Ezinaren mina iraganerako gera dadila
Konturatu orduko joan zaigu bizitza. Denborak martimuiloa bailitzan zanpatzen gaitu bidean eta izurtutako ahur latz eta atzamarretako erkain irekietan, bizkarreko ubelduretan zein ikusezin zaizkigun beste zirrikituetan uzten dizkigu bizipen bakoitzaren lezioen markak. Denbora ez ei da gelditzen, denborak ez ei du itxaroten edo barkatzen, baina denborak dena osatzen ei du. Ez dakit, bada. Itxi gabeko zaurien zama baino bizi osorako bidaide ankerragorik nekez topatzen dut nire inguruan. Horiek dira okerrenak, itxi ez eta faltsuan itxi nahi izanagatik zornatzen doazen zauriak. Euskal Herrian bizi dugun gatazka politikotik at, lapurtutako haurren afera aipa nezakeen, baina nahiago dut oso hurbiletik bizitzen ditudan Hondarribia eta Irungo Alardeen inguruan jardun.
Iragan aste bukaeran Irungo Alarde ez baztertzaileko Landetxa Konpainiako kideek agerraldia egin zuten urtero bezala aurten ere pairatu behar izan dituzten eraso eta oldartzeak salatzeko. Irun eta Hondarribiko kale nagusietara hurbiltzen den edozeinek begien aurrean topatuko duenaren kontakizun sinplea egin zuten. Diario Vasco egunkariaren atari digitalean honi buruz jarri zuten albistean komentario asko ikusi nituen, oso gogorrak. Bakan batzuk ziren iraindutakoen aldekoak. Ia denak, iraingarriak. Horietako bakar batean ere ez zen ageri erabilitako biolentziaren aurkako mezurik. Kontrakoa, ukazio eta indarkeria gehiago baino ez: “asmatutako gertakariak”, “norberak bilatutakoa”, “batasunoak”, “mixtoa ikustera doazenak dira tradizionala ikusteko bazterrean zain daudenen ipurdiak ukitzera eta liskar bila doazen adurtiak”… Bakar batek ere ez zuen onartu indarkeriarik egon zitekeenik, eta hala izatekotan arbuiatzekoa zenik. Hori bai, errespetuaz, demokraziaz eta abarrez betetzen zituzten ahoak denek. Harri-kartoizkoak ote hauen errespetua, demokrazia eta enparauak?
Astelehen honetan etorri da alarde matxistaren erantzuna “Emakume Irundarrak”-en eskutik. Oso bestelako kontakizuna egin dute. Kontrakoa. Berriz ere, eurak dira biktimak. Aipatu hedabide berbereko albistearen komentarioetan hooligan andana bildu zen berriz eroso zitzaien kontakizuna txalotzeko, arestian aipatu irain eta bestelakoak errepikatzeko, Mikel Peruarenak Berria egunkarian azaldutako Lapidazioa praktikatzeko…
Eta niri, kezka bizi batek erretzen dit bihotza.
Nire alabatxoa, Lur, iazko ekainaren 29an sortu zen. San Pedro eguneko ospakizunei kasu egin gabe ekarri genuen mundura. Irundarra da Lur. Apenas hitz egiten duen arren, euskalduna ere bada. Emakumea ere bai. Eta maila handi batean, etorkina, ama irundarra izan arren, honen gurasoak Lazkao eta Oreretakoak baitira. Ni, aldiz, lekeitiarra. Eta hori, “betiko alardea” deritzonaren jarraitzaileen ikuspegitik “jaia ulertzen ez duen kanpotarra” izatea da.
Lur ez da “Emakume Irundarra”. Izatekotan ere, minuskulaz da. Alarde xenofoboaren aldeko fundamentalistak bagina bere ama eta biok, guztiok izango ginateke Julian Iantzi lesakarra bezain ITV (de Irún de Toda la Vida), baina ez gara. Lurren ama, gainera, Alarde ez baztertzaileko Artilleria Konpainian atera zen kantinera, eta horrek bizi osorako utziko dio Lurri marka, ez bada etxean emango diogun ereduaren kontra publikoki eta oldarkor agertzen, noski.
Aurtengo San Martzial egunean eraman dugu etxeko txikia lehen aldiz (iaz ospitalean ginen) guztiontzat den Alardea ikustera, baina ez gara kale nagusira joan. Ez dugu beldurrik, eta badugu aldi berean. Urte batzuk atzera bere ama zaldi gainean kale nagusitik dirdirka jaisten ari zenean bizi genituenak ez ditugu umearekin bizi nahi: “itsutu zaldiak kameren flasharekin, erotu egiten dira-eta!”, “ea erortzen den puta hori, eskura banu botila…”, “puta zerriak, zoazte zuen manifarekin zuen herrira, ez zarete ongi etorriak!”, “hau nazka, ea erori eta hiltzen den!”…
Guzti hau egunez egun beren izena prostituitzen duen Ertzaintzaren begien aurrean. Eta kontuz probokazioei erantzutearekin, espaloiko intoleranteen indarkeriari Estatuaren indarkeria legitimoa batuko baitzaio, irrika miserablez.
Ez du ulertzeko moduan hitz egiten Lurtxok, eta ukatu diote bere herriko jaietan parte hartzeko aukera, eta plazera. Ukatu diote herritartasuna. Kamustu diote zoriontsu izateko eskubidea, gozatu eta gozaraztekoa. Eta kondenatu dute “entorno” maltzurrera, beldurra pasatzera, ulertzen ez dituen galderen erantzunak bilatzen saiatzera, onartuko ez zaion indarkeria estruktural baten espresio bortitz hau pairatzera.
Noiz arte lagako dugu gaizkoatzen zauri madarikatu hau? Noiz izango dute emakumeen eskubideen zapalketan eragile eta erantzule diren Irun eta Hondarribiko alkate jaunek zauriak ixten saiatzeko lehen urrats bat emateko adorea?
Taupaka diren zauriek, zahar izan arren, egunero ematen dute mina eta ez dira inoiz iraganera pasatzen. Hondarribia eta Irungo emakumeen ezinaren mina, behingoz, iraganerako gera dadila.