[#EztabaidaNazionala] Errepublika independiente euskalduna, feminista, ekologista eta abar? Bai, baina ez, eskerrik asko!

Errepublika independiente euskalduna –

Unibertsaltasuna

Euskal Herriko ezker nagusian, independentzia eta sozialismoaren aldekoa dena, feminismoaren aldekoa, ekologismoaren aldekoa, arrazakeriaren kontrakoa, faxismoaren kontrakoa eta abar, ikusbide eraldatzaile “zaharkituak” baztertu eta hurbilketa kritiko «berriak» besarkatzen dira, munduko ezker intelektual eta militantean nagusitu direnen parera.

[#EztabaidaNazionala] Errepublika independiente euskalduna, feminista, ekologista eta abar? Bai, baina ez, eskerrik asko!

Ezkerreko populismoa, pentsamendu dekoloniala, teoria intersekzionala… hara hor Euskal Herriko ezker nagusian kokatzen den nire tradizio politiko, kultural eta intelektualean nagusi diren ikusbide eta proposamen eraldatzaileak: desberdintasun ekonomikoen, indarkeria desberdinen eta identitate politiko anikoitzen garrantzia aldarrikatuz errealitate garaikidea ulertzeko jakintza alternatiboak eskaintzen dizkigutenak zapalkuntza desberdinak nola funtzionatzen eta gurutzatzen diren eta nola eragiten diguten aztertzeko; are ezagutza eurozentriko batetik abiatzen den Mendebaldeko jakintza nagusietatik askatzeko, Mendebaldeko jakintzak berarentzako bakarrik erreklamatzen dituen unibertsaltasuna kritikaren erdigune bilakatuz.

Ironia zera da: jakintza hauek guziek emantzipazio unibertsalaren eraikuntzan benetan interesa duten burkideek erabiliko ez balituzte, zentzurik gabeko jarduerak liratekela, ertz iraultzailerik gabeko tresna intelektual ahulak. Niri behintzat zaila egiten baitzait unibertsaltasunaren aurkako ezkerreko proiektu emantzipatzaile baten parte naizenik imajinatzea: batek goserik diraueno ez gara gu asetuko, bat inon loturik deino ez gara libre izango.

Emantzipazioaren azken xedea unibertsala da ala, bestela, ez da ezer. Ez digu balio unibertsaltasuna kritikatzea baztertzailea edo Mendebaldeko partikular baten esklusiboa dela iritzita. Zapalduta dauden diferentzien aldeko borrokak berdintasunaren aldeko borrokak dira.

Unibertsalaren mendebaldeko ohiko nozioa bere partzialtasun partikular dominanteagatik (gizonezkoa, heldua, zuria, burgesa…) kritikatzen dugunean, kritika horren betebeharra ez litzateke partikulartasun alternatibo ugariekin ordezkatzea, mendebaldeko ohiko unibertsaltasun faltsu horren distortsioak ikusaraztea baizik egiazko unibertsaltasun baten bila arakatuz.

 

Komunismoa

[#EztabaidaNazionala] Errepublika independiente euskalduna, feminista, ekologista eta abar? Bai, baina ez, eskerrik asko!Alain Badiou filosofo, matematikari, eleberrigile, antzerkilari, poeta eta militante politikoarentzat egiazko unibertsaltasunaren erregai garrantzitsuenak komunismoaren ideian dirau. Badiouren ekarpen nagusia komunismoaren ideia hipotesi gisa irekita mantendu izana da. Hipotesi komunista irrefutablea baita hipotesi zientifiko gisa. Azken finean, zientziaren jakintza ziurtatuen gidaritzapean hipotesiak berak zabalik mantentzen duen komunismoaren ideia gauzatzeko aukera bera ezin da matematikoki ukatu.

Komunismoa, hortaz, izpiritu zientifikoan elikatzen da eta ez da zaharra, ez da passé. Aitzitik:

Ideial utopiko finkatu bat baino komunismoaren ideia proiekzio bat da, are proiektu bat, ez da egonkorra edo aldez aurretik bermatuta dagoen zerbait. Ideia bera iheskorra, irristakorra eta joankorra den guziaren ainguratze historikoa da, baina dimentsio aleatorio, iheskor, irristakor eta joankorrak onartu egin behar dira.

Ez dago historiari helmugak aurrez ezartzerik. Etorkizuna irekita dago, asmaezina da, ezustekoz betea, aldakuntza nondik etor daitekeenaren errotiko ez-ezaguntasunetik pentsatzera behartzen gaituena. Horrela, politikagintza errealistaren oinarriko printzipio erreal bakarra errealitatea eraldatu daitekela da (are askatasunarekin lotuta dagoen pentsamendu oro aukerekin eta arriskuarekin, baita zortearekin ere, lotuta dagoela).

Dagokigun gaiari hurbilduz, bestalde, Badiouk zera dio: komunismoa argudio politikoetan oso sarri erabiltzen da nahiz  eta izena bera ez agertu. Eta nire mugimendu politikoaren oinarri-oinarriko motibazio politikoa betiere, hau da, historikoki, askatasuna izanda, gaur egungo borroka armatuaren ondoko sekuentzia politikoan, askapen mugimenduak sustatzen jarraitzen dituen politika eraldatzaileen eta komunismoaren printzipio generikoen arteko bateragarritasun edo konpatibilitateaz ez dut zalantza izpirik ere.

 

Zer egin?

Slavoj Zizekek aitortzen duen bezala, Badiouren pentsamendua etorkizunarekiko itxaropenean oinarritzen da. Ideologia garaikide nagusiaren asmoa ez baita berez erresistentzia suntsitzea (hori estatu aparatuen lana da) itxaropena suntsitzea baizik; besteak beste, ganorazko proiektu kritiko eta askatzaile oro halabeharrez Gulag-ean edo bukatzen den bidea dela salatuz.

Independentziaren aldeko gure mugimendu askatzailean asko dakigu horretaz. Garai batean euskal gizartetik aparte edo biziraun zuen ese mundo mamutsu, bortitz eta intolerantea osatzen genuen; gugandik diferentea omen zenaren esklusioan oinarritzen zen proiektu totalitarioa. Orain universo político kategoriara heldu gara, betiere, nola ez, iraganeko gaiztokerietara atxikita nahi bagaituzte ere.

Tartean, baina, gure mugimendu askatzaile berriztatuaren eraginkortasun politiko eta sinbolikoa areagotu egin da gizartean orohar. Eta gure lana da, etorkizunera begira, eraginkortasun hori hedatzen jarraitzea, azken aldiko hainbat kritiken despit.

Azken aldian, izan ere, «elitismo», «profesionalizazio» edo «burokratizazio» moduko  salaketak ugaritu baitira, gure tradizio politiko, kultural eta intelektual kritiko eta erradikalaren perbertsio gisa edo aurkeztuz: errebisionismoa, erreformismoa, ofizialismoa…Akusazio hauek oinarri eskasekoak dira, dagoen erakunde antolamenduaren barruan lan egiteko arrazoien irakurketa okerren ondoriozkoak.

