[#EztabaidaNazionala] Estrategia eta praxi independentistari buruzko alferrikako galderak eta gogoetak

Estrategia eta praxi independentistari buruzko alferrikako galderak eta gogoetak –

Galdera zailak jarri dizkit ZuZeuk: euskal errepublikara eramango gaituen bideak zein izan beharko luke?, nondik jo behar luke estrategia independentistak? Nire lehendabiziko erantzuna “ez dakit” baino ezin da izan. Hasteko, euskal errepublika, euskal estatua edo independentzia bera modu askotara ulertzen diren terminoak direlako.

Estrategia eta praxi independentistari buruzko alferrikako galderak eta gogoetak

Baina, batez ere, estrategia errazegi irudikatzen dugulako, aktore eta eragile anitzetako jokoen gorabeherak aurreikustea sinplea izango balitz bezala, joko arautuak izango balira bezala. Urrun nabil ni geroa lege edo joera itxien arabera etorriko zaigula sinestetik. Kontrakoa ere ez dut sinesten, bihar-etzi gertatuko dena orainak mugatzen du, ez da “edozer” gertatuko. Tarte bat dugu jokatzeko, eta tarte horretan egin daitekeena egin beharra dago, baina horrek ez du geroa nahikara gauzatuko denik bermatzen. Esaldi batean borobildu beharko banu, honakoa izango litzateke, gutxi asko nire jarrera: egin dezagun orain egin dezakeguna, egin ezin dezakeguna geroan egin dezagun. Posibilismo eraldatzailea deituko nioke. Orain posible duzuna egin ezean nola nahi duzu ezinezkoa egin? Baina, jarrera horrek gutxi konpontzen digu, “orain posible duguna” zer den ebatzi beharko genuke, eta “posiblea den guztitik” zer hautatu beharko genuke eraldaketarik eragite aldera? Berriro diot, ez dut uste honetan jakintza ziurrik izan dezakegunik. Nik ez daukat, nik ez dakit.

 

Ez dakigunon ilusioa

Orain gutxi, Twitter Inc. enpresaren sare sozialean bitxikeria batek txunditu ninduen. Irakurriko zenuten, segur aski. @MaialenArteaga kontuak bota zuen txioa: “Badakizu iraultza nola egin, baina ez dakizu etxeko garbigailua jartzen.”

Erantzun parrastadan ikus zitekeen bezala, ez ziren gutxi bere burua ituan ikusi zutenak. Ez txioaren bigarren parteagatik, txioaren aurreneko baieztapen hori, “badakizu iraultza nola egin”, haiei zegokiela pentsatu zutelako baizik. Antza denez, asko dira iraultza nola egin dakitenak.

Bistan da, iraultza berba holakoetan ez doa gustura kapitalista edo faxista adjektiboekin, gure artean iraultza beti da “ezkerrekoa”. Horregatik pentsatu nahi dut iraultza nola egin dakitenak iraultza egiten ibiliko direla, hau da, jakintza hura ez dela soilik teorikoa izango, alegia, praktikara eraman eta praktikan bertan iraultza gauzatzen ari direla. Eta hala izanik ere, pentsatzekoa da iraultza oraindik guztiz egin edo burutu ez bada izan litekeela prozesu bat delako, ezarian garatu beharrekoa, baina finean egin egiten ari dena. Eta halakoa bada, prozesu hori zertan den jakingo dutela zehazki. Estrategia zuzena izateaz gain, helburuak argi eta urratsak ere ondo zehaztuta dituztela.

Eta ondorioz, iraultza nola egin dakienak bi jakintza dituela: iraultza nola egin behar den jakiteaz gain, badaki iraultza zehazki zer den.

Asko sinplifikatu dut, nire ustetan iraultza prozesu ezin konplikatua dela adierazi nahi izan dudalako. Bai, iraultza helburu gisa asko sinplifikatu ohi dugu, utopia lako egoera lauso bat izan daiteke edo, kontrara, aldaketa estruktural pare bat. Izan, iraultza aldaketa orokorra den aldetik erruz konplexuagoa da; eta prozesu gisa ulertzen badugu are eta konplexuagoa. Iraultza ez da eragiketa tekniko bat, ez da eragile trebe batek errez kalkulatu eta egin dezakeena. Iraultza borroka da, aurkako indarrei aurre egin behar dien jendarte aldaketa. Irudi batez, iraultza ez da xake partida bat, xakean zaudela uste duzunean ohartzen zara jokoa beste bat dela, eta jokoan ari zarelako ustetan zabiltzanean jokoa bertan behera geratu dela: ez dago araurik, ez dago legerik.

