Euskarazko hitz-izenen topaketa hitzela datorren ostiral-larunbatean Amurrion

Hitzak eta izenak, izenak eta hitzak, ahotan erabiliko dira azaroaren 10 eta 11an Amurrion bertako Aztarna Elkarteak Onomastika Elkartearekin batera antolatu duten V. Onomastika Topaketan. Aurtengo edizioaren berrikuntzen artean erabidean dagoen eta izena bera ere erabakitzeko daukan enusquera <*enoskara> heuscara elkartearen partaidetza eta bi eguneko formatua berreskuratzea nabarmendu daitezke. Testu zaharretan jasorik, izen propio edo onometan iharturik eta euskaldunon ahotan oraindik bizirik dagoen onimia eta lexikoa izango dute aztergai bederatzi hizlarik.

Euskara sinplifikatzea berriro planteatu den eta euskararen kontrako oldarraldia indarbetean dugun honetan, euskararen aberastasuna balioetsi nahi dugu, berau arrisku bizian dagoela ohartarazteko. Zamudiotik Leitzarainoko ponenteen uste komuna da hori, orain laurogei urteren bueltan dabiltzanen belaunaldiarekin batera euskararen altxor lexikoaren alde handi bat galduko dela ezinbestean.

Bien bitartean, oraindik jaso gabe dauden harribitxi asko ari gara han-hemenka jasotzen eta ahalegin betean ezagutzera ematen.

Hitz asko, galdu arren, erdarazko testu historiekoetan gorde dira zoriaren kapritxoei esker eta beste asko leku-izenetan iharturik heldu zaizkigu, askotan beren esanahia asmatzea erraza ez bada ere. Hitzek eta izenek, errotik ezberdinak izanagatik ere, izatezko bikotea osatzen dute, elkarrekin bizi dira. Horrexegatik, biak batera aztertu nahi izan ditugu oraingoan, biak ala biak historiaren eta bizitzaren lekukoak baitira.

Goierriko –eta inguruetako- euskara gutxik bezala ezagutzen duen Aitor Azpiazu ormaiztegitarrak, osasuna lagun, emango digu lehen gozatua, egiten ari den lan erraldoiaren mokau gisa. Ondoren, Josu Larrañaga lexikoaren ihartzearen fenomenoaz mintzatuko zaigu, urte luzeetan arakatutako Mutrikuko zoko-mokoetatik ekarritako adibide argigarriekin. Jesús Mari Garaio soziologoa da formakuntzaz baina beste gai batzuen artean, basoen kudeaketa aztertu du sakonki. Oraingoan, baso eta landaretzaren mundu aberats horrek testu zaharretan utzitako arrastoak aurkeztu dizkigu, galdutakoak nolabait berreskuratzeko modua badagoela erakutsiz. Ostiraleko saioa bukatzeko, Anagoia Gezuragak Zamudioko bere baserrian erabili izan diren eta oraindik erabiltzen diren berbak ekarriko dizkigu akordura. Izan ere, hiriburuaren hurbiltasunak bertako berbakunea asko higatu badu ere, oraindik perla polit askoak entzun daitezke zamudioztarren ezpainetatik.

Larunbateko saioari David Peterson Burgoseko Unibertsitateko irakasle prestuak emango dio hasiera, XII. mendiaren erdialdean emakume arabarrek zer nolako izenak zerabiltzaten ezagutzera emanik. Ondoren, Joseba Sarrionaindia berba hitzelak hartuko ditu ahotan. Ez, ez da –inprentan hoker pentsatu bezala– herrore bat, berba edo hitz joko bat baizik, horiek izango baititu Amurrion aztergai. Beti izango dugu idazle oparo honi zer irakurria, zer entzuna, zer ikasia eta zer eskertua.

Atsedenaldiaren aurretik, topaketa hau antolatzen ezinbesteko laguntza eskaini duen Enuskera | *Enoskara | Heuscara Zientzia Elkarteak bere burua aurkeztuko du, honelako ikerketak eta berauek ezagutzera emateko topaketa eta jardunaldiak antolatzen jarraitzeko inurrien xerka.

Kafearekin indarberrituta, azken txanpari ekingo diogu. Joxemari Sestorainek bere itzulpen lanei, poesiazkoak gehienak, gatza eta bizia emateko erabili dituen hitzen peskizan ibiliko zaigu, Leitza eta Leitzaldekoak horietarik asko. Iago Irixoak historilari finak, XVI. gizaldiko letramolde irakurtezin demonioa egunkaria bezala irakurtzen duenak, beste entregatxo bat egingo digu, ez baitira gutxi orain arte dokumentu historikoetatik erreskataturiko hitzekin moldatu dituen lanak. Esan gabe doa, filologo gehientsuenak bilduta baino ekarri handiagoa egin diola euskararen historia lexikoari doktore donostiarrak. Bukatzeko, eta galderen txandari bide eman aurretik, Mila Gabiolak Amorotoko Odiaga Etxebarri baserrian biltzen ari den uzta oparoaren lagin bat erakutsiko digu, bertaratuko direnen ahogozagarri. Osasun arazoak tarteko, ez dugu bertan izango eta bideoan ikusi beharko dugu, Youtubeko gure kanalean laster.

Goseari pixka bat eutsita, denok parte hartzeko tartea izango da. Esan beharrekoak esanda, baina bazkalondorako hizpidea gordeta, lagunarteko bazkaria ondo mereziaren txanda. San Roke auzoko Rupertok emango digu eguneko azken aurreko gozatu ederra.

Ongi etorriak izango zarete denok, Amurriora zein topaketa hau prestatzen jardun duten elkarteetara. Sortze bidean dagoena ezagutzen hasteko sare sozialetan #enuskera Twitter-Xn eta Enoskara Enusquera Facebooken aurkituko gaituzue. Amurrioko topkateraen informazio zehatza hemen: onomastika.org/2023amurrioko-v-onomastika-topaketa-hitzak-eta-izenak

Enoskara Zientzia Elkartea

Euskarazko hitz-izenen topaketa hitzela datorren ostiral-larunbatean Amurrion

Euskarazko hitz-izenen topaketa hitzela datorren ostiral-larunbatean Amurrion

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude