Ezker Abertzalearen proiektu politiko berriaren adierazpeneko esaldirik adierazgarrienak

Ezker Abertzalearen proiektu politiko berriaren adierazpeneko esaldirik adierazgarrienak –

  • “Euskal Herria aurrera doa, XXI. mende honetan, energia berrituekin bere etorkizunaren jabe onartua izan dadin borrokatu duten hainbat belaunaldiren ahalegin eta gogoak jasoz. Herri honen erresistentzia eta iraunkortasunerako gaitasunak porrotera eraman ditu bere nortasun politiko, kultural eta soziala asimilatzeko estrategiak, eta iraganean erroturiko bere historia eta nazio gisako errealitateari buruzko ekarpena egiten jarraitu nahi du nazioarteko komunitatearen aurrean.”
  • “Herrien burujabetza ondare unibertsalari begira kultur mailako ekarpena egiteko borroka justua izateaz gain, bada, gainera, demokrazia politikoa, ekonomikoa eta kulturalaren mesedetan egiten den borroka ere, emakume eta gizonezkoei euren eremuetan elkartasun eta zuzentasunezko baloreak lantzea posible egiten diena.”
  • “Zentzu honetan, Euskal Herria, lehenengo Estatutzat Nafarroako Erreinuaren erreferentzia historikoa kontuan hartuta, herri bat da, nazio bat, subjektu politiko bat, 1976an Argelen onartu zen Herrien Eskubideen Adierazpen Unibertsalean xedatutako eskubide demokratikoak dagozkiona. Eskubide hauek erabaki behar dute, hipoteka eta mugarik gabe, herri honen barne nahiz kanpo harremanen eredu politikoa, libre eta demokratikoki. Estatu espainiar eta Estatu frantziarrak etengabe ukatzen duten oinarrizko helburu demokratiko honek markatzen du gure herriaren historia, borroka, sufrimendu eta ezegonkortasunerako arrazoi bilakatu delarik.”
  • “Murgildurik gauden agertoki berri honetan, zeina inposizio eta ukapenaren fase politikoa betikotzeko xedez batzuk ekidin nahi duten, ezkerrekoa eta abertzalea den herriak proiektu politiko eta antolakunde berri baten beharra duela pentsatzen dugu, egungo errealitate eta baldintzetatik abiatuta, etorkizunean independentzia eta sozialismoa erdiesteko konpromisoa izango duen tresna gisa proiektatuko dena. Erreferentzia estrategiko hauekin, indar subirano eta aurrerakoien artean premiazkoa den indar metaketaren alde proposamen taktikoak sustatuko dituen proiektu politiko bat bultzatuko dugu, eragile sozial eta instituzionalen indar harremana aldatzeko gaitasun eta ilusioz eta markaturiko helburuei jarraikiz urratsez urrats eragiteko asmoz.”
  • “Independentzia baita Euskal Herriaren garapen osoa ziurtatzeko modu bakarra. Gure esku dauden tresna guztiak behar ditugu arlo guztietan inongo mugarik gabe garatu ahal izateko. Eta hau, gaur egun, soilik herritarren beharrei erantzungo dien Estatu bat osatuz lor daiteke, gure burujabetzatik berdintasunezko harremanak eraikiz beste estatu, herri eta nazioekin.”
  • “Barne estruktura eta funtzionamendu demokratikoa izango du, aukera berdintasunean oinarrituta kide guztien parte hartzea garatuko duten arauen bitartez, borondate kolektiboa osatzen aldera; eztabaida eta erabakitzeko barne egituren burujabetza ziurtatuko da, beti ere interferentzietatik eta inongo menpekotasun edo baldintzatzetik libre, hausnarketan eta bere lerro politikoa zehazteko orduan autonomia osoarekin arituko delarik. Hauek guztiak eskakizun banaezinak dira aldaketa politiko eta sozialerako protagonista bakar gisa jendartea eta bere parte diren emakume eta gizonak kokatu nahi dituen proiektu politiko honetan.”
  • “Bide baketsu eta demokratikoetatik soilik garatuko den jarduera. Soilik oinarri demokratikoen errespetutik bil daitezke gehiengo instituzional eta sozialak. Gehiengo hauek izan behar luketelako prozesu politikoa eskubide kolektibo eta norbanakoenak zinez errespetatuko diren agertokirantz aurreratzea ahalbideratuko dutenak, beti ere gure helburu independentista eta sozialista jomugan hartuta. Horregatik, proiektu politiko eta antolakunde berri honek soilik bide politiko eta demokratikoekiko erakutsi behar duen konpromisoa tinkoa eta zalantzarik gabea izan behar du eta ez du egon behar egoeraren araberako faktoreen edo aldagai taktikoen menpe; eta, beraz, helburu politikoen lorpenerako indarkeriaren erabilpena edo erabilpenaren mehatxua errefusatu behar du.”
  • “Honek berekin dakar egintza politikorako tresna diren mobilizazio eta atxikimendu herritarra, desobedientzia zibila, borroka ideologikoa eta parte hartze politiko-instituzionalaren erabilpen soilaren aldeko konpromisoa. Argi geratzen da beraz, defenditzen dugun proiektu politiko eta antolakunde berri honen estrategia independentista eta sozialistaren baitan ez dagoela indarkeriazko mehatxuarentzat inongo tarterik.”

Adierazpena osorik irakurgarri dago Ezker Abertzalearen web orrian.

Ezker Abertzaleak gaur aurkeztutako proiektu politiko berria.

Irudia | Ezker Abertzaleak gaur aurkeztutako proiektu politiko berria. | Ezker Abertzalea | LGPL
Ezker Abertzalearen proiektu politiko berriaren adierazpeneko esaldirik adierazgarrienak

ZuZeuko erredakzioko kazetariak eta editoreak gara.