Ezkerra VS Ezkerra?
Ezkerrak argi dauka gaur indarrean dagoen sistema injustua dela, boteretsuek boteretsuentzat egina, eta ulergaitza begitantzen zaio putzu sakon honetara eraman gaituzten berberek agintean jarraitzea, bai gobernuetan zein administrazio kontseiluetan. Alderdi Popularra, adibidez, Europako handi-mandien laguntzaz eta aginduz, hainbeste borrokaldi eta gatazka sozialen ondorioz lortutako eskubide sozial guztiekin bukatzen ari da. Schettino galiziarrari untziaren lema eman ziotenetako asko eta asko damutzen hasi dira patrika ukitu dietenean, eta krisi garaian eskuinak hobeto gobernatzen zuela zioen kopla dagoeneko ez du inork kantatzen. Aste honetan bertan, esate baterako, ikusteke dago beste diru sarrerarik ez duten eta 400 euroko laguntza(????) jasotzen duten langabeekin zer gertatuko den.
Eraso hauen aurrean zer edo zer egin beharraz asko hitz egiten da ezkerraren baitan, eta hausnarketa sakonak egiten dira koordinatu beharreko estrategiez, hartu beharreko erabakiez eta burutu beharreko ekintzez. Argi dago ezinbestekoa dela egoerari neurria hartzea eta tamainako erantzuna ematea, baina hara non, norbaitek, dela norbanako batek edo talde antolatu batek, teoria praktikara eramateko ausardia erakusten duen bakoitzean, bere burua “progresismoaren” baitan kokatzen duen sektore politiko zein mediatikoarengandik kritikak jasotzen ditu nagusiki, berriki Marinaledako alkatearekin gertatu den bezala. Bi argudio erabiltzen dira normalean, kasu honetan hitzez hitz errepikatu direnak: alde batetik bortxazko ekintzak kalterako direla eta arerio politikoak erraz manipulatu ditzakeela, eta bestetik, nola ez, demagogikoak direla, ez dutelako arazoa errotik konpontzen. Horrelako argudioak etengabe errepikatzen dituztenei bi galdera egingo nieke: ba al dago gizartearen zati handi bat langabeziara, pobreziara, are gehiago, miseria gorrira kondenatzea baino bortxazko ekintza handiagorik? Zergatik behartsuenen alde hartzen diren neurriak demagogikoak dira, are populistak, eta gehiengoaren aurka eta betiko putasemeen mesedetan hartzen direnak erantzukizun heroiko baten adierazle?
Marinaledako alkateak bazekien bere ekintzarekin ez zuela eskualde horretako gosearekin bukatuko, baina lortu zuen behintzat egoera penagarri hori bistaratzea, ikusi nahi ez eta ezkutatzen saiatzen ari denari begien aurrean jartzea krisia bere krudeltasun guztiarekin, eta hori bada zerbait. Burutu zuen ekintza sinbolikoa, eta hitzak badu bere garrantzia, lapurreta den edo ez eztabaidatzea, Bankia, Noos Institutoa, Gurtel etab dituen herrialde batean, hori bai dela demagogikoa, zinikoa, eta dena esate aldera, nazkagarri samarra.
Bitartean, ekintza gogor kritikatu duen PSOE bezalako alderdi batek egoera honen aurrean proposatzen diguna, esate baterako, Twitteren #salvemos400euros kanpaina abian jartzea bada, harrapazank txiribiton! Egia esan, normala da krisi honen aurrean hain erantzun epelak proposatzea, kontutan hartzen badugu egoera honen konplize, eta are gehiago, laguntzaile izan dela urte hauetan guztietan, eta putzura garamatzan sisteman errotuta daudela.
Beraz, beren burua konplexu barik ezkertiartzat duten alderdi eta mugimendu sozialek hausnartzen hasi beharko dute, gauden egoeran egonda, “progesismoa” bidelagun duten, edo aitzitik, arerio.
Ezkerra VS Ezkerra?