Ez naiz kristaua, Jainkoari esker

Amezketa

Amezketan, inuzente egunean.

FERNANDO AMEZKETARRA ETA  HIRUTASUN SANTUAREN MISTERIOA

Gorpuzdun nintzela — erdaldun nintzela, alegia — , kristautasuna gorrotatzen nuen eta kristauek nazka ematen zidaten. Izan ere, nire gorputzean zergati asko aurkitzen nituen hala sentitzeko. Mamu bihurturik,  sentimendu  haiek zer kristauak ziren konturatzen naiz.

Gaur, erresuminik gabe, Amezketako elizaren parean eserita nago. Oiloak txitak zaintzen eta babesten dituen bezala, elizak herriko etxeen gainean bere itzala eta babesa zabaltzen ditu. Joanito Dorronsoren liburuan, “Bertsotan 1789—1936” — nire lagunak oparitutakoa — agertzen diren bertso hauek  errezitatzen ditut:

Erretoreak

Esan behar didazu

instante batean

liburutik txartela

nik atera artean

nola sinesten dezun

zuk zere artean

daudela hiru pertsona

jaungoiko batean

 

Fernandok

Nola sinesten dedan

Arrazoiarekin,

Orain esango diot

Sagartxo batekin:

Usai ta saborea

Kolorearekin,

Horra hiru jenero

Gauza bat batekin

“San Agustinek ulertu ezin zuen hirutasun santuaren misterioa sagartxo batekin argituta”, pentsatzen dut, eta irribarre bihurri batek nire oihala astintzen du. Sagartxoak sagardora narama; eta sagardoak, bertsolarien tabernara. “Taberna horretan”, galdetzen diot nire buruari itxaropenez, “kristautasunaren misterioa argiturik, haien pozoitik libratuko ote gara euskaldunok? ”.

KRISTAUTASUNAREN IRUZURRA

Zein da Hirutasunaren misterioan ezkutatzen den iruzurra? Erlijio guztien iruzurra? Nik, halere, ez dut uste erlijio guztiak iruzurtiak direnik. “Asmatzea ez da gezurra esatea, sortzea baizik”, idazten du Italo Svevok (Zenoren kontzientzia). Engainatzeko eta faltsutzeko asmoz egiten den asmakizuna, hori, bai, iruzurra da. Erlijio guztiak asmatutakoak dira, jakina, baina ez dira horregatik iruzurrak,  komunitate bat sortzeko bidea baizik. Kristautasuna, ordea, iruzurra da, faltsutzeko eta engainatzeko asmoz egindako asmakizuna baita.

Kristautasuna beste erlijio guztiei kontrajartzen zaie, erlijio horiek gordetzen dutena lapurtu eta faltsutzeko asmoz. Faltsutzaile bikaina da kristautasuna; zuhurra eta irudimentsua, eta eskrupulurik gabekoa. Horregatik kristauen iruzurra neurririk gabeko biolentziari estu loturik doa. Hasieran, juduen eta paganoen kontra zuzendu zen kristauen biolentzia; gero, sakratu den guztiaren kontra. Gaur, Jainkoa hil ondoren, gizon-emakumeen oinazea eta heriotza hasi da.

Sakratua ez da aldare batean jartzen dena, salbatzen gaituena baizik; hau da, kaos edo artaldetik ateraz, komunitatea sortzen duena. Ez da Nietzsche irakurri behar,  “artalde” hitzak zer adierazten duen jakiteko. Artaldea komunitateari  kontrajartzen zaio. Artalde batean indibiduoa multzoan urtzen eta desagertzen da. Komunitatean, berriz, indibiduoak bere izen propioa eskura dezake.

Nire ingurura  begira eta gorputz bataiatuak baino ez ditut ikusten. Ba al dakizue zer den bataioko ur bedeinkatua? Iruzur santua, hain zuzen ere. “Nik bataiatzen zaitut iruzur santuaren izenean”, aldarrikatzen du apaiz kristauak. Iruzur santu horrek mendebaldeko zibilizazioaren historia bilbatu du. Aldatuz joan da, noski, bere gailurrera, neoliberalismo kosmopolitara —  mundu osoko gizon-emakumeen esklabotza eta suntsiketa — iritsi arte.

“Felix culpa”, deitzen diote kristauek jatorrizko bekatuari, ustezko orban horren gainean Elizaren eta kristauen boterea altxatzen da eta. “Iruzur zoriontsua” deitu beharko liokete ilustratuek eta enparauek, mendebaldeko jauntza eta jabetza iruzur horretan oinarrituta dago eta. Ez gaitezen kristau hipokritak izan: iruzurra botere nahiaren ongarria da, jauntza eta jabetzaren simaurra. Eta hori Jesus “xumearen” jarraitzaileek inork baino hobeto dakite; eta hori demokrata ilustratuek, giza eskubideen ustezko defendatzaile sutsuek, inork baino hobeto  indarrean jartzen dute. Kristautasunaren itzala luzea da, eta bere iruzurra mendebalde osoan zehar barreiatua.

