%1,8 edo nola desagerrarazi euskarazko kate publiko bakarra

Txorimalo - %1,8 edo nola desagerrarazi euskarazko kate publiko bakarra

Gure etxean neu naiz ETB1 sintonizatzeari oraindik ekiten dion bakarra.
Etxeko txikiek aspaldi egin diote erabateko paso eta euren amak ere aspalditxo etsi zuen. Egia esan, salbuespenak salbuespen, ez dauka nondik heldu. Atsekabeak atseginak baino gehiago dira ETB1era jotzean.
Gaur ere, zapatu arrastian, “zilarreko futbola” (Amorebieta-Eztakitnor) lehenengo, eta Baionako uztaileko festetako errekortariak ondotik.
Artean, erriberan “la vasca-española” deitzen duten horretan (ETB2) bi film bikain, bata bestearen ondotik, Eastwood aurretik eta Clooney ondotik.
Euskaltzalerik talibanenak ere, ezingo luke aitzakiarik aurkitu ETB1-en aurrean irauteko. Ez da posible. Ezin liteke.

Eta umore-saio mutuak, eta saloi-dantzak, habanerak eta Apatako abesbatzaren saio konpletoak noiznahi. Horrela ez da harritzekoa audientzia %1,8ra jaitsi izana, kristianoz, hutsaren hurrengora.

Ez da erraza izaten euskarazko katearen audientzia datuak eskuratzea, etxe horretako arduradunek kaleratu ohi dituzten datuetan vasca-españolakoarekin batuta joan ohi dira eta. Bitxia, ezta? Alabaina, aurrekoan Noticias taldeko kazetek, telebista kateen iraileko sailkapena eskaini zuten, Kantar etxearen eskutik. Eta hantxe ageri zen, sailkapeneko azken postuetan ETB1, ikusleen %1,8rekin, zero absolututik gertuago beste inondik baino.
Ez da irailean gertatutako istripua izan, urte luzetako bilakaeraren azken datua baizik.

1984an abiarazi zuen Jaurlaritzak euskarazko katea, eta berehala %15eko ikusle tasa lortu zuen. Baina 1987an abiarazi zuten vasca-española, ETB2, eta euskarazko katearen ikusleak %8ra jaitsi ziren kolpetik. Hala ere, pixkanaka-pixkanaka, ikusleak berreskuratu, eta 1997an eta 98an %13raino igo zen berriz ikusleria (ETB2 %30arraren inguruan zebilen ordurako). Ordutik eta gaurdaino, ikusleriak ihes egin dio ETB1-i, egungo datu mingarrietaraino: %1,8 ETB1ek eta %0,8 ETB3-k, bien artean %2,6!!!
Beste edozein (erdarazko) jardueretan, datu hauek egundoko lurrikara eragingo zuten. Dimisio eskaerak, aldaketa sakonen aldarriak, orruak eta burrunba latza… Baina ETB1 nori zaio ardura? Euskaraz da eta! ETB2 hizkuntza normalean daukagu eta!

Euskararen normalizazioa haurren (eta zakurren) bizkar utzi dugun honetan, beste datutxo bat ekarriko dut,jakinaren gainean egon behar luketen arren, ea gure alderdi abertzale-euskaltzale porrokatuetako ordezkariren bat lotsatu eta esnatzen den, alderdi “ez-nazionalistek” ez baitute txikikeria hauekin astirik galtzen, HAURRAK ETA GAZTEAK dira euskarazko katea GUTXIEN ikusten dutenak.
Datu esanguratsu hori eta beste asko publikoak dira, eta CIES etxeak 2013an argitaratu zituen, EiTBri berari eta beste dozenaka bezerori opari egindako txosten honetan.

