Ezkerreko abertzaleak bat egiteko atarian daude

Amaiur koalizioarekin egindako hauteskunde apustua EAEn errepikatuko den jakingo dugu laster. Aralarrek datorren astean erabakiko du A20an egindakoa berrestu ala ez. Hauteskundeetatik haratago, etorkizunera begirako estrategia bateratua lortzeko ildoak marrazten hasiak dira.

  • 2009ko martxoaren 1: D3M -legez kanpo-, Aralar, EA eta Ezker Batua-Berdeak aurkeztu dira Autonomia Erkidegoko hauteskundeetan. 75 eserlekutik, 6 lortu dituzte.
  • 2012ko otsaila: Oraindik legezko alderdirik ez duen Ezker Abertzalea, Aralar, Alternatiba eta Eusko Alkartasuna elkarrekin aurkezteko atarian daude. Udal, Aldundi eta Espainiako hauteskundeetako emaitzak ikusita, koalizioak hauteskundeak irabazteko aukerak ditu.

Hiru urte eskas igaro dira, baina mundua aldatu da euskal politikagintzan. Ez da dena aldatu, ez, baina, ate joka luzaroan dabilen aro berriari ateak irekiko zaizkio parez pare. Horren erakusle argi eta garbienak EAEko hauteskundeak izango dira; berandu jota urte bete baino lehen.

Ulertzera kondenatuak

Euskal politikangintzaren laugarren hanka sendotzen ari da, inork espero ez zuen abiaduran. Hiru alderdik dagoeneko bat egin dute gerora begirako itunean: Euskal Herria Ezkerretik. Bitartean, Abertzaleen Batasuna, eta, batik bat Aralar, epe luzerako lan bateratuaren ildoan sartzear daude.

  • Aralarrek ekainean ez zuen Bildun parte hartu. Azaroan Amaiur koalizioan sartu zen iraganeko alderdikideekin batera. Anoetako mitinean ikustarazi zen berradiskidetzea.

Martxoaren 3an Aralarrek Batzar Nagusia egingo du militantziari zera proposatuz: akordio estrategikoa eta hauteskundeetarako akordioa Amaiur osatu duten alderdiekin, baita Abertzaleen Batasunarekin ere. Aralarreko militanteen %76ak Amaiur koalizioan sartzearen alde egin zuen, irailean.

Hauteskunde hitzarmena baino konplexuagoa izango da Aralarrek eta ABk EA, Ezker Abertzalea eta Alternatibarekin itun estrategikoa sinatzea. Halere, haizea bateratzearen alde dabil, eta, batez ere, haizeak zatiketaren kontra egiten du putz. Testuingurua guztiz berria da. Lehen ez bezala, traba gehienak etxetik kanpo daude orain, ez barnean.

Jarrera berriak, emaitza berriak

Eduki estrategikoaren teorizatze eta gauzatze bide luze horretan mugarri izango dira, zalantza izpirik gabe, EAEko hauteskundeak. Alderdi abertzale guztiek gehiengo zabala irudika dezakete legebiltzarrean, Nafarroan oraindik urrun dagoena. Inoiz lortu ez dena ikus daiteke Gasteizen: bi indar abertzaleak konsituzionalisten aurretik.

  • Espainiako hauteskundeetako emaitzak hartuta, 40 eserleku lituzkete abertzaleek, 20na banatuta EAJ eta abertzale ezkertiarren artean.

Gertatzekotan, eta hauteskunde joerak horretan dira, inoiz ikusi gabeko panorama irekiko du egoera horrek. Ezberdina izango da derrigorrean. PSE-PP gobernu itun itxiaren akabera izango da. Faltsutu gabeko legebiltzarra osatuko da, ez da gutxi. Gatazkaren konponbidearen mahaian gero eta arazo gutxiago izango dira eta ahotsak argi entzungo dira, distortsiorik gabe.  Hortik aurrera, alderdien arteko lehia gero eta parametro osasuntsuagoetan burutzeko egoera sortu behar litzateke. Liskar politikoek proiektu politikoez hitz egingo dute gero eta gehiago; ostera, gutxiago izango dira jarrera baztertzaileak eta muturrekoak. Beste erremediorik ez dago. Inoiz ez bezala, lau indar politiko elkar ulertzera kondenatuta daude.