Kristo aurretik eta kristo ondoren, horrela banatzen dugu historia. Ez gaude oker, kristautasunaren iruzurrak historia zeharo aldatu baitzuen. “Gure galbiderako”, marmaratzen dut, etsipen hasperen eginez. “Gogoz kontra, gure nortasunari uko eginez, salbatzen gaitu kristautasunak. Nola gainditu gure bizitza osoa kutsatzen duen iruzur maltzur hori?” Erresumina ezin dut jada sentitu, horren ordez ezintasun sentimendua jabetzen da nitaz. “Akabo, garaitu egin dute”, diot nirekiko.

ARALARREKO JENTILAK

Aralarretik datorren haize bolada batek nire mamu-oihala astintzen du. “Jentilak! Jentilak!”, xuxurlatzen du. “Ai, tamalez jentilek ez dute inolako ahalmenik kristautasunaren iruzurrari aurre egiteko”, erantzuten diot malenkoniaz. “Faltsutze horren giltzarria Kristoren istorioa da. Faltsutzearen maisu lana da. Horri esker idazkeraren ahalmena lapurtu eta bereganatu zuten kristauek. Haien iruzurrari aurre egiteko idazkera berria asmatu beharko genuke. Nola lagunduko gintuzkete jentilek zeregin horretan, idazten ere ez bazekiten?”. Eta hori esan orduko, haize bolada bortitzak kanpandorrera narama. Eta han, ezkilen errepika modura, haserre doinuz, berriro entzuten dut: “Jentilak! Jentilak!”

“Zergatik haserre hori? Zer esan dut jentilen kontra? Idazten ez dakitela? Ez ote da egia?” Eta hori esan bezain pronto, beste haize bolada batek zurrunbilo batean sartu eta, ezkila mihia banintz bezala, kanpai batetik bestera narama.

“Aralarreko jentilei bisita egin beharko diet, nirekin haserre dirudite eta”, erabakitzen dut, nire oihal urratua osatzen dudan bitartean.

Amezketatik

euskaldun guztioi

— kristauei nahiz jentilei, hezur-haragizkoei nahiz mamuei —

URTE BERRI ON!

Blas Aginako,

Gorbeiako mamua.

FILOSOFO OHIA

5 pentsamendu “Ez naiz kristaua, Jainkoari esker”-ri buruz

  • Baita zuri ere.
    Ondo ulertu badizut bi tesi, nor baino nor harrigarriagoa, plazaratu dituzu. Lehenengoa historiaren biraketari buruzkoa da. Kristautasunean jartzen duzu biraketa hori. Hor hasiko litzateke “gure galbidea” zure ustez. Horren arabera, kristautasunak, besteak beste, jabetza pribatua (marxisten teoria? ) edo estatua (anarkistek diotenez?) ordezkatuko lituzke.
    Bigarrena kristautasunari buruzkoa da. Zure ustez ez da erlijio bat baizik eta erlijioa — “sakratua” — ezabatzeko asmakizuna (asmakizun maltzurra!). Kristautasunaren lehenengo ondorioa “Jainkoaren heriotza” litzateke; bigarrena, gizakiaren suntsiketa. Horren arabera, ilustrazioa, demokrazia, baita marxismoa eta anarkismoa ere kristautasunaren sorkariak lirateke. Eta, harrigarriena dena, erlijioen sinesmenak gainditzea ez litzateke fanatismo eta intolerantziatik askatzea, (aurrerapenaren?) galbidean sartzea baizik. Lehenengo begiratuan, behintzat, obskurantista samarra dirudi ikuspegi horrek.
    Halere, filosofoen edo pentsalarien arteko jendetasunak eskatzen duenez, ez ditut tesi horiek ukatuko zure arrazoiak ezagutu arte. «“Emaion/k astia hire buruari” filosofoen arteko agurra izan beharko litzateke», idatzi zuen Wittgensteinek. Halako ezohiko tesiak plazaratzeko, arrazoi “berriak” izango dituzula pentsatzen dut. Batzuk iradokitzen dituzu, baina erreferentzia punturik gabe ezin ditut balioetsi. Eman diezaiegun astia, ba, gure buruei.
    Halere, zure idatziari kutsu moralista antzematen diot. Marxen ekarpena, dakizunez, historiari buruz ikuspegi morala edo humanista gainditzen saiatzea izan zen. Ez dakit lortu zuen — emaitzak ikusiz gero, ezetz esango nuke — , baina Marxen (eta Nietzscheren) ondoren ikuspegi moral hori debekatuta dago. Debeku epistemologikoa, noski! Ikuspegi moral horrekin, jakina denez, jatorrizko bekatua edo lotzen da (zure kasuan jatorrizko erorketa hori kristautasuna litzateke); eta oinarri modura ikuspegi naturalista edo esentzialista aurkitzen da. Ez dut uste, halere, hain dorpe zarenik lakio horietan erortzeko. Kontuz, dorre handiagoak erori dira gero!

