Ez-albiste baten kronika: “Ikusmina Gasteizen Urdangarinen bisitagatik”
Ez-albiste baten kronika: Erredakzioan zaudenean hots egin dizute: “Urdangarin Gasteizera helduko da, joan berehala haren bila”. Absurdo mediatikoaren gurpila martxan da.
Iñaki Urdangarin ustezko gaizkilea harrapatu behar duzula agindu dizute. Ea irudiren bat lor daitekeen: Urdangarin bera ez bada, piztutako egongelako argi bat edo tindatuko auto bat. Arratsalde aldera dozena erdi kazetari eta beste hainbeste argazkilari bere urbanizazioaren atari aurrean ipini dira. Tramankuluak zabaldu eta sarrerari so kale erdi-erdian jarri dituzte kamerak. Dena prest albistea jasotzeko.
Minutuak igaro zaizkie eta ez dago Urdangarinen arrastorik. Erredakzio buruak urduri deitu dio kazetariari: “Ba al da berririk?”.
Lanordu luzea izango dutela antzematen zaie kazetariei eta kameralariei. Portura arrain gabe itzultzea ez da inoren gustukoa. Hori bai, ezusteko egonaldia luzatu izana ez die inork ordainduko. Iluntzen hasia da eta lehenbailehen erredakziora bidali behar dute informazioa:
Kazetariak ingurumarian dabiltzan bizilagunei itaunketa egitea erabaki du. Jainkoari eskerrak, beti izaten da behar denean ospea dastatu nahi duen mihiluze kuxkuxerorik. 30 segunduko adierazpenak lortu ditu. Garrantzi gutxi du zer den egia eta zer ez. Bada zerbait.
Kameralariak ezer ez dagoen lekutik argazki erakargarria lortu behar du. Sasi artetik aterako du urbanizazioaren barnealdearen argazki makala. Horrela, badirudi argazkia kazetariaren trebezia ausartaren emaitza dela. Mezua argia da: Urdangarin bere gazteluan dago, herensugeen babesean. Ezin argazki normalik atera beraz. Ez da ezer ikusten, baina bada zerbait.
Orduak aurrera joan eta Urdangarinen irudia lortzeko aukera gutxitzen doa. Sei ordu igaro dituzte urbanizazioaren atarian. Ez-albistea, Urdangarin azaldu ez dela, alegia, kontatu behar dute. Gertatu ez denaren kronika erakargarria. Hitz aspertuen kronika. Kazetariak bere zilborra miatu eta ez du zalantza izpirik izan titulatzeko:
“Gasteiz Urdangarinen etorreraren zain dago”
“Ikusmina Gasteizen Urdangarinen bisita dela eta”
Nor da Urdangarini zain dagoena? Nork du ikusmina? …zer kazetaritza mota da hau?
Eskerrak kazetariek beti duten lagun Autobetetzen den profezia ezaguna:
“Autobetetzen den profezia, hasiera batean, egoera baten definizio “faltsua” da, zeinak jokabide berri bat sortzen baitu hasierako definizio faltsua “egiazko” bihurtuz.”
Gaur Gasteiz Urdangarinez hitz egiten esnatu da. Bada ikusminik.
Azken hitzak: Gixajoak. Esan izan banie urbanizazioak sarrera nagusiaz gain ate txikia ere baduela beste aldean, agian albistea beste bat zatekeen.
42°50’21.31″ N 2°41’04.19″ W