Baina badaude baldintzak eta badaude joerak. Iraultza ez da borondate subjektibo zenbaiten kontua, horiek beharrezkoak badira ere. Iraultzak krisi sozial larrien orpotik datoz, nora joko duten esku hartzeko prestatu diren indarren arabera izan ohi da. Baina, epe motzeko indar korrelazioen kalkuluetatik at, nekez egin daiteke aurreikuspen ziurrik, ez dago historian jauzi handiak egiterik arriskurik hartu gabe. Are gutxiago, norberaren borondatea, edo arrazoia, baldin bada jausi egiteko oinarri bakarra. Iraultzaren aurkakoen indarrak ez dira hor kanpoan inerte eta gure eraginen aiduru dauden indarrak. “Badakigu –esan lezakete iraultza nola egin dakitenek– baina ezin dugu nahikara egin, ezin dugu sistema buztin biguna izango balitz bezala gogora moldatu”.

Hor dago koska, ostera. Iraultza nola egin jakitea ezin da izan zeru edo hutsarte teoriko batean landu den errezeta. Iraultza nola egin, iraultza faktikoki, eginetan egitea da edo ez da ezer. Iraultza nola egin jakitea ezintasunak gainditzea da, eta hori atzera begira baino ezin da jakin: garaipenetik soilik aitortu daitekeen jakintza.

Bitartean, berriz, iraultza-probak edo saiakerak baino ez. Porrotak, maiz. Geroak ebatziko du estrategiaren zuzena? Behar bada hori da pentsamendu estrategikoaren tranpa, garaipena edo lorpena baitu egiaren unetzat, bertatik juzgatzen ditu eginak eta bizipenak.

Aurreko guztia botata, egia esan, ideia bakarra azaldu nahi izan dut: estrategia garaipenaren pentsamendua da, beharrezkoa baina ez aski praxiaren ikuspuntutik. Praxian lotu behar dira helburuak eta eginak, praxian eginetan gauzatu behar dira xedeen zentzuak. Estrategiaren gakoa, nonbait, praxia eta estrategia, zentzudun jardun praktikoa eta garaipenerako eraginkortasuna artikulatzea da. “Iraultza nola egin” dakiela sentitzen duenari onartuko nioke jakintza hura “praxian iraultzaren zentzua gauzatzen ari dela” sentitzen duela esan nahiko balu, ez bestela.

Utz dezagun iraultza eta iraultza esan dudan tokietan independentzia jar dezagun. Independentziari begira aurreko gogoeta galdera pare batean laburbildu ditzaket: pentsamendu estrategikoak independentzia nola lortu jakiteaz gain, independentzia zehazki zer den jakin beharko luke? (Hala ez balitz, independentzia praxia baterako erabiltzen eta gurtzen dugun fetitxe eta desio-objektu biltzailea baino ez litzateke izango? Txarra al da hori?) Eta bi, ez ote da hutsaren hurrena praktikan zailtzen eta zentzu-emaile bilakatzen ez den jakintza estrategikoa?

Orain, behin behinean, ditudan erantzunak: ez, ez dugu zehazki independentzia zertan den jakin behar, ezta zuzen eta zehazki nola lortu behar den ere, arian-arian, borrokan, behin eta berriro aldatuko dira bi jakintza horiek (badaezpadako jakintzak baino ez dira izango). Eta bai, estrategia praxiaren muina ez bada geroari buruzko burutazio putzen sorta lasaigarria izatera mugatuko da.

Estrategia eta praxi independentistari buruzko alferrikako galderak eta gogoetak

Taktiken garaia?

Jatorriz, estrategiaren ideia kontu beliko politikoa izan da, “gudari-osteen gidaritza”. Gaur egun lorpenerako bide gisa erabiltzen badugu ere, ez du galdu adiera zahar hura. Estrategiak begirada luzea eta zabala behar du. Lehengo gerretan, goi kokapen batetik bataila eremu osoa ikusteko gai ziren jeneralen begirada orokorra dakarkigu gogora. Batailan sartuta dabilen oinezkoak nekez izango du halako ikusmira, ez du perspektibarik hartzeko eta kalkulu globalik egiteko ez lekurik, ez astirik. Gatazka erdian ekin eta ekin behar omen da. Taktiken lekua da, ez estrategiena.

