Euskararen erregistroak

Euskararen erregistroak –

Blogean idatzia

Hautsak pixka bat harrotu dira azken orduotan Iñigo Martinezen agur-oharraren harira. Batzuk nabarmendu dugu, espainolezko bertsioa espainol batu eta erregistro jasoan dagoen legez, euskaraz ere hala beharko lukeela, euskara batu estandarrean. Ondarroako euskararen transkribapen legez idatzi izana defendatu dutenek diote bere kanal pribatuan dabilela eta gura bezala egin dezakeela. Eta erdara hutsean dabiltzanen aldean zer nolako hautsak harrotu dituen azken horrek. Nire iritzian, kanal pribatua izanda ere, milaka jarraitzaile badituzu, eta agur formal bat egiteko unean, erregistro jasoan beharko luke. Ez dut uste esan beharra dagoenik, baina eremu formalean batuaren alde egoteak ez dakar bestelako eremuetan, ahozkoan batez ere, norberarenean egitearen kontra egotea, demagun herriko bilera edo emanaldi baten.

Euskararen erregistroak

Neure argudioak, horraino. Kontra-argudioak, orain. Aiert Goenagarekin izan dut eztabaidatxoa, eta beste ondarrutarren bat ere minduta edo haserre igarri dut. Ez zen hori asmoa, baina ulertzekoa da azkenean norbere euskararen aurkako kritika bezala ulertzea. Eta agian ordu gutxian gaiak hartu duen dimentsioak –beti ere euskarazko sare sozialetako dimentsioak kontuan izanda, askotan eztabaida itzela iruditu zaiguna dozena erdi lagunen arteko solasaldia baino ez da eta-, iruzkina behar zuena neurriz kanpora ekartzea ere eragin du. Hau da: niri ez zait iruditzen erregistro hori egokiena denik, baina Aiertek dioen bezala, euskaraz eta euskaldunok dugun arazoetan hamar edo hamabosgarrena izango da hori. Eta inor ez da kexatzen euskararik erabili gabe mezuak erdara hutsez idazten dituzten jokalariengatik (Iñaki Williamsen kasua: milaka gaztetxorentzat idoloa, kanpotik etorritako askorentzat eredu, baina gure frakaso kolektibo baten adibide ere bada 1994an jaiotako euskal herritar batek euskaraz ez jakitea, Nafarroako erregimen zaharrari esker).

Badago beste datu kezkagarri bat ere: horrelako eztabaidak Ondarroako euskaraz egitean sortzea, baina ez erdialdeko hizkeren kasuan. Onerako zein txarrerako, ondarrutar, lekeitiar zein gernikar batek ondo daki bi erregistro oso desberdin direla bere etxekoa eta euskara batua (agian bizkaiera batuak egin zezakeen zubi-lan hori, baina beste baterako utz dezagun gaur hori). Ez dut probintziakeria gisa esaten, iruditzen zait Urola aldeko eta are Goierriko euskaran dihardutenek ere, batutik hurbilago egon arren, oso erregistro desberdintzat dituztela etxekoa eta batua, eta unean-unean bata ala bestea hautatzen dutela, kontzienteki. Aldiz, Beterriko euskararen kasuan gehiegitan nahasten direla iruditzen zait, “dihoa” eta “daramazki” euskara batuan direlakoan erabiltzeraino (eta aldiz “daroa” bizkaierari dagokiola). Euskal kulturaren erdigunean bizi dira, eta euskalki horren ezaugarriek etengabe zipriztintzen dituzte Euskal Herri osorako idatzi eta, batez ere, ahozko mezuak. Bertsolari txapelketan ikusi dugu berriki: elkarrizketatu lapurtarra zein bizkaitarra, dotore-dotore euskara batu jasoan, eta elkarrizketatzailea bere herriko euskara eta batua nahasten dituen molde horretan. Araua, oro har, kazetariak euskara batua egitea eta elkarrizketatua izatea erantzunak zein euskara-motatan eman gura dituen (arau malgua, garai baten hartua adineko jendearen aurrean batez ere konplexurik gabe bere euskara erabil zezaten, ez dakit zein neurritaraino den baliagarri gaur egun kulturgile gazte bati elkarrizketa egitean, baina oro har argi dago kazetariak/elkarrizketatzaileak duela euskara batuan egitearen ardura, elkarrizketatuak baino gehiago).

