Euskaraldia, hegemoniaren bila
Euskaraldia, hegemoniaren bila –
Euskaraldia, EAEko instituzio nagusi guztietan PSErekin gobernatzen duen PNVek Topagunearekin izenpeturiko akordio estrategikoa da, ez nik hala esaten dudako, beraiek publikoki 2017ko Udaltopean horrela aurkeztu eta definitu zutelako baizik. Eta Euskaraldia da PNVek, bere bailitzan, Gasteizko Legebiltzarrean euskalgintzaren ordezkaririk gabe aurkeztu zuen egitasmoa. Ekitaldi hartan ez zuen euskalgintzako inork parte hartu, ez Topagunek eta ezta gainerako euskalgintzak ere. Baina zergatik egin du PNVek akordio estrategiakoa Topagunearekin Euskaraldiaren inguruan?
Olatua omen da Euskaraldia, edo hala esaten digute behintzat. Baina noren eta zeren aldeko olatua da? Hori da argitu behar duguna. Donostia2016a Donostia, Euskal Herria eta Euskara Europan eta munduan kokatzeko olatua omen zen… baina ez zen horrelakorik izan. Hiri eredu ezberdinen arteko talka onartu eta adostasuna lantzeko tresnatzat ere aurkeztu ziguten DSS2016a… eta hori ere ez zen gertatu. Emaitza bakarra beste bat izan da: Donostiaren eredu turistifikatua eta erdalduna indartzea. Hori zen adierazi ez ziguten benetako helburua eta PNV-PSEk beren helburu ezkutua lortu zuten, herri honentzat jasan ezina den turismo ereduaren hazkunde frenorik gabea ikusita. Ba beldur naiz Euskaraldiarekin ez ote den gauza bera gertatuko…
Zeintzuk dira PNVrentzat Euskaraldiaren benetako helburuak? Izan ere, gauza bat da Egian, Añorgan edota Piratetan eta gazteen artean euskararen erabilera indartzeko eginiko saioak apiatzea eta beste bat da PNVek Euskaraldiarekin egin nahi duena gauza bera dela pentsatzea. Herri ekimenak euskararen erabilera areagotzea du helburu nagusitzat, baina PNVren benetako helburuak beste batzuk direla pentsatzen dut.
Aipatu gabeko lehen helburua, berak kontrolatuko lukeen euskalgintzaren eredua hegemonikoa bihurtzea da. Gauza jakina da etorkizuneko euskalgintzaren eta hizkuntza politikaren ereduaren inguruko hausnarketa eta borroka zabalik dagoela Euskal Herri osoan. Eta, nola ez, euskalgintzarekin historikoki harreman txarrak izan dituen PNVek interes berezia du olatu talka horretan nagusituko den euskalgintzaren erdua eta hizkuntza politikarena, berak akordio estrategikoaren bidez kontrolatutakoak izatea. Ekonomia alorrean langile mugimendua eta sindikatuak kontrolatu nahi dituen moduan berean, hizkuntzaren esparruan ere PNVek euskalgintza eta euskalgintzako eragileak kontrolatu nahi ditu, orain arte lortu ez duena erdiesteko: euskalgintza domestikatua.
PNVek historikoki euskalgintzan inoiz izan ez duen hegemonia eskuratu nahi du Euskaraldiaren bidez. Eta hegemonia ez da diskurtsoa soilik, askoz ere gehiago da. Diskurtsoaz gain, politika erreala da, instituzioak dira, eragile sozialak, bitarteko ekonomikoak, giza baliabideak… guztiak berari interesatzen zaion norabidean lanean jartzea da, bere ikusmoldea jendartearen baitan hegemonikoa bihurtzeko. Horretara doa PNV Euskaraldiarekin.