De Certeau filosofo jesuitak bide hartatik bereizi zituen estrategia eta taktika. Estrategia indar-harremanen kalkulua da, halako kalkulua posible izaten da borondate eta botere subjektu batek (enpresa, armada, alderdi, elkarte…batek) bere burua “inguruaren” aurka jartzen duenez gero. Hau da, subjektu horrek (bera ez den) aurkako bat ezarri behar du: etsaia, oztopoa, arazoa… Garaitu edo menderatu behar den bestea. Antza, helburu bakarra du estrategiaren subjektuak: dena izan, dena bere mende, dena bere nahikundearen mendeko objektu izan dadila. Estrategia, beraz, ekintza eremu jakin bat irekitzen duen asmo oro hartzailea da. Dena hartuko bere mende: bezeroa, armada etsaia, ordezkaritza politiko osoa, herriaren zentzu komuna… Estrategiak xake partida osoa ikusten du, eta partidaren ingurua ere bai, taktiketan biziraun behar duenak hurrengo mugimenduak baino ez. Taktikak leku propiorik ez duen kalkulua da, joko eremu propioa antolatzeko gai izan ez dena, autonomia barik beste baten eremuan eta legeen arabera jokatu behar duenaren kalkulua. Ez du ikuspegi edo proiektu globalik, ez du leku propiorik, denborak zabaltzen dizkio arrakaletan, aukeretan, ekin behar du luze zein zabal (begiratu) barik.

Zein nolako egoeratan gaude? Estrategen begiratokian ote gaude armaden mugimendu ordenatuak ikusten? Jeneralen mahaiaren inguruan bildu ote gara mapa gaineko maketak mugitzeko? Edo bataila erdian, lokatzetan eta armen harrabotsean zoraturik gabiltza, begirada lurrari loturik, ezin altxatuta?

Bi erantzun, arin. Ez dira garai onak estrategentzat. Desinformazio ustelaren garaian, gizarte sistema itxuraz lar konplexuetan, ageriko konspirazio eta noraez probokatuetan bizi garen honetan begirada estrategikoak gutxienez aitortu behar du nekez jakin ahal duela nola egiten den eraldaketa sozial orokorrik. Oraingo estrategiek ezin dute epe motz-motza arbuiatu: garaiak azeleratu dira. Jeneralen muinotik anabasa baino ez da ikusten, eta ez dago hura ordenatzerik nahasmendua areagotu barik. Ez dago prozesu linealik garaipenera eramango gaituenik, ez dago aurreikus daitekeen logika dialektikorik ere. Bide bakarra da ziurtasunaren bidea: indarkeria hutsez joko-eremua zure kaxara prestatu. Zuckerberg eta Muskengandik ikasi behar da prospektiba estrategikoa? Agintearen estrategiak, gaur, begirada luzea barik, begiradak makurtzeko ahalmena dirudi, alegia, sentiera eta pentsaera preso hartzeko indarra, ahal dela botere-harremanak ezertan aldatu ez daitezen.

Panorama berean, beste estrategia logika bat hobetsi nahi dut indar eraldatzaileen kasuan. Arestian esan legez, zentzu eta nahiak kutsatzeko lana, helburura heltzeko bide segurua barik, bidean helburua gauzatzeko ariketa. Baliteke une erabakigarria etortzea, zirt ala zart egitekoa, jazoera handia edo halakorik, baina hura noiz etorriko zain egon gabe, praktika arruntak praxi bihurtu behar dugu. Izan ere, bizi kontuetan, estrategia lantzea zentzuak, balioak, esanahiak, nahiak eta desioak praktikan lantzea da (hau dena beste nonbait landu dudanez, auto-plagioa aurreztuko dut non esanda: “Praxia: pragmatismoa eta utopia elkartzen diren tokia”, Jakin 227-228).

Hor datza beste askotan defendatu dudan iritzi bat: independentzia, agian, ez da beharrezkoa, independentismoa ezinbestekoa da, zertara eta euskal herria izan dadin, zertara eta hemen herria izan dadin. Independentziaren xedea, horretara eta horretan ari ginela izan da borroka ziklo oso baten zentzua, ia dena aldatuko lukeen xede posiblearen ilusioak bizi izan gaitu.