Horregatik, ulertzen dut ondarrutar bat baino gehiago mindu izana. Euskarak mila arazo baditu, Ondarroa ez da horien artean egongo, konponbideen artean baino; kostako zaigu herri jatorragorik topatzea. Ezin uka: gure hedabideetan hegemonikoa den euskara moldetik urruntzen den hizkera biziak entzutean, ia automatikoki piztu ohi dira iruzkinak euskara mota dela eta. Positiboak gehienetan, Ur Handitan-en Bermeoko euskararen kasuan (iruzkin bat: azpidatziak ere erregistro baliagarria dira eta ez litzateke inor irainduta sentitu beharko, ingelesezko telebistek askotan egiten dute Antilletako edo ingeles estandarretik urrun samar dabiltzan hiztunen kasuan), eta gehiegizko kritikan beste batzuetan, ondarrutar bat baino gehiago mintzeraino: banakako kritikak izan arren, mordo bat izan garenez iruzkina egin dugunok, azkenean mingarri ere bada, espainol hutsez edo beste euskalki kasu batzuekin alderatuz gero.

Laburbiltzen: anekdotikoak dimentsio handiegia hartu du denbora laburrean. Euskararen erregistroak bereiztea komeni da, baina zentrotik hasita: euskara batutik urrunen dagoena beti da kontziente zein erregistrotan ari den, baina eremu honetan arazo nagusia, hurbil egotearen aitzakian etxeko euskalkia eta batua nahastuta eta ezin bereizita ibiltzea da, “deu/dezute” denek ulertzen duten aitzakian “dugu/duzue” sekula esaten ez duten kazetari zein unibertsitate irakasleena, eremu formalenean ere erregistroak bereizteko gai ez direla esaten dutenena, nahiz eta gero arazorik ez izan goitik beherako diskurtsoa egiteko espainolez zein ingelesez. Etengabe entzuten eta hedatzen den erdi batu/erdi beterriera horrek denok zipriztintzen baikaitu, eta horrek badu eraginik Gasteizen edo Barakaldon euskara batua txukun ikasi eta hedabide zein eskoletan etengabe beste eredu hori entzuten dutenengan.

Euskara batuak 50 urtean bide luzea egin du, ona gehienean, baina albo-kalteak ere hor ditugu: euskararen ustezko erregistro jaso eta formalak ez dauka beste hizkuntza batzuetan erregistro formalak daukan prestigiorik, ez da sentitzen imitatu beharreko elitearen hizkuntza legez, euskalkirik ez dutenena edo besterik ez dakitenena bezala baino. Arazoa ez da euskalkidunena bakarrik, euskarak oro har daukan menpekotasun-rola dago oinarrian, baina larria da erregistro jasoak prestigiorik ez izatea. Batentzat batua artifiziala bada eta ahoz –eta are, idatziz, ikusi berri dugun legez – bere herrikoa badarabil milaka lagunei zuzentzeko, bere askatasunetik dihardu, noski, baina ideia edo irudi orokor bat ere ari da hedatzen. Unibertsitate-eskolak eman nituenean esan izan nion bere herriko euskara transkribatu nahian idatzi zidan ikasle bati hori ezin zela izan ikasketetan darabilen erregistroa. Eta ez idatziz bakarrik, ikasleei ahozkoan ere euskara batua erabiltzeko ahalegina eginarazi beharko litzaiekeela iruditzen zait, irakasleei galdetzerakoan zein aurkezpen bat egiterakoan. Zer esanik ez, soziologia edo arkitekturako unibertsitate-irakasle batek ez luke eskolarik eman beharko bere euskalkian, etxeko hizkera euskara batutik oso hurbil dagoela iritzita ere: zaku handia da euskara batua (bai, “gura” eta “bertze” eta “berba” eta “ele” ere zilegi dira), baina aditzean eta deklinabidean baditu arau estuxeagoak; “de(g)u/dezute”, “dihoaz” eta “zeramazkin” ez daude zaku horretan, “dogu” eta “daroadaz” ez dauden legez.