Ala, orain segi Euzkadi, Euskal Herria, eta Basque Country eraikitzen, ederto ari zarete eta!

euskara

40 pentsamendu “%1,8 edo nola desagerrarazi euskarazko kate publiko bakarra”-ri buruz

  • Juan Inazio Hartsuaga

    PNV ez da euskaltzalea, ez da inoiz izan. Bere baitan ibili diren hainbat euskatzale erabili ditu plantak egiteko. PNVk botere tresna modura ikusi ohi du hasieratik hemengo telebista publikoa eta irizpide horren arabera erdarazko telebista hobetsi du ezinbestean. Euskaltzaletsunak ez du indarrik gizartean, joera hauei aurka egiteko. Are okerrago: Euskaltzaletasunak ez du indarrik gizartean, PNVri plantak egin arazteko ere. Datuak erakutsi bezala kopuruak hondoratzen ari dira baina ez dago erreakziorik. Eta ez da izango ere, euskaltzaleek zerbait egin ezean. Telebistako euskarari dagokionez praktikan ez dago alderik PNV eta PPren artean (PNVn benetan agintzen dutenez ari naiz, ez alderdikide guziez noski). Eta ez dakit ekuazio hau oraindik gehiago ez ote den zabaldu behar. Hauxe da panorama. Sikiera mozorroa kendu dute. Egoera ezin larriagoa eta ezin etsigarriagoa da. Zerbait egin behar da berehala, baina euskaltzaleak gutxi eta ahulak gara. Zer egin?. Ez zait legez kanpoko ez den ezer bururatzen. Isilik hobeto beraz.

  • Euskararendako minbizia den ETB2 hori desager dadila. Zergatik gastatu behar ditu ETBk bere baliabideak erdarazko filmak ematen? Hori Espainiako kate pribatu eta publikoek egiten dute.

  • Euskalgintzak (Kontseiluak, ikastolen federazioak, AEK-IKA…, Topaguneak…) ez dute zer esanik ETBren deskalabruari buruz?
    Eta Ezker abertzaleak?
    Ahoa bete hortz.

  • Aber, artikulua oso ona iruditu zait, baina mala letxe ederren jarri nau. Ordun ze aurpegiri eman behar diot?

    Segi horrela Itzain!!! Ea noiz konturatzen garen elebitasun edukazio onekoak kalte besterik ez duela egiten.

  • Zertarako ikusi telebista dena den? Nik nire seme-alabei ez diet telebista piztuko inoiz, NIK aukeratzen dudana jarriko diet interneten bidez. Telebista propaganda garrantzitsua da eta zaindu behar dugu bertako jarrera inperialista. Baina gu, honetaz konsziente garenok zertarako ikusi dagoeneko bere azken urteak bizitzen ari den adoktrinazio makina hau?

  • Ondo Goobi. Baina zure seme-alabek (badauzkazu?) nahi dutena egingo dute adin batetik aurrera, zuk zer nahi duzun ere. Dena den, ez daukazu lan makala euren jarduna kontrolatzen… Eta interneteko panorama ez da telebistakoa baino askoz hobea. Telebista-politika duinik ez daukagu, baina interneterako ere ez. Ahaleginik serioenak gizarte ekimenetik etorri dira interneten ere (puntu.eus adibidez), eta hor ere Jaurlaritza eta alderdi abertzaleak oro har, oso atzetik doaz. Emaitzak, noski, ez dira onak: erabiltzaileen %100 nabigatzen du espainieraz sarean. Horietatik %20k euskaraz ERE egiten du, eta beste horrenbestek inglesez. Eustaten datuak dira.

    • Ez du zentzurik diozuna. Internet beraien kasara eramango dute zoritxarrez bai ala bai. Baina nik ez diet ETB jarriko. Nik jarriko diedan edukia nik aukeratuko dut, ez Barinaga jaunak. Noski, denborarekin, ETB ikusi, BDSM pornografia jeitsi, speed erosi eta kaskorik gabe erabiliko dute motorra. BItartean nik interneteko edukiak (telebistan ordea ezin aukeratu) jarriko dizkiet komeni zaienaren arabera, barazki freskoak emango dizkiet eta gerrikoa jarriko dute kotxean.

