Euzkadi Buru Batzarraren erabakia Aurrekontuak onartzeko lehen izapidearen aurrean
Euzkadi Buru Batzarraren erabakia Aurrekontuak onartzeko lehen izapidearen aurrean –
EAJk ez dio osoko zuzenketarik aurkeztuko PPren aurrekontu proposamenari, eta erabakiak eztabaidarako bidea irekitzen duenez, atzo jeltzaleek plazaratutako oharra arrantzatu du salabardoak.
Euzkadi Buru Batzarrak, gaur arratsaldean Sabin Etxean batzartuta, Espainiar Estatuan eta Katalunian ireki berri den aldi politiko berriari eta Govern legitimoa berrezartzeko prozesuari aukera bat ematea erabaki du. Zentzu honetan, EAJ-PNVk ez die 2018ko Estatuko Aurrekontu Orokorrei osoko zuzenketa aurkeztuko. EAJ-PNVk berriz ere aldarrikatu nahi du hasiera-hasieratik 155. artikuluaren aplikazioaren kontra agertu dela eta uste du gaur hartu duen erabakia dela modurik onena albait arinen artikulu hori indargabetuta gera dadin.
EBBk erabaki hau hartu du hainbat ordezkari jeltzalek azken egunotan askotariko eragile politikorekin bilerak eta kontaktuak izan ondoren, hauen artean Kataluniako talde independentistetako buruekin. Orain arte politika ikusiezin egon da Kataluniako krisiaren kudeaketan, Euskadiri, euskal hiritarrei ere eragiten dien Estatus krisian. Hutsune hori politikaren judizializazioak hartu du, ezagun ditugun ondorio ezin okerragoekin: kataluniar hiritargoaren ordezkariak espetxean edo erbesteratuta, Govern-a eratu gabe, erakundeak Estatuaren mendeā¦ Salbuespen egoera honen aurrean, konpromiso aktiboa geureganatzea erabaki dugu, elkar ulertzeko bideak errazteko eta egoera honi buelta emateko beharko den denbora ahalbidetzeko. Hori da aurrekontuak onartzeko izapidearen lehen urrats honetan EBBk eman duen keinuarekin bilatzen duguna. Lehen urrats honen ondoren beste bi urrats emango dira: osoko zuzenketen bozketa, datorren ostegunean, eta Diputatuen Kongresuaren Osoko Bileran Batzordearen erabakia bozkatzea, maiatzaren 22tik 24ra bitartean.
Erratuta dago erabaki honetan EBBk Espainiako Gobernuari eta Partido Popularrari aurrekontuak onartzeko txeke zuria ematen diola ikusten duena. Euzkadi Buru Batzarrak gogoratu nahi du iaz aurrekontuen inguruan adostu eta izenpetu zen akordioak, Euskadirentzat horren onuragarria izan zenak, ez duela EAJ-PNV ezertan derrigortzen 2018ko Estatuko Aurrekontu Orokorrei begira.