Beharrezkoa da gogoratzea printzipio abstraktu eta ideal handietatik harago, borrokaren errealitatean murgiltze sakona dela, historikoki, gure jarduera politiko orokorra gehien bultzatu duena; belaunaldietan zehar oposiziozko kultura oparoa antolatuz gain, borroka anitzak koordinatze aldera agertoki instituzionalean ere ordezkaritza nabarmena lortuz.

Independentziaren aldeko aldarria bikoiztasun horretan oinarritu da ohiz: borroka kalean eta instituzioetan. Baina independentzia objetiboki posiblea dela jakinda ere, independentzia ez baita amets utopiko inposible bat, ez dago independentzia lortzeko proposamen zehatzak ematerik. Ez-jakin larregi dago etorkizuna irakurtzeko.

Halere, gizartearen baitan halako mundu mamutsu paraleloa antolatzetik eta, orain, ezker pentsamolde ezberdinetako korronteak batzeko espazioa sortze lanetan parte zuzena hartu eta gero, Euskal Herriko gizartearen errealitatea ezker eraldatzailearen ikuspegi propioekin gero eta gehiago blaitzen jarraitzea ezin bestekoa da independentziaren bidean. Gehiengo zabalak eraikitzen jarraitzea, alegia.

 

Impassea  

Baiki, bizi dugun benetako errealitatea ahazterik ez dago. Ezta, ondorioz, bizi gaituen  impassea ere. Badiouk ondo asko laburtzen duen bezala:

Kapitalismo liberala ez da gizateriaren Ongia, nihilismo basati eta suntsitzailearen ibilgailua baizik.

Alta, ez kapitalismoa, edo patriarkatua, ez demokrazia liberala bera, elite ekonomiko eta politikoen mesederako modu korrupto eta pribatizatuetan sostengatzen dena, daude desagertzeko zorian.  Eta baldintzapen zehatz horien pean da, ez gutxi batzuena baizik eta guztion ongizatea bermatze lanetan jarraitzeko inperatiboa nagusitzen dela.

Beren burua ezkerreko gisa definitzen duten mugimenduentzat, are gure kasuan mugimendu nazional eta herritar gisa, menderakuntza neoliberalaren pean eta barnetik egiturazko eraldaketarako aukerez baliatzea zilegi da.

Zilegi ez dena, bizi ditugun baldintzapen konkretuetatik abiatuta ere, independentziaren aldeko aldarrikapenak demokrazia posiblearen esparrua modu unibertsalean ez berdefinitzea da. Borroka da bidea lelotik haratago eta independentzia lortzeko proposamen zehatzak ematerik ez badago, badago estatu berri baten konfigurazio unibertsal posibleaz hausnartzerik. Eta, Badiourentzat demokrazia eta estatu liberalaz guztiz beste egin ezean, txanpoinaren beste aldea zera da:

Demokrazia moderno posiblea inolako predikaturik faktoretzat antzeman gabe nornahi eta edonor kontuan hartzen duena da.

Dagoenaren baldintzapenen pean asmoa estatu garaikide berri bat eratzea bada, ‘estatu demokratiko’ hori guztiz zehazkabea izan beharko da bere identitateen konfigurazioan. Hau da, estatua bera inolako predikatu arrazazko, erlijiozko edo, orokorrean, “kultural”-etan erortzen ez den neurrian izango da baliagarria, inolako identitate-predikaturen intrusiorik gabe.

 

Ondorioak

Badiouren aipamenean azaltzen den arauaren ondorio zuzena zera da: balizko euskal errepublika independientea arau horren salbuespena izateko inolako arrazoi onargarririk ez dago. Euskal errepublikak ezingo du bere burua ‘estatu euskaldun’-tzat aurkeztu, ezta estatu feminista bezala ere, hizkuntza nazionala estatu hizkuntza bihurtuz eta guzti, bihurtu beharko den bezala; edo feminismoa   ertzetatik erdira ekarriz eta guzti, dimentsio praktiko, imajinario eta sinboliko guzietan egin beharko den bezala, eta abar.

Jakina, Europan jada badagoen estatu ereduaren errepikapena izan beharko den heinean, pentsatzekoa da euskal errepublika ez dela egiturazko aldakuntzen ondorio izango eta euskal errepublikak berak ere ez dituela berez egiturazko aldakuntzarik ekarriko. Dena ez dago gure esku.

Halere, gure esku badagoena gure tradizio politiko, kultural eta intelektualaren singulartasuna hasieratik definitu izan duen agindu ardaztzailearekin jarraitzea da: independentzia eta sozialismoa… Horrela, Euskal Herrian eratzea guztiz posible den estatu europearraren bidean ez dago zertan zain egon beharrik.

Bidea gure mugimendu askatzailearen muinean txertatua dagoen komunismoaren ideia unibertsatzailean sakontzen jarraitzea da.

 

Eztabaida Nazionala

Errepublika independiente euskalduna Errepublika independiente euskalduna Errepublika independiente euskalduna Errepublika independiente euskalduna Errepublika independiente euskalduna Errepublika independiente euskalduna Errepublika independiente euskalduna Errepublika independiente euskalduna Errepublika independiente euskalduna Errepublika independiente euskalduna

Edge Hill Universityko Hizkuntza sailean irakasle. International Journal of the Žižek Studies (IJŽS) aldizkariaren editore. Aretxabaleta

23 pentsamendu “[#EztabaidaNazionala] Errepublika independiente euskalduna, feminista, ekologista eta abar? Bai, baina ez, eskerrik asko!”-ri buruz

  • josu naberan 2021-12-20 22:39

    Zeharo ados, lagun

    Gakoa datza “komunismoaren ideia unibertsal” hori eduki zehatzekin gauzatzea.

    Zeren ados egonen bakaituk komunismoaren ideia zehazgabeak ere ez garamatzala inora.

    Zeintzu eduki edo baliabide konkretu ditugu komunismoaren proiektua mamiz betetzeko?

    ZUZENBIDE ERROMATAR/GERMANIKO/KATOLIKO/ARIOAREN aurrez aurre, ZUZENBIDE PIRINIAR/FORU.NAFARRA, horrek guztiak barne hartzen duen dinamika sozio-politiko/kultural/kooperatibo/komunalarekin.

    Beraz, komunismo globala TOKIKOTIK ABIATUTA, orain eta hemen KOMUNALAREN ERREALITATE IRAULTZAILEARI EKINEZ, maila guztietan.

    Hori, gehi horren guztiaren oinarrian datzan gure identitate idiomatiko/kultural/identitario/antropologikoa azaleratuz eta hedatuz, hedatuz, HEDATUZ HAINBAT LEHEN… egun bizi gaituen impasse arriskutsu bezain aukeratsuaz baliatuz.

    Berba baten, begi bat 2030-Agendaren eremuan, eta beste begia gure identitatearen eta esperientzia historikoen altxor ezin aberatsagoan… Aurrera Bolie!!!

  • josu naberan 2021-12-20 23:36

    Eta azkenerako (ahaztuta) utzi dudana, garratzitsuena ene ustez: mugimendu indigeno orokorrarekin bat eginik, geure aztarna indeigenoaren ekarpena ere eginez.