Beharbada, hori da galdu dena: ez, hain zuzen, jakintza bat independentzia, gure iraultza, nola egin behar den dioskuna, ilusio bat baizik, praxian independentzia egiten ari garela iradokitzen digun ilusioa. Eta ilusio hori urria bada independentisten artean, deus ez da kutsatu beharko genituzkeen gainerako euskal herritarren artean.

 

Ilusio eta desira askatzaileak

Independentziaren ilusioa, atzo eta gaur, herriaren askatasuna, jendeen emantzipazioari loturik bizi izan dugu gehienok. Eraldaketa politikoa eta soziala, aski zehaztugabea, lainotsua, lausoa. Baina betiere, independentzia herriaren askatasuna zen. Euskal estatua hartarako bide, noski, baina nago independentista guztiek estatua tresna edo baliabide gisa irudikatzen dutela, herriak estatu independente baten bidez bereganatuko luke askatasuna. Esan bezala, hitz lausoetan desio sendoak.

Behar-beharrezkoa ote da estatua askatasun hori lortzeko? Zein askatasun mota? Autonomistek berehala aldarrikatu zuten euskal estatalizazio maila onargarria estatutua zela, EAEn jakina. Euskadi, behinola Euskal Herri burujabearen proiektu politikoa, EAE geltokian geratu zen, helmugara ailegatua zela esan ziguten. Hor gelditu zen eskumako independentismoa (halakorik bazela sinetsiz gero), erdietsitako paradisuaren kudeaketa errentagarrian goxo-goxo. Eta, ez dezagun ahaztu, bidean hegemonia autonomista landu dute eder asko. Bitartean, independentzia eta askatasuna, frankismoaren hondar urteetan sinonimo bihurtzen ari ziren horiek, lokatu eta aldendu ziren gehienentzat.

Horrez gain, askatasuna eta askapenaren balio eta xede sozialak krisi larrian daude. Gaur, askatasuna pribilegio egotiko eta paranoikoen oldarrak ito duen berba baino ez dirudi. Gaur “askatasuna” dioenak “nire zilborraren nagusitasuna” dio, beste edonor eta beste edozeren gain den nerekoitasuna. Horren aurka, parekoen askatasun kolektiboa aldarrikatzera jo behar dugu, elkarbizitza eta norberaren bizi-ahalmenak elkarren babesean eta elkartasun ireki eta abegikorrez antolatzera.

Estrategia eta praxi independentistari buruzko alferrikako galderak eta gogoetak
Egilea: Jahn Henne

Konbentziturik nago XXI mendeko borroka emantzipatzaileen ardatz nagusia “ni-jabea” eta “gu-herria” logiken artekoa izango dela.

Ez da hau borroka kultural huts bat, “ni-jabea” (oraingo kapitalismoaren) egitura materialen subjektibazioa baino ez da, hala biziarazten digute geure burua, “ni-jabearen desira” gure subjektibotasunaren desira nagusia izan dadin. “Gu-herria” da, berriz, kapital eta estatu neototalitario eta pribatizatuen aurrera gauzatu beharko genukeen logika aurkaria: ororen parekotasunaren eta ororen aginte zuzenaren logika. Tamalez, populismo egotiko eta gezurrezko egien garaian errez lerratzen da “gu-herria” “ni-herri-jabea” aldera eta segituan “ni-jabea” logikara. Nork desiratuko du “gu-herria”? Independentismoak molde konkretu bat eman ahal dio borroka-ildo honi? Ez al da hori orain eta hemen duen balio nagusia?

Askatasuna euren pribilegio pribatuak direla uste dutenen aurrean, ororen parekotasunik gabe eta oro aginte-subjektuaren partaide osoa izan barik askatasunik ez dagoela uste badugu, aginte kolektiboak nola sustatu eta nola ireki pentsatu beharko dugu. Hori da, nire ustez, hemen eta gaur, independentismoak aurrera eraman behar duen lana. Hori da maite dudan praxi independentista.

Karga bat ote da hau dena independentismorentzat? Ez al du independentziaren kausak, estatu propioaren kausak, gehiago irabaziko “ni-jabea” aldetik? Ez al da desiragarriagoa gure gizarte honetan euskal ni-jabeen harresidun aterpea sortzearen ideia? Total sortzen utziko diguten estatua ez al da estatu neoliberal bat Europan ondo homologatua? Nik ezin dut praxi independentista irudikatu aginte kolektiboak eraiki gabe, edo Jule Goikoetxeak ondo ezaugarritu duen demokraziaren pribatizazioari aurre egin gabe, edo herria, zentzu politikoenean, garela lau haizetara aldarrikatu eta gauzatu barik.