Bigarren arrazoia, bere sozioa den PSErekin -eta PPren babesarekin- EAEn burutzera doan hizkuntza politika alorreko atzera pausuaren aurkako erantzun soziala neutralizatzea da. Gauza jakina da azken urteotan administrazioaren euskalduntzea bultzatu duen plangintzaren bizkar hezurra izan diren Hizkuntza Eskakizunak ala Perfilak errebajatzera doala PNV arrazionaltasunaren izenean. Eta atzera pausu gehiago emango dituzte EITBn, Osakidetzan, Ertzantzan eta irakaskuntzan… Eta ikusteko dago Autogobernu Batzorde berria martxan jartzen bada eta Proposamen Politiko Berria plazaratzen bada, zertan geratuko den bertan euskararen berezko estatusa, ofizialtasuna eta EAEren hizkuntza eredua. Atzera pausu horien aurreko kritika soziala neutralizatzeko operazioak beste bi zutabe izango ditu: Eusko Ikaskuntzaren mendeurreneko Kongresua bata eta Euskara Batuaren 50. urteurrenarena bestea. Bi gertakari horiek eta Euskaraldia erabiliko ditu PNVk hizkuntza politika alorrean egitera doan atzera pausuaren aurkako erantzun soziala neutralizatzeko. Estatuak, bitartean, bereari eutsiko dio, Gipuzkoako Aldundian ikusi berri dugun moduan, benetako erantzunik jaso gabe, gainera. Neurri osos zorrotzak hartu ezean bi hizkuntzen arteko gatazkaren emaitza normalena, baten ordezkapena dela ahaztu zaigu.
Azkenik, PNVren hirugarren arrazoia, gainerako esparru politiko nagusietan bezala, Euskaraldia 2019an burutuko diren Hego Euskal Herriko Udal eta Foru Hauteskundeei begirako urtebeteko kanpaina erraldoia bihurtzea da. 2018 urte osoa gertakari horri begirako urtea izango da plano politiko guztietan eta euskararenean ere bai. 2018Ko abenduaren 3ko Euskararen Eguneko 11 egun horiek, 2019ko hauteskunde kanpaina zabalduko dute hizkuntza alorrean. PNVk hauteskunde atarian Euskaraldia bultzatuko du, Udal eta Foru Hauteskundeak irabazteko hori ere egin behar duelako. Euskaraldia garrantzitsua da PNVrentzat, baina lehentasuna hauteskundeak dute, ez euskarak.
Eta zergatik bultzatzen du hain esku zabal PNVek Euskaraldia? Lehenik eta behin, euskararen normalizazioaren ardura herritarraren bizkar jartzen duen kanpaina delako, belarri prest eta aho biziengan eta ez Gobernuarengan edota honek bideratzen duen hizkuntza politikarengan. Ez dago inon beraiek zuzendu eta porrot egin duen hizkuntza politikarekiko kritikarik Euskaraldian. Euskara gehiago erabiltzen ez bada, ez da nagusiki herritarren edo euskaltzaleen konpromiso faltarengatik, PNVren hizkuntza politikaren porrotarengatik baizik. Gobernuaren ardura baztertzen duen kanpaina da Euskaraldia. Horregatik babesten du PNVk.
Eta horrek guztiak Euskaraldiaren kontra jartzera behartzen gaitu? Ez, inolaz ere ez. Herritarrok Euskaraldiak diona egin behar dugu Euskal Herri osoan, belarri prest ala aho bizi izan behar dugu. Euskaraldia, Korrika ala ikastolen aldeko festak bezala, herri ekimenak sorturiko ekimena da, indarrez eta alaitasunez bultzatu beharrekoa, baina PNVri herri mugimenduarena dena patrimonializatzen utzi gabe.
Herritarroi herri ekimenak bultzatzea dagokigu, besteak beste, azken urteotan eman den berreuskalduntzearen moteltzea eta erabileraren ahultzeari amaiera emateko eta, bestetik, Euskal Herri osora zabalduko den ofizialtasuna eta hizkuntza politika berria aldarrikatzea, gaur arte indarrean izan diren hizkuntza politikak agortuak daudela azpimarratuz. Gaia ez da EAEkoa, Euskal Herri osokoa baizik eta, ondorioz, Euskal Herriko errealitate bakoitzera egokituko behar den hizkuntza politika eta ofizialtasun bakar hori eskuratzeko eztabaida eta estrategia nazionala euskaldun guztion artean eztabaidatu behar dugu, guztion artean egin behar dugu, guztiontzat baliagarria izan dadin.
