Euskararen tamaina munduko hizkuntzen artean
Wikipedian euskarak gainerako hizkuntzen artean duen tokia izan genuen hizpide. Oraingoan, Kike Amonarrizek Argian idatzitako artikulua dakargu ZuZeura. “Munduko hizkuntza guztiak 0tik 10erako eskala batean banatuko bagenitu hiztun kopuruaren arabera, zenbagarren postuan legoke euskara?”
Kike Amonarrizek (@KikeAmonarriz) abenduaren 24an Argia-ko Algara, edo ez gara blogean idatzitako artikulua.
Aurreko batean, lagun batek aipatu zidan, lan egiten duen Udaletxeko euskara planaren barruan EMUN kooperatibako kide batek honako hau galdetu ziela: ea beraien ustez, munduko hizkuntzen artean, euskara zenbagarren postuan dagoen, hiztun kopuruari dagokionez.
Ethnologue erakundearen arabera munduan 6.909 hizkuntza daude. Hiztun gehien dituena txinera omen da mila milioi hiztun baino gehiagorekin. Baina badira hiztun bakarreko edo oso-oso gutxiko hizkuntzak. Eta orain, erantzun zuk zeuk irakurle! Munduko hizkuntza guztiak 0tik 10erako eskala batean banatuko bagenitu hiztun kopuruaren arabera (10ean txinera eta 0an hiztun bakarreko hizkuntzak), zenbagarren postuan legoke euskara?
Joan den astean galdera hau planteatu nien Arrasaten, Gasteizen eta Altzon emandako hitzaldietara bertaratutakoei… Baina ez jarraitu irakurtzen, egindako galdera erantzun baino lehen!!!
Jasotako erantzunen artean bostetik lauk 5etik behera kokatzen zuen euskara eta gehienek 1 eta 3 artean kokatzen zuten. Gutxi batzuk 5-6ko balioetan ipini zuten eskalan eta jasotako ehundik gorako erantzunen artean, puntuaziorik altuena Arrasateko entzule batek eman zion: 7.
Egin dezagun, ordea, kalkulua. Milioi hiztun baino gehiago dituzten hizkuntzak 389 omen dira eta 100.000 eta milioi bat hiztun artekoak, 895. Euskarak, 800.000 hiztun inguru dituenez, multzo honetan 150-200. postuen inguruan ibil daitekeela pentsa genezake. Honek esan nahi du gure hizkuntza, hiztun kopuruaren arabera, munduko 550-600 postuen inguruan dagoela, hots, hiztun gehien dituen munduko hizkuntzen %10aren barruan! Hots 0-10eko eskala batean, euskara 9tik gora dago hiztun kopuruari dagokionez. Harrigarria, ezta? Nola liteke guk gure burua horren txiki ikustea, munduko hizkuntzen testuinguruan, indartsuenetako bat garenean? Gu baino askoz ere indartsuagoak diren hizkuntzez inguratuta gaudelako, agian?
Bestalde, guri iruditzen zaigu gure egoera oso eleanitza dela, baina hori ere ez da horrela. Europa da alde handiz (etorkinen hizkuntzak aintzat hartu gabe) hizkuntza gutxien duen kontinentea. Munduko hizkuntzen %3 besterik ez da hitz egiten Europan: 234.
Baina hiztunena ez da hizkuntzen bizitasuna neurtzeko aldagai bakarra. Iaz kaleratu zenLouis-Jean Calvet-en “Il était une fois 7.000 langues” liburuan eta Calvet Barometroa delakoan, hizkuntzak duten indarraren arabera sailkatzen ditu aldagai kultural, demografikoak eta ekonomikoak aintzat harturik, eta sailkapen horretan katalana 20. lekuan dago! Euskara ez da azaltzen baina ziur naiz azalduko balitz, lehen aipatu dugun 500. leku horretatik dezente gora egongo litzatekeela.
Munduan zenbat hizkuntza komunitatek du euskaldunok dugun kontzientzia, gogoa eta ekimenerako gaitasuna? Horiexek dira gure biziraupen historikoa segurtatu duten faktoreak eta gure etorkizunaren bermerik sendoenak. Konparazio batera, sarean 44. lekuan omen dago euskara ikerketa baten arabera. Twitter euskaraz eta beste 32 hizkuntzatan erabil daiteke; ez ordea, errumanieraz, bulgarieraz edo islandieraz (estatu-hizkuntzak izan arren!).
Euskaldun gehienok gure burua hiztun herri txiki eta ahul gisa ikusten dugu –eta hala da oraindik ere aspektu eta eremu askotan-, baina hemendik kanpora beste hizkuntza minorizatuetako kideek indartsu eta nahikoa handi ikusten gaituzte. Egia da ez garela sobera handi eta indartsu, baina egia da ere, ez garela uste dugun bezain txiki eta ahul.
OHARRA: Euskal Irratietako Goizberri saiorako (12-12-18) prestaturiko testuan oinarrituta
Kike Amonarrizek (@KikeAmonarriz) abenduaren 24an Argia-ko Algara, edo ez gara blogean idatzitako artikulua.