Bistan da, jarrera hau, kontrakoa legez, erabaki politikoa ere badela, euskaraz bizi den Euskal Herri batek erregistro jaso formal bateratua behar duelakoan, eta gure geografiaren zati handienean gehienen hizkuntza espainola dela kontuan izanda –batzuentzat hizkuntza bakarra, beste batzuek euskaraz jakinda ere espainola dakarte etxetik. Hau da, erraztasuna eta naturaltasuna argudiatzen dutenek eremu formalean bere etxeko hizkera erabiltzeko, zein mezu helarazten diote erraztasunez eta naturaltasunez espainolez egingo lukeen euskaldunari? Euskara batua ez dela erregistro jasoa, besterik ezin duenarena baizik. Bere euskara artifiziala eta koloregabea dela, 2018an dagoeneko milaka euskaldunen berezko euskara hori izanagatik. Eta horren aurrean, badira, konplexuz, euskalkiz zipriztintzen saiatzen direnak, guraso erdaldunak izan eta “det” darabilten gasteiztarrak, baina baita beste bidea hartzen dutenak: zure hizkera naturala herrikoa bada, nik ere herrikoa, espainola alegia, eta euskara batua utz dezagun eskolako testuetan fosilduta.

Horixe bada, txarto esanak barkatu eta aupa Ondarroa eta ondarrutarrak.

Euskararen erregistroak Euskararen erregistroak Euskararen erregistroak Euskararen erregistroak Euskararen erregistroak Euskararen erregistroak Euskararen erregistroak Euskararen erregistroak

20 pentsamendu “Euskararen erregistroak”-ri buruz

  • Euskalkia eta batua nahasten dituzten asko daudela diozu. Edo biak jakin arren ez dutela momentu egokian erabiltzen: unibertsitatean, komunikazio publikoetan…
    Oso ondo. Eta erregistro biak jakin edo nahastu ordez euskalkia bakarrik dakitenak zer? Asko eta asko dira (bizkaitar asko, lapurtarrak…), baina badirudi errealitate hau ahaztu egiten dela. Bizkaitarrok ez dugu neutsazan/nituen edo dotsaraz/dizkiot nahasten; batua hain da desberdina zentzu batzuetan, kaletar askok eta askok eta askok eta askok ezin dutela hain salto handia egin.
    Sukaldari, txirrindulari, dendari, dantzari, futbolari, enpresari, arrantzale edo margolari Bizkaitar batek batua ez badaki, nahiago duzue erdara hutsean aritzea dakien bizkaiera horretan idaztea edo mintzatzea baino? Ez, ezta? Bada orduan, ez eskatu harakin, transportista edo futbolari bizkaitar bati bertsolari edo kazetari bizkaitar bati eskatzen diozuen hizkuntz trebetasun maila berezi hori. Errealitatea hobexeago ezagutuz gero, bidezkoa ez dela konturatuko zaretelakoan nago.

    • Barka, baina 2018. urtean bizi gara, eta ez dago adin horretako euskaldunik eskolan batuan ikasi ez duena, hau da, alfabetatua ez dena. Eta badakizu zer den alfabetatua ez dena.

