Fantasia eta izpiritu kritikoa

Fantasia eta izpiritu kritikoa –

Leire Narbaizak Gipuzkoako Hitzan.Ā 

Fantasia eta izpiritu kritikoaLagun batek aztoratuta idatzi zigun youtuber bati buruz Telegram taldeko txatean. Haren bideo bat ere jarri zigun adibide gisa. Bideoan, teoria zoroak azaltzen dira gizakion jatorriaz. Estralurtarrak eta anfibio handien arteko hibridazio fantastiko baten ondorioa garela kontatzen du. Inongo datu barik, kontakizun xelebre eta fantasioso hutsa jaurtitzen du Youtuben eta Tiktoken, besteak beste.

Bideoa ikusi nuen, eta dibertigarria iruditu zitzaidan, errelato imajinario hori edozein zientzia fikziozko liburu edo filmetan ager zitekeelako. Edo psikotropiko larregiren ondorio ere izan zitekeelako. Eldarnio batek eragindako hipotesia. Horrela izanda, niri ez zitzaidan arriskutsua begitantzen, asmakeria identifikatzeko gai izan nintzelako agian.

Baina lagunak baietz zioskun, perilosa zela, bideogileak 282.000 jarraitzaile dituelako Youtuben, eta bere kanalaz gain, Youtubeko beste kanal batzuetan eta Tiktoken ere aireratzen dabiltzalako egin dizkioten zenbait elkarrizketa.

Flipatu baten zorakeriak ez-sinesgarriak direla niotson, eta imajinazioaren eta fantasiaren arloan kokatzen ditudala horiek, guztiz azientifikoak eta froga gabeak direlako. Horrela ibili ginen tarte baten lagunok. Esan nien badagoela muga lauso bat, baina argia era berean, fikzioaren eta errealitatearen artean, eta printzipioz, gai izan beharko ginatekeela desberdintzeko bata zein bestea. Izan ere, nobela edota film baten horrelako kontu eroak (estralurtarrak, espaziontziak, antzinako misterioakā€¦) gustuko izan genitzakeela, gezurra direla jakinda. Ezin dugu ahaztu publiko zabala dutela horrelakoek. Genero oso bat dira, aldaera asko dituena. Baina badakigu kontatu, entzun ?podcasten furiada bizi dugu? edota irakurtzen gabiltzanak fikzio hutsak direna. Edo hipotesi ezinezkoak. Fantasia, berba baten.

Lagun horren kezka kontuan hartuz gero, beharbada, fikzio eta errealitatearen artean ondo bereizten ere ikasi eta irakatsi beharko litzateke/ligukete/genuke eskolan eta etxean. Erremintak eman ume eta gaztetxoei jasotako inputak zalantzan jartzeko. Ondo pentsatuta, horrek berrorrek maitasun erromantikorako zein pornorako ere balio lezakeela deritzot: bata zein bestea, fantasia.

Horiez gain, uste dut bizitzako arlo askotxotan ere mesede egingo ligukeela, ume zein helduoi, denon ahotan dabiltzan fake news (albiste faltsu) horiek ere detektatzeko. Jakin eta jakinarazi behar dugu telebistan ?edo pantailetan, berdin dio? agertzen den guztia ez dela egia, edo behintzat ez egia osoa. Estrapolazioa eginda, politikari askoren diskurtsoak ere manipulatuak direla aditzera eman. Horregatik pentsatzen dut izpiritu kritikoa sustatu eta indartu behar dela, gaztetxoen artean ez ezik, nagusion artean ere.

Eta hezkuntza indartu, ezinbestean. Egitate zientifikoak hedatu, eta hausnartzeari eta pentsatzeari gustua hartu behar diogu. Eguneroko gurpil zoroari draga jartzen eta moteltzen ere lagunduko digulakoan nago. Ahaztu barik, gainera datorkigu adimen artifizialaren erronkari ganoraz aurre egin ahal izateko ezinbestekoa izango zaigula. Kritikotasun arrazoitua behar dugu. Baita fantasia eta imajinazioa ere.

Hori proposatu digute Durangoko Azokakoek: Fantasia DA. Hala bedi, kritikoki.

 

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude