Sabairik ez duten istorioak

Sabairik ez duten istorioak

Lagun batek ustekabean eskatuta joan nintzen Zarauzko Neguetxera, gotortzeko sabairik ez dutenei jatekoa prestatzera. Esku bat behar zuela eta, berarekin boluntario joan ohi zenak haurra zaindu behar zuela eta, han ginen biok. Gaztetxo garaietako Salbatore Mitxelena Ikastolako komedoreko usaina zekarkidan gogora azulejo zuridun sukalde hartako hatsak. Frigorifikoek haizearen konduktutik botatzen duten lurrin hori. Komedorea baitzen hura ere finean. Baina han inor ez zen kexu janariaz, gaztetan gu kexatu bezala. Lentejak, patata tortila eta fruta. Edateko ura edo zukua.

Lanean jarri bezain pronto Jose hurbildu zitzaigun, itxuraz 60 bat urteko gizona, alkandora eta kuadrozko txaleko bat soinean. Nik inoiz jantziko ez ditudan mokasinak, eta amerikana orteraren batekin akorduan joango liratekeen prakekin. “Bertakoak zarete?”, eta guk baietz zarauztarrak garela, “laguntzarik behar baduzue…”, eta guk eskertzen geniola baina ez zela beharrezkoa. Josek Hotel batean egiten zuen lana gaueko txandan behinola. Josek apartidistatzat du bere burua, baina ez apolitikotzat. Eta atez ateko bilketa jarriko dela uste du Zarautzen. Bizkaitarra da. “¿Fumata zuria atera da?”, galdetu zuen, aita santu berria aurrerakoia izatea oso garrantzizkoa dela uste baitu. Lantzean behin sartzen zen sukaldera, lentejei pare bat astindu eman makailaua bailitzan eta buelta. “Ba al dakizue pil pil bikainaren sekretua?”, bota zigun, gero segidan erantzuteko: “Bainila aletxoa botatzea (…)”. Soseguz hitz egiten zuen gizonak, nabari zitzaion gustuko zuela jende berria ezagutzea, eta asko zuela horrezkero ezagutu. Afalostean kafe basokada eskatu zuen. “Ohituta nago, Hotel batean gaueko txandan egiten nuen lan”.

Sabairik ez duten istorioakManu behin bakarrik sartu zen azulejo zuriko sukaldera, platera itzultzeko. Gure eztabaidaren batetik Sanidad pública hitzak entzun eta han etzen ba 38 urteko mutila AEBtako sistema neoliberala defendatzen hasi? Sistema hori bagendu bera ez litzatekeela pobrea izango etc. Aita operatu zutela bihotzetik, baina, hilabete beranduago ultzera bat irten eta hil egin zela. “Botikekin hil zuten medikuek”. Castrokoa da Manu eta kitarra elektrikoa eta bere anplifikagailuarekin ibiltzen da kaleetan jotzen: “16 urterekin hasi nintzen kitarra ikasten”. Harakin ‘putaseme’(sic) batek esan zion kitarrari plastikozko zubia kentzeko, berak egingo ziola hezurrezko bat… eta ordutik ez dio ondo funtzionatzen instrumentuak. Abesti pare bat jo genituen hala ere, makil batekin inprobisatutako zakila jarriaz lehen trastean. Ez zen luzerako izan, segituan anplifikadorea itzali behar izan baikenuen. “Pilek 2 euro balio dute”.

Jose eta Manurenak bi istorio dira. Zinezkoak. Bart ustekabean ezagutu nituenak, lagun batek fabore bat eskatu zidalako. Igandetik aurrera ordea, Zarauzko Neguetxea itxi egingo dute. Hala izan ohi da urtero. Eta haiek beste lekuren batean bilatu beharko dute sabaia. Ni etxean izango naiz, ez zait janari berorik faltako.

Izenak asmatuak dira 

Sabairik ez duten istorioak
eskalea, eskaleak, Zarautz
Oier Aranzabal

ZuZeuko erredakzioko koordinatzailea. Ekaitza bainuontzi batean.