  • Txopirekin nago, nola ausartzen gara bizkaietarrei batua ikas dezaten eskatzera? Gaztelaniadun bati batua ikastea gaztelaniatik, askoz zailagoa denean bai, baina bizkaitar, lapurtar…eri? Txoratutak al gaude? Ta Iñigo Martinezen kasuan gehiago, daukan adinarekin ziur inoiz ezin izan duela euskarazko klaserik eman, ta gaixoa, nola eskatuko diogu euskara batuan egitea…
    Gaztelaniazko mezuari dagokionez, nago hori Iñigo Martinezen gaztelania dela, bai horixe…..
    Batua ez dakien euskaldunak, batua ikasi beharko zukeen edo behintzat saiatu, benetan euskara maite badu, bestela , niretzako ez du eskubiderik besteei euskara ikas dezaten esateko.

    Hau pagotxa hau euskaldun euskaltzaile batzuena, besteei eskatu bai, beraiei ez.

  • @Suagaar: zu zoaz Bermeoko/Mungiako/Lekeitioko/Markinako/Ondarruko taberna/jatetxe/denda batera eta esaiezu ezin dutela publikoan euskaraz hitz egin beraien euskara lotsa eman behar dielako. Zuk esaiezu beraien familia eta lagun guztiek egunero horrela hitz egin arren, klaseak aditzera joan behar dutela “erregistro aldaketa” egiteko gai ez badira beraien errua dela.
    Horrela euskara indartzen ari zarela uste baduzu, nire ustez oso oker zaude. Batua ez duzu indartuko eta bizkaiera ahulduko duzu, hau da, euskarari kalte egiten eta ondorioz gaztelania gehiago indartzen egongo zara. Zorionak zure sentsibilidadeagatik eta bizkaitarron azalean jartzeko duzun gaitasunagatik. Eskerrik asko eta agur.

    • Bermeora banoa, beraiek ulertzen saiatuko naiz, ta ulertzen ez baditut ta tematzen badira, nirekin ta euskaldun mordoekin gaztelaniaz egitera behratuak egongo gara, zer ez duzu uzteko, Bermeora inoiz joateko Bermeotarrez ikasi behar dudanik ez? Ta ez diot beraien euskara ez duela balio, baina gaztelaniazko dialektuarekin edonora joaten bazara, hau da batuan egin behar den lekura, zer gertatuko zen? Zer esaten dute Andaluziarrei buruz adibiez? Ez dute dialketurik? Bai. Balio du?Bai. Edozertarako? Ez.
      Sentsibilitateari dagokionez, gaixoak, gaztelaniadunei exigitzea ondo dago, baina Bermeokoari ez, gaixoa bera ezin izan duelako ikasi ta ez duela nahi inolako esfortzurik egin ikasteko nahiz ta gaztelaniadun batek baino errazagoa izan. . Baina ni naiz euskarari mina egiten dionak, ta ez gure hizkuntza nazional bakarra ikasi nahi ez duenak. Ezin gaztelaniadunari eskatu, zuk egiteko prest ez zaudena.
      Ta hor kalte egiten diotenak euskarari, Bermeotarrekin tematzen direnak dira ulertzen ez dituzunean. Horretarako bait dago hizkuntza batua edozein hizkuntzan.
      Bitartean, gaztelania ta Frantses batua idartzen ditugu, ez diogulako euskaldunei eskatuko beraien hizkuntza batua ikas dezaten. Pixka bat behintzat, ez naiz tituloaz ari.

      Hor, sentsibilitaterik ez duenak, euskalkiarekin tematzen dena da.

