Ezin gara gelditu
Ezin gara gelditu –
Katalunian gertatutakoaz jabetuz, Espainiar Gobernua eta Ezker Abertzalearen inguruan garatutako hainbat mugimendu sozial, kultural nahiz politikoaren arteko konfrontazioak agintzen duena da, erne egotea, gaurko PSOE ez baita batere fidagarria.
Diskurtso “ofizialak” behin eta berriro agertu arren modu interesatu bezain totalitarioan, Zuzenbideko Estatuaren defentsaren baitan “dena balekoa dela”, Kataluniako –“Procés”aren zentzugabekerian gertatu bezala- sistema demokratikoaren sinesgarritasuna kolokan jartzen duen tesi baten aurrean murgiltzen ditu legelariak.
Errealitate benetan larria bistaratzen duen horrek, ez liguke itsu utzi behar Espainiako Auzitegi Nazionalean jokoan dagoen aferari dagokionez, hau da; Botere Judizialak Zuzenbidezko Estatuaren eskema barruan duen estatus instituzionala, eta auzipetuen eskubide konstituzionalen azalekoa ez ezik, funtsezko errespetua.
Arazoa ez da berria, eta iritzi publikoaren aurrean instituzioen sinesgarritasunari mesede handirik egiten ez dieten sasi-epaiketari esker, Botere Judizialari legezkotasuna kendu zaio, beste hainbat boterearen morroi bezala agertuz. Naiz prentsa organikoak, aho batez txalotu, Kataluniako Procés aren aurka Manuel Marchena jaunak zuzendutako epaiketa, laster fakultatetan ikertuko dela azpimarratuz.
Mariano Rajoy jaunaren gobernuaren garaitik, eta haren sustatzaile izandako Jose Maria Aznar jaunaren ibilbide errepresiboa jarraitu besterik ez dute egiten, eta bereziki euskal presoei dagozkien eskubideak urratzen ditu. “Beraien” demokrazia kudeatzen dute. Beraz lasai esan daiteke, Moncloatik demokraziari ematen zaizkion ostikada guztiak –eta asko dira- espainiar Konstituzioa dute logela.
Aspaldi danik zuzenbidearen eta justiziaren arteko urruntzea bizitzen ari gara. Garai bateko doktrina zaharra egunean dago, non Zuzenbide positiboa, bidezkoa ere bada. Horrek gauza bakarra esan nahi du: posizio totalitarioak defendatzea, alegia.
Gaur egungo legelari askoren ustez, legeak ez dira bidezkoak edo ez, legeak baino ez dira. Eta lege horien jatorria botere legegilean dago, bale, baina diktadore izan nahi zuen ikaslearen boterea eratorri egiten den ala ez eztabaidatu gabe.
Egoera aztertuz gero, gogora datorkit, Zuzenbidea historikoki boterearekin lotuta egoteaz gain, boterea bera ere badela. Izan ere, nork edo nortzuk sortzen dute Zuzenbidea gure gizartean? Ba horretarako boterea dutenek alegia. Beraz, lasai asko esan dezakegu, Zuzenbidea eta boterea gauza bera direla.
Gogoeta xume honek beste honakoa dakarkigu gogora: “Zuzenbidea sortzen dutenak”, betidanik izan dira klase gailenak, goragoko mailan daudenak. Horri guztiari ustez babestu nahi dituzten interesak gehituz gero, eta legelari askok aspalditik publikoki egindako egiaztapen eta adierazpen larriak kontuan, arazoaren errora iritsiko gara. Zuzenbidearen eta botere politikoaren historia, elkarrekin lotuta egoteaz gain, historia beraren protagonistak direla, bata bezain bestea.
Frankismo sasoian, salbuespen arraro bezain ohoretsuren bat edo beste kenduta, ezin daiteke esan epaileek boterearen sistema diktatorialari uko egin zutenik. Apolitikoa eta aseptikoaren antzeko jarrerari heldu zioten, “positibismo legalista” batean oinarritutakoa, gizartean bizi zen errealitateari bizkarra emanez.
Gauza bera egiten dute, gaur egun ere, Espainiako zenbait legelarik. Horrek honako gogoeta dakarkigu: edo iraganaren nostalgikoak dira, edo Zuzenbidea libreki sortzearen aldeko belaunaldi judizialaren ordezkariak dira. Nik ez dut besterik ikusten.
Gaur egun, zalantzarik gabe, Botere Judizialaren inbasioa bizitzen ari gara, izan ere, bestelako instantzietan ebatzi beharko liratekeen gatazkak hartzen dituzte euren gain.
Bukaezinezko tragedia honen parametroak bideratu eta kokatu beharko lirateke. Artikulu xume hau sinatzen duenak zinez uste du iritsi zaigula egiaren ordua. Dagoeneko ez da nahikoa ikusle soilak izatearekin, ezta oroitarazleak izatearekin ere. Ekiteko unea iritsi da, benetako aktoreak eszenara igotzeko sasoia.
Orain da etorkizuna programatzeko unea, trantsizio aldia modu egoista eta okerrean etengabe luzatu gabe. Trantsizioak egin du bere bidea, eta errealitate berri eta partekatu bati utzi behar dio tokia.
Historia ez da lineala, eta ezin daiteke izan, prozesu bat da, beraz, bilakaera bat dauka. Baina bestalde, historiak ez ditu jauziak egiten. Aldaketak ez dira goizetik gauera gertatzen. Ezta iraultzaileenak ere. Era berean, inork ezin du suntsitu iraganaren ondarea. Egia da.
Trantsizio sasoian, errealitate batetik beste batera igarotzeko aldaketa kualitatiboa prestatzen da. Gero, errealitate berriaren hastapenetan, egokitzapen-aldi bat egon ohi da, instituzio propioak eraikitzeko sasoia. Azken horiek ez baitute, egun batetik bestera aurreko instituzio zaharrak ordezteko gaitasunik.
Errealitate berria kontuan hartuko duen sasoi berria ezarri, eta aurrekoa eteteko prest egon gintezke. Baita errealitate horren partzela bakoitzak aldaketa-erritmo jakin bat duela. Beraz, nahitaezkoa da historiaren norabide berri hau atalka garatzea.
Ezin diegu hutsik egin horrenbeste urtez trantsizioan, aurrera begira etorkizunean sinetsi dutenei. Nik beti ikusi ditut prest.
Gure herria prest dago bere eskubideak gauzatzeko. Bere buruaren jabe izan nahi du, eta inoren eskusartzerik gabe erabaki. Libreki adierazitako erabaki demokratiko hori errespetatzea nahi du gure herriak.