Euskararen ahoskera EITBn
Euskararen ahoskera EITBn
Euskal Telebista ikusi-entzuten dudanean goragalea ematen didala esan behar dut -egia esan, daukan programazioarekin ez gehiegitan-, bertan lan egiten duten kazetari eta esatari gehienak (ez denak, zorionez) Euskal Herriko herri-izenak, toponimia, euskal-abizenak, eta abar esaten dutenean erabiltzen duten ahoskerarengatik.
Zarautz; Zorrozaurre; Zamudio; Zuia, eta abar Espainiako Zamora balitz bezala ahoskatzen dute. Zabala; Zabarte; Zelaia edo Zubiaga abizenak Zorrilla balitz bezala -hobeto esanda, Zorriya-. Ikaztegieta, Azpeitia, Gaztelu edo Lezama Pozuelo balitz bezala, eta abar. Hau da, euskal ahoskera alde batera utzi eta gaztelaniaren ahoskera hobesten dute.
Ez da gauza bera gertatzen, ordea, beste herrialdeetako herri-izen edo abizenekin -Katalunia, Erresuma Batua, Frantzia…-; oso zaila izango zaigu honelakoak entzutea: Puigdemont (Puchdemont-en ordez); Domenech (Domenek-en ordez); De Gaulle (Degol-en ordez) edo Shakespeare (Shespir-en ordez).
Zoritxarrez, ez da EITBn bakarrik gertatzen; guk geuk ere, askotan, gauza bera egiten dugu, eta ez bakarrik gaztelaniaz hitz egiten dugunean, euskaraz ari garenean ere berdin egiten baitugu.
Zenbat euskaldun dira Zabala, Zarraga, Zaldua edo Zelaia abizena dutenak eta bere horretan ahoskatzen dutenak? Hau da, Z hori Zamarreño bezala ahoskatzen dutenak?
Kataluniarrei, ordea, berdin zaie katalanez, gaztelaniaz edo frantsesez ari; haiek bere abizen edo herri-izenak katalanez ahoskatzen dituzte -Girona, Lleida (ez, Yeida), Puchdemont, Jordi Puyol…-. Hizkuntzaren ahoskera ondo zaintzen dute; ez eurek bakarrik, EITBk eta Espainiako telebistak ere, ederki zaintzen dute katalanaren ahoskera.
Benetan, lotsagarria ez-ezik nazkagarria ere bada utzikeria hau. Goragalea alde batera utzi nahi dut. Euskaldunok gure hizkuntzaren ahoskera zaindu behar dugu; ez bakarrik euskaraz hitz egiten dugunean, gaztelaniaz, frantsesez edo katalanez ari garenean ere. Gure abizena Zabala bada eta Zamora bezala ahoskatzen badugu, ez gara ezer esaten ari; euskararen ahoskeraz esanez gero, zabaltza, zabalera… adierazten ari gara; zerbait esaten ari gara. Eta EITBri eskatuko nioke, inolako baimenik gabe gure etxeetan sartzen denez, zaindu dezala euskararen ahoskera bere kate guztietan, irratian zein telebistan; ez dut uste hain zaila denik.
Euskararen ahoskera EITBn
Ondo dago inori bikaintasuna eskatzea, baina nago trukean norberak bikaintasun hori bera erakutsi beharko lukeela eredu, eta zurean, ez puntuazioaren aldetik, ez konmuztaduretan, ez dut inondik topatzen delako bikaintasun hori. Hutsak, honakoak: gehienek, denek, esaten dituzte, balira bezala, aritzea/ ari diren, bere(n)…Hori ikusita, “goragaleaz” barik, hobe zenuke hobekuntzaz hitz egitea, tonua zertxobait apalduta, ahal dela.Ondo segi.
Nik neuk, humano trakets samarra naizela erakutsita, botagura sortu diot neure buruari, “komunztadura” barik, “konmuztadura” idatzi dut eta. Hau nazka!
Ez nator zurekin bat, Irala. Joxanek eskubide osoa du EITBri egiten dion kritika egiteko, EITB komunikabide publikoa da eta zilegi da euskal izen-abizenak behar bezala ahoskatzeko eskatzea, nahiz eta Joxanek berak “bikaintasunez” idatzi ez. Zure argudiobideari jarraituz, igeltsero bati ezin zaio lardaskeria bat kritikatu, igeltserotzaz berak beste edo gehiago jakin ezean; medikuari ezin zaio kritikatu botika txarra eman izana, medikuntzaz hark adina edo gehixeago jakin ezean… eta segi hola.
Dena den, Joxanen kritikaren funtsarekin bat etorri arren, ez zait tonua gustatu.