    Izan ere, ene ustez bederen, datorkigunari (2030-Agendari) aurre egin diezaiokeen “bastida” bakarra mugimendu indigeno askatzailea da, bere memoria historikoa ahantzi ez duen sektorea. Eta horren arrimura, jakina, mugimendu feminista (hau ere ARDATZ ERAGILEA), gizonezkoen-ikuspegi ez-patriarkalista dugunok ardatz horien arrimura bultza eginez.
    Eta horrela izanik, gaina hartuko diogu ELITE SEKULA BAINO BOTERETSUAGOARI (neo-kapitalismo reseteatzaile oligarkikoari)

    Alafede, Urçiagatik!!!

  • josu naberan 2021-12-21 12:55

    Ah, Imanol

    Hire hizkuntza-ikuspegiez interesaturik nengoke, horixe baita nire egungo hobbya, Euskeraren Etimologia Hiztegia lantzen bainabil. Ea hiregandik argitasunen bat izan ahal dudan.

  • josu naberan 2021-12-21 20:04

    Baina EZTABAIDA NAZIONALAZ edo EUSKERARI BURUZ artikulu bat aurkezten duzuenean, EZTABAIDATZEKO asmoz izango dunk, ezta?

    Eta EZ, haria bertan behera uzteko, nik uste. Eta hau denei zuzendut doa, ez bakarrik Galfarsorori.

  • Imanol Galfarsoro 2021-12-22 08:52

    Barkatu Josu. Oraintxe bertan enteratu naiz eta! Gerotxoago erantzungo dizut bai eta gauza pare bat borobiltzeko aprobetxatu.

  • imanol galfarsoro 2021-12-22 13:26

    Josu, eskerrik asko zure ekarpenagatik. Zure hausnarketen eta galderen harira Fredrick Jameson pentsalari marxista iparramerikarrak urte pare bat dela edo idatzi zuenarekin hasiko naiz: “[Europako historiak] harrokeria nazional iraunkorren kontua ematen du: izan ere, historia honi gero eta arreta handiagoz begiratzen diogunean, Europa deituriko barneko entitateak lehia nazionalen mikrokosmoa, inbidia kulturala, arrazakeria eta gorroto kolektiboak bihurtzen dira”. Zeinak zer pentsatua ematen duen estatugintza ardatz Europa baita barneko arazo nazionalei konponbidea emateko lekunea. Lekune batere ez utopikoa.
    Estatugintzak ordaindu behar duen prezioa, hain zuzen, utopia ezarena da — independentzia Europako testuinguruan aukera pragmatiko eta guztiz lortugarritzat ulertu beharraren prezioa. Gaur egungo errealitatean, hemen eta orain, XXI. mendeko lehen laurdenean, Euskal Herriko estatua Europa ofizialak osatzen duen amesgaizto neoliberalean gauzatuko beharko da. Euskal Herriko estatuaren muga gaur egungo benetako Europan kokatzen da, eta jakina da Europak, edo Europar Batasunak, zehazkiago, ez du entusiasmo apartekorik eragiten.
    Orduan Europa arazoa eta konponbidela biak ala biak batera izanda, jakinaren gainean egon behar dugu, halaber, estatu berri duinenen arteko duineraren aldeko xede eta egitasmo aurrerakoienak ere mendebaldean eta mundu globalizatuan jada hor dauden ohiko estatu-antolaketa modu murriztzailen nolabaiteko errepetizioa edo imitazioa ekarri beharko duela, hor nonbait, guztiz gure esku ez dauden arau eta baldintza politiko, juridiko eta ekonomiko pean.
    Horregatik zalantzak ditut aurreratzen dituzun hainbat proposamenekin. Zuzenbide erromatar / germaniko / katolikoa zuzenbide pireniar / foru nafarrarekin ordezkatzea zirt edo zartekoa da estatuaren baliatuz amankomunaren eta kolektiboaren eremuak ahalik eta gehien garatzeko, edo inbidia kultural, arrazakeria eta gorroto kolektibo orotik harago naziotasunaren gehiegikeria lehiakorrak baztertzeko? Mugimendu indigeno orokorrarekin bat egiteak gure balizko aztarna indigenoekin zuzenean lotzeko behar du ala borroka zehatz eta justu batzuekiko elkartasunarekin lotuta dago soilik eta bakarrik? Ez nabil euskaldun gisa, niretzat euskaldunak per se ez du osatzen inolako subjektu politikorik eta, aitzitik mugimendu politiko zehatz baten burkide gisa nabil. Zer irabazten dugu politikoki edo zein eraginkortasun sinboliko du Europako tradizio alternatibo, pagano, exoteriko edo dena delakoekin liluratuta egoteak dominakuntza neoliberal orokor baten pean eta barnetik egiturazko aldakuntzarako aukerez eztabaidatzeko — baita dagoena abiapuntu antolakuntza eta kudeaketa modu berriak sortzeko aukerak barne?
    Eta azkenik nire hizkuntza-ikuspegiez hor bai harrapatu nauzula bat behintzat sendoa baitaukat eta da gorroto dudala euskaraz halabeharrez euskarari buruz hitzegiten amaitu behar horrekin. Edonola ere eta txantxak aparte ez, euskararen etimologiaz ez nintzateke ezta iritzi bat ematen ausartuko, ez bada filologoen paradisuan bizi garenez nora joteko arazorik ez duzula izango.
    Eutsi goiari eta bai, aurrera bolie beti.

  • josu naberan 2021-12-22 19:29

    Bai, Europako Elite intelektual akademikoa beti izan dok arrazista.

    Ezin du irentsi, kasu, Gafsako berebereek lehen zeramika-ontzia ekarri zutenik ere. Eta berdin-berdin jarraitzen dik gaur egun ere, iberikoa ezin irentsita, eta ARIO hutsean oinarrituta.

    Zelan izango dituk kapaz, bada, eukeraren errealitatea irensteko!! Hori ezinezkoa dok National Geographic eta horientzat. Horien arabera, “Europaren sorkuntzako hizkuntza jatorrizkoa “indoeuroparra” dok soil-soilik. Honetaz izan diat “agarrada” latz bat haiekin.

    Bestalde, Arrazoia hik, estatugintzaren auzia planteatzerakoan: Europa horixe izanen diagu Kokaera-eremu ezinbestez beharrezkoa.

    Baina EH-Estatua ere (utopikoa izateaz gain), TRESNA litzateke. Tresna horren helburua, barriz, Europa horretatik haratago joanda, herri indegenoen potentzialarekin bat egitea litzateke (haietariko gutxi batzuk Estatu izatetik hurbilago, eta gehienak gu bezala, Estatuen menpe.

    Eta badago Estatu-instituzioekiko bide paraleloa sortzerik ere: Peruko Puno lurraldean ikusi ahal izan genuen nola zekarten HERRIKO ALKATEA gurdi hornatu batean, bere ikur guztiekin hornituta; hura zen “herriko alkatea”; zeren beste bat baitzegoen “alkate instituzionaltzat”.

    Garrantzitsuena dok gure ideosinkrazia baliagarriari eustea, eta ahal den guztian, horretan oinarritzea. Horixe litzateke gure ekarpena.

    Horregatik aipatzen diat Europa Indigenoa eta gure arrastoak (Zuzenbide Piriniarra etab), oraindik bizirik dirauten heinean, baliagarri direlako (Auzoen dinamika hirietan, herri txikiena Periferian….)