Bide horretan, Lurralde Askeak argitaratu berri duen “Bizimodu onerako 100 Konpromiso” liburuko euskararen atalean esaten den moduan, euskal herritarrok euskaraz ikasi eta bizi behar dugu Euskal Herri osoan, horretarako desobedientziaz, erresistentziaz edota ekintzaz zuzenaz jokatu behar badugu ere. Hori izango da euskal instituzioei Euskal Herrian euskaraz bizitzeko behar dugun benetako politika eta marko juridikoa bideratzeko modu bakarra. Txillardegik zioen bezala, “hizkuntza ere bi hankaren gainean mugitzen den zerbait da; alde batetik erakundeak behar ditu eta herri mugimenduak, bestetik”, baina bakoitzak bere lana eginez: herrigintzak, jendarte mugimenduek, euskal nazioa behetik gora eraikiz eta euskal instituzioek estatugintza goitik behera osatuz. Horretan datza herritar eleanitzez osaturiko Euskal Herri euskalduna eskuratzeko uztarria.
Gauzak horrela, ez dugu euskara eta Euskal Herria bigarren mailara kondenatzen duten Hizkuntza Politika eta beste politikekin kolaboratuko. Libre izateko, izan gaitezen euskaldun eta gaurko egoeran, desobediente.
“euskalgintza domestikatua” nahi duela PNVk? Mesedez! Aspalditik daukagu euskalgintza domestikatuta.
PNVk Administrazioa erdaldundu duen bezala, ezker abertzaleak KALEAK ERDALDUNDU ditu inmigrazio olatuak erakarriz.
Zeharo harritu egin nau Joseba Alvarezek Euskaraldiaren inguruan Argian argitara eman duen artikuluak! Hainbat talde eta bileretan kointziditzen dugu Donostiarrak eta biok, baina egia esan ez nator bat berak baieztatutako askorekin, eta batez ere, penagarriak iruditzen zaizkit enfokea eta tonua.
Badirudi Euskaraldia euskalgintzaren egitasmoa izan gabe, PNVren amarrua dela! Garai batean ezker abertzaleari batzuek Ikastolen, euskaltegien eta euskararekin lotuta zegoen mundua kontrolatzeko gaitasuna onartzen zioten, eta barre egiten genuen! Orain ez al da Joseba antzera jokatzen ari PNVrekin? Euskalgintza osoa domestikatzeko gaitasuna al du Sabin Etxeako alderdiak?
Euskaraldia ez da, seguruenik, euskaltzale gehienok nahiko genukeen moduan sortu. Ez da hausnarketa partekatu eta sozializazio prozesu baten ondorioa, ez bada, hainbat ekimenen ondorioz (Lasartekoa, Lutxo Egiak Bilbon egindakoa…) euskalgintzako talde batek sortutako proposamena. Egia da Eusko Jaurlaritza ere tartean sartu dela, nire harridurarako, baina ez dezagun ahaztu ekimenak nazio ikuspegia duela. Kanpaina bere egin dute EJ-k eta beste erakunde batzuek ez ezik kontseiluak, UEMAK, Irrien lagunak eta beste hainbat eragilek ere ilusioz hartu dute ekimena eta prest daude bultzatzeko.
Harrigarria iruditzen zait DSS2016rekin egiten duen konparazioa! Agian ez naizelako Donostiarra izango da hau ere ez dudala ulertzen, baina ez dut uste Euskaraldiaren aurkezpenean egindako argazkia (Bilboko Arriaga antzokiaren kanpoaldean) eta Donostiako egitasmo hura sustatu zutenena antzekoak direnik.
Euskalgintzan ari garen askok ekimen zail moduan ikusten dugu Euskaraldia, baina badakigu zailagoak ere burutu ditugula herri honetan. Korrika, ikastolen aldeko jaiak, hezkuntza euskalduna… Horrelakoak eta askoz gehiago egindakoak gara, eta harro erakusten ditugu munduan zehar. Harriduraz eta miresmenez begiratzen dituzte beren hizkuntzak berreskuratu nahian dabiltzan munduko beste hainbat herritatik. Beharbada gurean egindakoa gogorarazten, horren memoria zabaltzen, ez gara hain trebeak.
Eskuartean dugun erronka hau ere ez da makala. Baina arrakasta izan dezan, Ezker Abertzalea guztiz beharrezkoa izango da, beste hainbat sektore bezala. Eta elkarlanean aritu beharko, arrakasta izango badugu. Euskalgintza ez dago bere onenean; beste hainbat arlotan bezala zaila da herria helburu desiragarrien alde mugiaraztea, baina horrelako ekimenak izanda, eta guztiok norabide berean arraun eginda, badago mugimendu indartsua lortzea.