Joxean, oso ondo, zurekin ados, EITBk hori ez du era inozentean egiten. Gure historiari buruz ikertzen duten katedradun internazionalak etortzen direnean eta EITBk hartu nahi ez.
Gure hizkuntza horrela erabiltzen dutenean.Aurkezke “tipo” konkretuak aukeratu, badirudi hemen “Inaki lopez” estilokoak behar ditugula eta abizen euskaldunak dituzten hemengo guztiak ANTENA3 n. Hau dena ez da kasuala, EITB aktibo estratejiko bat da, eta mezua argi du, “zuek ez zarete herri bat,Espainiako autonomi bat soilik,besteak bezela dantza tipiko batekin, plater tipiko batekin, eta aztento tipiko batekin (españolez)”.Beste guztia ezabatua izan behar da, herri bezela definitzen gaituen edozer, eta euskera ere denbora kontua da.
EITBren hizkeran, eta euskerarekiko mesprezua eta “minimoak soilik betetzea” ez dira berria guretzat.Programazioaren kalitatea ere, buf, ezingo nuke aktibismoagatik ere ikusi.
Formaren inguruan, neri dagokionez barkatua daukazu, badakit eta zihurrenik haserre idatzi duzula.
Tamalgarriena, “euskal” alderdiak, PNV eta SORTU, barruan daudela, ez? Ta salatu ere ez dute egiten,
Argi dago hor pastela Bizkaiko PNV k eta PSOEK mozten dutela.
Gabon. Aurrekoari erantzunda, esan gura dut nire ustez hizkuntza ez dela jakingai bat (igeltserotza edo medikuntzaren modukoa) batzuen eskuetan bakarrik erabiltzen dena. Hizkuntza DENOK partekatzen dugun tresna da, eta DENON esku dago aberastea, hobetzea, zorroztea , apaintzea edo kamusten eta ugertzen uztea, utzikeriaren utzikeriaz. Nire ustez, euskararen arazoaren MUINA ez da ETB (eta arazoa izan bada, eta horixe dagoela hori kritikatzeko eskubidea eta beharra) edo ETBko kazetari batzuen ahoskatze narratsa edo bestelako kontu konkreturik, ezpada SIMULAZIOA, plantak egitea, ardurak inorenganatzea, BESTEARI ZUK EGITEN EZ DUZUNA ESKATZEA.Esaterako, guraso euskalduna umeari euskaraz egiteko diotsona bera lagunekin erdaraz barra-barra ari den bitartean, edo euskalduna amaren bularretik euskara hartu zuena eta maite-maite duena baina gauza ez dena ezer ganorazkorik irakurtzeko, hiztegi eta joskera rakitikoak erabiltzen ditu eta, edo…
Ados, kazetari batzuek ez dute gutxieneko mailarik ematen euskal telebista publikoan, nahiz eta horretarako ordaintzen dieten. Baina , nire uste harroan, gutako bakoitzak ere langa gorago jarri beharko genuke, euskaraz egitea hautu militantea den aldetik. Ondo segi.
Irala, euskara jakingai bat da, hitzaren adierarik zabalenean bai behintzat; biziarteko jakingaia da, izan ere.
Oraingo eztabaidagaia ETBko esatari batzuen ahoskera eskasa da; zehazki, euskal izen eta abizenen ahoskera eskasa. Niri, berriz ere esango dizut, oso zilegia iruditzen zait hori kritikatzea, eta hori kritikatzeko nik ez daukat nire eguneroko bizitzan euskaraz “bikaintasunez” jardun beharrik. Bai ordea euskara lan-tresna nagusi duen esatariak. Profesional orori eskatu behar zaio bere lanbidean ona izatea, eta EITBko kazetariei ere bai, noski. Kasu honetan, aski litzateke kazetariei ohar bat, zirkular bat, lezio txiki bat helaraztea arazoa konpontzeko. Kazetariek segituan zuzenduko lukete zuzendu beharrekoa, eta kito.
Jakina ETB ez dela euskararen arazoaren muina (nork esan du hori?); jakina inkoherentzia eta narraskeria barra-barra dabilela euskaldun jendearen artean… baina horiek kontu potoloagoak dira, Irala.
Onena (cetarekin) zarauch izaten da… 😀
Aupa, Irala! Egun batzuk utzi ditut zure lehenengo aipamenari erantzun bat emateko, erantzun aurretik nahiago izan baitut ikusi ea beste erantzunik ba ote zegoen eta nondik-norakoak ziren.