  • Bejondeiela…

  • Peru Dulantz 2014-10-06 06:37

    “Etxeko txikiek aspaldi egin diote erabateko paso eta euren amak ere aspalditxo etsi zuen…” Gure etxeko txikiarekin hauxe egin genuen: Txiki-txikia zenetik, haurrentzako programazioa erdaraz ematen dituzten kateak (Disney, Boing, Clan…) ezabatu egin genituen TDT-tik. Alabak erraz onartu zuen “gure antenak ez ditu hartzen” azalpena, lasai-lasai. Telebista euskaraz ikusiz hazi da, eta orain, 11 urterekin, euskarazko kateak aukeratzen jarraitzen du programazioak aitzakirik txikiena ematen dionean: “Bi eta bat”, “Shin-chan”, “Gu ta gutarrak”…

  • Juan Inazio Hartsuaga

    Aurreko batean, kuadrilako afari batean Discovery Channel-eko Wheeler Dealers saioaren gaia atera zen (auto zaharrak konpondu, zaharberritu eta saltzen diharduen bikotea erakusten dituen telesaio britainiarra). Ustegabean, bertan geunden denek ikusten genuela ohartu ginen. Atseginez ikusi ere. Lau sos kostatzen den programa, euskaraz ondo asko egin daitekeena ezeren aitzakiarik gabe. Gainera ez da bakarra, munduan zehar beste hainbat telebistetan kopiaturiko eredua baizik. Zergatik ez gurean? Agian EITBko agintarientzat mundua Madrilen hasi eta amaitzen delako?

  • […] Itzain, ZuZeu.eus, 2014-10-04 “%1,8 edo nola desagerrarazi euskarazko kate publiko bakarra“ […]

  • […] bazterrotan telesailak ere? Antena 3ek Telecinco gaindituko ote du EAEko kate ikusiena izan arte?  EITB1en %1,8ko audientziak are gehiago egingo du behera? 2015 hasierara arte itxaron beharko dugu galderok […]

  • Nik uste dut arazorik handiena ez dela gure agintarien mundua Bilbo erdaldunduan hasi eta Madrilen bukatzen dela, baizik eta, euskarazko katea bost axola zaiela.
    ETB1en eskaintzen dituzten zenbait saio ez lituzke emango Cadreitako telebistak ere. Eta anabasa hori ez dago altxatzerik laupabost saio duinekin.
    Kezkagarriena da, telebista izanik aisialdiko jarduerarik ohikoena eta erabiliena, inongo eragile politikorik edo euskalgintzakorik gai honi heldu ez izana. Jaurlaritzak gaiari ez heltzea normala da, eurek baitira egoera honen arduradun zuzenenak, baina gizarte ekimeneko Euskalgintza ere azkenetan ote? Kontseilukoek, Euskaltegi sareetakoek, Topagunekoek, Ikastoletako eta D ereduko ikastetxeetako arduradunek, irakasleek eta gurasoek eurek ETB1 ikusten ote dute inoiz?
    Inork uste du inongo normalizaziorik posible dela horrelako programazioa daukan telebista bat eta bakarrarekin? Edo interneten daukagun “panoramarekin”?
    EAJ-k euskaraz paso egiten duela egiaztatzeko ez dago ahalegin handirik egin beharrik, baina, eta ezker abertzalea? Non dago?

    • Juan Inazio Hartsuaga

      Biak ere zuhaitz bereko adarrak dituk, euskara bost axolarena eta Madrili begira bizitzearena. Dena den egia duk hori ez dela okerrena, gainerakoen erreakzio falta dela askoz ere deigarriago eta deitoragarriago. Lo belarraren estrategia izango duk. Hogeita hamar urtez apurka-apurka euskarazko telebista eskasten eta duingabetzen egindako lanaren ondoren, denak gaudek nonbait anestesiapean lokarturik. Horregatik nioean aurreko batean legezkoa den ezer ez zaidala bururatzen lozorrotik ateratzeko. Zerbait oso ikusgarri behar diagu une honetan gizartea iratzarri eta arazo honi begira jartzeko. Itoizko aktibistek izango ditek ideiaren bat seguru.

    • Peru Dulantz 2014-10-06 12:19

      Euskal Herrian Euskaraz existitzen da oraindik?

