“Federico Krutwig eragin handiko pentsalaria izan zen XX. mendean EHn eta Europan”
“Federico Krutwig eragin handiko pentsalaria izan zen XX. mendean EHn eta Europan” –
Aitor Aspuru Saezek Aiaraldea hedabidean.
ALETXU ZOBARAN Euskal Ikasleon Biltzar Aurrerakoia elkarteko eta Belatz Gorri aldizkariko kidea da eta Federico Krutwigen inguruko hitzaldia eskainiko du maiatzaren 15ean Getxon. Elkarrizketa honetan azaldu du zein den pentsalariaren garrantzia Euskal Herriko historian.
Hitzaldia eskainiko duzu larunbatean, azalduko duzu zer den egingo duzuena?
Bai. Datorren larunbatean, maiatzaren 15ean, Federico Krutwig jaunaren mendeurrena litzateke, eta aurten berak 100 urte beteko lituzke. Hori dela eta, Biltzarre elkarteak jardunaldi xume bat antolatu du Getxon: hiru hitzaldi eta mahai-inguru bat Erromo Kultur Etxean (hasieran Villamonteko kultura etxean egin behar zen).
Ekimena arratsaldeko lau eta erdietan hasi eta zortziak arte iraungo du. Lehen hitzaldian Federicoren biografiaren irudi orokor bat aurkezten saiatuko naiz. Ondoren Iñaki Egaña historialariak bere erbesteko ekinbide politikoaren inguruan jardungo du, eta gero Xabier Renteria irakaslea Garaldea liburuan lantzen den Europa preindoeuropearraren gaiaz arituko da. Eta azkenik, mahai-ingurua egingo dugu.
Zuk beraz, bere bizitzaren panoramika bat aurkeztuko duzu, ezta?
Halako zer edo zer. Euskal Ikasleon Biltzar Aurrerakoia elkartean ponentzia bat prestatu dugu. Horretan bere haurtzaroa eta nerabezaroa Paideusis eta Autodidactica ideia-binomioarekin sinbolizatu dugu. Ondoren, bere gaztaroko aldia Gaztetassuna eta Cultura deitu dugu. Exilioaren garaia Aberria eta Iraulça bezala karakterizatu dugu, eta azkenik; erbestetik bueltan denean Cybernetica eta Sophopolis.
Zergatik da garrantzitsua Krutwig?
Federico Krutwig dugu, behar bada, pasa den mendean Euskal Herrian eragin handiena izan zuen pertsonaia, baina bere figura aski ezezaguna da gurean. Uste dugu bere gaineko damnatio memoriae bat egiten dela, behar bada Eliza Katolikoa salatu zuelako, edo euskal abertzalegoaren bi adar nagusiak kritikatzen zituelako, edo agian gure herriaren maila asko igotzen zuelako, beste nazioen mailara eramanez kulturaren bitartez… Ez dakigu, baina ondare interesantea da gure herriarentzako, eta merezi du ezagutzea.
“Eliza Katolikoaren jarrera salatzeagatik euskarari zegokionez, erbestera jo behar izan zuen Federico Krutwigek”
Biografia oparoa da Krutwigena?
Bai, hala da. 1921. urtean jaio zen Getxoko familia burges batean. Bere kabuz ikasi zuen euskara, eta 1941ean Euskaltzaindia akademian sartu zen, Azkueren lagun estua eginda.
Gaztetan Bilbon aritu zen Euskaltzaindian eta Ateneo Berrian, non Philologiako ikertzapenen elkargo bat eratu zuen. Berak antolatu zuen Euskaltzaindia Akademia frankismoaren lehen urteetan, eta berak proposatu zuen bertoko bilerak euskaraz egitea.
Animalien eta landareen babeserako elkartean aritu zen, eta Mikeldi margolarien elkartea antolatu zuen ere. Goi mailako euskal kultura garatu nahi ukan zuen, euskara baserriko mundutik harago ailega zedin, eta lortzen ari zen, baina Elizarekin topatu zen, eta erbestearen bidea hartu behar ukan zuen.
1952an Bizkaiko Foru Aldundiaren egoitzan diskurtsoa eman ondoren, non Eliza Katolikoaren hierarkiak euskararekiko zeraman politika salatzen baitzuen, espiritu separatista sustatzeaz akusatua izan zen, eta ihes egin zuen.
Ondoren, erbestean zelarik, euskal erresistentzia nazionalarekin elkarlanean aritu zen, dela Jagiko edo EAJko adiskide batzuekin, dela ETArekin ere. Vasconia estudio dialectico de una nacionalidad liburua publikatu zuen 1963an, zeinagatik Frantziak betirako lurralde debekua ezarri zion. Ondoren 1968an, ETA erakundearen V. Asanblada nazionalean parte hartu zuen, eta informe nagusiak bereak ziren.