 

Estrategiaren lehentasunak. Lezio katalana

Praxitik aldenduko naiz, ez larregi, estrategiaren inguruan begi bistan izan dugun proba saio batera jotzeko. Zer ikasi beharko luke estrategia independentistak Kataluniatik? Gutxienik lau osagai behar dituela independentziaren errezetak: hegemonia soziala, estatu-aparatuak, nazioarteko onespena, eta estatu-erdigunean “aldeko” egoera kritikoa. Lauetan ditugu huts eta gabezi lar handiak.

Estrategia eta praxi independentistari buruzko alferrikako galderak eta gogoetak
Arg: Fotomovimiento

Atzekoz aurrera: zein aliatu dugu nazio-estatuen erdigunetan? Agian, estatuaren krisia bera da gure aliatua? Garai batean erruz hitz egiten genuen nazio-estatuen akaberaz, espainiar estatuaren egoera kritikoaz eta bere inplosio hurbilaz. Orain, berriz, haizeek nazio-estatuen indartze autokratiko eta identitaristetara jotzen dute. Nazio estatuen demokrazia defendatu beharko genuke oldar horren aurrean? Hori al da independentisten eginbeharra? Independentziari ateak ireki edo ixten dizkio? Segurua da, berriz, espainiar estatuan estatu “sakonak” ageriko agintea ere eskuratu nahi duela, dena nahi du. Gure bazterretan azaleratze horrek independentismo olatu geldiezina harrotuko duela pentsatzea kalkulu estrategiko arriskutsua da (eta agian inozoegia), praxiaren aldetik, ordea, niri zentzugabekeria iruditzen zait. Galdera nagusia, halere, beste bat begitantzen zait: zergatik geratu ziren bakarrik katalanak? Hori ezin da errepikatu; nazio-estatuak irauli nahi ditugunok batera egin behar dugu lan. Ez al da independentismoa, oro har, nazio-estatu modernoen aurkako borroka transnazionala?

Hirugarrena: nazioartean onartuko lukete euskal estatu bat? Ez dirudi. Kasu katalanean bezala, zera entzungo genuke Europa edo NATOtik: “estatu barruko kontua da, gure kide diren estatuen osotasun (“demokratikoa”, noski) babestuko dugu”. Baina, espainiar edo frantziar estatuek egundoko krisia izango balute ere, eta mendeko nazioen askatasuna onartuko balute ere, zein estatu mota onartuko ligukete munduko mandatariek? Zein estatu dagokigu, gauden gaudenean, mundu ordenaren arabera? Ukrainatik dator erantzuna, hangoen larruan ikasi behar. NATOren baitan gauzkate, estatu liberal burges bat dagokigu. Hori nahi al dugu? Horrek kitzikatzen gaitu nahikoa? Hori al da egin behar den promesa estrategikoa?

Bigarrena: estatu aparatuak prest ez izatea izan zen katalan askok sumatu zuten gabezi eta akats larriena. Zehazki, zein aparatu? Hitz gutxitan, estatu baten metabolismoa ahalbidetzen duten kontrol aparatuak, zerga eta finantziaziotik hasi, kanpo eta barne ordezkaritzekin segi, eta informazioa (oro har, datuak) eta espazio publikoa kontrolatzeko indarretara heldu. Labur esan, autonomia erkidegoei estatu zentralak eskuordetu ez, eta beretzat ondo gordeak dituen kontrol botereak. Aparatu horiek zerotik eraiki behar dira? Daudenak okupatu eta haietan nagusitasuna lortuta, independentziaren alde jarri daitezke?

Ordezkaritza-erakundeen kasuan, erakunde bakoitzaren historia eta legitimotasuna aztertu behar da, estatu-aparatuetan, berriz, zein neurritan diren “gizarte zibila”, zein neurritan izan daitezkeen “herriarenak”. Kasuan-kasuan erabaki beharra dago, helburu jakin batekin: hegemonia eraikitzea.

