Ez da jolasa
Kalera atera eta arratsalde osoa jolasean pasatzen genuen. Orduan ez genituen mezuak bidaltzeko gailuak; beraz, batak besteari esaten genizkion ahotik belarrira. Entretenimenduetako bat zen: batek ondokoari xuxurlatzen zion asmatutako esaera, bigarrenak hurrengoari errepikatzen zion, hurrengoak jarraian zegoenari, laugarrenak aldamenekoari eta, borobil osoa zeharkatzen zuenean, abiapuntura iristen zen mezua. Horrela, hasierako esaldia aldatuta, eta gehienetan aldrebeskeria bilakatuta, jasotzen zuen jokoa hasitako lagunak.
Transmisioak kutsatzen zuen mezua. Eta horixe zen nahia. Zenbat eta desitxuratuagoa, orduan eta barregarriagoa. Jolas hartan esangura ez zen garrantzitsua. Zuzentasuna ez zen xedea. Eta esaldia asmatzen zuenaren asmoa ez zen, inolaz ere, baliozko gauzak jakinaraztea, kutsatzea baizik. Bagenekien denok eta ados geunden. Horregatik zen jolasa, hain zuzen.
Mezu asko zabaltzen dira gaur egun. Ideia asko iristen zaizkigu, batez ere, masa-hedabideen bitartez eta, neurri handi batean, publizitateak ekarrita. Eta kutsatuta iristen zaizkigu. Gero eta gehiago —eta azkarrago— gertatzen da kutsaketa. Eta gogaiaren garrantzia, eta berez duen indarra, deuseztatua geratzen da bidean. Mezua ez da desitxuratzen, ez da aldrebeskeria bilakatzen. Sortua izan zen bezala heltzen zaigu, baina egin den erabileraren ondorioz, erabat hutsaldua. Intentzioak kutsatzen du, igorlearen helburu komertzialak banalizatu egiten du jatorrian halako indar handiko (indar iraultzailea ere izan zitekeen) gogoeta.
Baina, azken garaian gizartean gertatzen ari direnak ikusita, pentsatzen hasia naiz ez dela hori soilik eta, agian, ideia bera kutsatzea dela helburua, berez duen indarra gal dezan. Baina hori ez digute esaten. Are gehiago, ezkutatzen digute. Ez dakigu denok. Eta horregatik, hain zuzen, ez da jolasa.