“Euskaraldiak ez du Hizkuntza Politikaren kritikarik egiten, eta herritarren bizkar uzten du normalizazioaren ardura”. Egia da, Hizkuntza Eskakizunek bezala! Baina euskalgintzak beti egin izan ditu euskaldunoi zuzendutako kanpainak! Euskara egitera bultzatutako pegatak, idazkiak, kanpainak ugariak izan dira. Ez dezagun ahaztu horma askotan itsatsitako “hizkuntza bat ez da galtzen…”. Baina horrek ez du esan nahi politika horiek kritikatu eta berriak proposatu behar ez ditugunik! Jakina, aldaketa sakonak behar dira hiztunen hizkuntza ohituretan ez ezik hzikuntza-politiketan ere. Baina horiek eragiteko euskalgintza indartsua behar dugu, ahaldundua!
Horrelako ekimen baten ondorioz euskalgintza indartsu eta kohesionatuago bat lor dezakegu, garai batean bestelako ekimen eta apustu ero eta ausarten ondoren bezala. Nik konfiantza badut, eta uste dut Ezker Abertzaleak ere baduela! Eta norbaitek euskalgintza kontrolatu, manipulatu, lozorroan sartu nahi badu, ez diogu utziko; ez du lortuko, eta gainera, ez du bide egokia aukeratu.
Euskaraldiak hausnarketa sakona egiteko aukera emango digu. Gabeziak eta aukerak agerian utziko ditu, euskalgintzaren osasun egoeraren diagnosi bat egiteko modu egokia ere izango da. Beraz, ia berotzen garen eta buru-belarri jarri honetara. Onurak ez ditu alderdi batek jasoko, euskaraz bizi nahi dugunok baizik.
Katalunian sortutako herri ekimena inbidiaz begiratzen dugu askotan. Alderdiez gaindi sortutako mugimendua izan da, baina politika egokiak eta ausartak bultzatu ditu, politikariak mugiarazi ditu. Horixe da bilatu behar duguna, eta aukera ederra dugu aurrean. Ez dezagun trabatu, ez dazagun alderdikeriekin nahastu. Bultza dezagun zintzotasunez. Eta, jakina, egin dezagun indarra hizkuntza politika antzuak bazterrean utzi eta eraginkorrak eta benetakoak abian jartzeko.
Ados, baina kontuz…. Beste hainbat arloetan gertatzen denari begira diezaiogun (Hezkuntza politikan, Sektore ekonomiko desberdinetan,…klientelismoa nagusi dira eta lozorroa) eta akats berdinetan ez gaitezen eror. Ezker Abertzaleak egin beharko ditu bere autokritikak, eta egiten diharduela iruditzen zait. EAJ-n inork entzun du autokritikarik? Josebak arriskuak jartzen ditu mahai gainean, eta nik ez dut soberan ikusten horrelakoak mahaian azaltzeak. Non da gakoa? Herri-ekimenen autonomo, aske eta bizian, ikuspegi motzeko politikatik harutzago begiratzen duena.
Utzi euskararen inguruko edozein ekimen eraso arma bihurtzeari, Joseba Alvarez jauna. Euskara ez da alderdi politikoen patrimonio eta ez da sekula izango. Hau bai EAJ eta bai Ezker Abertzalearengadik doa. Herria zuek biak baina gehiago da, beraz utzi edozein ekimen zuen etsaitasunez zikintzeari eta egin bat indar guztiz benetan euskaltzale eta abertzaleak bazarete. Eztabaidatzea zilegi da, baina gure hizkuntza nazionalaren inguruan filak itxi behar dira, zeuon arteko polemikak zeuon artean egin eta ez zikindu ekimenen fatxada publikoa zuon ezinikusiekin, asko eskatzea ez bada.
Euskararen alde denok bat! Euskara lehenengo! Euskaldunok lehenengo!
“PNVek euskalgintza eta euskalgintzako eragileak kontrolatu nahi ditu, orain arte lortu ez duena erdiesteko: euskalgintza domestikatua.”