  • Euskal Herrian Euskaraz Araxesen gisakoa da, ezker abertzaleak bere premiaren bat duenean baizik ez da lurpetik ateratzen. Gainerakoan -Kontseiluak bezalaxe- makro klabean baizik ez du funtzionatzen, eta ETB, nonbait, mikro izaki. Zertarako kontu sektorial nekagarrietan aritu, Euskal Herri osorako lege bat bakarra (alferrik) erreibindikatzen segitu behar badugu? Eta irakaskuntzan ari direnei ez eskatu honetaz iritzirik ematerik. Sosa da haien mintzagai bakarra eta telebistak, jakina, ez du deus ikustekorik bere lan esparruarekin.

    • Kontseiluak hizkuntza minoritarioez Donostia 2016an kongreso bat egingo du, ematen du ez dakizuela. Bestalde, Donostiako kaleen nomenklatorra legeztatzeko udaletxean espektakulo oso edifikantea ari dira ematen. Ez kexatu, borroka iraultzailea oso ondo doa. Tunelaren amaiera badator. Supertxatxipiluri.

    • Aitor Kaltzakorta
      Aitor Kaltzakorta 2014-10-07 12:11

      Iruñerri, halako astakeriak esan aurretik apur bat begiratzea, informatzea eta seriotasun minimo batekin mintzatzea ez legoke gaizki. Benetan, ezjakintasuna eta letxe txarra baino ez dituzu frogatu komentario trakets eta makur horrekin. Peru, Euskal Herrian Euskaraz (EHE) existitzen da. http://www.euskalherrianeuskaraz.org webgunean ikusten ahal dituzu egiten dituen gauza ezberdinen artean, zenbait.

      Iruñerrik egiten dituen salaketa faltsu bezain negargarriez pare bat komentario baino ez. EHEk ez du inolako lotura organikorik alderdi edo sentsibilitate politikoekin. Kritikak bere neurrian egiten dizkie alderdi ezberdinei, eta ez da inolako lurpetik ateratzen inork behar duenean, eta hori bere eguneroko jardunak frogatzen du. Ezker abertzaleari ere egiten dizkio kritikak, noski.

      Gainerakoan, batez ere aipatzen duzun “mikro klabean” jarduten du, herriz herri martxan dituen egitasmoen bidez. Baina bai, “makro klabean” ere aritzen da. Gaizki ala?

      Areago, EHEk ez du zure ezjakintasun sakonetik aipatzen duzun gisara lege bat bat (are gutxiago alferrik) aldarrikatzen.

      Eta, bueno, sosenaz diozuna ja, ergelkeria hutsa da. Oso gutxitan hitz egiten du EHEk sosen inguruan. Noski, euskararen normalizazioak beharrezko dituen baliabide ekonomiko, juridiko eta humanoak bermatzea exijitzen die horren ardura dutenei, baina inoiz ez EHEri begira.

      Izan ere, EHEk ez du dirulaguntza publikorik eskatzen, eta EHEren bideragarritasun ekonomikoa euren borondatez ekarpena egiten duten bazkideen bidez bermatzen da.

      • Peru Dulantz 2014-10-07 12:44

        Eskerrik asko, Aitor (neuri ere bururatu behar zitzaidan web-orriarena, baina…). Egian esan, azkenaldian ez zait haien berri iritsi, eta bururatu zait Itzainek salatu duen kontu horretan (ETB1en gainbehera “programatuan”(?)) esku har lezaketela, besterik gabe.

