Eva Forestek laurogeita hamasei urte bete ditu
Eva Forestek laurogeita hamasei urte bete ditu –
Bai, 2007ko maiatzaren 19an Argalarekin biltzera joan eta itzuli ez bazen ere, Evak bizirik jarraitzen du, bere lagunen artean behintzat, eta halaxe ospatu nahi izan genuen iragan larunbatean, hilak 6, Gasteizko Alde Zaharrean Eva Forest izeneko kafe-liburudenda gunean.
Beti pentsatu izan dut idazle bati egin dakiokeen omenaldirik onena bere testuak irakurri eta komentatzea dela, eta horixe egin genuen Eva Forest liburutopian larunbat goizean.
Bere bikoteari, Alfonso Sastre, Eva eta Argalarekin elkartzera joan baino lehen, beste omenaldi kolektiboa prestatu genion, besteak beste “La columna infame” antzezlana taularatzeko, zeren eta nahiz liburu gisa argitaratuta egon, antzerkira eraman gabe zegoen. Olatz Beobide, Manu Gaigne, Dorleta Urretabizkaia eta Asier Hernandezen kolaborazioari esker, beraz, antzokira eraman ahal izan genuen gazteleraz eta euskaraz, “Zutoin beltza” izenburupean.
Alfonsorentzat (eta Evarentzat, ezinezkoa baitzen baten bizitza bestea gabe pentsatzea, eta alderantziz) antolatu genuen ohore eta esker oneko ekitaldian, Alfonsok berretsi zuen (eta horrela geratu da grabatuta), pertsona askok Eva bere konpromiso politiko eta etikoagatik ezagutu duten arren (bereziki torturaren salaketagatik), Eva Forest idazle handia izan dela beti.
Ni ausartuko nintzateke esatera, Hanna Arendten gogamenaren kontzeptuan behintzat, Eva pentsalari zorrotz bezain aitzindaria ere izan dela, beti kritiken eta proposamenen bidez entzun eta erantzuteko gai baitzen.
Ez da harritzekoa, beraz, Kuba, Vietman edo Iraki laguntzeko militantziatik kontzeptu marxistak nazio askapenaren kontzeptuetara egokitzeko gai izatea, eta nazioarteko elkartasuna bere konpromiso intelektualaren zati gisa ulertzea.
Hori dena dela eta, honakoa irakurri nahi izan nuen nik omenaldi hartan eta, bide batez, zuekin partekatu nahi dut orain eta hemen:
Agur Eva,
T. S. Elliotek klasikoa zer den erakutsi nola,
zu, honezkero, klasiko bihurtu zara,
mugaz gaindiko «keria» ak garaitzen jakin duzulako.
Beraz, klasikoei esan ohi zaien modura:
Ave Eva,
Baina ez enperadoreri adierazten zaion bezala,
aitzitik,
Spartacusi bere aldeko gladiadoreek ziotenaren antzera esanda.
Zeren eta, zuk argiturik,
arma bat, erabiltzen duen eskuaren arabera
askatu edo menperatzeko tresna ere bada.
Eva Argia,
begi argikoak, ile argikoa, buru argikoa…
eta argitaratzailea.
Eva argitaldaria baina ez argitutakoa,
Argien Mendekoen tankeraz behintzat,
zeren zu, buruaz gain, bihotzez ikusteko gai izan baitzara.
Larrialdietako argia, Eva.
Inola ez nahita piztu edota itzali egiten den argia,
amataezina dena baizik,
eta beti bere horretan irauten duena,
behar denerako.
Urgentziazko informazioa ematen
behar den unerako.
Ezaguera zabaltzeak ondorioak dituelako.
Eta, Che Gevarak zioen moduan,
ezagutzak erantzule bihurtzen gaituelako…
Eva, erantzukizunaren idazlea eta hedatzailea,
larrialdiko egoeretan ohi dena
argitaratu dituen liburuek argitu egin dituelako.
Eta liburu haiek, armak bezala,
buruz eta bihotzez, esklaboak askatzen laguntzeko eman dizkiguzu-eta
Ave Eva
Agur Eva, baina ez adiorik…