Agur liburu, agur

images14.jpg
Editore batekin urtero haserretzen gara liburugintza krisian dagoela esaten duenean, baina, agian, iritsi da unea behin eta berriz egiten dugun gogoeta zintzoago egiteko. Badakigu irakurle eta erosle hitzak ez direla zeharo pareko, baina hortxe hortxe. Badakigu literatura sorkuntza guztia ez dela narratiba, baina esan nahi dugunerako balio beza, poesia, antzerkia, saiakera eta abarrak kontutan hartu ezkero, arazoa are larriagoa baita.

Beraz, zenbat benetako irakurle dago, edota liburu baten zenbat ale saltzen dira? Kontu extraliterarioak edo eskolakoak tarteko izan gabe, jakina. Zenbat ale salduko ditu Lertxundiren azkenak, edo Jimurenak, edo Alonsorenak, edo Montoiarenak, edo Canorenak, edo Izagirrerenak, edo…? Zenbat salduko dituzte Capeauk, Mintegik, Oizek, Rodriguezek, Basterretxeak…? Mila, mila eta bostehun? Mila ere ez? Kalitateak eragiten al du liburuen salmentaren aldea? Ez dut uste. Sisteman izentxoa dutenek bermatua al dute salmenta gutxieneko bat, demagun 2.000 ingurukoa? Ezetz esango nuke.

Gaur bertan esan dit bigarren editore batek, hori guztia beheraka doala, jada zaila dela 1.000 ale saltzea, egilea edozein izanik ere, fenomeno horrek berdintsu eragiten diola izen handiko idazle bati, zein hain ezaguna ez den beste bati. Irakurle gazte asko Interneteko zatikako irakurketaz asetzen dela, edota ez duela astirik bere belaunaldiko gazteen lanez interesatzeko baino, zaharragook baztertuta. Zenbat ditugu, orduan, irakurle potentzialak? Eta erosleak?, galdetu diot. Ez ditu bereiztu, 3.000 inguru, zorte on-onarekin, erantzun dit. Bistan da 3.000 irakurlek ez dezaketela aitzinatu liburugintzaren industriarik, baina aitzina al daiteke ia irakurlerik gabeko gurealako literaturarik?

ALUA MUNDUA ! Idazlea, kazetaria, gidoigilea, blogaria... Euskaldunon Egunkaria eta ZuZeuren sortzaileetakoa. ETBn hamaika saio zuzendu eta aurkeztutakoa. (Argitaratutako Liburuak)

10 pentsamendu “Agur liburu, agur”-ri buruz

  • […] Otra cosa que leí ayer tarde: lo escrito por Hasier Etxeberria sobre el futuro del libro y lo difícil que resulta ya que libros punteros de la literatura en euskara consigan vender 1.000 ejemplares. Veo una cosa buena: que somos conscientes de que estamos haciendo las cosas mal. Y ése puede ser el primer paso. Pero el segundo no vendrá de herramientas del tipo PVC, o sea Plan Vasco de la Cultura. No me he leído el plan, pero sí que he hablado con algunos merodeadores y con ello me basta para saber que ése no es el camino. […]

  • Gehiegi begiratzen diogu idazleok merkatuari. Bitxia da, baina ez diogu testuari begirazten. Oso gutxi erreparatzen diogu idazten dugunari. Merkaturatzeak, hor egoteak kezkatzen gaitu. Ez testuak. Seguru nago hau irakurtzean idazleren batek sekulako haserrea hartuko duela: “Nola ezetz!”. Baina, zinez, ez diogu idazten dugunari kaso putarik egiten. Maila kaskarrean gabiltza, 180 orriko liburuxkak idazten, gogorik gabe-edo.
    Egia da: merkatuak ez gaitu maite. Baina hori bigarren mailako borroka behar luke guretzako.
    ‘Plana’-ri dagokionean… Euskadi Gaztearen ‘planplinplana’ datorkit gogora. Hain da sinesgarria.
    Lojikoa da, hala ere: arduratuta dabiltza, gure labur metraiak Holliwood-en aurkezteko trajeak erosten. Kontuz Amerika: Kimuak-en koskista dator!
    Inpresionante…

  • Hasier Etxeberria: Agur liburu, agur…

    Hasier Etxeberriaren gogoeta liburuen irakurleen gainean. Zenbat irakurle ditu euskarazko liburu batek? 1.000? 2.000? Edo gutxiago?
    Gogoeta honek, agian liburuak baino irakurle gehiago izan ditzake.
    Eta egongo da, errua Interneti botako dionik ere…..

