Eusko Jaurlaritzak urriaren 25eko grebarako arrazoiak elikatzen jarraitzen du
Eusko Jaurlaritzak urriaren 25eko grebarako arrazoiak elikatzen jarraitzen du –
Espero bezala, Eusko Jaurlaritzaren menpeko langileon lan baldintzak negoziatu beharko lituzkeen Mahai Orokorraren bilerak ez du berrikuntzarik ekarri, eta negoziazio kolektiboa ukatzen jarraitzen du. 2022rako inposatutako soldata igoeraren berri komunikabideetatik jaso genuen, eta 2023rako igoera dagoeneko jaso du EAEko aurrekontuetan, Madrilgo aurrekontuekiko menpekotasuna onartuz.
Mahaian parte hartzen eta greba deitzen dugun sindikatuok aldarrikapenak luzatu dizkiogu gobernuari, baina hark ez ditu aintzat hartu, eta errealitate ezberdin batean gaudela iradoki du.
IƱigo Urkullu EAEko lehendakariari behin eta berriz entzuten dizkiogun elkarlanerako deiak hitz hutsak direla argi dagoela salatzen dugu beste behin ere, eta autoritarismoa dela bere ezaugarria. Negoziazio kolektiboaren mahaiak antzerki huts bezala hartzen ditu zuzentzen duen Eusko Jaurlaritzak, eta neurriak inposatu egiten ditu, ahal eta nahi duelako. Ez du erabakiak bi aldeen adostasunez hartzeko konpromisorik hartu nahi, beste edozein lan eremutan egiten den moduan.
Sindikatuok urriaren 25erako greba deialdian salatzen ditugun arazoak betikotzeko asmoarekin jarraitzen du Eusko Jaurlaritzak, eta aldarrikapenak mantentzen dira. Urkulluk askotan errepikatzen duen autokritika delakoari behingoz heltzea eskatzen diogu, eta jendartearen eta langileon beharrei zintzotasunez heltzeko konpromisoa nahi dugu.
Baldintzak aldatzen ez diren bitartean, LABek langileak mobilizazioetara eta grebetara deitzen jarraituko du, elkarlan sindikala eta langileon batasuna lehenetsiz.
Eusko Jaurlaritzak urriaren 25eko grebarako arrazoiak elikatzen jarraitzen du