Ez esan euskal youtuber, esan Super Pagola
Ez esan euskal youtuber, esan Super Pagola
“Euskarazko youtuberren basamortuan sekulako poza sortu zuen Super Txope-ren jaiotzak“, idatzi zuen Peru Zaratek aurreko batean, Idoia Txoperenak kanala itxiko zuela iragarri berritan; “amaiera honek dezepzio puntu bat ere zabaldu du jarraitzaile askorengan”.
Antza, alderdi politiko bateko kanpaina bat izan da youtuberraren kontua, Nerea Arriolak bikain antzeztua. Horraino helduak ginen lehendik ere, baina koxka bat gehiago estututa, Supertxope plagio hutsa izan dela esatera gatoz orain.
Euskal youtubergintzan SuperPagola dugu aitzindaria, eta agi denez, Sorturen inspirazio iturria. “Ikusi ditut euskarazko beste youtuber batzuk badaudela (…). Saiatzen dira, baina… kartoizkoak dirudite” aitortu zuen Super Txopek berak, ezagutzera eman zuen lehen bideoan. Beraz, aurrekontu eta baliabide gehiago jarrita, erritmoa bizitu eta efektuak gehituz, Super Pagola eredu hartuta Super Txope asmatu zuten, Hollywoodek remakeekin egiten duen antzera.
Benetako euskal youtuberra Garazi Pagola da, duela urte betetik hona astelehenero bideo bat igotzen saiatzen den gazte errenteriarra. Dagoeneko 50 bideotik gora ditu kanalean (gazteleraz asko), non bostehun jarraitzailetik gora dituen kanalean bere zaletasunak kontatzeaz gain, errezetak prestatu, euskara eta zumba eskolak eman, zozketak egin zein beste hainbat bitxikeria kontatzen dituen.
Egia da Super Pagolaren bideo batzuk motel samarrak direla, teknikoki ez oso landuak, eta nahi duzuen guztia (sarean burlaizez ere aipatu izan dute), baina inperfekzio eta guzti bene-benetakoak dira, eta zerbait hipnotikoa dute; baietz bat baino gehiago ikusi!
`Txokolatezko´ hau oso gustuko dugu:
Badakizu, ez onartu imitatzailerik eta jo zuzenean jatorrizkora: Super Pagola da gure youtuber aitzindarietan aitzindari.
.
Gehiago ere badira?
Izango dira aipatutako biez gain youtuber gehiago ere Euskal Herrian.
Ezagunak dira oso, esaterako, Julen Hernandez (ehun milatik gora lagunek jarraitzen du eta youtuber profesionala ei da) eta Eider Paskual (Youtuber kanalaz aparte, arrakasta du Instagramen). Lehena Madrilen bizi da egun, eta bigarrena Bartzelonan; biak ala biak euskaldunak dira, baina gazteleraz dituzte beraien bideo kanalak.
Duela gutxi kamera aurrean jartzera ausartu den beste bat aiapatzearren, Aiora (@probatxoa) agertu zaigu youtuberren artera, hau bai, euskaraz. Gainontzekoak zerrendatu itzazu zuk zeuk, lagun.
.
.
.
Esanguratsua bi gazte euskaldunek nahiago izatea gazteleraz egitea haien kanalak euskaraz egin beharrean
Iñigo, hori da euskararen txantxangorriya ez dutelako ikusi. Txantxangorriyarekin topo egin bezain laster hasiko dituk euskaraz. Bost puxtarri!