Bideak garbiago

Aurreko parrafoetan aurreikusitakoa beteta ere, ezin jakin non izango garen 5 urte barru. Garai nahasiak datorkizgu gainera. Hamaika barne eta kanpo faktoreen pean jolastuko dute partida euskal herritarrek. Joko arauak ere ez daude argi, atzo ezinezko zirudiena bihar gauzatu daiteke (Eskoziako erreferenduma, Europaren noraeza, ekonomia krisia, deslokalizazioak, Espainiako autonomia sistemaren eztabaida…). Zorionez, Euskal Herriko gatazkaren konponbidean, sastraka gutxiago dago bideetan, bai batzuentzat eta bai besteentzat. Eta, ziur ziur, hori guztion osasunerako izango dela oso oso ona.


 

abertzaleak, hauteskundeak, koalizioa, politika

10 pentsamendu “Ezkerreko abertzaleak bat egiteko atarian daude”-ri buruz

  • Beharrizanak mirariak egin ditzake, bistan da. Baina hausnarketa sakon bat egiten ez bada, eta inoiz egin ez den autritika bidenabar, ustezko etorkizun handiko elkartasun hori epe laburrekoa izango da. Zorrak kitatu artekoa, alegia.
    Iratzarrik Aralar utzi izana esandakoaren seinale ozena da.

  • Uste dut Freudek seinalatu zuela egiten ditugun lapsusek ezkutatzen dutena. Zure iruzkinaren kasuan, Burusko, ez dakit seguru “autritika” hitza lapsusa izan den, edo neologismo onartua. Dena den, hitz polita. “Autre”, “auto” eta “kritika” hitzekin egindako joko zukutsua.

  • Trikitixa aipatzea falta zaik soilik.

  • Iratzarrik Aralar utzi izan abertzaletasunarentzat kolpe izugarria da, dudarik gabe. Gure herriaren historia bi zatitan banatuko da: Iratzarriren erabakiaren aurrekoa eta ondorengoa. Bai, dudarik gabe erakunde potente honek Aralar uztea ezker abertzalearen egitasmo guztiak bertan behera utziarazako ditu. Orain ez gara konturatzen, eta Iratzarri zakurraren putzak baino gutxiago inporta duela usteko duzue, baina historiak emango dio bere benetako garrantzia gertaera honi. Berlingo Harresiaren erorketaren ondoren, Europan gertatu den lurrikara politikoa handiena dela esango nuke, eta motz geratuko naiz seguru asko. Bigarren Mundu Gerraren parekoa, hortxe hortxe ibiliko da. Tabernetan, kaleetan, besterik ez dago jendearen ahotan. Eta bihar, fabriketan, ez dut pentsatu ere egin nahi ze eztabaida beroak piztuko diren Iratzarriren erabakiaz. Benetan, momentu historikoak bizitzen ari gara. Ya lo creo.

  • Anton, nik gehiago esango nuke, baina ez dut esango. Gertaera historikoetan historikoena, Danboreneak “Demokrazia Sozialista” alderdia fundatu zuen egunaren parekoa soilik…

  • NATOko eta ONUko buruzagiak bilduta omen daude, Iratzarriren erabakiaren aurrean zer egin erabakitzeko. Hamaikabateko liderrak ere bai. Ez da giro. Nik uste herriz herri eta auzoz auzo batzarrak egin beharko liratekeela, Iratzarrik eragindako lurrikara politikoaz eztabaidatzeko.

  • Amonamantangorri 2012-02-27 13:42

    Momentu latza izan da, arruntean. Egunen batean, gure bilobei kontatu beharko diegu Iratzarri masa-organizazio ahaltsuak Aralar nola utzi zuen.

  • Barkatu, gaizki ulertze bat egon da. Iratzarri nire herriko (Legazpi) etxekoandre taldea zela uste nuen. Hortik nire larrialdia. Baina ez, nonbait beste erakunde bat zegoen. Ideiari ere ez neukan.

  • Beñat Muguruza 2012-02-28 11:03

    Jajaja! Gustatu zait Antonen lehenengo mezua, tonoa etabar, baina ondorengoek nekatu egin naute. “Lo poco agrada, y lo mucho…”

    Dena den, azken 30 sarreren artean iruzkinduena izateko, nolabaiteko kezka sortzen du albiste honek, ez? Are gehiago kontuan hartuta sarrerako testuak berez ez duela Iratzarri aipatu ere egiten…Agian pixka-pixka bat axola dio jende bati.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude