Euskararen strip-tease bat (IV)

Jaurlaritzako langile euskaltzalez osatutako Tiraka taldeak euskaldun berriei bereziki zuzendutako kontaketa pertsonalen bilduma egin du. Hamar istorio pertsonal jaso ditu taldeak, eta ZuZeun argitaratuko ditu. Euskararekin bizi izandako pozak, tristurak…nahi adina nahastuz, pasadizoak, frustrazioak, ilusioak…

Des glaneuses

(IV) Erromantizismo ukitua

Duela 56 urte Nafarroako Nazar herrian jaio nintzen. Duela bost mende edo euskara galdu egin zen Lizarraldeko eskualde horretako Berrotza haranean, hain zuzen. XVI. Mendean, 1512 urtean eta hurrengoetan, Nafarroako eta Gaztelako muga izan zen. Gaztelako armadaren kontra borroka latzean arbasoek bizitza, etxeak, ondasunak… euskararekin batera galdu zituzten. …

Euskara ez jakin arren, txikitatik euskalduna sentitzen nintzen, beno nerabetasunetik aurrera, batez ere. Nafarroan garai hartan (eta baita orain ere) ez da beharrezkoa euskara jakitea euskaldun sentitzeko, ni sentitzen nintzen moduan. Oraindik erdaldun eremuetan kontu eta baldintza asko lortu eta aldatu beharko dugu. Nola esan nire herriko lagunei euskaldunak ez direla euskara ikasteko aukera eman ez zaienean? Nahiko minduta daude euskara ez jakiteagatik… Normalizazio garaia oraindik ez da heldu, bidean bagaude ere.

Lizarrako, Orendaingo eta Tolosako Eskolapioetan ikasi nuen, erdaldun giro huts-hutsean. Karrera Valladoliden egin nuen, berriro Nafarroara bueltatu nintzen. 27-28 urte nituela ekin nion euskara ikasteari, une hori  arte ez nuen inon eta inoiz euskara jakitearen beharra eduki. Nire mundua erdaldun mundua zen, nire lagunak, nire familia  erdaldunak ziren… Gogorra, oso gogorra egin zitzaidan euskara ikastea. Hitz guztiak ikastea… Une batzuetan nire burua etsita ikusten nuen. Euskaltegietan soroetan baino izerdi gehiago bota egin dut, herrikoa izanda soroetan lan egiten ohituta nago, udan zein neguan

Lagun asko eta asko egin ditut ikasle eta irakasleen artean. Irakasleen aurpegi guztiak primeran gordetzen ditut; baita ikasteko prozesua ere, hasieran Oñatiko biztanleen elkarrizketak bakarrizketa (monologoa) ziren, bada haien berba saihestu nahian (bada piperrik ulertzen ez nielako)  nekien apurra erabiltzen nintzen nahiz eta banekien batueraz izanda, ikasle izanda nire esaldiak haientzat ere  ulergaitzak izango zirela.  Egun batean, berriz, urte dezente igaro ondoren, telebistan esaten zutena hasi nintzen ulertzen. Miraria! Zer poza! Hurrengo urratsa, nire euskaldun lagunez baliatu nintzen hedabideetara artikulu iritziak bidaltzeko (Liburutegi Nazionalari buruzkoak), garai hau ere luzea izan da; baina azkenean ailegatu zen eguna, non euskaldunen iragazkitik gabe hasi nintzen artikuluak hedabideetara bidaltzen. Aurrerapauso handia!

Euskara hainbat era desberdinetan ikas daiteke, baina esfortzua egin ondoren, hau iruditzen zait metodorik onena: euskara ikasi ahala erabiltzea; erromantizismo ukitu batean murgiltzea.

Ikasteko erarik onena da euskaraz bizitzea, hizkuntzarekin batera euskal kultura ere bereganatzea, euskal munduan murgiltzea, euskara gurea egitea, azken finean. Egun moda jarri omen da, euskara ikastea beste kanpoko hizkuntza bat izango balitz bezala, Euskara arrotza izango balitz bezala, eta tamalez emaitzak agerian daude!

Euskaldun bihur gaitezen ez soilik euskara jakitun!

(Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Saileko langile bat)

Zer duzu buruan “Euskararen strip-tease bat (IV)”-ri buruz