Ezin publizitaterik egin euskaraz
Ezin publizitaterik egin euskaraz
Zer gertatzen zaio Twitterri euskararekin?
Jakina da tresnak badakiela euskaraz, milaka euskal erabiltzaile izateaz gain, Twitter berak ezarpenetan hizkuntza legez euskara ezartzeko aukera ematen baitu. Baina azken aldian, Twitterren iragarkiak euskaraz paratu gura izan dutenek arazoak izan ei dituzte.
Sarean publizitatea egin nahi zuen @kaixomaitia-k, baina Twitter-ek atzera bota dio, euskaraz izateagatik, eta espainolez egiteko eskatu.
— Xabier Mendiguren (@xme64) February 20, 2016
Txio honi eta Kaixomaitiak eman zion erantzunari esker jakin genuen auziaren berri; “harremanetan darraigu eurekin. Ea lortzen dugun irtenbideren bat”.
Kontuari susmo txarra hartu genion arren, bere horretan utzi genuen. Gaur arte.
.
Euskarazko publizitatea atzera bota dute
Gaur, Martxoak 8, puntu.EUS elkarteak Emakumeen Egunerako prestatu duen eskaintzaren publizitatea egin nahi izan ei du Twitterren; euskaraz ezin ordea.
Lorea Arakistainek bere webgunean azaldu du gertatua, “Internetek badu generoa eta hizkuntza” izeneko sarreran:
«(…) Baina, halako batean, konturatu gara Internetek generoa ez ezik hizkuntza ere baduela. Honako iragarki hau jarri nahi izan dugu Twitterren:
Eta, Twitterrek atzera bota digu:
Currently, small business advertisers who are located in our open countries are eligible for Twitter Ads. Advertisers must have a valid billing address in one of the open countries, and be Tweeting in Afrikaans, Bahasa, English, Spanish, French, Italian, Dutch, German, Hebrew, Japanese, Finnish, Norwegian, Portuguese, Swedish and Danish.
Ez da Twitterren euskarazko iragarki bat jartzen dudan lehen aldia. Bada atzera botatzen didan lehena. Ea, baden azkena.
Urtebete da PuntuEUS eta Twitterren arteko lankidetza bideak ireki zirela. Orain, inoiz baino gehiago, berriz ere atea jo eta lanean jarraitzeko unea da. Internet izan dadin euskararena eta emakumeona».
.
Erantzun posible bat
AZK Branding enpresako Xabi Igoak zuzendu gaitu Juan Luis Azkarateren “Sare Sozialetan publizitatea eta euskara:non-matching language” artikulura. Bertan ematen da erantzun posibleetako bat:
«Twitter: Houston, we have a problem
Sare sozial honetan buruhauste galantak izan ditugu, euskara dela-eta, nahiz eta beti saiatu izan diren arazoak konpontzen.
Behin baino gehiagotan geldiarazi egin dizkigute kanpainak euskaraz zeudelako. Twitterrera jo genuen azalpen baten bila, eta Bartzelonako teknikari batek [2015eko] maiatzean esan zigun Twitterrek ez zituela euskarazko txioak identifikatzen (euskararena ez da kasu bakarra) eta horregatik, mezuen esanahia ulertu ezean, automatikoki geldiarazten zituela. Hala ere, lanean ari zirela hutsune hau konpontzeko, nahiz eta berak ez jakin noizko. Bitartean, kanpaina bat geldiarazten ziguten bakoitzean abisatzeko, eta berak ipiniko zuela berriro martxan. Bere hitza bete zuen».
Beste esparru bat, non gure hizkuntzak normalizatu beharra duen. Izan dadila lehen bait lehen.
Ezin publizitaterik egin euskaraz
Ba bai, hala da. Guri ere atzera bota ziguten publizitatea eta orduz gero 2 kontakturekin hitzegin dugu informazio gehiago lortu eta zer egin aztertzeko (bata euskalduna Alex Gibelalde bestea Katalana)
Oraingoz itxoitea tokatzen zaigu.
Iñigo Arandia
Kaixomaitia.eus
Guk kontaktu katalan bat geneukan txoriaren etxean, eta pare bat aldiz betoa altxatu zigun, euskarazko kanpaina abiaraziz. Duela gutxi jakin dut teknikari horrek dagoeneko ez duela Twitterren lanik egiten.
Azken kanpainak gaztelaniaz burutu ditugu, buruhausteak ekite aldera. Espero dezagun laster Twitterrek gauzak erraztea.
Nik dakidala Codesyntax eta PuntuEus fundazioa Twitterrekin ari ziren lanean honek euskara detektatu ahal izateko. Agian bertan lan egiten duen norbaitek esan ahal digu nola doan gauza…