Euskararen ezkutuko bilera

Euskararen ezkutuko bilera –

Euskararen ezkutuko bilera
Zumarragako tren geltokia

Euskararen historian bada bilera bat presaka, isilka eta ezkutuka egindakoa. Bilera horrek berebiziko garrantzia izan zuen euskararen batasuna azkartzeko eta akuilatzeko.

Bilera 1967an egin zen. Hitzordua goizeko 09:00etan jarri zen Zumarragako tren geltokian. Garai hartan Gipuzkoa salbuespen egoeran zegoen eta arrisku handia zen orduko agintearen baimenik gabe elkartzea, batez ere ezkutuko bilera bat egiteko.

Bilera Franko diktadorearen administrazioko funtzionario baten eskariz egin zen. Garai hartan Espainiako Hezkuntza eta Zientzia Ministerioko funtzionarioa zen Serra Estruch jaunaren eskariz. Serra Estruch jaunak Euskaltzaindira jo zuen bilera antolatzeko, eta hitzordua Manuel Lekuona euskaltzainburuarekin lotu zuen. Bilerak ez zuen izaera ofizialik, isilpekoa zen. Serra Estruch jauna ez zetorren ministerioaren ordezkari, bere izenean baizik.

Lekuona euskaltzainburuak hiru euskaltzain deitu zituen bilera hartara joateko, presaka eta bezperan abisatuta: Koldo Mitxelena gipuzkoarra, Jose Mari Satrustegi nafarra eta Luis Villasante bizkaitarra izan ziren hirukotea osatzen zutenak, nahiz eta azken honi buruzko erabateko ziurtasunik ez dagoen.

Esan bezala, goizeko 09:00etan elkartu ziren Zumarragako tren geltokian Madrildik zetorren bidaiariarekin. Gipuzkoak bizi zuen salbuespen-egoera hartan bost pertsona ezezagun haiek Zumarraga bezalako herri koskor batean sor zitzaketen susmo txarrak uxatze aldera, Urretxuko komentu batera joan ziren eta han igaro zuten goiz osoa ezkutuko bilera hartan.

Serra Estruch jaunak oso mezu argia ekarri zuen: Franko ez zegoen luzerako eta frankismoa amaitutakoan, gaztelaniarekin batera, Espainiako gainerako hizkuntzak ere ofizialak izango ziren. Euskararen egoerari buruz ere tolesik gabe mintzatu zen. Serra jaunaren ustez, hizkuntza euskalki eta azpi euskalkietan zatikatuta egoteak ezinezkoa egiten zuen euskarazko irakaskuntzari heltzea, izan ere, eskolako liburuak horrenbeste euskalkitan argitaratzeko dirutza ikaragarria beharko baitzen eta, hori, dirutan, ez zen egingarria. Irakasleak ere euskara bakarrean irakasteko prestatu behar ziren eta ez Euskal Herriko euskara guztietan, hori ezinezkoa baitzen. Madrildik etorritako bidaiariaren aburuz, prentsa idatzian euskara bakarra behar zen euskalkietan sakabanatutako irakurlegoa biltzeko eta euskarazko prentsa sendoa eraikitzeko. Administrazioarentzat ere euskara bakar bat behar zen, ezinezkoa baitzen herri erakunde eta udal bakoitza bere euskaran aritzea. Euskara galbidetik garabidera ekartzeko ezinbestekoa zen hizkuntzaren estandarizazioa, eta halaxe adierazi zien Serra Estruch jaunak solaskide izan zituen lau euskaltzainei.

Bilera hark eragin handia izan zuen han bildutako akademikoen artean, begiak ireki zizkien eta euskararen batasuna premiaz egin beharreko lantegia zela ikusarazi zien. Hala, Serra jauna agurtutakoan, Manuel Lekuona euskaltzainburuak Zumarragako tren geltokian bertan agindu-eskari hauxe egin zion Mitxelenari: «Koldo, berehala hartu beharko duzu horren ardura» (Satrustegi, 2002). Salamankako katedradunak bere ixiltasunarekin onartu egin zuen ardura bere lepora hartzea. Handik urtebetera izan zen euskara batuaren Arantzazuko biltzarra.

Pasadizo hori Andres Iñigo Euskaltzaindiaren Nafarroako ordezkariak eman zuen jakitera 2018ko urriaren hasieran Euskaltzaindiaren lehen mendeurren ospakizunen karietara Akademiak Arantzazun egindako XVII. Biltzarrean. Andres Iñigori, berriz, Jose Mari Satrustegik kontatu zion behin baino gehiagotan, Satrustegik gidatzen ez zuenez gero, Andres Iñigok eramaten baitzuen Euskaltzaindiaren bilkuretara. Andres Iñigoren esanetan bidaia horiek hagitz interesgarriak izaten ziren Satrustegirekin, informazio handia izateaz gain, gauzak kontatzea ere izugarri maite zuelako.

Andres Iñigorekin egiten zituen bidaia haietan, Satrustegik bilera hura aipatzen zuenean, bi gauza argi jakin gabe geratu zitzaizkiola esaten zuen. Batetik, ez zuela jakin izan —Lekuonari galdetzea gogoratu ez zitzaiolako nonbait— Serra Estruch jauna zer mailatako funtzionarioa ote zen, baina pentsatzen zuen ez zela edozein bat izanen, euskaltzainburua ezagutu gabe, harekin harremanetan jartzera ausartu zenerako. Bertzetik, zer interes zela-eta ausartu ote zen pauso hori ematera, hots, bere kasa eta isilka Madrildik etorri, eta egoera hartan —Gipuzkoa salbuespen egoeran zegoela— non eta Gipuzkoan berean isilkako bilera bat egitera. Satrustegiren ustez esplikazio bakarra zen gizon hura pertsonalki ongi jabetua zegoela egoeraz eta, katalana zenez gero, ongi ulertzen zuela euskararekin ere edo, beharbada, batez ere euskararekin, sortzen ahal zen arazo larriaz.

Jose Mari Satrustegik ondo gogoan zeukan Manuel Lekuona euskaltzainburuak nola deitu zion telefonoz bileraren premia adieraziz, nora joan behar zuen zehaztuz, baina norekin eta zertarako elkartu behar zuten zehaztu gabe (Satrustegi, 2002). Era berean, Serra Estruch jaunak bilera hartan esandako gauza bat ere behin baino gehiagotan berritu zuen Satrustegik: zalantzarik ez dago Frankok euskara erabat desagerraraztea nahi zuela, baina hain argi zuen helburu horretarako ez omen zen hain argi ibili, izan ere, Serra Estruch jaunaren iritziz, Frankok nahikoa zuen gerra ondoren euskara hizkuntza ofiziala aitortzea jakinaren gainean izanda egoera hartan euskarak ez zuela burua altxatzeko aukerarik izango (Iñigo, 2018).

Jose Mari Satrustegik azpimarratzen zuen bertze datu bat zen Manuel Lekuonak oso argi ikusi zuela bilera hartan egin zitzaien planteamendu hura eta, hortik, Serra Estruch agurtu bezain laster, oraindik tren geltokian zirela, nasan zirela, Mitxelenari egindako agindu-eskaera.

 

 

(PATXI SAEZ BELOKI soziolinguista eta Euskaltzaindiko Sustapen batzordeko kidea).

 

 

BIBLIOGRAFIA

SATRUSTEGI, Jose Mari (2002), «Información magisterial en la correspondencia de Holmer y Mitxelena (1967-1976)», Fontes Linguae Vasconum 90, 323-352 or.

IÑIGO, Andres (2004), «Jose Mari Satrustegi: su aportación en el campo lingüístico», Fontes Linguae Vasconum 96, 373-380 or.

IÑIGO, Andres (2018), «Euskara Batua Nafarroan», Arantzazutik mundu zabalera (1968-2018). Euskaltzaindiaren XVII. Biltzarra.

Euskararen ezkutuko bilera
Euskararen ezkutuko bilera  Euskararen ezkutuko bilera
Euskararen ezkutuko bilera 

8 pentsamendu “Euskararen ezkutuko bilera”-ri buruz

  • Juan Inazio Hartsuaga 2018-10-29 09:38

    Apustu egingo nuke Txillardegik bidali zuela bere lagunen bat funtzionario frankista mozorropean, euskara batzeko lanetan behingoz hasi zitezen. Baita lortu ere!