Euskal Herrira bueltatu zen 1977an, Amnistiaren Legearen ondoren. Erbestetik bueltan, politika aktibotik aldendu zen, eta zibernetikaren problemari aurrea har genezan greziar kultura guregana ekartzen aritu zen.
Euskaltzaindiara itzuli zen, eta handik Jakintza Baitha elkartea sortu zuen 1990an. Elkarte horrek Hierax aldizkaria editatu zuen, goi mailako kulturari buruz. Eta bere azken urteetan Europa mailan Sophopolis izeneko jakintsuen hiri esklusibo baten proiektu batean aritu zen, zibernetikaren aro honetan jakintzak gorde eta garatzeko Europa humanista baten baitan. Horretan ari zelarik hil zen, 1998. urtean.
Testigantza idatzia utzi zuen?
Aski handia, bai. Bere idazlan garrantzitsuenak, edo osatuenak nahi bada, lirateke, gure ustez Computer Shock Vasconia Año 2001 entsegua alde batetik eta, bertzetik, Belatzen Baratzafikziozko seriea. Baina bertze hainbat idazlan utzi zituen; adibidez Vasconia Estudio Dialectico de una Nacionalidad edo La Nueva Vasconia, zela aurrekoaren terminoen gaurkotze bat. Garaldea liburua ere hor dago…
Izan daiteke ere bere 1952ko diskurtsoa Bilboko Aldundiaren egoitzan, edo 1961ean Physika Berriaren Problemat batzuei buruz, dela physikari buruzko lehen euskarazko idazlana. Hauek guztiak orduko euskara batuan eginak ziren, hau da, lapurtera klasikoan, Leizarraga eta Axularren ereduei jarraiki.
Edozein modutan, ehunka dira bere entseguak, artikuluak, komentarioak, ipuinak; euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez edota grekera klasikoz. Asko ondino publikatu gabe daude. Segun zein gairi heldu nahi diozun; hor dituzu antzinako Greziari buruzkoak, Hierax aldizkarian; edo zientzia eta teknologiari buruzko hitzaldi bat eta zenbait testu; euskarari eta linguistikari buruzkoak; politikari buruzkoak; kultura, dela estetika edo estiloari buruzkoak…
Aztarna handia utzi zuen?
Zalantza barik. Garai bakoitzean orduko errealitatearen elementuak igartzen dira bere idatzietan. Horregatik, pasa den mendea ikertu nahi duen historialari batentzat, adibidez, biziki interesanteak dira Federicoren testuak. Baina, bestalde, ez dira hartu behar bibliak balira bezala. Federico ezagutu behar da kritikoki eta jakinik zer testuinguruan idazten zuen idazten zuena. Bestela, burua lehertu ahal zaio edonori.
Jakintzen alorrean ekarpen oso interesantea egin zuen. Fisika berriaren ideiarekin bat eginez, bereiztu zuen euskaraz etorkizuna, dela etortzeko dagoen mundu ondino ez materializatua baina posiblea, egingarria; eta joankizuna, dela materializatua dena, zeina joaten den iraganera, ahanzturara edo memoriara. Euskararen estruktura gramatikalekin oso ondo koadratzen du horrek, eta bilakatzen du gure hizkuntza tresna eraginkorra izatea oraingo errealitate teknologiko eta kulturalaren aurrean.
Horrekin batera, bere ondarea gure herriaren altxor bat da. Langa oso altu utzi zuen, eta bere lanetik ikastea zaila da, edo zaila baino, neketsua. Kostatzen da, baina interesantea da ezagutzea, eta norbaitek kultura-bide hori garatu nahi balu, besteok haren onurak jaso baizik ez genuke egingo.
Nola parte hartu dezake interesa duen norbaitek larunbateko jardunaldian?
Beno, bere jaioteguna dela eta, bere jaioterrian antolatua da ekimen xume hau. Hor hiru hizlarik bere bizitzaren eta ekarpenen hiru aspektu tratatuko dituzte. Parte hartzeko 10 euroko sarrera eskura daiteke biltzarre.eus elkartearen webgunean. Bertaratzeko baimenak lortu dira. Baina, hala ere, streaming bidez ere ikusi ahal izango da.
Aurten, bestalde, beste ekimen batzuk daude aurreikusiak gure herriaren figura historiko hau gogora ekartzeko.
“Federico Krutwig eragin handiko pentsalaria izan zen XX. mendean EHn eta Europan”