Euskaraz bizitzeko eskubidearen inguruan lan egitea berretsi du Kontseiluak urteko batzarrean
Urteko batzarrean, Kontseilua osatzen duten bazkideek 2010ean egindako lanaren balorazioa egin dute eta 2011n garatuko diren ildoak ere adostu dituzte. Euskaraz bizitzearen aldeko apustu argia egiten du Kontseiluak. Datozen hilabetetan, ildo horretan jarraituko du lanean.
Euskaraz bizitzeko eskubidearen inguruan aritu da Bilbao ere, eta gai hau, erdigune politiko-sozialean koka dadin deialdia egin du. Herri mugimenduak bultzatuta euskararen normalizazioan aurrerapauso garrantzitsuak egin direla aipatu du, baina oraindik helburura heldu ez garenez (euskararen normalizazioa), indar gehiagoz lan egiteko deia egin du. Ildo horretan, guztiok elkarrekin lan egitearen beharra ere aipatu du Kontseiluko idazkari nagusiak.
Izan ere, Bilbaoren esanetan “euskaraz bizi nahi duten herritarrei euskalgintzak babesa eman nahi die izan ere, guztiok elkarrekin lan eginez aurrerapausoak ematea lortuko dugu”. Iruñeko Planetariumean 2010eko azaroan aurkeztu zuen Kontseiluak egoeraren inguruan egiten duen irakurketa eta aurrera begira egiten duen proposamena. Norbanakoen aktibazioan indarra egin nahi du Kontseiluak aurrera begira.
“Euskararen normalizazioan guztiok dugu zeregina. Bakoitzak bere esparrutik jomuga dugun normalizazioan urratsak eman daitezen eragin dezake”, aipatu du Paul Bilbaok. “Herritar askok euskaraz bizi nahi duela aldarrikatu du modu desberdinetan eta baita eguneroko bizitzan ere. Hori guztia kudeatzen ahalegina egingo dugu”, esan du Kontseiluko idazkari nagusiak.
Datozen hilabeteetan gauzatuko duen lanaren plangintza onartu du batzarrak eta epe laburrean emango du Kontseiluak abian jartzeko asmo duen dinamika osoaren berri publikoki.
Bestetik, Kontseiluko bazkideen batzarrak Xabier Mendiguren Bereziartu ohorezko lehendakari izendatzea erabaki du. Mendiguren Kontseilua bere sorreratik ezagutzen du. Sortze prozesuan parte hartu zuen eta lehen hamar urtetan bertako idazkari nagusia izan da. Egindako lanaren errekonozimendu gisa oroigarri bat ere jaso du.