Eusko Jaurlaritza, txio ala pio
Kanadako ministroei sare sozialetan herrialdearen elebitasuna errespetzeko eskatu dietela profitatuz, geurera etorrita gure sailburuek twitter-en egiten duten hizkuntzaren erabilera gainbegiratu dugu.
Ipar Amerikako Kanada munduko bigarren herrialde handiena da, eta gurea bezala, ofizialki elebiduna, ingelesez ez ezik frantsesez egiten baitute berba ekialdean -bertan da Quebec-. Ofizialki elebiduna bada ere, Kanadan ingelesa gailentzen zaio beste ezein hizkuntzari -hizkuntza indigenek ere bizirik diraute-; eta beraz, gurean bezala diglosia egoera nabarmena dute.
Kanadak The Commissioner of Official Languages izeneko figura bat du, Hizkuntz Eskubideen Behatoki antzeko bat, bi hizkuntza ofizialen arteko orekaz arduratzen dena, Gobernuak biak berdin erabili ditzan eta gizarteak bietan aukera berak izan ditzan.
Erakundeko burua Graham Fraser kazetaria da egun -bi hizkuntza ofizialetan idatzi izan ditu liburuak, eta berea du “Sorry, I Don’t Speak French: Confronting the Canadian Crisis That Won’t Go Away” lana-. Orain gutxi, sare sozialetan elebidunak izan daitezela eskatu die gobernuko kideei. Fraser-ek aurkeztu berri duen txosten batean, gobernuko kideek twitter-en ingelesez zein frantsesez txiokatu behar dutela adierazi du; berdin gainontzeko sare sozialetan ere. “Ministroek elebidunak izan beharrik ez badute ere, behartuta daude beraien komunikatzeko bideetan bi hizkuntzak erabiltzera”.
Izan ere, Hizkuntza Ofizialen Legearen arabera, Kanadako parlamentariek bulegoan hizkuntza bakar bat erabiltzeko baimena duten arren, bi hizkuntza ofizialak erabili behar dituzte gizartearekin komunikatzeko eta, Fraser-en ustez, sare sozialak eta twitter lako plataformak horretarako erabiltzen dituzten neurrian, mezu guztiek elebidunak behar dute. Eta The commissioner of official languages-etik salatu dutenez, Segurtasun ministro Steven Blaney-k eta Kanpo Harremanetarako ministro John Baird-ek, esaterako, legeak urratu dituzte txio elebakarrak eginez. Baird-ek, bi hilabetetan, 202 txiotik 181 ingeles hutsez bidali ei zituen.
Eusko Jaurlaritzan
Geurera etorrita, Eusko Jaurlaritzako kideek hizkuntzari dagokionez sare sozialak nola erabiltzen dituzten erreparatu diogu, -sailburuen izenean diren kontuetan, ez @irekia edo @Gob_eus kontu instituzionaletan-.
Iñigo Urkulluz gain, gobernuko zortzi lagunetik lauk dute twitter kontua egun: Josu Erkoreka bozeramaileak, Ekonomia sailburu Arantxa Tapiak, Segurtasuneko sailburu Estefania Beltran de Herediak eta Osasun sailburu Jon Darponek. Batek ere ez du lortzen bi hizkuntza ofizialen arteko oreka txioetan.
Iñigo Urkullu Lehendakariak ez du txio bera bi hizkuntzetan bidaltzeko ohiturarik (hau da, gai berari buruz bi mezu), eta gazteleraz zein euskaraz txiokatzen du, ez dakigu zeren arabera. Abiatu berria den 2015eko mezuak gainbegiratuta, parekotasunera hurbiltzen bada ere hizkuntza batera lerratzen da apur bat gehiago, %60an (bai twitter bai facebook-eko mezuetan).
Sailburuei dagokienez, eta txioen mamia edo garrantzia alde batera utzita, nabarmenagoa da desoreka. Zalantza barik, Erkoreka da parekotasunera gehien hurbiltzen dena, eta Arantxa Tapiarekin batera, gai bera bi hizkuntzetan txiokatzeko ohitura duen bakarra. Estefania Beltran de Herediak mezu bakarra bota du 2015ean -eta iaz twitter bidezko elkarrizketa bati egindako erantzunak ditu gehienak-, eta duela gutxira arte Enplegu sailburu izan den Juan Maria Aburto eta Jon Darponek, dozenaka txiotatik bizpahiru baino ez dituzte hizkuntza batean eginak; Osasun sailburuak urte berri ona opatzeko eta urtarrilaren 20an donostiarrak zoriontzeko botatakoa baino ez.
Eusko Jaurlaritzako kideek, twitter-en eta hizkuntzari dagokionez, dituzten desorekak aipatu ditugu, bi hizkuntza ofizialetan nagusi dutena zein den, euskara ala gaztelera, aipatu gabe. “Xiru-liruli, xiru-liruri, zein izango ote da ba hizkuntza hori?”.
* Gainontzeko sailburuei -Ana Isabel Oregi, Ricardo Gatzagaetxebarria, Cristina Uriarte eta izendatu berria den Angel Toñari- ez diegu twitter konturik aurkitu, baina kontutan izanda askok facebook eta web atari propioak dituztela, irakurleak egin beharko du, hala nahi izanez gero, azterketa sakonagoa.