  • Arratsalde malenkoniatsu honetan, zaharrak ekarri ez zuena urte berriak ere ekarriko ez duelakoan, Aginakoren idatzia irakurri dut. Hasiera gustatu zait, bukaera ere bai — irribarreak ere sortu dizkit —, baina erdian galdu naiz (ez dut testu filosofikoak irakurtzeko ohitura handirik). Zure iruzkinari esker apur bat gehiago ulertu dut (ez askoz gehiago, egia esan).
    Ideien bideak misteriotsuak dira (niretzat behintzat), eta zure azalpena irakurri ondoren, galdera hau burura etorri zait: homosexualen arteko ezkontzak kristautasunak ezarritako eredu patriarkala apurtzen ala indartzen du? Gehienek apurtzen duela uste dute. Ni, berriz, zalantzan nengoen, eta Aginakoren idatzian sumatzen dudanak nire zalantza areagotu du. Ez ote dute ezkontza horiek bikote eredua sagaratzen? Bikote eredua, hau da, kristautasunak inposatutako familia eredua. Horrekin esan nahi dizut, Zigoiti, kristautasuna eta modernitate ilustratu eta laikoa uztartzean, ez dela hain desbideratuta egongo agian Aginako. Beste egun batean, gaurko tristura eta buruko mina gaindituz gero, gai horri buruz egin ditudan burutazioak kontatuko dizkizuet. Eta bukatzeko, jendetasuna bai, Zigoiti, baina borroka ideologikoa ere bai! Sortuko ponentzia irakurri eta eztabaidatu ondoren, hori esan gabe, jendetasun osoz jakina!, nire buruak eztanda egingo zukeen. Zer esan nahi dudan? Doktoreak ditu elizak eta nireak “Lapiko kritikoan” daude. Estu samarrak? Lerrokatuegiak? Agian bai, baina nireak dira! Zuen artean, ez dakit zergatik, libreago sentitzen naiz halere. “Culo de mal asiento” nintzela zioen nire amak. Horregatik agian.

  • Nire iruzkina irakurtzerakoan, batek baino gehiagok pentsa lezake: homosexualen arteko ezkontzaren kontra dago alu hau. Ez, ez da hori. Izan ere, urte asko daramatzat homosexualen eta transexualen eskubideak defendatzen. Nik esan nahi nuena esaldi honetan laburtuko nuke: guztion eskubideak eskuratu, ezberdinak izan ahal izateko edo eskubide unibertsalak lortu, bereziak izan ahal izateko.

  • Futbol zaleengandik iheska, hemen erori naiz. “A, beste giro bat dago hemen”, pentsatu dut. “Hemen, irain eta oihurik gabe, pentsatzeko eta sentimenduak dastatzeko parada izango dut”. Ez dut emetasunean sinesten, ez naiz eme esentzia defendatzen duten horietako bat, baina futbol zale batzuk ezagutu ondoren, ezberdinak, oso ezberdinak garela sostengatuko nuke. Futbol zaleen artean egindako bidaia ez da, halere, alferrik izan. Harribitxi hau aurkitu dut: “Iritsiko ote da eguna noiz onartuko degun errua bi aldekoek euki dezaketela? Santurik ez da existitzen, ea jabetzen zeaten batzuk.” Inarrosirik geratu naiz. “Baten bat, gutxienez, sentibera eta azkarra da. Nor ote da?” Sinadura begira eta “eme” jartzen zuen (ez dakit neska edo mutila den). Inoiz baino emeagoa sentitu naiz (emozio eta esker malkoak ere jariatu zaizkit). Lumagorriren iruzkinak irakurri ondoren, sexuaren eta jeneroaren arteko erlazioaz hausnartzen hasi naiz. Gustatu zait haren pentsamendua: eskubide “unibertsalak” eskuratu, ezberdinak eta bereziak izan ahal izateko.

  • Bankari anarkista 2013-01-02 12:43

    Harrituta geratu naiz Aginakoren artikulua irakurtzerakoan, nik ere kristautasunari buruz ikuspegi bera daukat eta. Ez dakit nola iritsiko zen Aginako halako ondorioetara; ni, Nietzscheren bidez. Jakin badakit Nietzsche arruntak, exoterikoak alegia, kontrakoa defendatzen duela, baina Nietzsche esoterikoak, bolada honetan lantzen ari naizena, Aginakoren interpretazioari atea irekitzen dio. Puntu batean, halere, ez nago batere ados: moralismoan. Zigoitirekin bat nator horretan. Kristautasuna agertu zen gure galbiderako? Ez. Gure onerako? Ere ez. Horrela gertatu zen eta kito. Nola gertatu zen aztertu baino ezin dugu egin. Kristautasunaren bidearen bukaeran gaingizonaren hirutasuna agertzen da (hiruretako bat bankaria da). Hasieran ere kristautasunaren atzetik diruaren akuilua al zebilen? Baietz esango nuke.
    Bankari anarkista? Ez al duzue Pessoaren liburua zoragarria irakurri? Liburu horren tesia hau da: anarkista kontsekuentea (eta azkarra) bankari bihurtzen da. Ai!, tamalez ni ez naiz hain azkarra izan bankaria izatera iristeko. Bide erdian geratu naiz, hau da, nihilismo eszeptikoan.