    Beraz, INDIGENISMOA ere TRESNA gisara dakusat, egun daukagun erronka handienari (2030-Agendari) aurre egin ahal izateko. Zeren edozein baliabide baita TRESNA, gizateriaren ongizatea eta zoriontasuna lortze bidean.

    Hemen Imanol, filologoen Paraisoa zegok, baina bakoitzak bere imajinazioaren eta imaginariaren arabera funtzionatzen, batere oinarri zientifikorik gabe, hitzen ANTZEKOTASUNA antzirudiz bakoitzak bere maneraz. Baina ez da horrela, ez. Hizkuntzalaritza ZIENTZIA EXAKTOA dok, beste edozein Zientzia bezala.

  • “Hipotesi komunista irrefutablea baita hipotesi zientifiko gisa”
    Hipotesia esperientziarekin kontrastatzea eskatzen duen ustea da.
    Alde batetik, esperientziak dio boterea hartzeko prozesuan iraultzaren eraginkortasuna eztabaidaezina izan dela eta dela.
    Baina komunismorako trantsizio-prozesuan (proletarioen diktaduran) esperientzia ez dela egokia edo zientifikoa izan.
    Non datza gakoa? Nire ustez, giza izaera kontraesankorraren bertan.
    Egia da Marxek pertsonaren izaera alde batera uzten duela historiaren teoria garatzeko, eta kontzeptu berriekin ordezten duela (ekoizpen-indarrak, ekoizpen-harremanak, gainegiturak, ideologiak, azken buruan ekonomiaren determinazioa).
    Baina gizakiaren izaera ere defini daiteke ikuspegi zientifiko batetik: Animalia arrazionala. Orokorrean esango nuke, praktikak baieztatu duela botereak pertsona usteltzen duela, dela kapitalista, dela sozialista.
    Proletargoen diktadurak, bere baitan ez ditu tresna organiko eraginkorrak, kudeaketan modu zuzenean eta arduratsuan parte hartzen dutenik eta goitik behera datozen aginteak kontrolatzeko gai direnik, eta ondorioz degradazio posible baten germenak ditu ezinbestean.
    Gizartearen oinarria pertsona berarengana itzultzea ezinbestekoa iruditzen zait.

  • josu naberan 2021-12-23 13:58

    “GIZA IZAERA KONTRAESANKORRA”

    Halexe dok.

    Eta gainera, giza izaera mugatua. Izan ere, Marxi eta Engelsi ezin eskatu jakitea EZIN ZUTENA JAKIN.
    hAIEK GAKOAN JO ZUTEN, eta aski bedi horrekin.

    Jakina, ENGELSi ezin eskatu jakitea orain dakiguna. Adibidez, Historiaren arabera, lehen kontraesana EZ zela izan lan-ekoizpenaren alienazioa, baizik eta SEXU-EKOIZPENARENA.

    Bestela, bai, norbanakoa helmuga, baina NORBANAKO SOZIALA

  • imanol galfarsoro 2021-12-23 14:17

    Josu,
    Kuriosoa da, Alain Badiouk ere hizkuntzalaritza zientzia exaktotzat ulertzen du, bereziki baina fonetika eta fonologia, ez nago hain ziur etimologiaz edo paleo-hizkuntzalaritzaz eta horrelakoez gauza bera pentsatzen duenik eta zientzia politikoak edo zientzia historikoak etabar direla, hor ideologia asko eta zientzia gutxi ikusten du.

    Arandi,
    Luzatuko naiz zeren bizpahiru gako inportante aurreratzen dituzu. Hipotesiak esperientziarekin kontrastatzea eskatzen du noski eta hori da Badiouren ustea ere baina iruditzen zait komunismoaren ikusbide orokor nahiz oker batekin lerrokatzen zarela zeinaren arabera komunismoa passé da eta gainera komunismo hitzak berak apur bat atzeruntz botatzen gaitu aipatzen dituzun porrot historiko zehatz batzuk gogora ekarriz; hau da: praktikan sistema politiko zapaltzaileak sustatuko zituen iragan gainditu baten desastreak eta katastrofeak gogora dakarzkigulako. Baina hala eta guztiz ere, Badiourentzat:

    “Hipotesi komunista hipotesi zuzena izaten darrai eta nik ez dut besterik ikusten. Hipotesi hori alde batera utzi beharko balitz ez legoke ezer, ekintza kolektiboaren mailan, egitea mereziko lukeenik. Komunismoaren ikuspegirik gabe, Ideia hori gabe, bilakaera historiko eta politikoan ezer ez dago indarreko edo interesekorik. Baina Ideiari edo hipotesiaren existentziara tinko lotzeak ez du esan nahi izan zuen lehen aurkezpen modua dagoen bezala mantendu behar denik. Izan ere, gure gain hartzen dugun betebeharra hipotesiaren modalitate berri baten sorkuntzan laguntzea da”.

    Badiouk berak dion bezala, ondorioz:

    “zientziaren jakintza ziurtatuen gidaritzapean hipotesiak zabalik mantentzen duen komunismoaren ideia gauzatzeko posibilitatea ezin da matematikoki ukatu”.

    Badiouren arabera, etorkizuneko gizateria berri bat eraikitze aldera premiazkoa da, hemen eta orain, komunismoaren ideia bizirik mantentzea eta zeozer egiten badu aipatzen duzun giza izaera kontraesankorraz jabetzea da:

    “Ideial utopiko finkatu bat baino komunismoaren ideia proiekzio bat da, are proiektu bat, ez egonkorra den edo aldez aurretik bermatuta dagoen zerbait. Ideia bera iheskorra, irristakorra eta joankorra den guziaren ainguratze historikoa da baina dimentsio aleatorio, iheskor, irristakor eta joankorrak onartu egin behar dira.”

    Aurredeterminaziorik ez. Lege historikorik ez. Komunismoaren hipotesiak gerora begira adierazten duena mundu ezegonkor bat ulertu eta aldatzeko Ideia ezegonkor baten berrasmatze teoriko eta politikoa da. Zentzu horretan, Alain Badiou moduko pentsalari handiaren mezuaz jabetzeak berak bakarrik merezi duen esfortzua da. Badiouk irtenbide zehatza eskaintzen baitigu errealitate garaikideaz eta historikoaz aritzerakoan sortzen diren kontraesan eta inkonsistentziei aurre egiteko:

    “Komunismoa argudio politikoetan oso sarri erabiltzen da nahiz eta izena bera ez agertu. Orokorrean sekuentzia politiko partikular bat ideia komunistaren printzipioekin bateragarria [konpatiblea] da edo bestela aurka dago, zein kasutan erreakzionarioa baita.”

    Nik diot nire mugimendu politikoaren borroka partikularra giza-emantzipazio unibertsalaren printzipioarekin lotuta egon dela betidenik, eta horregatik ideia komunistarekin bateragarria dela nahiz eta izena bera ez agertu eta nahiz eta orain, eremu intelektualean, paradigma postestrukturalista agortua hegemonikoa izan bere baitan. Eta horregatik saiatzen naiz euskal errepublikaren aldeko borroka hipotesi komunistarekin lotzen. Zentzu batean nahikoa erraza dena, azken finean “independentzia eta sozialismoa” leloak hori bera ematen baitu adieraztera.