      Ez banaute uletzen enaiz tematuko hoela hitzeiten hoela hitzeiteko ohituta naolako, nayo nula hoela jardun errazo ateatzen zaidalako? Izan like, baina gauza zea da, nie hizkeran ein edo euskaraz bizi? Batzutzako beraienean ein. Batuan dakina nigatik ez da gaztelaniyara pasa behar, esan dezakegu berdina berayenarekin tematzen diren hoyei buruz?Gaztelania batua sortu zanean kexa berberak egon ziren, baina azkenean den denek ikasi zuten.
      Euskalkiya bere lekua u, baita euskalkiyan bizitzekore, baina euskaldunak bagea, euskara salbatzea nahi bagu, euskara batua ezinbestekoa da, gero bakoitzak ein dezan nahi duena. Hori bai, niretzako ezin zayo gaztelaniadunei exigitu, gu eiteko prest ez gaudena. Sentsibilitate falta niretzako besteena da, baina tira iritzi kontu izango da.

  • Yacabaul fubol danoeta 2018-02-01 10:04

    Ez da bizkaera kontua. Gazte askorengan zabaltzen ari den jatorrismoa da, baita Gipuzkoan ere. Gipuzkoako edozein herritan ikus dezakezu, afixa idatzietan eta abar.
    Eta hori ez da euskalkia, ia ia transkripzio fonetiko hutsa da. Euskaraz ezin bada transkripzio fonetiko hutsa baino gehiago eskatu IDATZIZ publikoki, ederki goaz.
    Eta noski, hori euskaraz bakarrik egiten da, ez gaztelaniaz. Kaleko hizkera sano eta jatorrean idatzi nahi badu, egin dezala bi hizkuntzetan… Baina noski, gaztelaniaz horrela idatzita, kateto xamar gisa geratuko litzateke, euskaraz ordea superjatorra da.
    Euskara zertxobait ez lantzeko aitzakia merkea iruditzen zaizkit horrelako jatorrismoak.
    Gaur egun, hogeitaka urteko pertsona eskolatu bat ez bada gai euskara estandar xamarrean (eskisitoak jarri gabe, euskalkiari lekutxoa utzita) ohar publiko ba egiteko…

  • Barkatu esatea, baina Urtzi Urrutikoetxeak ederki asko dauka irabazia puntuazio eta joskera ikastaro bat. Euskararen erregistroez jarduteko, aurrena euskaraz behar bezala idazten jakin beharra dago.

    Artikulu hori anabasa irakurriezina da (errespetu osoz esanda).

  • Ez dot ulertuten zein dan arazuen gakue. Batueraz ikasi dauienak geure euskalkijetan ez gaitzuziela ulertuko?. Benidorm, Torrebieja, Paris, Laredo, Conil, eta abar gitxiau saldu ta gehijau Ondarru, Lesaka, Bermeo, Getari eta abar, euskalkiak gehijau entzuteko eta aitzuteko.

    • Ez da harritzekoa, harritzekue, zur entelegatzeko modun, zer Torrevieja “b-ez” idazten baduzu, Benidorm “m-ez”, zergatik, akaso ahoskatzen al duzu? Paris eta Conil, eta ez Parys eta Conyl, erdarazko araua garbi zeureganatu duzulako seinale, euskarazkoa ez, ordea, gogoak ematen dizun bezalaxe idazten baitituzu euskal herrien izenak.

  • Suagaar, honakoa diozu: “nola ausartzen gara bizkaietarrei batua ikas dezaten eskatzera? Gaztelaniadun bati batua ikastea gaztelaniatik, askoz zailagoa denean bai, baina bizkaitar, lapurtar…eri? Txoratutak al gaude?”, “Ta Iñigo Martinezen kasuan gehiago, daukan adinarekin ziur inoiz ezin izan duela euskarazko klaserik eman, ta gaixoa, nola eskatuko diogu euskara batuan egitea…”

    1991ean jaioa da Iñigo Martinez. Nola demontre ez zaio ba eskatuko batua jakitea, euskara arautua jakitea? Mesedez.

