Baskoniaren izenaz

Baskoniaren izenaz –

Lehen Akitaniak, Zesarrek La guerre des Gaules libürüan aipatüak, bi mente eta erdi berantago Novempopulania deitüak, VII. mende hastean izen berri bat hartü züan, Baskonia, IX.ean Gaskonia bilakatüko zena. Izen kanbio hori nola esplika?

Baskoniaren izenaz

Oihenart eta Jaurgain zuberotar historiazaleek diote 600 urte üngürüan Nafarroako baskoiek Novempopulania hartü züela, jentez bete, eta berriz eüskaldüntü. Hortako bi xiberotar historiazaleak abiatzen dira Grégoire Tourseko apezküpüaren izkiribü hontarik:

Vascones vero, de montibus prorumpentes, in plana descendant, vineas agrosque depopulantes, domos tradentes incendio, nonnullos abducentes captivos cum pecoribus, contra quos saepius Austrovaldus Dux processit, sed parvam ultionem exegit ab eis.

“Baskoiak aldiz, beren bortüetarik jauziz, ordokialat jaisten dira, mahastoi eta alorrak xehekiz, etxeer sü emanez, presonerak beren abereekin gibel ekarriz. Behin beno haborotan Austravaldo dükak ihiztekatü zütüan, bena haien aitzi mendekü güti ardietsi züan.”

Grégoirek ez dio baskoiak bortüez haraintitik jin zirenik, ez eta ordokiaz jabetürik, hura beren jentez beterik, han egon zirenik.

Bortütik behera jaitsiz, naban “razzia” bat eginik, bazter elibat funditürik, beren arrano habialat ützüli zirela hartü zütüen gizon eta kabalekin: hori da Tourseko apezküpüak diona.

Ütürri mehe hortarik Oihenartek eta Jaurgainek itsaso zabal bat asmatü züen, denetara hedatü zena. Nafarroako baskoien ustezko inbasioak bigerren hitz bat hartze dü: ez omen ziren Akitaniaren jentez betatzera mügatü; idazle zonbaiten arabera, hiru Baskongadak ere, baita Errioxa, Gaztela zaharra Burgoserano eta Pirinioak Andorralano ber gisan eüskaldüntü zütüen.

Hori da Hegoaldean, eta bereziki Espainian kurri dabilan ustekeria bat. Nafarrak zonbat ote ziren hainbesteko eremüaren hartzeko, betatzeko, eüskaldüntzeko? Beste ustekeria bat ere badabila mügaz haraintian, osoki beste püntakoa: eüskara Akitaniatik Hegoaldealat berantean joanik lizateke.

Katexima hori egia zientifikotzat saldü berri deikü Euskal Telebistaren leihotik ostoz osto ikusi dügün “feuilleton” batek: eüskara Luchon aldetik hedatü lizateke, han gainti eüskal-erromatar idazkun hanitx beita, eta Eüskal Herrian gisala ez. Saltzale bere erranetan jakintsüak hebenkoak ahazten dütü: Atharratze Maidalenakoa, Hazparnekoa, Nafarroa Garaian Lergakoa… Topet-Etxahunek zioan bezala: “Hüllantxago, merkexago, olo franko Barkoxen…

Dena dela, Oihenarten eta Jaurgainen ustea baztertzen düe oraiko historiazaleek. Novempopulaniaren izen berritzea beste gisaz argitü behar da.

Apentziala Nafarroako baskoien fama handiari esker agitü zen, eüskaldün ezagünenak zirelakoz.

Ber gisan XVI. mentean eüskaldün güziak “Biscayen / Vizcaino” deitü zütüen, bereziki frantses eta espainol idazleek, balinba bizkaitar itsastüriek mündü zabalean hedatü züen omenari esker.

Cervantesek aipü dü “un Vizcaino de Vergara”, hiri hori Gipuzkoan zela bazakikealarik. Bere aldetik Frantses Xabierrekoak dio : “la mia (lengua es la) vizcaina”. Eta de Thou frantses bidajantak idazten dü Joanes Leizarragak Testamentü Berria ützüli züala “en langue biscayenne”.