  • Iñaki Bastarrika Izagirre 2007-01-31 12:27

    Azken hogei urte hauetan liburu asko idatzi dira, euskeraz ere bai. Askok demostratu dute gai direla idatzi eta argitaratzeko. Orain, hamar bat urte edo beharko ditugu, idatzi diren liburu bikain horiek irakurtzeko. Izan ere, idazten aritu diren horiek asko daukate irakurtzeke oraindik. Zera ari naiz esaten, idazle askok irakurle izatera pasa behar dutela, liburutegian asko baitago irakurtzeko, liburudendetan ere bai. Beharbada gutxiago produzitu behar da, eta lagunarterako ediziotxo txikiak egin, merkatua lasai utzi. Ezkontzetako bazkarietan puruarekin liburua oparitu eta zure lankideei liburutxoak eman. Ah, poetentzat bereziki ohartxo bat: zuek ez utzi ulergaitz idazteari, hala lortuko duzue egun batean, bila zabiltzaten hori, zuen liburuaren irakurlea bakarra izatea, zeuek!

  • salmentak izatea gauza bat da eta irakurleak izatea beste bat. idazle profesionalari axolako zaio gehien lehena eta, noski, editoreari. zenbat eta idazle ez profesionalagoa izan, orduan eta askeagoa da merkatuaren diktaduratik. Zer sustatu behar dugu gehiago, salmenta/erosleen esparrua edo irakurleena ? Errentagarri ez diren hainbat lanek ez ote luke hobe paperari muzin egin eta Interneten sarean kulunkatu ?

  • Neure ustez azken urteotan euskarazko liburu ekoizpena handitu da ikaragarri (pozgarria izan dena), irakurle euskaldunen kopurua,ostera, ez da horrenbeste handitu. Eskaintza askoz zabalagoa izatean logikoa da liburu berri bakoitzak ez izatea hainbeste irakurle…

  • Nire ustez, gero eta irakurle gehiago dugu, eta gero eta gehiago irakurtzen dute euskarazko irakurleek; baina ez libururik. Inori ezer leporatzen hasi aurretik, pentsatu beharko genuke ez ote den komeni beste formato batzuk jorratzen hastea: nobelak, bai, baina sarean eta hipertestu modukoak. Oker ez banaiz, toki honen egilea, Hasier bera, hasia da bide horretan; eta, nire ustez, txalotzekoa da.

  • Nik uste dut, aurreko iruzkinetan norbaitek esan duen bezala, ezin dugula denbora osoan salmentak begiratzen egon.
    Nire aldetik, internet dudanetik sekula baino gehiago irakurtzen dut euskaraz eskola/unibertsitate orduetatik kanpo: blogak euskaraz, sistema eragileak eta softwarea euskaraz eta doan, web orriak, artikuluak, egunkariak, aldizkariak… Krisia? kontrakoa esango nuke.
    Gizartea aldatu egin da teknologiarekin batera (edo alderantziz edo auskalo). Ez dezagun gure burua kolpatu horregatik eta ez ditzagun aukerak murrizten dituen legeak kanporatu. Iritsiko da garai ekologikoa paperean liburu bat argitaratzea gaizki ikusia izango dena, formatu elektronikoa erabili beharko dena gure irakurgailu elektronikoetan trenean goazela irakurtzeko, eta liburuak oso koste murriztuan edo kosterik gabe deskargatu beharko direna editorialaren web orritik.
    Beraz, nola berritu gaitezkeen asmatu behar dugula uste dut. Publizitatea erabiliz irabazi ekonomikoak izateko literaturarekin? liburuak sarean hedatuz eta itzulpenetarako erraztasunak emanaz?
    ANIMO GUZTIOI!

  • Galera handia libururik gabe geratzea. Gehiago mimatuko ditugu, orduan?
    Edota, proportzio kontua izango da dena, matematika hutsa? Hainbatekoa argitaratzen da, hainbateko leitzen da, hainbatekoa libratzen da purgatoriotik. Neurri txikitik sormen handia egin daiteke? Lehen bai, orain, ez dakit.

    Ahozkotasunetik irabaziko bagenu, sikiera.

  • Harritzen nauena datu horietaz orain konturatzea da. Aspaldi dakite editore pisutsuenek 500 aleko salmentak zer diren. Dena den, nekez etortzen dira bat literatura eta merkatua.