        • Aitor Kaltzakorta
          Aitor Kaltzakorta 2014-10-07 13:52

          Kaixo, Peru. Ez horregatik, ez da ezer. Weba jarri dizut, baina gaizki, “.org” ordez, “.eus” baita. Bere webeko azken albisteetan ez dira gauza gehiegi ageri, lan urte hasiera izaki, urteko plangintzekin ibiltzen direlako batez ere herriak. Dena den iragan igandeko Berrian, Garan, Argian edota Zuzeun bertan (azken biotan 29ko astelehenean) badituzu EHEri buruzko albiste batzuk. Larunbat honetan Ziburuko Ikastolari sustengua adierazi eta haientzako sos batzuk ateratzeko Urruñako taldeak jaialditxoa egin zuen. Iruñea aldean udalarekin harremana euskaraz izateko eskariak sartzen ibili ziren beste batzuk. Zarauzko taldekoak aldiz Kilometroetan ibili ziren eta pare bat ekimen original eta alai egin zituzten. Heldu den igandean Bilboko EHEkoek Independentistak sarearen deialdian hartuko dute parte gune bat montatuz, eta LOMCEren aurkako mobilizazioetan beste inork egingo ez duen ekarpena egingo dute: hezkuntza erreforma ez dela Madrildik soilik datorren zerbait esan, Peillon ministroaren hezkuntza erreformarekin batera kokatuz, alegia. Areago, euskal curriculumaren baitan eta ikasle euskaldun eleanitzak sortzeko martxan jarri diren esperientzia pilotuak ezagutarazten ere saiatuko dira. Altsasuko eta Etxarriko EHEkoak aldiz uste dut TELP saioen gisakoak antolatzen ari direna. Azaroan Altsasun behintzat martxan dute. “Euskalduna naiz eta arraro nago!” bakarrizketa saioa ere martxan jarri zuten iaz eta 50etik gora emanaldi egin dituzte erraz dagoeneko Euskal Herriko luzezabalean. Oiartzungoak udalarekin ari dira euskara ordenantza eredugarri bat garatzeko auzolanean eta Senperekoak “Senpere” ere herriaren izen ofiziala izan dadin indarrak batu eta zerbait jarri dute martxan. Ez dakit, hori, horrela, bote lasterrean atera zaidana. Haien twitterrean jarraipen hobea egiten ahal zaie.
          Dena den, EHEk aurten 35. urtemuga duenez aurrera begirako lana eraginkorragoa egiteko barrura begirako prozesu bat abiatzekotan dira. Zeozer aergitu badizut, ni pozik!

        • Aitor Kaltzakorta
          Aitor Kaltzakorta 2014-10-07 13:58

          Ai, eta ETB1ekoari buruz, arrazoi duzu. Duela 31-32 urte, 1982an oker ez banago, gaur egun ETB2rekin gertatzen dena gertatuko zela iragarri zuen EHEk (edozer deitu zioten orduan ere hori esateagatik) eta horren aurrean neurriak hartzeko exijitu zuen. Duela gutxi ikusi dut nonbait Durangoko EiTBren egoitza aurrean urte hartan egindako ekimenaren irudia.

          Ez dakit, EHEk hartu beharko luke eskua horretan ere… baina iristen al da dituen baliabideekin?

  • erdal telebista 2014-10-06 20:41

    Euskal Telebista (euskarazkoa)ren etsaia, kontrarioa, gaitza, minbizia, ETB2 da. Hor doaz euskarazkoak ez dituen diruak eta baliabideak.

    Gustora jakingo nuke zer pentsatzen duten telebista “publiko” euskaldunaren egoera lotsamangarriaz Xabier Usabiagak, Kike Amonarrizek edo Xabier Euzkitzek.

  • Etb1 euskal gizartera egokituta 2014-10-07 22:54

    Telebista medio zaharra da. Eta zaharrek ikusten dute gehien.
    Euskal gizartea zaharra da. (EAEn biztanlegoaren %20 baino gehiagok du 65 urtetik gora). Gure aiton-amonen etxeek ez dute audientzia neurtzeko tramankulurik baina zenbat zaharretxetan dago jarrita ETB1?. Pilota partidua, gagnorarik gagbe, eguraldi saio amaitezinak, portularrumeren argazkia,…. Audientzia datu kaskarrak ditu baina gure edadetuei begira aportazio sozial neurrigabea egiten du ETB1ek.