    Zaila da Urtzi Urrutikoetxeak artikuluan azaldu baino hobe azaltzea. Ez gabiltza euskalkiaren aurka egiten. Kontua ez da euskalkia ez dela egokia, egokia bada, testuinguru askotan. Bermeoko edo ondarruko kantinan, lagun artean, whatsappez, eta nahi duzun mila modutan. Nik ere badarabilt egunerokoan. Kontua da futbolari batek sare sozialetan zabaldu ohar ofizial batean ondarrutar nahieran transkribatua erabili duela. Gainera, gaztelania batuan idatzitako mezuarekin alboan. Demontre! honek hautsak harrotzea, bizirik gaudenaren seinalea da.

    Komunitate españolean, jokalari andaluzak Real Madrilen afizioa Cadizeko hizkera transkribatuan despedituko balu, edo Lakers taldeko jokalariak afizioa Bronxeko hizkera transkribatuan agurtuko balu ere, polemika edo eztabaida piztuko litzateke.

  • Barkatu ulertu ez bada, ironikoa zen. Badakit batuan ikasi duela, horrexegatik ez dut ulertzenbere euskalkia zergatik erabili duen . Gutxiago ulertzen ditut hori defendatzen dutenak. Esan nahi nuen, gaztelaniadun batek zailagoa duela euskara batua ikastea bizkaitar batek baino, ta gaztelaniadunari eskatzen badiogu, bizkaitarrari ere. Horrexegatik bukaeran nion batzuen pagotxarena, gaztelaniadunak ikas dezan baina euskalkidunak ez, berdin omen du gero batua dakitenak gaztelaniaz egitera behartzen baditu.

  • Nafarroan UPNkoen jarrera gai honetan argia da:
    “Nosotros no estamos contra el vascuence natural que se ha hablado en algunos pueblos de Navarra. A lo que nos oponemos es al batua, ese invento nacionalista que se nos quiere imponer.
    Beraz, bizitza publikoaren arlo guztietan euskalkien presentzia defenditzen dutenek aliatu ederrak dituzte.

  • Euskalkia izanda euskera batua, idazteko soilik erabiltzen dudan euskera “jaso” artifiziala da.

  • zaccarias beltza 2018-02-02 00:43

    Bihoa iruzkin labur bat artikuluaren harira. Euskara “batua” deritzon honek orindik ez dauka bere PROSODIA garatua, inguruko erdara indartsuek ohi dutenez, eta hain zuzen horregatik gabiltza aiko-maiko honelako eztabaidatxoak sortzen diren bakoitzean. Hau da gure gabeziarik handienetakoa, nire ustez behintzat.

    Bestalde, kontua ez da Euskara batua vs. euskalkiak kontrajartzea, askotan egiten dugun legez, euskara ONA eta KAXKARRA bereistea baizik. Euskaldun zahar askoren euskalkiari erraparatuz gero (fonetismoak eta azaleko apaindurak alde batera utzita), ohartzen gara oro har beren euskararen maila penagarria dela. Hori da kontua.

  • zaccarias beltza 2018-02-02 00:53

    Ah! Eta aipa dezagun orain zenbaiten ahotan dabilen EMAKUMERA BATUA (sic) delako hori ere. Lehendik gure euskarak ez zeukan zamarik aski sorbalden gainean, eta orain emakumezko politikoki zuzen hauek generoen trataera egokia zaintzeko behatoki berezi bat sortuko lukete denok “korrektoak” eta superguay izan gaitezen. Besterik ez zuen euskarak behar…

  • Deitu konspiranoikoa, gura/gogo/nahi/plazer bad*zue, baina susmoa daukat hauts hauek guztiak euskalki futbolistikoengatik harrotu direla, alegia, Iñigo Athleticek fitxatu duelako.