  • Aurrekoan, Arantzazuko jardunaldien harira, Miren Azkarate entzun nuen irratian euskara batuaren sortzaileak gora eta behera. Txillardegiren aipurik txikiena ere ez zuen egin.
    Itsusia oso begitandu zitzaidan.
    https://www.berria.eus/albisteak/157110/gudari_eguna_eta_txillardegi.htm

  • “Txillardegi ez zen lehena, bistan da, euskara batuaren beharraz ohartu zena…
    Ez lehena baina bai ziurrenik, eta ez izan zalantzarik, kemen gehien erakutsi duena euskara batuaren beharraz euskaldunok ohartzeko.”
    http://txillardegi.gipuzkoakultura.net/gotzonaurrekoetxea.pdf

  • Juan Inazio Hartsuaga 2018-10-29 19:09

    Euskalgintzaren baitan lagunak eta etsaiak ikusten dituen horietakoa dela ematen du, eta gainera ez dirudi bereizketa hori euskaltzaletasuna ardatz hartuta egiten duenik, bestelako irizpideren arabera baizik. Txillardegirenak ez du izenik benetan.

  • Juan Inazio Hartsuaga 2018-10-29 19:23

    Erdi brometan esan dut baina zinez, pasadizoa surrealistegia da benetakoa izateko. Norbaitek sartutako ziriaren tankera osoa du. Interneten ageri diren bi Serra Estruch garaikide bakarrak antifrankista nabarmenak ziren.
    https://ca.wikipedia.org/wiki/Josep_Serra_i_Estruch
    http://revistaefemerides.blogspot.com/2009/12/domenech-serra-estruch.html
    Dena den, gaia zirragarriegia da bere horretan uzteko. Benetan merezi luke ikertzea 1967an izen horrekiko funtzionaririk ba ote zen Espainiako Zientzia eta Hezkuntza ministeritzan.

  • Kontua (edo ipuina?) Karmele Artetxek ere jasoa du 2010eko Komunitate zientifiko euskalduna izeneko tesian.

  • Juan Inazio Hartsuaga 2018-10-30 09:46

    MUFACE (Mutualidad General de Funcionarios Civiles del Estado), Seguritate Sozialaren erregimen mutualista berezi bat da, eta bertan sartuta daude, bere izenak dioen bezala, estaduaren funtzionari zibil guztiak, Bart egindako kontsultari zalu eta bizkor erantzun didatenez, MUFACEren datu baseetan ez dago SERRA ESTRUCH izeneko inor. Seguruago egoteko, SERRA-ESTRUCH, SERRA Y ESTRUCH eta ESTRUC grafiak ere kontsultatu dituzte, guztietan ezezko emaitza berarekin. Beraz, zalantza izpirik gabe esan daiteke SERRA ESTRUCH izeneko inor ez zegoela 1967an Madrilen Hezkuntza Ministeritzan funtzionari. Hortik aurrera pentsa daiteke egiazko funtzionari batek gezurrezko izena eman ziela euskaltzainei, egiazko SERRA ESTRUCH batek ziria sartu ziela, edota ez funtzionari ez SERRA ESTRUCH zen batek ziria sartu ziela halaber. Pasadizoaren surrealismoari erreparatuta, ziriaren hipotesiaren alde egingo nuke.
    Ziria izan bazen, suma daiteke nork antolatua eta uler daiteke, gero, errespetuz, – Akademaren eta batez ere euskara batuaren errespetuz, alegia-, inoiz ez aipatua. Baina horrela izanik ere, harrituko nintzateke zirikatzailea hilobira partitu izana inoiz inori ziriaren berri eman gabe. Egon behar luke nonbaiten horren berri zehatza isilpean gordea duenik. Ba ote?

  • Neri burura dartorkit beti, botere borroketan nor izaten den interesatua zentralizazioetan. Dispertsioak kontrola ezinak dira. Jerarkia eta uniformitatea, beti ere kontrola errazagoa (nahikoa kupula infiltratzea iada dena kontrolatzeko).