Esaldia gaizki idatzita dagoela esango nuke. “EAJ-k ia erabat domestikatuta dauka euskalgintza, subentzio politika zurrunari esker”, askoz zuzenagoa litzateke.
“PSErekin -eta PPren babesarekin- EAEn burutzera doan hizkuntza politika alorreko atzera pausuaren aurkako erantzun soziala neutralizatzea da”
Esango nuke lehenik euskalgintza antolatua zeharo neutralizatu duela EAJ-k subentzio politikaren bitartez, eta euskalgintza antolatuak mobilizatzen ohi zuen jendea zeharo desmobilizatuta dagoela. Bestalde, ezker abertzalearen noraeza eta gaiarekiko interesik eza hain da (h)antologikoa…
Euskaraldiak ez dauka errurik. Ekimen interesgarria da oso. Aspaldiko urtetan, Euskal omen Herrian sortu den ekimenik indartsuena. EAJ-k aterako diola atarramendua politikoa, eta oso merke eta gure kolkotik gainera? Bada, bai. Euskalgintza erabat subentziodependiente eta diskurtsogabekoa bilakatu delako. Eta batez ere, ezker abertzalearentzat hizkuntzaren gaia hirugarren mailakoa izanik, EAJ-k opila jan diolako lau egunetan.
Biba euskaraldia!
Popatik hartzera hango eta hemengo politikari asimilatu haizeanorazaleak.
Euskaraldiaren aitzakian barrenak hustu ote dituen Josebak. Ni pozten naiz euskalgintza ez dagoelako garai baten moduan ezker abertzalearen menpe zeharo. Zorionez, nerabe izatetik heldu izatera iritsi gara, eta badakigu ezetz eta baietz esaten, badugu nortasuna, diru-lagubtzen pentzutan bagaude ere. Nor dago zama horretatik libre? Tamalez, Bildu zein PNV dauden erakundeetan ez da bereizten bata bestearengandik hizkuntza kontuetan. Bietan epel. Sigla batzuen zein besteen atzean nor dagoen (pertsona) aldatzen da egoera, euskararen mesede edo kaltetan. Nolanahi ere, EUSKARA EZ DAGO ALDERDIEN ZEREGINEN ZERRENDAN. Begiratu zuek agintzen duzuen udaletan zenbatetan den euskara lan hizkuntza. Nagia ematen dizue guztioi, deserosotasuna dakarrelako. Aupa Euskaraldia! Agur lubakiei!
Larregi esatea ez al da Bildu eta EAJ dauden erakundeetan ez dela bereizten bata bestearengandik hizkuntza kontuetan? Gipuzkoako Foru Aldundian behintzat, legeak lege, euskera hizkuntza nagusi izateko ahalegina ezin zaio Bildu-ri ukatu. Eta gure udalerrian behintzat euskeraren aldeko ekimenetako partehartzaile gehienak ezker abertzalekoak dira, gutxienez politikoki definitzen direnen artean. Horretaz gain, barrura begira ere nik parte hartu dudan Bilduko Herri Batzarrretan euskera hutsez egiten da (erdaldunak ez dira azaltzen jada). Eta esan behar euskera erabileraren datu eta ezagutza oso txikiak direla hemen, zoritxarrez.
Gehiago eskatu, exijitu behar zaiela? Guztiz ados. Baina ez gaitezen tranpan eror: denak ez dira berdinak eta denek ez dute erantzunkizun bera izan (botere-maila ere ez, ezta eragiteko gaitasunik ere). Ni ziur n naiz, Josebak dioen hegemonia horretan, diruaren kudeaketa publikoan, txandak baleude, alegia, lehia justua balego, gure hizkuntzaren egoerak ere nabarituko lukeela.
Utzi Bilduri aurpegia ateratzeari, ganbaratxo. Idazten dituzun iruzkinen erdia sektore politiko hori zuritzeko izaten da. Autokritika eta koherentzia gehiago eta harrokeria gutxiago, Ezker Abertzalea EAJ bezain erantzule da Herriaren egoera penagarrian. Trapu zaharrak sobera daude alde guztietan.
Zer esaten den baino, zer egiten den axola zait niri. Orain Euskaraldia indar guztiz bultzatzea tokatzen da. Aurrera!
