Oraingoan asmatu baietz

images13.jpg

Egia esan behar bada, kostako da ni baino zabarragorik aurkitzea profeten kontu hauetan: ez dut sekula asmatu izan orain arte politikaren aurrikuspenetan, eta mila baino gehiago ditut politikari eskeinitako artikuluak. Atera kontuak. Nago, ordea, oraingoan baietz, sekula funtzionatu ez didan sudur zorrotz honek ez duela kale egingo gaurkoan, eta Garzonen azken erabakiak —Ezker Abertzalea eta ETA ez direla gauza bera supitoki dioen horrek—, itxura batean agertzen duena baino gehiago erakusten duela. Benetan. Nago Garzonen hitz berri eta ustegabeko hauen bidez ari dela betetzen ETAk Espainiako Gobernuari jarri zion baldintza lehena: legez kanpo egon arren, Ezker Abertzaleari eskuak libre utziko zaizkiola, bake prozesuari hel diezaion. Horixe ulertu dudala uste dut, han hemenka irakurri izan ditudan informazioneetan. Hala balitz, bingo! Izan ere (hanka sartzeko aukera guztiak izan arren), pentsatzen baitut, ziztu bizian joango direla negoziaketak, inoiz elkarrizketak berrabiaraztea lortzen bada. Esango nuke, bai Mahai Teknikoan (ETA-Gobernua), eta bai orain arteko Mahai Politikoan (PSOE-PNV-Batasuna), kartak agerian jarrita zeudela Barajasko izugarrikeria gertatu aurretik ere. Zergatik, bestela, bat bateko aldaketa harrigarri hau?

Hala ere, hobe izango da nire herrian txapliguak deitzen ditugun etxafuegos horiek ez baditugu oraingoz jaurtitzen zerura. Bigarren seinale baten zain egon beharko. Esate baterako, gaixorik dauden zenbait preso askatzen hasten badira. Orduan bai po-po-poza! Sekulakoa. Esan nahi izango baitu, sudur alferrikako honek, behingoagatik bada ere, zerbaiterako balio izan didala. Amen.

ALUA MUNDUA ! Idazlea, kazetaria, gidoigilea, blogaria... Euskaldunon Egunkaria eta ZuZeuren sortzaileetakoa. ETBn hamaika saio zuzendu eta aurkeztutakoa. (Argitaratutako Liburuak)

Zer duzu buruan “Oraingoan asmatu baietz”-ri buruz

  • Bixente Serrano Izko 2007-02-17 04:00

    Nik ere, inoiz ez dut asmatu etorkizuna, behintzat esperantzatsua aurrikusi dudanean. Etorkizun beltza, aldiz, gehiegitan. Hortaz erabaki nuen aurrikuspenik ez egitea (ez dakit, agian, sineskeriatsu samar bihurturik, nahiz eta sineskeria guztien kontrako autodidaktatzat jo nahi izan dudan beti nire burua). Poztuko ninduke, benetan, zure baikortasuna gauzatuko balitz. Baina ez naiz sartuko, bada ezbada ere asmatzen dudan, nire ezkortasuna azaltzen.