Euskarazko hedabideen kontsumoa
Euskaldunak eta euskarazko hedabideen kontsumoa
Euskarazko komunikabideek “erronka bikoitzari” aurre egin behar diotela azaltzen du ikerlanean Gorka Salcesek: “Alde batetik, mundu mailako krisia bizi dute komunikabideek, bat-batekotasunean oinarritutako ohitura komunikatiboak eta doako edukiak orokortzearen ondorioz. Bestetik, euskal hiztunen tipologia asko ugaritu da azken hamarkadetan, eta, hortaz, identifikatzen errazagoa zen publiko potentzialarentzako produktuak sortzetik ezaugarri jakin batzuei lotzen zailagoa den komunitate bati zuzendutako produktuak ekoiztera igaro dira euskarazko hedabideak”.
Hala, euskaldunen iritziek, ohiturek eta jarrerek kontsumoan izan dezaketen eraginaz jabeturik, proiektuak “aldagai horien nolakotasuna eta jatorria identifikatzea” izan du xede, etorkizunera begira sektoreak bere publiko potentziala hobeto ezagutu eta estrategia berriak jorra ahal ditzan.
Kontsumoaren aldetik, besteak beste, erdarazko komunikabideek Euskal Herriko panorama mediatikoa menderatzen dutela zehaztu du ikertzaileak. “Prentsaren esparrua, zehazki, monopolistikoa izatetik gertu dago. Hala, komenigarria litzateke galdetzea zeintzuk diren erdarazko prentsak monopolioa mantentzearen arrazoiak. Eta zer egin beharko lukeen administrazioak bi hizkuntza ofizialen arteko berdintasuna bermatzeko, baita komunikabideen arloan ere”.
Etorkizunean euskarazko hedabideen bilakaera nolakoa izango den tesiaren planteamenduetatik kanpo gelditzen den arren, ikertzaileak uste du gaur egungo euskarazko komunikabideen sektorea “jasangarria badela erakutsi duela (ahalegin handiaren eta soldata baxuen truke, maiz)”, eta azken urteetako joera proiektu berriak sortzekoa eta eduki- zein lurralde-hutsuneak betetzekoa izan dela. “Nire iritziz, hori da bidea, baina bitartekoak ere jarri behar dira gutxieneko garapen aukerak emateko hedabide berri horiei”, ohartarazi du.
“Komenigarria litzateke galdetzea zeintzuk diren erdarazko prentsak monopolioa mantentzearen arrazoiak. Eta zer egin beharko lukeen administrazioak bi hizkuntza ofizialen arteko berdintasuna bermatzeko, baita komunikabideen arloan ere”.
Administrazioak egin behar luke hausnarketa hori, bai, baina ez du egingo. Ez zaio komeni.
Zorionak tesiarengatik. Oso itxura ona dauka.
Eskerrik asko! Uste dut arrazoi historikoak edo egiturazkoak badaudela erdarazko prentsaren nagusitasuna azaltzeko. Hizkuntza hautuak kontsumo mediatikoan islatzen dira, gehienetan. Haatik, hedabideak inguruneak zeharo baldintzatuta egon arren, arazo formalak (edukizkoak) ere identifikatu ditut. Alegia, asmatu behar da publikoaren nahietara egokitzen, eta ez da beti lortzen (ahal).
Edozelan ere, erakundeek pentsatu beharko lukete hedabideen arloko inbertsioak (dirulaguntzak zein publizitate instituzionala) informazio aniztasuna eta euskararen biziberritzea sustatzeko erabiliko dituzten, edo, ostera, aurrekontua egungo kontsumo errealitatearen arabera banatzen dela argudiatuz sasi-monopolio horiek elikatuko dituzten. Bestalde, kontsumoaren neurketak Euskal Herriko ezaugarri demografiko, linguistiko eta mediatikoetara egokitu beharko litzatekeela ondorioztatu dut, baina hori beste istorio (luze) bat da…
Zergatik ditu ZuZeu-k iruzkin eta eztabaida gehiago BERRIA edo ARGIAk baino?
Ba, argi dago, beste medio horietan zentsura itzela ezarria dutelako.
Eztabaidak erakargarriak dira eta trafiko ugari eragiten du. ZuZeu oso erakargarria da eta baliabide eskasagoak ditu.
Gainera, BERRIA eta ARGIA nekagarriak dira, beti gai batzuekin buelta eta buelta, beste gai batzuk ikutu ere egiten ez dituzten bitartean. Guztiz ideologizatuak daude. Progreegiak dira.
Gainera, gehio pentsatzen dute diru-laguntzetan erakargarritasunean baino.
Horrek ere eragiten du euskal medioen datu negargarrietan.
Bete betean asmatu duzu! Aspaldidanik pentsatzen nuena esan duzu eta penagarria da hedabide horietako parte hartze eza hori, salbuespen bakan batzuetan izan ezik. Eskertzekoa litzateke Berrian eta, hemen ematen diren parte hartzeak edo ugariagoak emango balira, baliabideak izan, badituzte eta!!
Eskerrik asko zuri, sarean jartzeagatik. Irakurriko dut, bai horixe.