    Ideia komunistaren muina, bestalde, bai, zalantzarik gabe, amankomuna eta kolektiboa dena sustatzea da. Baina harritzen nau piskat “gizartearen oinarria pertsona berarengana itzultzea ezinbestekoa iruditzen zaizu”la diozunean, neoliberalismoaren ideologia garaikide nagusian “ni-lehen” urrezko araua jaun ta jabe baita jada. Badiouren arabera, aitzitik, gizabanakoaren subiranotasuna proposatzen zaigunean zera azaltzea besterik ez dago: errealitatean eta benetan gizabanakoa zeozerren burujabea bada bere interes partikularrena da, soilik eta bakarrik; zerbait interesgarria egin bezain pronto, gizabanakoak burujabe izateari uzten dio.

    Pertsona oinarritzat hartuz gizabanakoaren subiranotasunaren ideia, hortaz, eskasa da, gizakiaren bizitzako jarduera interesgarriak baztertzen dituelako. Gizabanakoa sortzaile bihurtzen da burujabe izateari uztea onartzen duenean. Burujabetza bestearen presentziarekin partekatzen denean. Dela zientzialarien engaiamendu burubelarrikoa edo artista apurtzailearena, dela ekintzaile politiko tematiena edo edozein sakrifiziorako prest dauden maitaleena, kasu horietan guztietan, gizatasunaren unibertsaltasuna norbera baino harutzago doan zerbaiten zerbitzura jartzean gauzatzen da. Froga matematiko berri batekin datorren matematikaria, adibidez, beste matematikarien mende dago froga hori egia dela egiaztatzeko eta politika edo artearekin bezala gauza bera gertatzen da maitasunarekin: norberaren burujabetza bestearen presentziarekin partekatzen dela — sortzaile izateko, gizabanakoak burujabe izateari uztea onartu behar dela.

    Maitasuna eta politikaren arteko uztarketa dela eta, bukatzeko, Badiouk gauza sobera interesgarriak esaten ditu. Maitasuna narzisisten artean kontratua ez den bezala, politika ez da nostalgia zaharkituen babeslekua. Maitasuna berrasmatu behar den bezala hala berrasmatu behar da ideia emanzipatzailearen muina. Zeren, hala dio Baiouk:

    “Maitasuna eta politika konpromiso sozialaren bi figura nagusiak dira. Politika kolektibo batekin entusiasmoa da; maitasuna bi pertsonen artekoa. Maitasuna, beraz, komunismoaren forma minimoa da. “

    Eskerrik asko runskinagatik eta barkatu erantzunaren luzaeragatik baina zure hausnarketaren harira bazegoen zer esan. Eutsi goiari!

  • josu naberan 2021-12-23 15:26

    “Komunismoaren muina, amankomuna eta kolektiboa da”
    idea horrekin gelditzen naiz.

    Eta Horixe berbera dok INDIGENISMOAREN MUINA.

    Bai Eta euskeraren (euskal pentsamenduaren) muina:

    HI // NI alderaketa: “HI barik ez nauk NI”

    UH // GU (“UH” espazioa, ingurua); beraz, UH barik, ez gaituk GU

    Ingurune bagerik, ez gaituk ezer (iberieraz, DARUN, ingurunea; DA-ren (dagoenaren ingurua)

    Euskerak berak zeukak FILOSOFIA, gaur egungo filosofoen aurretikoek aspaldi sortutakoa.

    Eta adi, KOMUNISMOA BAI, baina EZ KOMUNISMO EUROZENTRIKOA.

  • imanol galfarsoro 2021-12-23 17:03

    Josu,
    Badiou ez letorke bat zurengan somatzen dudan komunismo primitiboaren aldarrikapenarekin, marxismo klasikoan Engels eta Luxemburgo modukuek ere besarkatu zutena, besteak beste. Badiouren arabera, aldiz:

    “Primitibismo beldurgarri eta obskurantista bat egon da “komunismo primitibo” kontzeptu faltsua egon den bitartean. Ikusbide honek gogorarazi nahi digu nola hamarka milaka urte eman ditugun dena partekatzen ehiztari-biltzaile komunistak gisa, diru, klase, edo estaturik gabe, hamarka milaka urte patriarkaturik gabe eta ama-lurrarekin harreman zuzen eta ez-artifizialetan, teknologien bitartekaritzarik gabe
    … Gaur egun ezaguna da gizarte arkaiko eta lagungarri horiekiko kultoa, non, ezer artifizialik gabe, haurtxoak, emakumeak, gizonak eta adinekoak senidetasunez bizi izan ziren, saguak, igelak eta hartzekin batera. Hori guzia propaganda barregarria eta atzerakoia da, dakigunak gizarte
    horiek indarkeriaz beteta zeudela iradokitzen baitu, zeren bizirik irautearen helburu bakarrarekin beti baitzeuden behar ahultzaileen menpe.”

    Eurozentrismoaren kontrako jarrera dela eta pozik egon beharko zinateke, gure mugimendu politikoaren ildo intelektual nagusian hori baita posizio onartua, teoria postestruturalista eta dekolonialatik tiraka,

    Bitxia da baina independentzia eta euskal errepublikaren bidean ideia komunista zientziazaletik abiatuta, agian pragmatikoagoak izateko deia luzatzen dudala, azken finean, demokrazia eta estatua inbentzio europear/mendebalarrak dira eta.

    Meloi hori ireki beharko da noizbait, bai. Independentzia proposamen errealista gisa mantendu nahi badugu, diot.

  • “Baina harritzen nau piskat “gizartearen oinarria pertsona berarengana itzultzea ezinbestekoa iruditzen zaizu”la diozunean, neoliberalismoaren ideologia garaikide nagusian “ni-lehen” urrezko araua jaun ta jabe baita jada.”
    Horri deitzen zaio zatia osotasunarekin nahastea. Pertsona izaki duala, indibiduala eta soziala da. Horietakoren bat alde batera uztea ez da batere zientifikoa. Beraz, ez da argudio baliozkoa gizartearen oinarri gisa ezabatzeko.
    Nola konpondu kontraesan hori? Modu antagonikoan ala osagarrian egin daiteke:
    Bere izate indibiduala ezabatu nahi badugu, pertsonak masifikaziora joko du. Bere izate soziala ezabatzen badugu, pertsona ez da errotuko. Baina bi alderdiak egoki konbinatzen baditugu, izate orekatua izango da.
    Ni kultura tradizional batetik nator, non balio nagusiak bi izan diren: etxearen autonomia eta bizilagunen arteko lankidetza. Ez da printzipio unibertsaletan oinarritutako kultura izan, goitik behera eramandakoak, baizik eta buru-zehatz baten emaitza, eguneroko arazoen ebazpenean oinarritua eta behetik gora garatu dena. Auzolana horren adibidea da.
    Kultura unibertsalen eragina konstante bat izan da gure herrian. Indibidualismoak balio komunitarioak ahuldu dizkigu, eta sozialismoak autonomia pertsonala eta ekimena.
    Horregatik guztiagatik, uste dut funtsezkoa dela eztabaidatzea:
    – Gizartearen oinarria non kokatu
    – Eta gizakiaren izaera duala nola garatu.

  • Imanol Galfarsoro 2021-12-23 22:09

    Arandi,
    Zientifikoa ala ez, berdin esan nezake zure erantzunaz, zatia (gizabanako / kolektibotasuna auzia ) osotasunatik (hipotesi / ideia komunista) kanpo
    aztertzen duzula, zeinak bere inportantzia duen zeren bertan azaltzen da komunismoari buruzko zure aurresuposizioak iraganari lotuta daudela Badiou ideia komunista berritzen saiatzen bada ere, eta nahikoa arrakastarekin munduan zehar..
    Edozein moduan, oraintxe bertan ezin dut baina etorriko naiz berriro indibidualtasunaren gaira zuk aipatzen dituzunak interes handikoak zaizkit eta.

    Bitartean, eta espero dut hau gatz pittin batekin hartuko duzula, honera ekarri gaituen gaia estatugintza da eta onartuko duzu artikuluan azpimarratzen dudan bezala estatu hori denontzat izan beharko dela, hala zure modukoentzat giro tradizionaletik datozenak nola bertako pakistandar edo txinatarrentzat, esate arren. Horrela, sokatiraz gain cricket eta ping-pong euskal taldeak izateko aukera gehiago egongo da nazioarteko kirol agertokietan. Ulertzen duzu zer esan nahi dudan ezta.

    Laister erantzungo dizut. Eskerrik asko.

  • josu naberan 2021-12-24 00:08

    “Ideia komunista zientziazalea”

    MITOAZ eta bere SINBOLISMOAZ uztartzen ez den ZIENTZIA porrotera doa… edo hori da behintzat nire desira, munstro bat sor dezan baino lehen.

    Eta indigena zarrapaztozoen aurrean makurtzen (MAKURTZEN) ez den Zuri Mendebaldarra EZ DA DUIN, EZ KAPAZ, komunista iraultzaile izateko.

    Beste kontu bat: biolentzia primitiboaren mitoa:
    Hortxe agertu dok “LOIZUKO GIZAKIA”, Erro ibarrean, duela 11.700 urtean bizi zena Baztanen (portzierto, NEANDERTALAREN erritoen arabera eta leku ustez iristezinean utzia, baltsamatua… inpaktu baten kariaz hilakoa.

    Badait ziur “orduko biolentzia primitiboa ele-mele ihardungo dutela (oraintxe berton “inpaktu” nahikotxo ez bailitzan!

    Eta badakit “neandertalaren hileta-erritoez” ez dutela txintik aipatuko. Badaezpadan ere….

  • Interesgarria aipatu duzun Maitasuna eta politikaren arteko uztarketa:
    Narzisisten artean argi dago norbanakotasuna nagusitzen dela.
    Beste aldetik bi pertsonen artekoa maitasuna komunismoaren forma minimoa baita, harreman horrek supostzen du norbanakotasuna bikotearen mende dagoela.
    Eta nire aldetik, gurea aldarrikatuz, bikotea ulertzeko “auzolan” modu bat dagoela esango nuke. Konpromiso komun bat garatu, norbanakotasuna errespetatuz.
    Bi aukera ez, hiru baizik. Beraz hor daude.

    “estatu hori denontzat izan beharko dela, hala zure modukoentzat giro tradizionaletik datozenak nola bertako pakistandar edo txinatarrentzat, esate arren”
    Migratzaileen etorrerari aurre egin behar zaio. Baina auzolanetik ere egin daiteke. Zati handi batek, baliabiderik gabe iristen da, laguntza behar dute aurrera egiteko. Baina guztion onerako konpromisoaren ikuspegitik, gizartearengandik jasotzen duenak zorretan dago berarekin. Eta korrespondentzian, nolabait (gizarte-lanak) eman beharko luke, jasotzen duenaren proportzioan. Elkartasunak bi norabide ditu: Hartu-emanak.

    Migratzaileak ere izaki dualak, indibidualak eta sozialak dira. Ez dute zertan konponbide unibertsalen artean soilik aukeratu. Gure kultura tradizionalean oinarritutako eredu komunitarioa ere hor dago.
    Beraz, hiru aukera.

  • 1.Aspaldiko partez, EPKtik kanpoz (LKI eta EMK beren burua komunistatzat zuten bi alderdiek desagertu zirenetik bederen) badira erakunde berriak “antolakunde komunistak” eraikitzen ari direnak, zeinak pentsatzekoa denez helburu estrategikoak eta programatikoak ez ezik, antolamendu motak ere kontuan dituztenak.
    Egitasmo horren inguruan aipatzekoa Rosa Luxenburgok Leninekin eztabaidan, zioena: “Kontuz! Alderdiak ez dezan ordezkatu langileria, komite zentralak partidua eta idazkari nagusiak komite zentrala”. Zoritxarrez, eztabaida hartan arriskutzat ikusten zena gauzatu egin zen. Eta horrek eskola sortu zuen.

    2.Komunismoa kapitalismoa ordezka dezaken alternatiba bilaka dadin, ezinbestekotzat jotzen dut ekologismoa, feminismoa, antikolonialismoa, eta zenbait egitasmo emantzipatzaile bere baitan txertatzea. Egungo mundua ez baita Marx eta Leninen garaikoa.
    Nola gauzatu alternatiba hori? Kapitalismoaren kritikatik komunismoaren baieztapenari jauzi eginez; hori litzateke modurik egokiena, Marxek berak egin zuen bezala.

    3. Manifestuak kontzebitzen duen moduan, komunismoa da “elkartze bat non bakoitzaren garapen librea den guztien garapen librearen kondizioa”. Ez da nahasi behar konformismo publizitarioren menpeko indibidualitaterik gabeko indibidualismo baten mirariekin, ezta ere kuarteleko sozialismoaren berdin zalekeria trauskilarekin. Manifestuan azaltzen den bezala, Komunismoa mugimendu baten izena da, etengabe ezarritako ordena gainditzen eta abolitzen duena. Parisko Komunak ilustratzen du legitimitate berri horren agerpena. Esperientzia horrek inspiratu egin ditu krisi iraultzaileetan agertu diren auto-organizazio eta autogestio herrikoien formak: langile kontseiluak, sobietak, milizia-komiteak, lerro industrialak, auzo elkarteak, nekazal komunak… politika desprofesionalizatzera, lanaren banaketa soziala aldatzera, Estatua gorputz burokratiko separatua den aldetik desager dadin baldintzak sortzera zuzendutako esperientziak.

    4.Arazoak arazo, nik uste merezi duela Komunista izaten jarraitzea, nahiz eta jakin, egungo egoera ez iraultzailean, biharko esperantzan, komunistok borroka desberdinetan eta (komunistak ez diren) ezkerreko talde desberdinetan, komunismoaren kimu berriak landatzera mugatuta gaudela.