Auzi hori ümor honean bürützeko, basa etsenplüñi bat: 1944ko agorrilan Xiberoko makiak jaitsi beitziren Arbaila bortütik eta Barkoxe aldeko mendietarik Mauleko eta gero Atharratzeko alemanen aitzi, erranen ote dügü xiberotarrek, Nafarroatik jinik, Xiberoa inbaditü züela, konkistatü, jentestatü, holaz eüskaldüntü? Azken püntü hori phürü egia balitz! Bena noiz arte eüskaldünek beste nonbaitik jin beharko dügü? Noiz arte gure herrian arrotz eta inbadizale izanen gira?

Bestalde jakin dezagün Baskoniak zer lekü ederra düan gure historian, bereziki Iparraldetik, heben bizi beitziren, Aturri bazterrean, Novempopulaniako bürüzagien ondotik, Baskoniako dükak, bi mente eta erdiz Franc erregeer bühürtü zirenak, artetarik haien indar handiagoaren aitzinean erdi plegatüz, sekülan ez osoki etsitüz, ahal bezain sarri berriz oldartüz, beti arrahasiz.

Azkenean, 850 urte altean, agertü eta jeiki ziren Baskoniako printzeak, beren gain jarri zirenak, Xarles Bürüsoilari bürüz, frankoekiko müga Garona ibaian finkatüz. Horiekin eüskaldünen indar nausia Iparraldetik egon zen orano builta batez. Bena XI. mente hastean Hegoaldealat iraganen da gure printze horien askazia zen Antso Handia Nafarroako erregeari esker.

Haatik mila bat urtez Iparraldea eüskaldünen historiako lehen herrokan egonik zen, lehenik Akitania zaharrarekin, laster Novempopulaniarekin, gero Baskoniako dükekin, azkenean Baskonia / Gaskoniako printze subiranoekin.

Baskoniaren izenaz Baskoniaren izenaz

Idazle zuberotarra eta euskaltzain emeritua. Laborantzako irakasle ohia. Enbata eta EHAS-en sortzaileetakoa.

8 pentsamendu “Baskoniaren izenaz”-ri buruz

  • Davant jauna,
    Anhitz esquer bihotz bihotzetic.
    Adeitsuqui

  • Iñaki Azkoaga 2022-11-09 12:09

    Zer poza “Baskonia” izena, horrela idatzita, ikusi dudanean zure artikuluan. Mila esker, Jean Louis

  • Baskonia da Vasconia idazteko molde batuista. Ez berceric. Cer ençun, hura idatzi.
    Seriotic deus ere ez, eguia erran. Hala doacu! Eta joanen çaicu!
    Adeitassunez

  • Iñaki Azkoaga 2022-11-09 14:17

    Josu ala Iesus zara Lavin jauna?
    Batuisten Josu ala Leizarraga handiaren Iesus zara?

  • Iñaki Azkoaga,

    Dioçu:
    “Josu ala Iesus zara Lavin jauna?
    Batuisten Josu ala Leizarraga handiaren Iesus zara?”

    Leiçarragac Iesus idazten çuen. Horixe cen francesez, anglesez eta abarrez idazteco moldea. J representatzen cen I lettraz.

    Ni officialqui Jesús naiz.
    Josu nic neuc ipini neraucon neure buruari duela 39 urthe, Lequeition hassi nincelaric maisu modura.

    josu hitza /hosu/ ahoscaturic Cantabriaco erdaran Hartz da, cein urthe batzuetan erabili bainuen. Ni gaurco Cantabrian jaioa naiz Noja baino 10 km honatago.

    Amarençat eta Basaurico ttipitaco adisquideençat Chuchi /txutxi/ nincen.

    Guzti horiec naiz ni: bakarra.

    Erabil eçaçu Baskonia.
    Aguian nic neuc ere eguinen dut naffarreraz gabe, euskaraz idatz deçadanean.

    Adeitsuqui

  • Paule Ertzilla Imatz 2022-11-09 21:09

    Xiberua ez da handi, bena bere populu tipiak badu bere baliua.

  • Baiki, Paule!
    Xiberotarrac üskaldün pleinak dütüzü!

  • Iñaki Azkoaga 2022-11-10 09:38

    Adeitasuna zeuri, Josu!