Ezer ez da berdin

http://alteretaego.wordpress.com

28_bipolaritatea
Argazkia: Bipolaritatea
Egilea: Mr. Chopski
Artxibo mota: JPEG
Neurria: 5760×3840px (3:2)
Sortze data: 2012/12/23
Latitudea: 43º 16,565´ N
Longitudea: 1º 57,244´ W
Kamera: Canon EOS 5D Mark III
Objektiboa: Canon EF 24-105mm f4/L IS USM
Distantzia fokala: 24mm
Irekidura: f8
Esposizio denbora: 1/50?
Sentikortasun eskala: 1250 ISO
Flasha:

Alter dixit.

Alabak existitzen denik ere ez dakien baina, ikastolan irakatsiko ez baliote ere, laster menderatuko duen hizkuntza horretan esan ohi den bezala, gauzak egia ala gezurra dira begiratzeko darabilgun kristalaren arabera.

Baina ez da kristala prisma moduan jokatzeko gaitasuna duen elementu bakarra: denborak ere antzera jokatzen du. EHUko Leioako kanpusean izan nintzen lehengo batean eta ez dakit penaz aitortu beharrekoa den baina, gaur egun, ez da nik gogoratzen nuen bezalakoa.

Hamar urtean, argi dago, gauzak aldatu egiten direla, baina horrenbesterako ere! Eta ez diot bertan aurkitu nituen azpiegitura berri edo eraldatuengatik, ez. Bertara sartzerakoan nabaritzen nuen sentsazio berezi hura inondik inora sumatu ez nuelako diot. Ikasle garaian gure gotorlekua zen hura, zentzu askotan. Benetan hala ez bazen ere, hala ikusten genuen guk. Mundu berri bat zabaltzen zen gure begien aurrean hara iritsitakoan.

Behar dudan bakoitzean aurkitzen ez dudan titulu bat eman zidaten han pasatako bost urteen truke, baina are garrantzitsuagoak dira bertan bizitako zenbait une, egondako zenbait leku edo ezagututako zenbait jende. Noan ordenan.

Gaur egun, ziurrenik, espresuki eurentzat atondutako emakidaren bat ere izango dute, baina gure garaian indar polizialak ezin ziren kanpus barrura sartu errektorearen baimenik gabe. Egia da, baita ere, maiz samar ematen zituela baimenak baina, agian, geurea ere izango zen erruaren zati bat.

Nire lehenengo manifestazioak eta protestak ordukoak dira. Sartzen ziren egunak, gainera, bereziak izaten ziren, zer konta ugarirekin joaten baikinen etxera. Ausartenak han-hemenka ugaltzen ziren baldosa hautsiez baliatzen ziren bisitariak agurtzeko; burutsuenok, aldiz, kafetegiko beheko solairuko xake pieza erraldoiak erabiltzen genituen lan horietarako, kultura eta hezkuntza indarrari gailentzeko armarik egokiena zirenaren metafora moduan edo.

Izan ere, kafetegia zen gure unibertsitate bizitzaren epizentroa. Bertan jorratzen genituen harreman pertsonalak eta bertan partekatzen genituen etorkizunari buruzko zenbait hausnarketa ere. Hango giroak dezente laguntzen zuen horretan, leku itxietan erretzea oraindik zilegi baitzen eta inork ez baitzion erreparatzen paper barruan su hartzen ari zen substantzia motari. Oraintsuko bisitaldian, aldiz, ez naiz kafetegira joaten ausartu.

Gerora, bide arras desberdinak aukeratu genituen han batzen ginenok. ETAko ustezko buruzagi militar, doktore, irakasle, ikertzaile, dendari, banatzaile, hipoteka bat ordaindu ezineko gurasoen parasito edo sasi-intelektual bihurtu ginen.

Oker ez banabil, gurea izan zen, zientzietako adarrean behintzat, karrera osoa euskaraz ikasteko aukera izan zuen lehenengo promozioa. Durangoko Sabeco-n ikusi nuen, joan den astean, Matematikako azterketan puntu 2 eman zizkidan irakaslea. Berarengana joan eta garagardo batera gonbidatzeko tentaldia izan nuen, eta ez gutxiegi hura leporatzeko, eurek egindako lanaren ondorioz eduki genuela guk euskaraz ikasteko beta eskertzeko baizik. Horretara ere ez nintzen ausartu.

Ego dixi.