Hitz egin dezagun

Hitz egin dezagun –

Ez zarete guti Faire la parole (Hitz egin) Ipar Euskal Herriko zinemetan ikusi duzuenak. Zoriondu nauzue bertan eginiko lanarengatik. Oker ez banaiz, mundua euskararen begiekin entzuten ez dutenentzako ikuspegi artistiko egokia duela diozue. Guti izan zarete ikusitakoaren kritika zorrotza egin didazuenak, baina eskertu dizuet. Kontrapuntu bat eta ñabardura batzuk merezi dituzte zinemetako besaulkietan goxoegi jotako txaloek.

Hitz egin dezagunHitz egin dezagun Faire La parole doku-fikzioaz. Fikzioa diot bai, gauzak diren bezala. Orotariko fikziozko egoeratan jardun genuen filmeko protagonistok. Hastapen batean, idatzizko gidoi bat eramateko asmoa zuela azaldu zigun Eugène Green zinegileak. Behin lau gazteok ezaguturik, gure mintzagaiak bideratu bai, baina guretik gehiago ematen uztea bururatu omen zitzaion, gure heldutasunak emaitza egokiagoa bermatuko zuelakoan. Azkenerako, zinegile horrek berak Euskal Herriari buruz lehenago idatzitako eleberri mistikoetako hezur-haragizko pertsonaiak bilakatu ginen.

Filma berriz ikusi eta, duela lau urteko Aitor Servier gazte hura arrotz hautematen dut, zuzendariak eraikitako testuinguruan zalantzati mugituz. Oteizaz oroitu naiz eta euskal arimaren estetika zerien eskulturez. Eugène Greenek antzeko zerbait egin nahiko zuen doku-fikzio honen bidez. Begirunea eta jakinmina ezin dira deitoratu, baina euskararik ez dakiten batzuek errazegi irabazten dute gure izatearen sustraiei buruzko artelanak saltzeko zilegitasuna. Gure ahoetan bizi den hizkuntzari zenbateraino bizia baimendu zion, nola ez, baina, zer erran agindu ohi zigun zinegileak? Galderari ihardestekotan, nik ere ezin dut autokritikatik salbu egon. Gidoiaren norabidea finkatzerako orduan esku-hartze sakonagoa izan bagenu… Ezezkoari beldurra eta egoa elkarren lagunak dira, hitz eta pitz aritu gaitezke gure aktore rol paradoxikoki pasiboaz.

Sarriren ahotsak gidaturiko hastapen bipila du Faire La Parolek. Durango bonbardaketa eta Gernika Kulturalak ekartzen ditu hizpidera Iurretarrak. Hitz gutitan, Habanatik urrun gaudenontzako poetika eta politika klase magistrala. Honen ondotik, zinegilearen tesiaren mesederako eszenen collage nahasien artean egiten du aitzina filmak. Orbangabeko tradizioaren soinu-bandarekin garamatza batetik bestera ; Harpeako paisai liluragarrietatik, Donostiako alde zaharreko udako karrika -arrunt bitxiki- hutsetara eta Garindaineko pastoraletik, historiaren aztarnarik gabeko paisai soila dirudien Pasaiako Badiara. Herentzia baten zama sentitzen dugu orduan gure bizkar gainean eta ezkertiar izaten saiatzen diren lau gazte, euskaldun fededun maximaren oinordeko egiten gaitu. Gure lagunarteko txiste sasi-naturalak eta ustekabeko filosofia merkea uztartuz, goitik beherako euskalduntasun puruaren ikurrak dirudigu. Gure benetako bizitza ez zen sartzen fikzio honen eskemetan. Areago, ezta gure herri eta hizkuntzaren benetako bizitza ere. Kontua ez baita soilik gure buruak prostituitzea onartu genuela, gisa horretan, zinegileari  ikuskera partzial bat Frantzian proiektatzeko lizentzia eman geniola baizik.

Euskararen misterioaren edertasunak argi gehiegi egiten du lohi gutiegiko eremuan. Hizkuntz gatazka norbanakoen bizipen bidez agertzen zaigu, gordin baina hutsal. Ahalegin estetiko baten izenean, filmak ez du hizkuntzak ezaugarritzen duen dominazio sistemaren muinera jotzen. Gaitzerdi kontrabotereen aipamena eginen balitz, airean gelditzen baita euskalduntzearen alde eginiko lan militante erraldoia. Helburu totalegiak aipatzen ari naiz agian, baina ez da ttikiagoa izan zinegilearen pretentsioa. Eskerrak zikintzen dugun euskara. Eskerrak bazterreko borrokekin lotzeko ahalegin xumeak egiten ditugun. Fisika kuantikoa irakasteko balio behar du euskarak -, baina baita sexualitate heteronormatibotik kanpo plazera bilatu edo barrikadak altxatzeko ere.

Hitz egin dezagun

Identitateen eraikuntza prozesu dinamikoa da, nola pertsonalki, hala kolektiboki. Euskal gatazkak eta eguneroko gatazka ikusezinek egin gaituzte. Libre gara tradiziotik nahi duguna arrantzatu eta gustuko ez dugunaz beste egiteko. Bertsolarien estatus sozialari zor diogu, batik bat, saltsa guzietako perrexilak izatea. Baina gure miseria, porrot, kontraerran, ilusio eta bide galduak oro ez dira neurri eta errimadun kortse hertsietan sartzen.  Bertsolari eta euskaldun hitzekin punpa lasterrean oihartzun egiten ez duten kontzeptu, bizipen, estereotipo eta erabakiak… Hori ere bagara.

Postdata : Kritika hau ene burua zuritzeko helburuz eta konfort eremutik egitea leporatu nahi badit norbaitek, bidea libre. Aurpegia eman nahi nuen, besterik ez.

Hitz egin dezagun

SORTUko kidea