  • “Egungo mundua ez baita Marx eta Leninen garaikoa”. Baina historiari buruz egiten den interpretazioak oinarri berean jarraitzen du, ekonomia pertsonaren ordez, gizartearen oinarrizko osagai gisa. Txinpantzeen arteko harremanen azterketa batean, bere izaera propioa oinarritzat hartzen ez ba da, zientifikotzat har daiteke? Nire ustez ez, eta berdin gertatzen da gizartea aztertezko orduan.

    Nik ulertzen dut giza-izaera idealista batetik urruntzeko nahia, baina beste izaera berriarekin ordeztu beharrean giza-izaera desagarrarazi egiten da historiaren interpretazioan. Eta hori, zientifiko eta orokorra izateko asmoa duen teoría batentzat ez da onargarria

    Gizakiaren izaera, duala eta kontraesankorra, ezin da desagarrarazi, hor jarraitzen du eta nolabaiteko erantzuna eman behar zaio. Horrek ez du esan nahi kanpo-faktoreak (sozialak eta materialak) kontuan hartu behar ez direnik, pertsonarengan eragin zuzena duten faktoreak baitira.

    Gaur egungo marko diskurtsiboa monopolizatuta dago: indibidualtasuna-kolektibismoa, publikoa-pribatua. Gizartearen oinarriaren buruzko eztabaida bere tokia berreskuratu beharko luke, bai herrigintzan bai estatugintzan ere.

  • josu naberan 2021-12-28 22:56

    XX. mendetik hona jaulki den egitate berri garrantzitsuenetariko bat, nire ustez indar indigenoaren loratze eta lehertze nabaria da. Munduan ez dago horren pareko potentzialitatea duen indarrik. Uste dut 2030-Agendari aurre egin diezaiokeen bastida dela, Emakumeen ahalduntzearekin batera. Bi mugimendu horien arrimura lerratu behar diagula uste diat.

  • josu naberan 2021-12-29 13:15

    Eztabaida Foro hau klausuratu baino lehen… nire gogoeta:

    KOMUNISMO-EURO nahiz INTERNAZIONAlak POT EGIN DU ORAINGOAN, eta ez dakit berbideratzeko aukerarik ere izango dogun. Seguruenik EZ, nik barruntatzen dadanez.

    “Ilun-umeak Argi-umeak baino txit azkarragoak dituk” (Ese Jesus, Ebangelioetan)

    Bada, hemengo “komunista titulatu” nahiz “ohorezkok” ez dute usaindu ere egin ZER DAUKAGUN eta ZER DATORKIGUN.

    Daukaguna argi zegok, autokrazia eta autoritarismo global eta ankerra, non Elite Txit Boteretsu batek gizateria osoaren agintea hartu du duen, eta kanpaina maltzur baten bidez bere bertsio bakarra eta dogma inokulatu Planetario orori.

    Gaixotasun bat dela-eta, bihotz gabeko maniobra batez baliatuta, bere bertsio bakarra ezartzeaz gain (Hedabide Salduenen lan mertzenarioari esker) eta bere poltsikoak betetzeaz gain, ziria sartu digu, eta AZKEN ERREMATEA COVID PASAPORTEA dok.

    Hori ere “gure osasunagatik”. Bost axola haiei gure osasunak. Gure hondamendia nahi ditek, euren AGENDA-2030 basatiaren bidez.
    Eta,(ausaz?), manibra abil hau zuzendu duen Elitea eta Agenda-2030 darabilena jentutza berbera duk, denak debraziatuta (OMSetik Bill Gateseraino)

    Horrela, disimuluan, euren PASAPORTE MUNDIALA inposatuz, gizadiaren ERABATEKO KONTROL DIGITALA EZARRIKO DUTE, orain arte ezagutu ez dugun zibilizazio mota berri bat, zeinen EREDUA TXINA den. Hori jada abian zegok, eta zoritxarrez, egungo TEKNOLOGIA SOFISTIKATUARI esker, EZ daukala atzera bueltarik dakusat, jende ororen garuna (eta memoria historikoa), askatasunaren beraren memoria historikoa galarazi baitigute.

    TROIAKO ZALDIA sartu digute, eta bazekiagu (Homerori ezker) hura zelan amaitu zen. Gure arbasoek (Ilioneko euskaldunak) den-dena galdu zuten.

    Beraz, gure KOMUNISMOA ZIMURTUTA GELDITU DA.
    “Zer egin”, zioen Leninek–“Antolau!”, erantzuten zuen beti.

    Bai, goazen lekorat, eta aurki ditzagun zimendu berriak. Gure hemengo diskizizio eta ele-meleak hautsaren edo hutsaren hurregoak dituk (banako/ez-banako… baleuka eta balitz)

    Neugatik, Peru edo Ekuadorreko “WACHUMERA” tribura joko nuke zuzenean, zeren haiek bederen ez baitute galdu beren amona-aitonen memoria historikoa.
    Baina COVID-PASAPORTERIK ez dudanez, gure auzoko tabernara ere ezin sartu.
    Aió, komunista jatorrok.

  • imanol galfarsoro 2022-02-07 21:17

    Josu,
    gaur berriz sartu naiz honera eta iruzkin gehiago daudela ohartu. Komunismoaz etabar nahi beste hitzegitn jarraitzeko ni beti prest baina covid eta pasaportea dela eta, hor bai ez dudala nahasmenik onartzen inolako errebelde desorientauen partetik eta Badiouk gutxi dela esandakoarekin hitzez hitz bat nator:

    “Pandemiari buruzko Estatuko aginduen xehetasun materialen aurkako protestek egungo desorientazioaren adibidea dira. Hemen txerto-kanpainari buruz ari naiz eta lotuta dagoen dokumentuarekin, txertoa hartu duzula edo, gutxienez, oso duela gutxira arte kutsatuta ez zaudela egiaztatzen duena eta egoera kolektibo askotan beharrezkoa dena, leku publiko askotan ezinbestekoa, trenetatik antzokietara, estadioetatik saltokietaraino, gaurko gure ekitaldian barne.

    Izan ere, dokumentu honi, dakizuenez, “txertoaren ziurtagiria” deitzen zaio eta desorientazio politikoaren fenomeno tipiko berri bat azalarazi du: eskuin muturretik ultraezkerrera mobilizatu duen koalizio nahas-mahas oso batena “nire askatasunak, nire askatasunak” aldarrikatzen, batzuk txertoaren beldurrak bultzatuta, beste batzuk gustukoen duten kafetegira joateko paper berezi baten beharra atsegin ez zaielako.

    Jemen gure artean, baina, txertoen beldurra ilunkeria zaharrunoa da, Erdi Aroko sorgin baten erara txertoak gu beste norbait bihurtuko gaituelaloan edo. Covid 19arekin kutsatuta bazaude eta kutsakorra bazara leku publiko batera joatea debekatua izana sen edo zentzu komun hutsa da. Ezin dugu gizarte batean bizi, arrazoizko modu gutxienekoan ere, baldin eta normaltzat jotzen badugu, baita askatasun eskagarri baten izenean, heriotza-arriskua dakarren kutsadura hedatzeko erdigune bihurtzea.
    […]
    Desorientazioa, bada, agerikoa da, eta oinarrizko arrazoizko printzipioen ezjakintasunarekin lotuta dago:
    – Lehenengoa, Descartesek formulatua, da egiazko askatasuna ez datzala inolaz ere nahi dena egitean, denontzat eraginkorra eta justua dena erakusteko gure gaitasunean baizik.
    – Bigarrena, greziar pentsalariek aspaldi formulatua, da benetako ongia ez dela inoiz norbanakoarena, besteen existentzia kontuan hartzen duena baizik.