  • luki maidagan aierdi Atzo
    Hobeto al dago ?
    Lucio Maidagan
    Jue 01/02/2018, 20:21
    Beste ahalegin bat egitera noa, euskara batuaren hiztegia badaukat, baina zaharra da; estilo liburua egon naiz irakurtzen; eta oraingo gutuna laburragoa da, ez dira bi, bakarra baizik, ez dauka oharrak, kontaratu naiz akatz batzuek zaukala lehengoak eta horregatikan ikusi nuen oharrak behar zuela. Argitu beharra daukat,estilo liburua irakurri bai, baina ikasi? bigarren aldiz ira-

    kurri beharko dut hurrengo batean eta denbora gehiokin, baina nola ez naizen kazetaria eta nire gutunak ez duen estiloaz hitz egiten, nola irakurle bat naizen bakarrik,nire iritzia emateko asmotan idatzi duena euskerari buruz, nik uzten dut barkatuko duzutela akatz bat edo beste =

    Nola da askatasuna edo libertatea ?

    Euskarari buruz eztabaidak egoten direnez nik ere gauza

    batzuek ezan nahi nuke:Sarasolak egin zuenean kritika E.-B.ri,traketza izan zen bere”miratu”eta”tradizioa” aipatuz,aspertu arte.Orotariko Hiztegiak 25m. hitz dauzkala,nire iritziz%95 Erdera´kadak (E.) izango dira,aze liburua eta aze hiztegia,E.raz beteak.Zuazo eta Amurizak euskalkiak nahi dute sartu,ondo dago baina E.kadak kendu gabe?.Kintanak Mutriku´ko herriari kritika egin zion,ezanaz ez dela”gaba” “gaua”dela,leikena,baina bere idatzietan sartu zuen berak ba E.kadak,horretaz kritikatzeko? Euskaltzaindian haserretu egin ziren gramatikalariek,nik galdera bat egingo dut,jakinda7liburu daukatela aterata,liburu gehiago,inok ez badu ez irakurriko eta ikasiko?Hobe ez lexikoa gehiago lantzea,ikertzea?garbiketa sakon bat egitea. Badakigu zer gertatzen den kalean euskararen irakasleak E.dagehiegi,ikastoletako umeak,irten eta erderaz, gasteak ez dutela ondo hizketan egiten,idazten,ventania,espumia, inportantea,tio(neri ez ezan tio,osaba naiz)hemen tio ezaten da!!besteak,veinte urte,maiatza(loraila)Idazle askok nahi duten bezala.EuskalT.2E.raz.S.ColinakBERRIAn:metrika,rol,pozizio, kantatzen….Dakitenak?ez badute ondo hizketan egiten?idazten? Denok aspertzeko arrizkuan gaude.Akatza zustraian dago: dagoen erderakadarako joera da!!Gure buruko Euskal Hiztegia apurtuta dagoela. Maidagan eta Aierdi Luki (Mutriku)

    Erantzun

  • ganbaratxotik 2018-02-06 17:31

    Ba nere ustetan arazoaren muinean dagoena komunikatzeko gogoa dagoen ala ez dagoen da. norberarentzat zerbait garrantzitsua dena besteei “pasatzeko” nahia duenak, interesa duenak, ahaleginak egingo ditu bere mezu hori ongi heldu dadin, modu argi eta errez ulertzekoan. Nago, erregistroen nahasketa hori bi arrazoiengatik ematen dela: bat utzikeriagatik, axolabakokeriagatik,, hau da, berdin zaio mezua hartzaileari iristea zeren sakon-sakonean berdin dio, zeren helburua ez lortzeak ez dio inongo kalterik ekarrriko. Hau Iñigo Martinezen kasua litzateke. Eta bi berariaz egiten den erabilpena. Hau da, ez-komunikazioa bilatzen da nahita edo nahi gabe( Mikel Laboak esango zukeen bezela). Esan nahi baita, euskalkiak asko errezten ditu elkarrizketa kaotikoa eta adostasuna lortzeko zailtasunak. Gehiegikeria dela begitanduko zaio bati baino gehiagori baina zenbait kontestutan, batez ere politikoetan, joera hori oso nabarmena dela esango nuke.