  • Hori inork ez du zalantzan jartzen.
    Ez hori bakarrik. Zenbat eta zenbat saloi-dantza eskola, bilbainada eta habanera talde, kulturismo gimnasialeku, jotero, eta errekortari ezagutarazi dizkigu? Ein?
    Nik eskatzen dudan gauza bakarra da, behin ekarpen zoragarri egin (egin eta berregin eta birberregin) eta gero, pasa diezaiola lekukoa ETB2ri. Jar ditzatela saio etnikofolklorikoerdaldunetasinesgaitz horiek guztiak ETB2ko programazioan, horrek ere munduari bere ekarpena egin diezaion, eta eskaini dezatela ETB1en jentilaje arruntok gustuko ditugun balio erantsi gutxiko saioak: filme komertzialak eta konkisaren antzeko saio alienagarri baina komertzialak. Dena emateko prest gaude ETB2ren alde!

    • Peru Dulantz 2014-10-08 05:57

      Horixe egingo nuke nik. ETB2 elebietan izateko jaio omen zen. Zuzeneko kirol emankizunak-eta eman ditzatela bertan; euskaraz, noski, ETB1en programazio sendo eta iraunkorra dagoen bitartean. Ulertzen dut albistegi batzuk gaztelaniaz ematea, zerbitzu publiko moduan-edo, baina telebista “autonomikoen” justifikazioa hori da, ezta?; hizkuntza propioan jardutea…

      • ETB2ko programazioa hankazgoratzea kirola zuzenean emateko? Ez, gizona! Horretarako dago ETB1.

        • Peru Dulantz 2014-10-08 09:47

          López okuparen aurreko legegintzaldiaren aurretik keinu txiki bat egin zuten ETBko arduradunek bide horretan: igandeetako meza ETB2n ematen hasi ziren, euskaraz. PPSOEren agintaldia etorri eta atzera egin zuten arte. Orduan ETBren autoboikot moduko baten lekuko izan ginen; baina, harrigarriena zera da: zenbat kostatzen ari zaren PNVkoei PPSOEk utzitako zenbait inertziari buelta ematea, batez ere euskararen aurkako azpilanari dagokionez.

  • Kaixo. Orohar ados nago artikulu honetan ETB1en programazioaren eta bere kudeaketaren inguruan egiten diren hausnarketekin. Hala ere, iraganeko eta orainaldiko audientzia datuak konparatzeko eta interpretatzeko orduan, akats batzuk burutzen direla iruditzen zait. Beraz, ñabardura batzuk egin nahiko nituzke.

    80. eta 90. hamarkadatako audientzia datuak aipatzen direnean CIES inkesta etxearen datuak erabili dira. Artikuluan azaltzen diren gaur egungo audientzia datuak berriz, KANTAR MEDIA enpresak beste sistema zeharo desberdin batekin neurtzen dituenak dira.

    CIESek urtean bitan burutzen dituen inkesten bidez lortzen ditu bere datuak. EAE eta Nafarroa artean 8600 lagun ingururi inkesta burutzen den egunaren bezperan zein telebista kate ikusi zuten galdetzen diete. Pertsona horiek telebista kate bat baina gehiago erantzun dezakete. Modu horretan, 2013ko azkeneko inkestan %7 inguruk ETB1 aipatu zuten bezperan ikusitako kateen artean, 1997 eta 1998 urteetan harrapatutako %13ko gailurretik urrun beraz. Kontutan izan behar da, ETBk kate bakarra zuenean (1984ko urtarriletik eta 1986ko maiatzean ETB2 sortu zeneraino), ez zela programazio osoa euskaraz ematen. Lehen urte haietan, ETB1ko saio gutxi baino esanguratsu batzuk (zenbai albistegi batipat) gazteleraz emititzen ziren. Beraz 1985eko CIESeko inkestan ia %20k ETB1 ikusten zuela aipatu zuenean, ez litzateke zuzena izango guzti horiek euskarazko saioak ikusten zituztela ondorioztatzea.

    KANTAR MEDIA enpresaren audientzia neurketei dagokionez, audimetroen bidez burutzen dituzte. EAEn 900 pertsona inguru bizi diren 350 etxebizitzatan dauzkate jarrita audimetro horiek. Aparatu horiek telebista ikusten ari diren pertsonen artean, kate eta saio bakoitzak zer audientzia kuota (share) daukaten neurtzen dute uneoro. Horrela, 2014ko irailean, ETB1k %1.8ko batazbesteko kuota bakarrik lortu zuen, abuztuan baino 0.9% gutxiago. Bere urterik hoberenetan (1997-1998), %7.5 ingurura iritsi zen.