    Horren harira, Gobernuak txertoen inguruan hartutako erabakien aurka egindako manifestazioek, ekintza neurritsu eta sendoen mozorropean, indibidualismoa noraino hedatzen ari den erakusten dute, bereziki zientziarekiko eta, oro har, arrazoitasunarekiko nolabaiteko mespretxuaz lagunduta, nire ustez desorientazio oso arriskutsua dena epe luzera. Manifestazio hauetan Txaleko Horieko beterano zaharrak, ultraezkerreko ipurterreak, eskuin muturreko hainbat bazterretako ekintzaileak eta pertsonaren askatasuna defendatzera etorritako indibidualitateak borroka ilunetan nahastu izanarekin gauza bakarra ikusten dut: defendatzeko eta hedatzeko egiaren puntu [elkartzaile] baten faltan, elkarretaratze mota nahas-mahas hauek alde guztietako politikaren egungo nahasmena areagotu besterik ez dute egiten.”

  • imanol galfarsoro 2022-02-07 21:33

    Arandi,
    Hasi nintzen erantzuten eta enredatu nintzen. Gaur honera sartu naiz eta aprobetzatzen dut. Luzea da eta ohartuko zara bi ertz nagusi arakatzen ditudala, norbanakoaren gaia inportantea da eta. Beraz, berandu baina tira>

    Norbanakoa

    Gizarte liberalaren balioak egoera kontraesankor batean harrapatuta daude. Liberalismoak askatasuna, berdintasuna, aurrerapena, unibertsaltasuna eta abar balioesten ditu. Baina balio horiek batez ere norbanakoaren mailan baloratzen ditu, maila formalean (lege-eskubideak) eta praktikoan (merkatu librearen espazioan) banatuz.
    Horrela, makinabat borondate oneko liberalen nahia askatasun unibertsala eta berdintasuna baldin bada ere, itsu daude ekoizpen-modu kapitalistak balio horiei ezartzen dizkien mugen aurrean. Kapitalismoak irabaziak ekoiztea baitu helburu lan-indarraren ustiapenaren bidez, desberdintasunaren etengabeko erreproduzioa eskatzen duena. Liberalismoak aldarrikatzen duen berdintasunaren eta askatasunaren nahia, beraz, kontraesanean dago kapitalismoak halabeharrez sustatzen duen langile klase esplotatuaren berdintasun ezarekin eta askatasun ezarekin.
    Erantzuna, baina, ez da berez liberalismoaren kontra egitea erakustea baizik liberalismoak ezin dituela hain erdiko zaikion askatasunaren eta berdintasunaren aldarrikapenak bete. Eta galdera, ondorioz, da ea askatasunaren eta berdintasunaren balio liberalak sozializatu daitezkeen interes publikoari lehentasuna emanez interes pribatu eta norbanakoei eman beharrean. Sozialismoaren aldeko argudio bat behintzat zera izan behar baita, alegia publikoaren onura lehenesteak norbanakoaren askatasunaren onerako dela, hain justu.
    Alta, galdera zail eta konplexuagoa zera da, ea, hain zuzen, kolektiboki emantzipazio unibertsala desira dugun ala nahiago zaigun norbanako autonomo eta aske gisa gure sintomarekin gozatzen jarraitzea. Zein kasutan, norbanakoaren eta kolektiboaren arteko harreman zein dialektika paradoxalaren beste neurri sobera zalantzakor batez aritzeko aukera ematen baitzaigu, norbanakoaren sorrera eta sozializazioaren teoria psikoanalitikoaren erreferentziari eutsiz.
    Ilustrazioaren filosofiarekin giza-kontratu edo kontratu sozialaren beharraz jabetzen gara. Giza-kontratuak zera zehazten du: alde batetik norbanakoa dago eta beste aldetik komunitatea dago, edo kolektiboa. Ondorioa, beraz, zera da: norbanakoa komunitatean onartua izateak eta parte hartzeak aukera indartu edo behartuaren egitura du; eta arazoa edo paradoxa zera da, alegia, bere komunitatean parte hartu ala ez askatasunez aukeratzen duen norbanakoa ez dela existitzen norbanako bezala aukera hori egin aurretik; hau da: norbanakoa aukera hori burutuz eratzen da norbanako gisa. Edo bestela esanda: norbanakoak bere komunitatea libreki onartzea (kontratu soziala) aukera paradoxala da, izan ere, norbanakoak aukera zuzena burutzen duen neurrian baitu, soilik eta bakarrik, aukeratzeko askatasuna gordetzen.
    Zeren kontrara, norbanakoak komunitate edo kolektibitatearen bestea aukeratzen badu, hau da, norbanako gisa komunitaterik gabeko askatasun edo autonomia indibidual errotikoa aukeratzen badu, zer eta, kolektibitatetik isolamendua libreki aukeratuz, hain zuzen ere, psikosia baita aukeratzen duena.
    Hona hemen, beraz, oinarriko ironia: askatasuna, izan ere, alienazio bilakatzen dela. Norbanakoaren askatasun absolutuak giza-oinarriari eta giza-loturari ezezkoa ematen baitio — edozein konpromiso edo giza-kontratu dela komunitatearekin, erlijioarekin, nazioarekin, leinuarekin, familiarekin edo dena delakoarekin askatasuna konprometitzen du.
    Eta, zentzu honetan, Jacques Lacanen ondorengo adierazpena zeharo ulergarria da: “eroa da giza aske bakarra”. Norberaren eta komunitatearen arteko loturari aurre egiteko momentuan, eroak aukera bera serioski hartzen du eta giza-kontratuaren kontra egiten. Zoroa aukera indartuaren tranpan erori ez den norbanako zinez librea da.
    Joku sinbolikorik ez, beraz, liberal arretatsu zein makinabat ezkertiar bigunek beren imaginario politikoen erdian ezartzen duten norbanakoaren subiranotasunarena ideia arriskutsua da maila pertsonalean erotasunaren askatasun absolutoa adierazten duelako; eta, batez ere, eskasa da gizarteako benetako errealitate kolektiboaren mailan. Eta hemen, Alain Badiou behar den beste errepikatzea ez da sekula nahikoa izango:

    norbanakoa zer edo zeren burujabea bada bere interes partikularrena da soilik; zerbait interesgarria egin bezain pronto, norbanakoak burujabe izateari uzten dio: Norbanakoaren subiranotasunaren ideiak gizakiaren bizitzako jarduera interesgarrienak baztertzen baititu. Norbanakoa sortzaile bihurtzen da burujabe izateari uztea onartzen duenean, burujabetza bestearen presentziarekin partekatzen duenean.

  • imanol galfarsoro 2022-02-07 21:39

    Bikila,
    Barkatu, oraintxe bertan konturatu naiz zure aspaldiko irunskinaz eta. Eskerrik asko, Bat nator orohar baina pare bat iruzkin edo eransteko aprobetxatuko dut laister.,