Lehenengo eta behin, eskerrak eman nahi dizkizut egindako iruzkinengatik. Ez naiz gaizki egindakoak zuzentzen dizkidatenean haserretzen diren horietakoa, edo hala uste dut, behintzat; nahiago dut iruzkinak kontuan hartu eta ikasten jarraitu; zinez diotsut.
Hori esanda, nire harridura plazaratu nahi dizut. Idatzi hori edo, hobeto esanda, kritika hori egin nuenean, EITB ilargia balitz bezala jarri nuen, nolabait esatearren, eta zu, ilargiari begiratu beharrean, behatzari begira gelditu zinenaren susmoa dut. Askoz logikoagoa zen ilargiari kritika egitea eta, bide batez, behatzari. Zergatik ez zenuen honela egin, zuk jakingo duzu.
Beste aldetik, ni eta EITB maila berean jartzen gaituzu, ardura ber-berak izango bagenitu bezala; bada, ez dut uste honela denik. Idazteko gai hauetan ez profesionala den herritar xume bat naiz, eta ordaintzen ditudan zergekin, EITBren zerbitzua ere ordaintzen dut; beraz, hark ematen duen zerbitzua kritikatzeko eskubide osoa dut, nire euskara maila bikaina ez bada ere.
Esaten duzunarengatik, agian, gaizki ulertu dut: kritikatzen ari zaren horri buruz, ez baduzu kritikatua denaren besteko mailarik, isilik egon behar duzu. Hau da: futbolean oso-oso txarra naizenez, ezin dut Reala, Athletic edo Eibar kritikatu. Eta futbolari buruz ari naizenez, probestu nahi dut esateko erabat logikoa dela sailkapenean gaizki egotea, normala dela, alegia, partiduak jolastu egiten baitute jokatu beharrean. Tira! behar bada, zuk esaten duzun bezala izan beharko luke, baina bizitza tristea izango litzateke; aldamenekoa ezin larrutu, tristea, benetan. Zuk ere, euskararen filologiatik (lehenengo iruzkina) filosofiara salto egin duzu (azkenekoa).
Baita ere, tonuari buruz zerbait esan duzu, eta ez zuk bakarrik. Gauza bat galdetu nahiko nizueke: ez behin edo bitan; hirutan edo gehiagotan EITBra zuzendu naiz ?bai idatziz, baita telefonoz ere?, eta ez didate kasurik egin. Orduan, zer nolako tonua erabili behar dut? Ursulinena, akaso?
Ados nago Joxanekin. Eta kritika, ETBri eta Euskadi Irratiari ez ezik, Ipar Euskal Herriko euskarazko irratiei ere egiten diet nik, bereziki euskarazko abizenak ahoskatzeko modu frantsesagatik (eta ez naiz r-ren ahoskeraz ari, ez orain behintzat). Eneko Bidegainek ere halako kritika zorrotza idatzi zuen 31eskutik blogean, eta orduan ere gogora etorri zitzaizkidan euskal irratiotan entzundakoak: Mendibugg Mendibururen ordez (Mendiboure idatzita irakurtzerakoan, noski), Laggald Larralde beharrean (azken e hori frantsesen modura mutu bilakatuta), eta halakoak.
Bidasoaren eta Pirinioen bi aldetara, euskara hiztun orok badugu zer hobetu, baina hedabideek kontu haundiagoz jokatu behar dute horretan, areago gure zergetatik elikatzen direnen kasuetan.
Kaixo Joxan, labur-labur erantzungo ditut esandakoak, Ostera ere lanean hasita, denok denbora aldetik urri gabiltzala pentsatzen dut eta.
1. Esandakoez sakonago pentsatuta eta INGURUMARIA EZAGUTUTA (ETBra askotan jota izandako utzikeria eta abar) esan behar dizut GEHIENEAN arrazoi duzula uste dudala. Ikusten duzunez, neuri ere besterena onartzea oso erraza zait horretarako arrazoi sendoak ikusiz gero.
2. Segurutik, ez zen horretarako postik egokiena, baina ni gehien kezkatzen nauen kontua denez (koherentzia eta eredugarritasunarena), hor ere sartu beharra izan dut, kontuan hartu barik salaketa kontretu batez ari zinela. Beraz, behatzari begiratzearena ere argi ikusten dut orain,(ortozik ibiltzea zer den!!, kar-kar).
3. Amaitzeko, tonuarena. Hor nork bere iritzia, estrategiaz ari baikara. Nik neuk ez daukat oraindik argi zein den salaketa-modu eraginkorrena, batez ere euskaldunon ahultasun-abiapuntua kontuan hartuta, baina gustura probatuko eta sinatuko nuke eskakizun bat ETB etxe santura igortzekoa.
Besterik gabe. Segi ondo eta udaberri on!!