Nik nere iritzia eta bizipenak, zuk zureak. Hemen ardurak,erantzunkizunak denok ditugu baina ez dira berdinak. Ez diran bezela berdinak ikastolatik atera eta erderaz mintzo den umearena eta euskeraz egiteko errieta egiten dion guraso sasieuskaltzalearena zein ari bait den beste gurasoekin erderaz jotasu. Hemen batzuek 50 urtetan boterea ia absolutua izan dute eta miloika euro kudeatu dituzte, zein hainbat lege ateratzeko aukera izan duten, eta ez dute nahikoa egin. Eta ez diet inongo autokritikarik entzun. Beti gaude ongi, gero eta hobeto. Besteei berriz bai, eta hori objetiboa izatea da. Denak berdinak direla esaten duenak zera ondorioztarazten du: Denak berdinak direnez, ez du merezi aldatzea, segi dezatela agintzen betikoak, ze besteak ere ez dute ezer aldatuko, originala hobe kopia baino.
Akats izugarria Nire ustez gure gaitz handietakoa da ez dugula alternantziarik agintaritzan, hegemonia politikoan eta horrek lozorroa eta klientelismoa dakar beste gaitz askoren artean. Beitu kataluniari, Galiziari edo Espainiari. Eta arrisku hori ekiditeko gaia mahai gainean jartzea ez dago inoiz soberan.
Beti bezain sektario izaten jarraitzen dugu. Benetako etsaia zein den antzemateko gauza ez bagara gurea egin du.
luki maidagan aierdi Atzo
Hobeto al dago ?
Lucio Maidagan
Jue 01/02/2018, 20:21
Beste ahalegin bat egitera noa, euskara batuaren hiztegia badaukat, baina zaharra da; estilo liburua egon naiz irakurtzen; eta oraingo gutuna laburragoa da, ez dira bi, bakarra baizik, ez dauka oharrak, kontaratu naiz akatz batzuek zaukala lehengoak eta horregatikan ikusi nuen oharrak behar zuela. Argitu beharra daukat,estilo liburua irakurri bai, baina ikasi? bigarren aldiz ira-
kurri beharko dut hurrengo batean eta denbora gehiokin, baina nola ez naizen kazetaria eta nire gutunak ez duen estiloaz hitz egiten, nola irakurle bat naizen bakarrik,nire iritzia emateko asmotan idatzi duena euskerari buruz, nik uzten dut barkatuko duzutela akatz bat edo beste =
Nola da askatasuna edo libertatea ?
Euskarari buruz eztabaidak egoten direnez nik ere gauza
batzuek ezan nahi nuke:Sarasolak egin zuenean kritika E.-B.ri,traketza izan zen bere”miratu”eta”tradizioa” aipatuz,aspertu arte.Orotariko Hiztegiak 25m. hitz dauzkala,nire iritziz%95 Erdera´kadak (E.) izango dira,aze liburua eta aze hiztegia,E.raz beteak.Zuazo eta Amurizak euskalkiak nahi dute sartu,ondo dago baina E.kadak kendu gabe?.Kintanak Mutriku´ko herriari kritika egin zion,ezanaz ez dela”gaba” “gaua”dela,leikena,baina bere idatzietan sartu zuen berak ba E.kadak,horretaz kritikatzeko? Euskaltzaindian haserretu egin ziren gramatikalariek,nik galdera bat egingo dut,jakinda7liburu daukatela aterata,liburu gehiago,inok ez badu ez irakurriko eta ikasiko?Hobe ez lexikoa gehiago lantzea,ikertzea?garbiketa sakon bat egitea. Badakigu zer gertatzen den kalean euskararen irakasleak E.dagehiegi,ikastoletako umeak,irten eta erderaz, gasteak ez dutela ondo hizketan egiten,idazten,ventania,espumia, inportantea,tio(neri ez ezan tio,osaba naiz)hemen tio ezaten da!!besteak,veinte urte,maiatza(loraila)Idazle askok nahi duten bezala.EuskalT.2E.raz.S.ColinakBERRIAn:metrika,rol,pozizio, kantatzen….Dakitenak?ez badute ondo hizketan egiten?idazten? Denok aspertzeko arrizkuan gaude.Akatza zustraian dago: dagoen erderakadarako joera da!!Gure buruko Euskal Hiztegia apurtuta dagoela. Maidagan eta Aierdi Luki (Mutriku)
Erantzun