  • Ados. Egin dituzun ñabardurak oso egokiak dira. Ez nuen horrelako zehaztasunik egin idatzian, pisuegia bilaka ez zedin. ETBren bilakaera zen azpimarratu nahi nuena. Eta ba, Kantarrek eginiko neurketak zehatzagoak dira Cíesenak baino. Errealitatetik gertuago daude ziurrenik, baina adin taldekako joerak ezagutzeko aukera ematen dute Cíesen inkestek. Edonola ere, ETB euskaldunaren bilakaera beheranzkoa da, eta inkesta prefesionalen beharrik barik ere, erraz egiazta daiteke, ingurukoei galdetuta, ETB1 hiltzear dagoela. Eta ez euskaldunon konpromiso faltagatik, arduradunen arduragabekeria eta utzikeriagatik baizik… kasurik onenean.

    • Esandako guztiarekin ados. ETB1eko audientziak duen beheranzko joera begibistakoa da eta zenbait arduradun politikoren axolagabekeria ere bai!

  • Zenbat Euskaldun zeunden duela 20 urte ta zenbat gaur egun?
    Zenbat ume ziran Euskaldunak ta gaur egun?

    • Peru Dulantz 2014-10-13 07:37

      Tira; hala ere, aitortu behar da duela 20 urte ETBk askoz ere lehiakide gutxiago zituela. Adibidez, haur programazio txukuna zeukan kate bakarra zen, ia. Garai hartan PP eta UPNkoen seme-alabak ere telebista euskaraz ikusten hazi ziren. Orain, TDTarekin, Disney, Clan, Boing eta enparauekin, asko zaildu zaizkio gauzak, eta programazioa okerragoa da, gainera. Emaitza: haurrak txiki-txikitatik telebista erdaldunari begira hazten ari dira, horrek daukan eragin ikaragarriarekin.

      • Hori hala da. Izeba bati duela urte batzuk pasatutakoa, Iruñean:
        igogailuan gizon batekin eta haren mutikoarekin elkartu, eta mutikoak, begi-zabalik:
        “¡Mira, papa! Estas hablan como las tortugas ninja!”
        Iruñerriko ikastola batean duela aste batzuk:
        “Zer hizkuntzatan ikusten dituzue marrazki bizidunak?” (Irakasleak)
        “Erdaraz! Marrazki bizidun guztiak erdaraz dira. Bai, bai, guzti-guztiak!” (ikasleek)
        Hezkuntza komunitatea, non zaude?

  • Oraintxe ETB2eko ATRAPALO lehiaketan entzundako galdera, Patxi Alonsoren ahotik: “Localidad madrileña famosa por sus melones”. Erantzun zuzena, MATACONEJOS ei da. Beste galdera andana bat ere izan da, tankera berekoa.
    Hamaika ikusteko jaioak gara, baina galdera hauek erakusten duten guztia galdetzeko moduko telebista publikoa ordaintzen dudala jakite hutsak, botalarria eragiten dit, eta napalm pixka bat erabiltzeko gogoa ere bai, dena esan behar bada.

  • Peru Dulantz 2014-10-16 15:46

    Okerrena zera da: galdera horiek berak egin litzaketela (eta egiten dituzte, etengabe egin ere), lasai asko, euskarazko lehiaketa batean.

  • Zeinetan? (Peru Dulantzek erantzuteko, mesedez)

    • Peru Dulantz 2014-10-17 09:12

      Kaixo, Lulo. Egia esan, oso txarra naiz izenburuak gogoratzen, baina etxean gauero-gauero ikusten genuen Julian Iantziren azken programa (kalean jendeari galderak egin eta dirua banatzen zuena) eta normalagoa zen Pantojaren semeari buruzko galdera bat entzutea euskal musikari bati buruzkoa baino, hori horrela da, eta horrela pairatu genuen.

  • Peru Dulantz 2014-10-17 09:21

    Orain gogoratu naiz: “Bost baietz!”

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude