Faxismoaren gerizpea
Faxismoaren gerizpea –
Euskal Nazio Askapen Mugimenduaren estrategia politiko-militarrak porrot egitearekin batera, mugimendu iraultzailea desegituratuz joan da eta Ezker Abertzalaren estrategia aldaketaren ostean nagusitu den moderazio eta asimilazio politikoak, agerian utzi du Euskal Herria erabat umezurtz eta indefentso aurkitzen dela espainiar zein frantziar eraso faxisten aurrean.
Faxistak Euskal Herriko egoera soziopolitikoaz jabetzen diren heinean, kalean Euskal Herri Langileak daukan presentzia eta borrokarako gaitasun eza ikusten duten heinean, inpunitate osoz eta inolako gupidarik gabe ekingo diote gure txoko eta militanteen aurka. Faxisten inpunitatea eta erasoak ez dira fenomeno berriak, aski ezaguna da gerra zikina gurean; baina konfrontaziorik gabeko Euskal Herria alfonbra gorria bihurtu daiteke, barra librea. Gaur bertan Iruñeko Ezpala Tabernaren aurka emandako erasoa edota Donostiako Ikatz Kaleko Herrikoan dauden ikurren aurka emandako eraso ugariak (urtebetean 7 aldiz baina gehiagotan kendu dituzte Ikurriña, presoen banderola, Arrano Beltza, LGTBIQ+ Kolektiboarena…) egoera berri honen adibide garbiak dira.
Baina eraso hauek eman izana bezain larria da herri edo askapen mugimendu bezala erantzuteko erakusten ari garen gaitasun eza eta bigarren hori da kezkatu behar gaituena. Faxismoaren gorakada, konfrontaziorako dugun gaitasunaren araberakoa izango da, ez baitago hau geldiarazteko beste modurik. Beranduegi izan baino lehen, aurreko hamarkadetan erakutsi dugun borrokarako grina, mobilizazio gaitasuna eta balio antifaxisten baitako batasuna berreskuratu ezean erasoak areagotu bezala larritu egingo dira.
Erraza da gertaera hauek sare sozialetan salatzea edota adierazpen instituzionalak egitea, eta ez dut esango soberan daudenik, baina argi dago honek ez dituela kikilduko. Faxistek sare sozialak baliatzen dituzte haien ideologia eta jardun politikoari proiekzio komunikatiboa eman ahal izateko, gakoa beraz, haien jardun politikoa deuseztatzean dago.
Helburu horren bidean proposamen zehatzak beharko ditugu: eragotzi ditzagun ekitaldi faxistak, moztu eta seinalatu dezagun adierazpen matxista, transfobo, arrazista edota xenofobo oro, faxismoaren ikur guztiak desagerrarazi ditzakegu eta eraso fisikoei aurre egiteko autodefentsan trebatu gaitezen, gure artean saretu eta kaleak berreskuratzen hasteko; faxismoa ito arte. Ez dago beste modurik.
Gaur gaurkoz, Front National eta VOX dira frantziar naiz espainiar faxismoaren bozeramaile nagusiak eta hauteskundeak baliatzen dituzte haien gorroto mezua zabaldu eta faxismoaren posizio soziopolitikoa indartzeko. Beste proposamen zehatz bat, antola ditzagun herriz herri plataforma antifaxistak haien agerraldi normalizatuak oztopatu eta faxistak zokoratzeko, balio antifaxisten bueltan egituratutako plataforma irekiak, norbanako ezberdinez osatuak eta herri mugimenduko eragile ezberdinen babesarekin; tokian toki antolatuta egonez gero errazagoa izango da sare antifaxista eratzea.