako bat, beraietakoa izango zen, nik pentsatzen dut. Nik horrelaxe esan nion: «Begira, zuek bezalako batzuek semeak hil dizkigute. Eta orain enterratzen ez diguzue uzten. Egin ahala Madrilgoak laguntzen ari zarete». Ertzainak ziren eta ez zidan txintik esan…
Maite Artola: Tolosan, Feli, taberna askotan daude zure semearen argazkiak Joxean Lasarenarekin batera.
Feli Artano: Ni tabernatan ez naiz ibiltzen eta ez dakit horko berri baina…
Maite Artola: Hemen ere… zuek ere… hortxe entradan duzuen…
Feli Artano: Iruditzen zait berarekin bizi naizela, argazki mordoa badauzkat eta…
Maite Artola: Esan nahi dut maite asko jaso ote duzuen herritarren partetik, elkartasun mezuak…
Feli Artano: Nik ez dakit hori nola esan. Ez dakit zer esan… Ez dakit zer esan…
Maite Artola: Askotan esan delako, ezta? Lasa eta Zabala, Lasa eta Zabala… Kasu hori, GALen lehenengo ekintza…
Feli Artano: Gero nonbait jendeak pentsatzen du ba hildako bat urteekin ahaztu egiten dela, edo atzendu egiten dela… Baina hau kasu diferentea da. Ni lanean nago eta Joxirekin hitz egiten ari naizela iruditzen zait…
Maite Artola: Zuen familian pentsatzen dut maiz hitz egin beharreko kontua izango dela, ezta? Zuek zuen artean..
Feli Artano: Horretaz ez da asko hitz egiten, baina bakoitzak berea barruan, nik uste dagoela hor…
Maite Artola: Duela 30 urteko Euskal Herri hura, Feli, Euskal Herri gatazkatsu hura…
Feli Artano: Gatazkatsua. Eta beraiek ere horixe esaten zuten han zeudela. Eta niri hori esaten zidan: «Ama, zu lasai». Eta beti abrazatuta egoten zen bukaeran beti, eta negarrez ni. Eta noiz etxera, eta noiz etxera. «Zu lasai, ama. Hau aldatuko da eta gu berehalaxe han gara»… Horrelako despedidak egiten genituen…
Maite Artola: Zuk itxaropentsu begiratzen diozu etorkizunari edo?
Feli Artano: Etorkizunari… Entzuten diren gauza guztiekin, entzuten diren gauza guztiekin… Nik ez dakit zer itxaropen behar den. Zerbait aldatu beharko da baina… Nik zer dakit ba…
Maite Artola: Zuri semea hil zizuten.
Feli Artano: Niri semea hil zidaten. Hori da. Eta gero gogoratzen naiz horrekin. Eta gero pentsatzen dut: ez naiz bakarra. Kattu ere nola hil zuten. Sartu eta tabernan zerbitzen zegoen tokian hil zuten…
Maite Artola: 82 urte eta 83 egiteko.
Feli Artano: Hiru egin behar ditut…
Maite Artola: Bejondeizula!
Feli Artano: Abenduaren 2an egingo ditut. Horrelaxe egingo ditut.
Maite Artola: Feli Artano, eskerrik asko.
Feli Artano: Bai, zuei.
Torturatu eta ez zuten berehala hil. Hiru hilabete pasa ziren