Lehenengo osagaira heldu gara. Katalunian huraxe omen zen osagai gauzatuena. Gurean, ez. Azken Euskal Soziometroak dio “Euskal Herriaren independentziari dagokionez” %23 alde daudela eta %40 kontra. Aldeko jarrerak ez du 1998tik 30eko langa gainditu; kontrako jarrerak 15 puntutan egin du gora urte horretatik hona, igoera handiena azken urteetan izan da. Hori dena EAEn. Naziometroak, bestelako galderak eginez, bestelako emaitzak dakartza. “Euskal herritarren %40,5 Euskal Estatuaren alde agertzen da eta kontra %29,2”. Oso baldintzapeko galdera da emaitza hori erdietsi duena. Baldintzarik eta onenak independentziaren alde jarrita, berrogei hartara nekez ailegatzen da. Hegemonia arazorik al dugu? Benetan gera gaitezke esaldi borobiletan: “eskubideak ez dira bozkatzen”, “independentzia alde bakarrez aldarrikatu behar da” eta ezpal bereko esaldi motibagarri eder horietan? Uste dut independentismoak gerra ideologiko larria duela aurretik eta gainera, arestian aipatu dudan XXI.eko ardatz horren barnean. Gerra hartarako, Naziometroak gako bat eman digu. Batek daki, beharbada, egileek aldez aurretik erabakita zuten gakoa hor zegoela eta horregatik galdera egokiak egiten saiatu ziren. Horrek ez dio baliorik kentzen: euskal estatua desiragarria egiteko pista ematen digu. Galdera horiek independentzia marko desiragarri batean jarri zuten. Hegemoniaren aldeko borroka narras eta zakarrari ekiten dionak erabaki behar izan duen lehenengoa hor kokatzen dut nik: independentzia jendearen nahi eta desiren moldera egokitzea. Hortaz, galdera egokiak, aukera egokiak, dilema egokiak planteatu behar zaizkio jende masari.

Arestian aipatu dut zentzu komuna. Hegemonia askotan berdintzen da zentzu komunaren konkistarekin eta konkista hori, aspaldi batean, populismoaren estrategiekin. Asko ikasi ahal dugu populismotik, baina dena onargarria ote da praxi independentista eraldatzailearentzat?

 

Populismoaren estrategiaren bide makurra

Hegemonia estrategia gisa eskuma zein ezkerraren ondarea izan da. Nick Srnicek eta Alex Williams azelerazionistek eskuinaren epe luzeko estrategia laudatu dute Etorkizuna asmatu liburuan. Aspaldi antolatu ziren think tankek etorkizuna zehazki aurre ikusi gabe, euren iraultza kontserbadorea nola egin behar zen eztabaidatu barik, zentzu komun berria, arrazionalitate berria, prestatzen aritu omen ziren.  Milton Friedmanen esaldi bat ematen dute eredu gisa: “… oraingo politiken alternatibak garatu, bizirik eta prest eduki harik eta politikoki ezinezkoa dena politikoki ezinbesteko bihurtzen den arte”. Hala izan da benetan neoliberalismoaren gorakada? Hala izan ala ez, azken urteetan izan dute uzta bilketa. Eskuin populismoaren garaian bizi gara, nork duda. Populismoa izan da, finean, iraultza neofaxistaren motorra. Ezkerraren apustua zena, edo izan behar duena, eskuinak ondo baliatu du.

Ezkerreko populismoak ez du funtzionatzen edozein testuingurutan. Balekoa da, estrategia eta praxiaren ikuspegitik, herriaren beharrak herri gisa, herri maila, konponduko direla sentitzen denean. Sentiera eta desira norberarengandik sistema sozial osora zabaltzeko gaitasuna dagoenean. Nekez funtzionatzen du banakakoikeria nagusi denean. Oinarrian jendarteak eta harreman sozialak ulertzeko era dugu: abstrakzioa edo figurazio kolektiboak versus konkrezio hurbilak eta pertsonalak. Aurrenean ezkerraren ohiko pentsamendua errez identifikatzen dugu: kapitalismoa, estatua, patriarkatua… horiek denak sistemak dira, harremanak eraldatu behar dira, egiturak irauli… Eta denon lana da, denok gaudelako sisteman inplikaturik.

Ezkerreko iraultzetan ezin da ikusle hutsa izan, norberak (ere) aldaketaren subjektu eta objektua izan behar du. Eskuinak aski errazago du, “sistema” diotenean agentziadun subjektu erruduna seinalatzen dute. Erruduna, nola ez, “kanpokoa” da, “bestea” da.

Populismoak logika horretan hartu du oinarri eskuarki, kanpotik etorri diren nahastaileak edo besteak dira itua (etorkinak, eliteak, transexualak, eta abar). Pertsona arteko joko sinple eta argia, ez harreman sistema konplexu eta nekez pertsonifikatu, moralizatu, emozionalizatu eta kanporatu ahal direnak. Ez dugu boteredun gaiztorik, ezta pobre gaiztorik ere, ez dugu nori gure gorroto guztiaren sumina jasanarazi. Sistema gaiztoa, gu ere garen sistema, eskaintzen digu ezkerraren ohiko pentsabideak. Hala ere, ezkerreko populismoaren ekarpena bi maila horiek, sistemaren abstrakzioaren eta nahikundedun subjektuen mailak, uztartzea izan da. Eta, uste dut, uztartze hori krisi larrian dugu.

Krisiaren nondikoa labur azaldu dut: desira kolektiboak desegin dira, Eric Sadinek dioen bezala ,“banako tiranoen” garaian bizi gara. Ñabardura berriak baditu ere, ez da oso diagnostiko berria, Tocqueville-ren garaitik lantzean behin errepikatzen dena baizik. Orain berri-berria dena sasi-ahalmen teknologikoa da, “ni-jabea” gauzatzeko teknologiak inoiz baino hedatuagoak ditugu. Zein populismo egin daiteke populuaren ideiaren ordez, multitude atomizatuak nagusi direnean? Zein desira guztiak berekoiak direnean, elkarkoi izan litekeen guztiak “Ni-jabearen” moldera makurtu behar duenean?

Antza denez, masek ez dute gobernurik nahi, ez dute politikarik nahi, soilik zerbitzu onak. Zerbitzuak nahi dituzte. Pandemian ere kexu nagusia bezeroen kexua izan da. Gehien entzun den eskea ez da izan komunitateen antolakuntzaz, ez da izan erabakigune ireki eta orokorrak eraikitzeaz. Norberaren (erosmen) askatasunaz baizik.

B&B edo Bookingen ebaluazio logikak politikarena jan du. Tartean ere, esparru politiko klasikoak masaz husteko ahaleginak gero eta handiagoak dira leku guztietan, eskuineko populismoak “bezero hautatuak” baina ez ditu nahi hautestontzietan eta manifestazioetan. Masa antolatu eta erreboltariak jendartea “demos” gisa irudikatu ahal den eremu orotatik kanpo nahi dituzte. Eta mantso-mantso hustuko ditugu hautestontziak, kaleak, sare publikoak, erakunde politikoak… Prest gaude politikaren ordez, plataformen “teknofeudalismoa” bizitzeko (izenaren egokitasunaz ditudan zalantzak beste baterako utziko ditut).

Zein izango den estrategia independentista panorama horretan estrategia horren xedea herri baten askatasuna denean, herri izan gaitezen denean? Estrategia zentzuduna praxian errotzen edo gauzatzen dena dela iradoki dut, garaipenera bezala praxira zuzendua, epe luze eta motza batzen dituena, alde eta maila askotakoa.

Baina, onar dezadan, estrategiak baino gehiago arduratzen nau praxi independentistak. Nahiko nuke estrategiak ez dezala desitxuratu praxi elkarkoia, demos-zalea, politikagilea eta, hitz batean, “Gu-herria” egunez egun eraiki beharko lukeen praxi independentista.

 

#EztabaidaNazionala

Estrategia eta praxi independentistari buruzko alferrikako galderak eta gogoetak  Estrategia eta praxi independentistari buruzko alferrikako galderak eta gogoetak  Estrategia eta praxi independentistari buruzko alferrikako galderak eta gogoetak  Estrategia eta praxi independentistari buruzko alferrikako galderak eta gogoetak  Estrategia eta praxi independentistari buruzko alferrikako galderak eta gogoetak  Estrategia eta praxi independentistari buruzko alferrikako galderak eta gogoetak  Estrategia eta praxi independentistari buruzko alferrikako galderak eta gogoetak  Estrategia eta praxi independentistari buruzko alferrikako galderak eta gogoetak  Estrategia eta praxi independentistari buruzko alferrikako galderak eta gogoetak

Soziologiako doktorea eta psikologia sozialean espezializatua. EHU